Marina Bidasoro Arocena. Egailaneko Zuzendari Kudeatzailea: Azken urteotan ez da asko aldatu lanbideen izena, baina gaur egungo profesionalek zerikusi gutxi daukate duela 20 urtekoekin

2006-04-07

SILLERO ALFARO, Maider

GARMENDIA IARTZA, Koro



Lanean aritzeko modu berriak agertzen ari zaizkigu. Zertan aldatu da gizartea halakoen beharra izateko?

Lan egiteko modu berrien agerpena, enpleguan ematen ari diren aldaketa ekonomiko eta sozialekin dago lotuta. Labur esanda, alderdi hauek azpimarra ditzakegu: Egitura demografikoaren aldaketak: gero eta jende gehiago dago erretiroa hartzeko adinean, eta lanerako errelebua hartuko duen belaunaldia falta da. Egitura ekonomikoaren aldaketak: aspaldian utzi zion Euskadiko ekoizpen ehunak nagusiki industriala izateari. Gaur egun, industria dagoeneko ez da gure ekonomiaren indar bultzatzailea, ez bolumenari dagokionez, ez hazkundeari begira ere. Zerbitzuen sektorean eman den aldaketak, hala ere, ez gaitu lehiakorragoak bihurtu.

"Ezagutzaren gizartea" delakoaren sorrera. Ekonomiaren indar bultzatzailea teknologia berriak ditugu. Ondasun eta zerbitzuen ekoizpenak zeukan protagonismoa, ezagutzen sorrera, transmisio eta aplikazioak hartu du. Eta hasiak gara horren ondorioak ikusten: gero eta inbertsio esanguratsuagoak egiten dira ukiezinen ekoizpenean (informatika, marketina, enpresentzako zerbitzuak eta I+G), lan harremanetan eta enpleguan (handitu egin da kualifikazioa, bizitza osoko ikaskuntza, lanaldiak, kontratu motak, segurtasuna, etab.).

Zein punturaino ari dira etorkinen etorrera eta gizartearen zahartzea -bi adibide aipatzearren- zerbitzu berriak ezartzeko beharra planteatzen?

Gizartea zahartzeari dagokionez, aipatu dudan bezala, errelebua hartuko duen belaunaldia falta da. Gero eta jende gehiago dago erretiroa hartzeko adinera hurbiltzen. Zortzi urtetan (2002 – 2010 artean), gizarteak 20 eta 34 urte bitarteko 115.000 lagun galduko ditu.

Europar Batzordeak, 2025era arte lan aktibo gehien galduko duten eskualdeen artean kokatzen gaitu. Gure lan aktiboen laurdena desagertuko da.

Egoera hau larria da, eta objektiboa. Eta immigrazioaren bidez estaltzen ez bada, ondorio garrantzitsuak izango ditu gure sistemetan: Hezkuntza sisteman, nabarmen egingo dute behera matrikulen, eta handitu egingo dira ikasle bakoitzeko gastuak. Osasun sisteman, hazi egingo da osasun faktura, osasun gastu handiagoak sortzen dituzten bezero gehiago izango dituelako. Sistema ekonomiko-fiskalean, pentsioetako gastuen presioa handitu egingo da, eta plan alternatiboak sortu beharko dira, edo presio fiskal handiagoa ezarri.

Zerbitzu berriei dagokienez, egia da giza talde honen hazkundearen ondorioz handitu egin dela laguntza, aisialdi, osasun zein kontsumo zerbitzuen eskaria. Ondorioz, arlo hauetan espezializatutako enpresa eta enpleguak ari dira sortzen. Argazkia: Sergi Bernal (www.flickr.com).

Emigrazioari dagokionez, nahiz eta zaila den berau neurtzea, esan dezakegu biztanleria osoaren %7 inguru dela atzerritarra. Giza talde honek zerbitzuak eskatzen ditu eta, aldi berean, dauden zerbitzuak estaltzeko eskulana eskaintzen.

Lan merkatuan dauzkaten ezaugarriak honakoak ditugu: Oso berria da etorkin atzerritarren presentzia. Hamar bat urte ditu fenomeno honek. Inguru geografiko jakin batzuetatik etortzen dira: Ameriketatik (Erdialdea eta Hegoaldea), Afrika iparraldetik eta Europa erdialdetik. Oraingoz gutxi dira gure inguruko portzentajeekin alderatuz gero. Lan egiteko adinik onenean iristen dira. Ikasketa maila baxua dute. Lan arloan, eskalafoirik baxuenean egoten dira, lanposturik gogorrenetan. Kualifikazio txikiko enpleguak eskatzen dituzte. Oreka ematen diote lan merkatuari. Etorkinek egiten duten lanaren zati bat, modu irregularrean gauzatzen da. Mugikortasun geografikorako gaitasun handiagoa daukate. Lan merkatuko alderdirik ahulena osatzen dute.

Oso azkar ari zaigu zabaltzen teknologia berriekin lotuta dagoen guztia. Lan arloan ere bai...

Esan dudan bezala, gure enpresek gero eta inbertsio esanguratsuagoak egiten dituzte ukiezinen arloan (informatika, marketina, enpresentzako zerbitzuak eta I+G), baina enpresarik tradizionalek ere aldaketa teknologiko garrantzitsuak egin dituzte bai beren ondasunetan, bai beren prozesuetan.

Aipamen berezia merezi dute Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek (IKT). Gaur egun Euskadiko ia enpresa guztietan daude presente. Teknologia hauei esker, ekoizpen jarduerak kudeatzeko eta merkataritza eragiketak egiteko modu berriak txertatu dira.

Eta, enpresak teknologia hauek sartzen aritzeak, ondorioak ditu lan merkatuan, noski. Ekoizpen sektore eta jarduera arlo guztiak aldaketa garrantzitsuak ari dira ikusten enpleguei dagokienez. Kasu askotan, ez diote enpleguaren izenari eragiten, baina bai bere ahalmen, gaitasun eta ezagutzei.

Zuzenean IKTen sektorearekin lotuta dauden enpleguak erritmo dinamikoagoan ari dira garatzen. Telekomunikazioak, ikus-entzunezkoek, multimediak, edukiek eta informazioaren teknologiek enplegu, lanbide, produktu eta zerbitzu berriak sortzen dituzte, eta baita negozioak zein merkataritza eragiketak kudeatzeko modu berriak ere.

Prestakuntzaren arloan bertan, gero eta ikastaro, master eta graduondoko gehiago ematen dira Internet bidez

Hezkuntza sistemarentzat erronka bat da Teknologia Berriek -eta, bereziki, Internetek- eskaintzen dituzten aukerez baliatzea.

Internet bidezko prestakuntzak konponbide berriak eskaintzen dizkio irakaskuntza presentzialaren (b-learning) eta urrutikoaren (e-learning) gero eta eskari handiagoari.

Gaur egun, Internetek prestakuntzarako eskaintzen dituen aukeren atarian gaudela iruditzen zait. Eskaintza gehienak eduki finkoak aurkeztera mugatzen dira, baina multimediaren eta tutoretzen arloan ohitura onak irakasteak, ordea, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren kalitatea hobetzen lagunduko du. Argazkia: Ade Rowbotham (www.flickr.com).

Baina ohitura onak zabaltzearekin batera, arreta berezia eskaini behar diegu prestakuntzaren plataformei: aplikazio informatikoak aukera ematen du prestakuntza presentzialeko zentro bateko giroa Internet bidez islatzeko. Baina aukera garestia da hori, eta, beraz, ekimen publikoak eta hezkuntza sistemak paper garrantzitsua jokatu beharko lukete bere hasierako garapenean.

Gero eta zabalduagoa dago Internet bidezko eskaintza, baina egokitzapen batzuk egin beharra dauka: eduki tradizionalak multimedia formatuei egokitu, irakasle zein ikasleen paper berriak, denbora, plataformetan egin beharreko inbertsioak, etab.

Zeintzuk dira Euskal Autonomia Erkidegoan gehien zabaltzen ari diren lanbide edo lan berriak?

Errealitate hori ezagutzeko, Nicola Cacace-ren argitalpenak eta Bartzelonako Udalaren ekimenak (Porta 22) har ditzakegu erreferentzia bezala. Lanbideen hiru kategoria sailkatu dituzte: batetik, Lanbide Berriak definitu zituzten, hau da, duela zenbait urte existitu ere egiten ez zirenak; esate baterako Webmaster delakoa, Internet sortu baino lehen inolako zentzurik ez zeukana.

Bigarren, Aldatzen ari diren Lanbideen kategoria identifikatu zuten, hau da, beren izen "tradizionala" mantentzen duten arren, azken urteotan nabarmen eraldatu diren lanak. Oro har, eduki eta funtzio berriak dauzkate, eta ezagutza zein ahalmen berriak eskatzen zaizkie haietan aritzen diren langileek.

Hirugarren, Lanbide emergenteak ditu, lan merkatuak une jakin batean eskatzen dituen lanbideak, pertsona eta enpresen premiazko beharrei erantzuna ematera zuzenduta daudenak.

Euskadin, indar ezberdinarekin agertu zaizkigu lanbide hauek. Dena den, guztiak kontuan hartuta, enplegua sortzeko orduan eraginkorrenak izan direnak honakoak direla esango nuke: Etxez etxeko laguntza Haurrentzako arreta Zailtasunak dauzkaten gazteentzako laguntza Informazio eta komunikaziorako teknologia berriak Segurtasun zerbitzuak Espazioen errebalorizazioa Turismoa Kultur ondarearen balorizazioa Tokiko kulturaren garapena Kirola Hondakinen kudeaketa Landa eremuen babes eta mantenimendua Ingurumenaren kudeaketa

Dena den, gehien eskatzen diren edo langabezia gutxien pairatzen duten lanbideen "ranking"-ean lanbide “tradizionalak” ditugu lehen postuan.

Lanbideen “ranking”-a, gure egitura ekonomikoaren ondorio zuzena da. Enpresek beren ekoizpen beharren arabera sortzen dituzte enpleguak, eta gutxi gorabehera "tradizionaltzat" jo ditzakegun ahalmen eta ezagutzak dauzkaten pertsonak eskatzen dizkiote merkatuari.

Horrek ez du esan nahi gauzak aldatzen ari ez direnik, eta Nicola Cacace-k aipatzen dituen tipologietako profesionalak txertatzen ari ez direnik. Harrigarria litzateke ranking horietan lanbide berriak agertzea; kasu horretako, goitik behera aldatzen arituko litzateke gure ekonomia. Argazkia: Uhduhmonkey (www.flickr.com).

Lanbideen egituran aldaketa esanguratsuak gertatzen ari direla ikusten lagun diezaguken kontzeptu bat, ahalmenena dugu. Azken urteotan ez da asko aldatu lanbideen izena, baina gaur egungo profesionalek -makina tresna, finantza erakunde, energia zein zerbitzu publikoetakoek, adibidez- zerikusi gutxi daukate duela 20 urtekoekin. Errotik aldatu da gaur egun lanpostu batera eskatzen diren gaitasunen multzoa.

Zeintzuk dira gehien eskatzen diren lanbide edo enpleguak?

LANBIDE Bitartekaritzaren estatistiken arabera, gehien eskatzen diren 10 lanbideak honakoak ditugu:

1. Dendariak, oro har

2. Garbitzaileak, oro har

3. Administrariak, oro har

4. Hipermerkatuetako apal betetzaileak

5. Karga eta deskargarako, biltegirako edo merkaturako langileak

6. Industria metalurgikorako eta lantegietarako peoiak

7. Bulegoetarako harreragile-telefonistak, oro har

8. Saltokietako kutxazainak

9. Etxez etxeko laguntzaileak

10. Teknikari administratiboak, oro har

Eta enpresek gehien eskatzen dituztenak?

LANBIDE Bitartekaritzaren estatistiken arabera, gehien eskaintzen diren 10 lanbideak honakoak ditugu:

1. Merkataritzako agenteak

2. Garbitzaileak, oro har

3. Administrariak, oro har

4. Zerbitzariak, oro har

5. Sukaldariak, oro har

6. Karga eta deskargarako, biltegirako zein merkaturako langileak

7. Sukaldeko laguntzaileak

8. Teknikari administratiboak, oro har

9. 3,5 t arteko furgoneten gidariak

10. Informaziorako azafatak

Gehien eskatzen eta eskaintzen diren lanbideei buruzko informazio hau osatzeko, zeintzuk dira enplegugarritasun handiena daukaten 10 lanbideak?

1. Janzkien akabatzaileak

2. Etxez etxeko saltzaileak, oro har

3. Makina kontrakolatzaile-engomatzaile eta paper zein kartoia estrusionatzeko makinen operadoreak

4. Ustiapen putzuen makina zulatzaileen operadoreak

5. Estrusionatzeko makinen operadoreak (materia plastikoak)

6. Nekazaritzarako makinen mekanikari konpontzaileak, oro har

7. Makina eta motorren koipeztatzaileak (itsasontzienak ez beste)

8. Optikari optometristak

9. Elkarrizketatzaile – inkestatzaileak

10. Eraikuntzarako makinen mekanikari konpontzaileak

Lanerako beste aukera bat, autoenpleguarena dugu. Zenbaterainoko informazioa eskatzen da enpresa berriak sortzeko?

Autoenplegua egonkor mantentzen da Euskadiko gizarte aktiboari dagokionez. Gutxi gorabehera 150.000 lagun, biztanleria aktiboaren %19, ez dira soldatapekoak.

Aukera honi dagokionez, euskal erakundeek (Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, udalek, gizarte agenteek eta garapenerako agentziek) zerbitzuen eskaintza garrantzitsua bultzatu dute, aholkularitzatik hasi, eta enpresa bat sortzeko laguntza puntualak bitartekoak biltzen dituena.

Zerbitzu zein protagonistak hain barreiatuak egoteak zaildu egiten du autoenplegurako laguntza ebaluatzea, baina esan dezakegu programen mantenimenduari eta tokiko erakundeen espezializazioari esker, autoenpleguari ematen zaion laguntza erakunde eskudunen politika aktiborik garrantzitsuenetarikoa dela.

Zein motako laguntza edo erraztasunak ematen zaizkio autoenpleguari edo "enpresa berrien" sorrerari?

Esan bezala, asko dira beren programen bidez autoenplegua bultzatzen duten erakunde eta organismoak. Eusko Jaurlaritzari dagozkionak, adibidez, honakoak ditugu:

328/2003 dekretua, abenduaren 23koa, Kultura Ekintzailea eta Enpresa Sortzeko Aukera Babesten dituena.

EHAA, 255. zenb., 2003ko abenduaren 31koa. IV. Atala. Enpresa Egitura Berriak Sortzeko Dirulaguntzak.

Informazio hau, Lanbideren web orrira joz osa dezakezue Autoenplegua eta Orientazioa aletan, eta baita Eusko Jaurlaritzaren orrian ere, Lan eta Gizarte Segurantzaren atalean.

Oro har, zein motako profesionalek jotzen dute aukera honetara?

Zaila da autoenplegura jotzen duten pertsonen profil bat zehaztea.

Gainera, jakin badakigu pertsona saiatu batzuek abian jartzen dituzten ekimenetako askok ez dutela beren helburua lortzen. Horregatik, profil bat zehaztea baino egokiagoa izan daiteke autoenplegura bultzatzen duten eta arrakasta lortzen duten egoerez mintzatzea: Kultura ekintzaile izatea: esperientziak erakusten digunez, enpresetako zuzendariak -txiki eta ertainetakoak bereziki- oso jatorri ezberdinekoak izaten dira, balio eta prestakuntza ezberdinekoak. Baina egia da beren negozioa arrakastaz sortu duten pertsonek antzeko izaera izaten dutela. Oso motibatuta egoten dira beren lan baldintzak hobetzeko, denbora asko eskaintzen diote beren negozioari, oso behatzaileak izaten dira, buruzagi onak, komunikatzaile onak. Esperientzia profesionala izatea jardueran. Negozioa sortzeko aukera garbia ikustea: ekintzaile baten lehen ahalegina, merkatuko zulo bat estaltzeko ideia bat izatean datza. Saldu beharreko produktu edo zerbitzuak merkatuan zulo bat izango duela ziurtatzeko aukerak aztertzea.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Hasier Etxeberria. Idazlea: Nik beti pentsatu izan dut ipuingilea naizela

 

Irakurri

Áurea Díaz de Guereñu. Gerrako umea: Ez dut izenik gogoratzen, ezta leku eta data askorik ere, baina estualdia bai. Hori, oraindik ere sentitzen dut

 

Irakurri

Estefanía Reina Pancha eta Sandra Feng. Donostiako Peñaflorida Institutuko ikasleak: Ez dugu egokitzeko arazorik izan, haurrak ginela etorri ginen eta

 

Irakurri

Jesús Luna Agurrea. Lux Zinemaren sortzailea eta “La otra gran prueba”ren egilea: Zineak entretenitzeko elementua izan behar du, baina baita heztekoa ere

 

Irakurri

Mikel Aranburu Urtasun. Zuzenbidean eta Enpresa Zientzietan lizentziatua: Kontzertu Ekonomikoari, Erkidegoko finantza sostengatzen duen eskubide historikoa izanik, egunero eskaini behar zaio arreta, etengabe

 

Irakurri