Zer da ekonomia feminista? Nondik jaio da kontzeptu hori?
Mertxe Larrañaga (M.L.): Ekonomia feminista ekonomiaren disziplinako korronte bat dela esan daiteke. Bere oinarria ekonomia da alde batetik, eta izenak adierazten duen bezala fenimismoa bestetik. Esan daiteke korronte kritiko bat dela, kritikoa bai errealitatearekin, eta baita ere, errealitate horren inguruan, ekonomiak ematen dituen azalpenekin.
Ekonomia feminista azkenengo hamarkadatan garatu da batez ere. Ez du arrakasta gehiegirik eduki unibertsitatean, baina bai jendartean, gobernuz kanpoko erakundeetan, mugimendu sozialetan... Oso garrantzitsua izan da ekonomia feministaren garapenerako, lanaren zatiketa sexualaren azterketa, hortik abiatzen da neurri batetan.
Yolanda Jubeto (Y.J.): Gainera, esan genezake ekonomia ortodoxoari aurre egiteko saiakerak egin dituela ekonomia feministak.
Dataren bat jarri beharko bagenu, normalean 80. hamarkada hasieran jartzen da. Estatu Batuetan, elkarte ekonomiko ospetsuenak, bere urteko topaketetan onartu zuen ekonomia feministari zegokion panel bat jartzea, eta hortik aurrera atera ziren liburuak, gero Feminist Economics atera zen 80. hamarkadaren erdialdean... Egia da, maila akademiko estatubatuarra eta anglosaxoien inguruan murgildu zela hasiera batetan, baina gero eta zabalagoa da. Mugimendu feministak, zenbait lekutan eta bereziki, Erdialdeko Amerikan, Hego Ameriketan eta baita Euskal Herrian ere, berea egin du ekonomia feminista, eta asko lagundu du ateratzen akademiatik sortutako hori. Ekonomia eta Enpresa Fakultatean nahiko eragin mugatua izan duena, zenbait mugimendutan eragina izan du eta nik uste dut hori dela pozgarriena, azken finean, lotura oso estua duelako gure eguneroko bizitzarekin eta guztion ardura da horretaz jabetzea, niretzako hori da bere ibilbidean esanguratsuena gaur egun.
“Esan genezake ekonomia ortodoxoari aurre egiteko saiakerak egin dituela ekonomia feministak”.
Sistemarentzat ezinbesteko diren bestelako jarduerak hartzen ditu kontuan ekonomia feministak, produkzio lanak ez direnak, gehienetan soldatarik ematen ez dutenak edo ematen badute prekarizatutako soldatak dituena. Zergatik?
Y.J.: Ekonomia ortodoxoak, azken finean, gero eta gehiago zentratu ditu bere aztergaiak merkatuaren inguruan, eta beti dirua erabiltzen den transakzioak neurtzeko, dena neurtzen du diruaren bidez, eta dena merkatu harremanen bidez. Ekonomia feministak egin duen ekarpena oso esanguratsua da: merkatutik kanpo dauden oinarrizko eta funtsezko jardunbideak eta ekintzak kontutan hartzea. Bereziki kokatzen dugu zaintza lanekin, zaintza lanen kontzeptuaren garapenarekin, gero eta zabalagoa dena. Lehen, etxeko lanen inguruan hitz egiten zen gehiago, gero zaintza lanak, gaur egun, bien inguruan hitz egiten dugu. Egia da, ekonomiak, orokorrean, pentsatu duela hori ez zela jarduera ekonomikoa eta jarduera ez ekonomikotzat hartu dira, eta hori egiten zutenak ere, pertsona ez aktiboak ziren, beti baztertuak izan direnak.
Guzti hori, ekonomia jardueraren sustraian dagoela funtsezkotzat jotzen du ekonomia feministak eta horregatik, hainbeste aipatzen dugun iceberg teoria. Ikusten ez denaren zati garrantzitsuena, lan zama handiena hartzen duena eta azken finean, emakumeengan erortzen den zama da, zaintza lanarena: umeen edo pertsona edadetuen zaintza, gehi etxeko lan gehienak. Egia da, gizarte-mailaren arabera, emakume burges batzuk, lan hori kontratatu egingo dutela —normalean emakumeei baita ere— eta orduan merkatura ateratzen da, baina normalean egoera oso prekarioetan.
Ez, Mertxe?
M.L.: Bai, seguru asko ekarpen garrantzitsuenetako bat da hori, sistemak eta sistema honek ez lukeela funtzionatuko ezkutuan dauden hainbat lanik gabe adieraztea. Aitzakia izan da ekonomistentzat lan hori ez kontabilizatzeko, ez denez dirutan adierazten, orduan ezin da sartu.
Esan duzun bezala, zaintzaren kontzeptua gero eta zabalagoa da, beti izan dira inportanteak eta daukaten ezaugarrietako bat da inportanteak izaten jarraituko dutela etorkizunean. Gaur egun, hor dagoen arriskua da, tendentziak daudela hori merkantilizatzeko (ez gara sartzen horrela izan behar den ala ez, baina hor dago) eta sektore publikoak zeresan handia dauka zaintzaren inguruan. Egia da, esparru pribatuan egin denean eta norbait kontratatu denean, modu prekarioan egin dela eta beti emakumeen kontua izan dela. Beraz, hor dago arriskua, negozioa egiteko arriskua lan guzti hauekin. Baina, hori da seguru aski ekonomia feministaren ekarpen inportanteena.
Y.J.: Bai, ikustaraztea normalean kontutan hartu ez dena.
Ekonomia feministaren inguruko lehenengo biltzarra ospatu zenean 2005ean, Bilbon, gure fakultatean, hori izan zen gai nagusia, merkatuaren mugak apurtzeko saiakera, eta ekonomia feministaren muinean kokatu genuen muga faltsu horiek. Egia da, merkantilizazioa badagoela eta beti sartu behar dugu gure azterketetan.
M.L.: Hori da, analisia ez mugatzea merkatuetara. Jarduera ekonomikoen helburua ondo bizitzea izatea, erdigunean pertsonak ipintzea eta jendearen bizitza kalitatea. Gero, beste korronte batzuek ere hortik joan dira eta hori interesgarria da.
“Analisia ez da mugatu behar merkatuetara. Jarduera ekonomikoen helburua ondo bizitzea izan beharko luke, erdigunean pertsonak ipini beharko lituzke eta jendearen bizitza kalitatea”.
Ekonomia feminista, ez dator bat ekonomia ortodoxoak emandako azalpenekin. Zeintzuk dira azalpen horiek?
M.L.: Ekonomia feministak, ekonomian erabili ohi diren hainbat kontzeptu zalantzan jartzen ditu eta kontzeptu horien artean lanaren kontzeptua dago. Lana ez da bakarrik soldataren truke egiten dena, analisia ez da merkatuetara mugatu behar.
Merkatuetara mugatzean, ekonomia ortodoxoak ulertzen du agente ekonomikoak, merkatuak independienteak direla, ondo funtzionatzen dutela horrela (ezkutuko eskuari esker e.a.) eta subjetu ekonomikoak ere oso ezaugarri bereziak dituztela. Zentzu horretan, subjetu ekonomikoak beti arrazionalak dira, hau da, erabaki guztiak modu arrazionalean hartzen dituzte, erabat independienteak dira, erabat autonomoak dira, erabat egoistak dira; beti daude merkatuan, ez dira ia inoiz ume izaten, ez dira gaixotzen, beti daude modu aktiboan merkatuan, erabakiak hartzen eta erabaki horien helburua izango da ia beti errentarik ahalik eta altuena eskuratzea. Gauza guzti horiek, zalantzan jartzen ditu ekonomia feministak, subjetu hori ez dela inoiz esistitu esaten du, eta egoistak izan, izango gara, baina beste gauza asko ere bagara, ez bakarrik egoistak, eta arrazionalak, eta...
Y.J.: Azken finean, guk elkar menpekotasun handia daukagu, jaiotzen garenetik hil arte, beti beste pertsona batzuren zerbitzuak behar ditugu, eta bakarrik geratzen bagara, normalean hor ikusten dira gure ahuleziak. Aldiz, teoria ekonomikoaren arabera, etekinak bakarrik bilatzen ditugu. Ahalik eta etekin ekonomiko gehiago, orduan eta arrakasta gehiago eta gero eta zoriontsuagoak izango gara. Gero eta gauza gehiago kontsumitu behar ditugu merkatuan, azken finean zoriontasun hori lortzeko.
Lehen esaten zenuen, pertsonen ongizatea dela erdigunean jarri behar duguna, baina ekonomia ortodoxoak ongizateaz hitz egiten duenean, errentari buruz hitz egiten du bakarrik, kontsumismoaz hitz egiten du bakarrik. Kontsumismoa da erdigunean dagoena eta ez benetan zeintzuk diren gure beharrak. Alde batetik, ekologiarekiko dugun menpekotasuna, gure ingurunea funtsezkoa delako: zer egingo genuke zuhaitzik gabe? naturarik gabe bizitzeko? hil egingo ginateke. Eta bestalde, beste pertsonekiko dugun menpekotasuna.
Hori ez du onartzen ekonomia ortodoxoak, horregatik ekonomia feministaren ikuspegitik ematen zaion izena “bihotzik gabeko ekonomia” da. Ez dauka bihotzik, ez dauka emoziorik, ez dauka enpatiarik beste pertsonekiko. Askotan gure erabakiek ez dute salneurri bat trukean, baizik eta, gauza asko ditugu hobeto bizitzeko jendearekin, eta hedatzeko. Hemen, gure herrian —beste herrietan ere—, auzolana agertzen denean adibidez, badaude elkarrekin egiten ditugun gauzak guztion onerako, pentsatzen dugulako gizarte harremanak erdigunean egon behar direla eta funtsezkoak direla gure ongizaterako. Egoismo puntu bat egon daiteke, badakigulako hori behar dugula guk ere hobeto bizitzeko, baina ekonomia ortodoxoak zatitu egiten du gure atala, gure bizitza, baztertu egiten ditu funtsezkoak diren gauzak eta orduan ekonomia feministak hori erdigunean jarri nahi du.
M.L.: Hortik abiatuta, beste kontzeptu bat asko kritikatzen duena ekonomia feministak, ongizatearen neurria da, errenta per kapita. Beste neurri batzuk bilatu behar direla dio. Zeren analisi ekonomikoak muturrera eramaten baditugu absurdoetan jausten gara, eta horrelako egoismoarekin arrazionalak izango bagina, gauza erabat absurdoetara iritsiko ginateke, adibidez: seme-alaba azkarretan gehiago inbertitu beharko genuke eta gutxiago seme-alaba ez hain azkarretan, eta hori ez dator inolaz ere bat errealitatearekin.
“Ekonomia ortodoxoak ongizateaz hitz egiten duenean, errentari buruz hitz egiten du bakarrik, kontsumismoaz hitz egiten du bakarrik. Kontsumismoa da erdigunean dagoena eta ez benetan zeintzuk diren gure beharrak”.
Munduan gero eta handiagoak diren desberdintasunei buruzko kezka da nagusi ekonomia feministarentzat, ez al luke ekonomialari guztien kezka izan behar?
Y.J.: Gero eta ekonomialari gehiago daude gaur egun ezberditasunaz hitz egiten eta ezberdintasun ekonomikoaren inguruan ere. Hor daukagu Pikettyren liburua, XXI. mendeko kapitalari buruzkoa eta munduko bankuak ere egin ditu bere saiakerak, ekonomialari ohi batzuren eskutik: Stiglitz edo Milanovic. Egia da, ekonomia feministak erdigunean jartzen duenez botere harremanak, eta botere harremanetan ere disparekotasun handiak daudenez —gizon eta emakumeen artean esparru ezberdinetan, eta emakume eta gizon ezberdinen artean—, intersekzionalitatearen bidez, garrantzi handia ematen diola botere ekonomikoari eta botere ekonomikoaren konzentrazioari.
Gaur egun, errenta gero eta konzentratuagoa dago, bankuak ere esaten digute, Swiss bankuak urtero ateratzen duen txostenean, argi esaten digu piramide horretan gero eta jende gutxiagok kontrolatzen duela errenta gehiena. Aberastasun gehiena, erdia baino gehiago % 1ean dago eta gehitzen badiozu %10a ia erdia baino gehiago da, bi herenak. Oso kezkagarria da.
Baina, ekonomialari ortodoxoek zergatik pentsatzen dute normala dela? Azken finean, haiek sistema kapitalalistaren alde daude eta sistema kapitalista patriarkal honetan ezberdintasunak areagotzea bere muinean dago, bere izaeraren parte oso garrantzitsua da. Bere izenean esaten duen bezala, helburua kapitalaren metaketa bada, metaketa ematen da gero eta esku gutxiagoren artean, hori XIX. mendean Marxek ere esaten zuen eta beste ekonomialari batzuk. Orduan, kapitalismoaren alde baldin bazaude, ezin duzu lar kritikatu ezberdintasun ekonomikoak edo ondorioz datozen ezberdintasun sozialak (kolektibo ezberdinen artekoak, emakume eta gizonen artekoak,...). Dena bigarren mailakoa iruditzen zaie, azken finean, “merkatuak lortuko du oreka”, ez dakigu noiz baina...
Hemen argi eta garbi ikusten dena da, haien teoria eta mundu errealaren arteko ezberdintasuna gero eta handiagoa dela, horrexeagatik ez dira konturatzen krisiak datozela ere, zeren bereian marko teorikotan ez dira sartzen honelako gorabeherak.
Hori zuk ere aztertu duzu.
M.L.: Bai, ezberdintasunak esan daiteke oso oso bigarren mailako gaia izan dela ekonomialari askorentzat luzaroan. Egia da, gaur egun gero eta gehiago arduratzen direla ezberdintasunetaz, baina horren atzean dagoen filosofia inportanteena haztea da, eta nolabait beste hori helduko da, ez du hainbeste inporta nola heltzen dan eta zenbat heltzen zaion bakoitzari, baina azkenean zerbait helduko zaie baita ere behean daudenei. Gero ikusten da ezetz, ezberdintasunak oso handiak direla eta gero eta portzentai txikiagoan konzentratzen ari dela eta uste dugu ez dela bidezkoa.
Ekonomia feministak ezderdintasunak betidanik jarri ditu mahai gainean, genero ezberdintasunak modu berezian, baina ezberdintasun sozialak baita ere. Ezberdintasunak ikertzen saiatzen gara, ez bakarrik emakume eta gizonen artekoak, emakumeen artekoak eta gizonen artean dauden ezberdintasunak ere. Lehen intersekzionalitatea aipatu duzu, ez gara berdinak, ez gara bat eta bakarra. Gurutzatu beharra dago, adibidez, sexu aldagaia, klasearekin edo errenta mailarekin, edo adinarekin, edo jatorriarekin,... Ezberdintasunak gai zentrala izan beharko lukete ekonomian.
“Sistema kapitalista patriarkal honetan ezberdintasunak areagotzea bere muinean dago, bere izaeraren parte oso garrantzitsua da”.
Estereotipoek indar handiz agintzen jarraitzen dute.
M.L.: Gaur egun errealitatea asko aldatu da, ez da orain dela 20 urtekoa, zer esanik ez orain dela 50 urtekoa. Baina oraindik ere emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak oso handiak dira, ez gaude toki berdinetan, etxeko lanen banaketa ez da berdina, ezta ere etxea eta kanpokoaren artekoa. Merkatuan ere, ez beti, baina toki diferentetan gaude eta horren atzean arrazoiak asko izango dira, baina bat da estereotipoen indarra. Badirudi, eta ziurrenik arrazoi biologikoekin lotzen dute askotan, batzuk eta besteak ezaugarri diferenteak ditugula, batzuk kapazagoak garela gauza batzuk egiteko eta beste batzuk beste gauza batzutan hobeak direla, emozioen aldetik ere diferente mugitzen garela.
Estereotipo horiek indarra handia daukate adibidez, ikasketak aukeratzeko orduan, emakumeak ala gizonak kontratatzeko garaian. Uste da, modu diferentean arituko garela lanean, agian, lan uzteak gertatzen direnean, diferente egiten dugula batzuk eta besteok. Estereotipo horiek gainditzea oso inportantea da. Diferenteak izan gaitezke zentzu askotan, baina horrek ez du inolaz ere ekarri behar botere ezberdintasun horiek, guztiek gara kapazak edozer gauza egiteko. Baina esterotipoek oraindik ere indar handia daukate.
Ni bereziki kezkatzen nauena da gazteetan artean ematen diren estereotipoak eta zer indar daukaten oraindik ere beraiengan, 20-25 bitartekoetan. Hor eskolak paper inportantea dauka baina komunikabideak ere bai, eta ez dakit nola egin daitekeen aurre arazo horri egia esan.
Y.J.: Ez da erreza ez, esan duzun bezala aspaldiko kontua da. Bereziki gure jendartean emakumeak beti lotu dira ama izatearekin, amatasunari ematen zaio zentralitatea bakarrik emakumearen inguruan, eta askotan gizonezkoak era bat kanpo geratzen dira horrelako zereginetan. Azken finean, zama bat da emakumeontzat, zeren beti jartzen dira gure gain ardura asko, amatasunarekin batera datorrelako beste guztia, eta zatiketa kulturala izanda ere oso ideologizatuta dago.
Neri estereotipo matxistak, asko gogoratzen nau estereotipo arrazistarekin. Orain dela mende bat, arrazen arteko eztabaida horretan esaten zen arraza batzuk, etnia batzuk, ez zirela mendebaldeko pertsonak bezain azkarrak. Aristoteles garaian esaten zen arimarik ez zutela ez esklabuak, ez emakumeak ere. Menpekotasun desberdinak errotuta dauden einean, haiei aurre egiteko ez da indar nahikoa jartzen ari, hori argi dago. Gure hezkuntza sisteman ere, hierarkia asko babesten ditugu, batzutan kontzienteki, bestetan ez; herrien arteko hierarkiak jartzen ditugu, pertsonen artekoak, emakume eta gizonezkoen artean, jatorrien araberako mugak edo hierarkia jartzen ditugu. Zergatik etorkin batzuk bakarrik lanbide zehatz batzuk egin dezakete eta ez besteak, zergatik pentsatzen da emakume txiroak gabezi pilo bat dituztela, haien gaitasunak kontutan hartu gabe,... Beti gaude hierarkizatzen eta horretan datza estereotipoen garrantzia. Eta gero, ez ezagutzearena.
Nik uste dut irtenbide bat izan daitekeela, beste errealitateen konplexutasuna hobetzea, emakumeen artekoa ere, eta eredu ezberdinak ikusten joatea. Estereotipoak asko oinarritzen dira sinplifikazioan, errealitatearen zeozer hartzen dute baina gero hainbeste sinplifikatzen dute gezurretan erortzen direla. Gehiago ezagutu behar dugu guztion gaitasuna, gehiago gure aniztasuna eta gure potentzialitatea. Baina oraindik pentsaera matxista oso hedatua dago eta hori erronka izugarria da.
“Ekonomia feministak ezderdintasunak betidanik jarri ditu mahai gainean, genero ezberdintasunak modu berezian, baina ezberdintasun sozialak baita ere”.
Emakumeak lan merkatura sartzearekin, aukera ugari etorriko zitzaizkigula eta mundua eskura izango dugula esan digute. Baina erreala al da aukeratzeko eskubide hori?
Y.J.: Askeak al gara aukeratzeko? Argi dago ikuspegi historiko batetik, lehen baino askeagoak garela, lehen muga esplizitu gehiago genuen, hezkuntza formalean sartzeko oztopo izugarriak izan ditu XX. mendea hasi arte, hainbeste emakume salatzen zuten moduan aurreko mendeetan. Zenbait lanbidetan ere sarrera mugatua edo debekatua izan dugu. Orduan, ikuspegi historiko batetik aurrera joan gara eta lan merkatutan sartu gara. Gaur egun, emakume gazte asko lan egiten du edo langabezian daude, baina populazio aktiboan eta ez dute ikusten beraien etorkizuna lanik gabe, diru sarrera propiorik izan gabe. Nik uste, ezin besteko baldintza bat dela bizitza propioa aurrera eramateko. Baina gero, lan merkatuaren ezaugarriak muga asko jartzen dizkigu: lan partziala emakumeen esku dago, lan baldintza kaxkarrenak emakumeen esku daude... Gainera, emakumeari esaten zaio partzialitatez aritzeko, bere zereginak beste leku batetan daudelako, lehen esaten genuen bezala: zaintza lanetan, etxeko lanetan,... beti emakumeengan egon dira eta horrek estresa sortzen du, lanaldi bikoitza edo hirukoitza sortzen du (enplegua, etxea, komunitatea, lan bolondresa, lan soziala, politikoa edo dena delakoa). “Super woman” bat izatea eskatzen zaigu. Eremu guztietan eta bereziki enpresetan edo eremu publikoan, normalean, gizonezkoei baino gehiago eskatzen zaigu. Gizonezkoek suposatzen da badakitela gauza pilo bat egiten, ez zaie eskatzen frogatzea eta emakumezkoei bai. Beti berriak garela ematen du eremu publikoan, zeren eremu publikoa ez da gurea izan orain dela oso gutxi arte. Esan genezake, oraindik hor gaudela, sartu eta irten, eta zenbait lekutan ez zaigu ikusten parekide moduan.
Erronka handiak ditugula aurrean argi dago eta oraindik ez dugula lortu. Sistema honetan gainera, disparekotasunak berez sortzen dira eta gure artean ere gauza asko aldatu behar ditugu batera. Gure egoera aldatzeko, sistema ere aldatu behar dugu. Baina, hala ere, nik uste dut urrats garrantzitsu bat izan dela, naiz ezberditasunak egon, bai hezkuntza formalean sartzea, lan merkatuan sartzea, eremu publikoan sartzea,... Nik baikor ikusiko nuke egoera.
M.L.: Bilakaera historikotik, nik uste dut uka ezina dela, emakumeak XX. mendean egindako iraultza isila emakume asko eta askorentzat: autonomia ekonomikoaren ikuspuntutik, autonomia pertsonala,... ikuspuntu askotatik izan da oso inportantea. Hezkuntzan, jakina da emakumeek ikasketa maila oso altua dutela mutilekin alderatuta eta hor ere aurrera pausoak oso handiak izan dira. Nahikoak? Ziurrenik ez. Oraindik, esan duzun bezela, hor daude ezberdintasunak, hor dago lanaren zatiketa, segmentazioa, goiko postuetan batez ere hainbat sektoretan (ez dakigu komeni den postu horiek hain garrantzitsuak izatea, hor ere eztabaida handiak daude)... Oraindik, normaltzat jotzen da emakumeak arduratu behar direla etxeko lanetaz eta horrek mugatu egiten ditu emakumeen aukera erreal batzuk.
Horrekin lotuta, orokorrean uste dut jende baten aukerak mugatzen ari direla, gazteenak, prekarizazio prozesua ez dakit non bukatuko den. Lehen ia mundu guztiak eduki du enplegua, baina agian etorkizunean hori ez da posible eta ez dakigu oso ondo horrek zein aldaketa ekarriko dituen. Horrelako aldaketen aurrean oso adi egon behar dugu.
Y.J.: Horrek agian, ekonomia alternatiboetarako sarbidea ekar dezake edo gutxienez bultzada eman diezaiokete horrelako aldaketek. Adibidez, teknologia berriak aukerak zabaltzen dituzte eta beste arrisku asko ere jartzen dituzte mahai gainean, baina agian, ekonomia edo gizartea antolatzeko, maila ekonomikoan ere, aldaketa sakon baten atarian egon gaitezke. Zentzu horretan izan daiteke aukera bat, arriskua ere den moduan.
M.L.: Horrelako garaiak beti izaten dira aukera garaiak, baina aldi berean arrisku garaiak ere, hau da, klaseen arteko ezberdintasunak areagotzeko arriskua ere hor dago.
Y.J.: Bai, mundu konplexu batetan bizi gara.
Mertxe Larrañaga eta Yolanda Jubeto.
Yolanda Jubeto Ruiz
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea da. 1999 urteaz geroztik eskolak ematen ditu Ekonomia Aplikatua I sailean. Beste irakasgai batzuen artean, Garapenaren Ekonomia eta Ekonomia Feminista irakatsi ditu azken urteotan, lehena ekonomia graduan eta bigarrena zenbait masterretan. Halaber, Udako Euskal Unibertsitateko bazkidea da eta zenbait urteetan Ekonomia Sailean parte hartu du Euskal Herriko Ekonomiaz eskolak emanez.
Doktore-tesia genero-aurrekontuaz egin ondoren genero ikuspegia aurrekontuetan txertatzeko mintegi anitzetan parte hartu du. Hortaz, gai horren inguruan Bilbon, Mallorkan, Abadiñon, Gipuzkoako Foru Aldundian zein Bartzelonako udalean egindako prestakuntza eta zenbait kasutan aholkularitza teknikoan parte hartu du Mertxe Larrañagarekin batera, adibidez Euskal Herriko Unibertsitateak 2011n zein 2015ean egindako genero ikuspegidun aurrekontuetarako edukiak zehazten lagundu dute. Bestalde, Europa mailan dagoen Genero Aurrekontuak aztertzeko adituen Sarean (European Gender Budgeting Network) parte hartzen du bere hastapenetik 2006an eta hamarkada batez baita IAFFEko (International Association For Feminist Economics) kidea da. Horrez gain, estatuan ekonomia feministaz egin diren lau kongresuetan parte hartu du. Master feministan zein Ekonomia Solidarioa lantzen duen masterretan ere irakaslea da. Halaber, HEGOA, Garapen eta Nazioarteko Lankidetzaz aritzen den Unibertsitate- Institutuko kidea da eta bertako zenbait proiektutan parte hartu du azken urteotan eta baita bere masterretako irakaslea da ere.
Mertxe Larrañaga Sarriegi
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea da Ekonomia Aplikatua I sailean. Beste irakasgai batzuen artean, Nazioarteko Ekonomia eta Ekonomia Feminista irakatsi ditu azken urteotan, lehena ekonomia graduan eta bigarrena zenbait masterretan. Hegoa institutuko ikertzailea da.
Azken lanen inguruan aipatzekoa da Ekonomiaz aldizkariak 2017an, Ekonomia Feministari buruz argitaratu duen monografikoan koordinazio eta egile lanetan aritu dela.
Genero Aurrekontuetaz hainbat proiektutan aritu da lanean Yolanda Jubetorekin. Besteak beste Bilbon, Mallorkan, Abadiñon, Gipuzkoako Foru Aldundian zein Bartzelonako udalean. Lana egin dute baita Euskal Herriko Unibertsitateak 2011n zein 2015ean egindako genero ikuspegidun aurrekontuetarako edukiak zehazten. Estatuan ekonomia feministaz egin diren lau kongresuetan parte hartu du.