Migel Murua: "Hosto borobila duten zuhaitzak ilberrian landatu behar dira, eta hosto luzea dutenak aldiz, ilbeheran"

2001-01-26

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Migel Murua Migel Murua, baserritarra "Hosto borobila duten zuhaitzak ilberrian landatu behar dira, eta hosto luzea dutenak aldiz, ilbeheran" * Teresa Sala Ilargiak badu eragin nabarmena naturarekin lotutako jarduera ezberdinetan. Duela urte batzuk Euskal Herrian, ilargiaren arabera antolatzen ziren, neurri handi batean, baserriko zereginak: txerria noiz hil, sagardoa noiz botilatu, artoa, babarruna edo arbia noiz erein, zuhaitzak noiz moztu...Migel Murua, orain dela hirurogeita hamar bat urte eta hamasei hilabetetako haur bat besterik ez zela, heldu zen Altzoko Otsein baserrira. Geroztik, nahiz eta denboraldi batez lantegian lanean ibili, baserritar gisa aritu da. Mota guztietako garaiak ezagutu ditu Muruak, eta beti, gizaldiz gizaldi trasmititu dizkioten ohiturak gauzatzen ahalegindu da, ilargiaren inguruko sinesmenak izanik honen erakusgarri. Egun, bere fedea mantentzen du eta ziur dago "ilargiak izugarrizko eragina duela bai baserriko zereginetan eta baita beste gauza askotan ere. Niri honetan sinesten irakatsi zidaten eta sinesten jarraitzen dut". Zeintzuk dira ilargiaren faseak eta sasoiak? Nik bi garai ezberdin ezagutzen ditut: ilbehera eta ilberria. Ilargia betetzen den garaian ilbehera hasten da, hamabost edo hamasei bat egun behar izaten ditu hazteko, ondoren ilberri garaia dator. Nola antzematen duzu ilargiaren fase bakoitza? Ilargia hazten ari den garaian, itaiaren ahoa ezkerretik eskubira dihoanean, ilberritzen ari da. Gastatzen ari denean, aldiz, itaiaren ahoa eskubitik ezkerrera dihoanean, ilargia ilbehera sasoian dago. Ba al du ilargiak eraginik baserriko zereginetan? Bai horixe, lan askotan eragin handia du. Etxean, ilargiaren arabera antolatzen genituen zeregin ezberdinak. Duela hogei bat urte, baserriko laboreak alde batera utzi zirenean, ilargiaren inguruko kontuak gutxiago sinesten hasi omen ziren. Baserritar asko lantegietan hasi ginen lanean. Aspaldi, laboreak egiten zirenean, asko erreparatzen zitzaion ilargiari. Gaur egun,agian gutxiago antzematen da eragin hau; lan guztiak presaka eta azkar egiten dira. Gainera, ez da babarruna ereiten, eta ezta artoa ere. Labore lanak ez dira duela urte batzuk bezalakoak, eta, beraz, ilargiaren eragina ere eskasagoa da. .Soro eta baratzei dagokienez, zeintzuk dira ilargiaren eragina neurri handiago batean somatzen duten zereginak edo barazkiak? Aspaldiko ohiturak esaten dutena jarraituz, eta etxean egiten genuenaren arabera, barazki eta fruitu gehienak ilbeheran erein beharko lirateke. Azken ikerketa batzuk diotenez aldiz, baratzuria, tipula eta lur azpian hazten diren barazki guztiak dira ilbeheran erein behar direnak. Artoa, tomatea, babarruna eta horrelakoak aldiz, ilberri garaian. Zeintzuk dira, konkretuki, ilbeheran erein behar diren barazki eta fruituak? Artoa, babarruna, patata, arbia, tomatea, letxuga...ia gehienak ilbeheran erein behar dira. Garia ereiteko orduan aldiz, ez zitzaion ilargiarai jaramon handirik egiten. Ahal baldin bazen, garia azaroan egiten genuen. Baratzuriak San Martin aurreko ilbeheran ereitea komeni da. Porrua, berriz, San Joaneko ilbeheran. Ni txikia nintzela, gure aitonak esaten zuen arbia abuztuko amabirjina eguneko bezperan erein behar zela. Guk hala egiten genuen eta izugarrizko arbia ateratzen zitzaigun, oso ona. Zer da, orduan, ilberri egunetan soroan egin behar dena? Egia esatera, ilberri egunetan ez zegoen gauza handirik egiteko soroan, ilgoran jorratzen ariten ginen gu. Jorratzea aipatu duzunez, zein da asuna galtzeko modurik egokiena? Makilarekin jotzea da asuna galtzeko modurik onena, ebakitzea baino hobea. Niri hala esan zidaten eta hala saiatu naiz, nahiz eta asuna guztiz galtzea nahiko zaila izan. Eta menda galtzeko, zein da garairik aproposena? Esaten dutenez, menda belarra galtzeko abuztuko ilbehera da garairik onena. Ilargiaren zein fasetan landatu behar dira zuhaitzak? Etxean ikasitakoaren arabera, hosto borobila duten zuhaitzak ilberrian landatu behar dira, eta hosto luzea dutenak aldiz, ilbeheran.Esandakoari jarraituz, pagoa eta urritza ilberrian bota behar dira eta haritza, intxaurra eta gaztaina, berriz, ilbeheran. Kimatzerako orduan ere, arau berdina jarraitu beharra dago. Nahikoa hazi direnean, zein da ilargi sasoirik onena zuhaitzak botatzeko? Botatzerakoan ere hostoari begiratu behar zaio. Hosto borobila duten zuhaitzak ilberrian bota behar dira, eta besteak aldiz, ilbeheran. Pagoa, ilberrian bota behar da beti, ilargia jaisten hasten denean bota eta txikitu. Sua egiteko garaian, ongi baino hobeto somatzen dira ezberdintasunak egurraren kalitateari dagokionez behintzat. Pagoa ilbeheran bota ezkero, denbora gutxira pipia agertuko da. Artea, aldiz, ilbeheran bota behar da eta gurdi ardatzetarako oso ona omen da. Haltza, maiatzeko ilberrian zuritu behar da eta hurrengo urteko maiatzean bota. Akazia ilberrian bota behar da, azaroan edo abenduan. Intxaurrondoa, aldiz, ilbeheran, oso material ona da, baita eskuare buruak egiteko ere. Haritza ere ilbeheran bota behar da, eta neguan hobe. Aspaldi, baserri honetara heldu ginen garaian, ikuiluko lurra zeharo hautsita zegoen, moztuta zegoen pinu bat zerratu genuen eta egur horrekin konpondu genuen lurra. Hiru urte igaro ondoren, egur hori guztiz usteldu zen. Nik uste dut garai okerrean erein edo bota zutela zuhaitz hura. Simaurra zabaltzeko ilargiari begiratu behar zaio? Lehen, simaurra ikuiluan nahasten zen eta beti ilbeheran. Ilberrian nahastu ezkero, simaurra zuri zuria gelditzen zen, arin arina, eta ez zuen ezertarako balio. Ilbeheran nahastutakoa, aldiz, oso ongi mantentzen zen, oso indartsua ateratzen zen beti. Noiz botilatu behar da sagardoa? Sagardoa ilbeheran botilatu behar da. Egun, oso gutxitan egiten dugu sagardoa etxean, baina garai batean sagardoa ilberri egunetan botilatzen bazen, askotan, eta hego haizearen ondorioz, botiletako kortxoak atera egiten ziren. Ilargiaren arabera, zein da txerria hiltzeko garairik onena? Txerria zikiratua bazen, ilbeheran hil behar zen, eta zikiratu gabekoa bazen,ilberrian. Garai batean gatzetan jartzen ziren txerriak, amonak esaten zigunez, txerri zikiratu bat ilberrian hiltzen bazen, ez zuen gatza behar den moduan hartuko. Gaur egun, ahaztuak daude kontu hauek guztiak, hiltzen diren txerriak hozkailuetan gordetzen direlako. Eta..ba al du ilargiak pertsonengan eraginik? Bai, ilea mozteari dagokionez behintzat bai. Ilbeheran, beti ilbeheran moztu behar da. Ilea soiltzen hasi bada ere, ilbeheran mozten bada, gutxiago galtzen omen da. Nik ilbeheran moztu dut beti eta primeran nago. Ilbete garaian zer egin behar da? Ilbetean kontuz ibili eta etxera goiz itzuli, bestela... Ezagutzen al dituzu ilargiari buruzko kondaira edo esaera zaharrak? Euskal Herriko etxe guztiak baserri txikiak ziren garai hartan, aitonak esaten omen zigun, baserri behartsuen bizimodua aurrera atera ahal izateko, urriko ilargia aprobetxatu beharra zegoela. Urrian ilargia oso argia da eta gauez oso ongi ikusten da, beraz, urria da besteen baratza eta soroetan lapurretan aritzeko hilabete egokia. Izango dira, hor nonbait, beste istorio eta esaerak, baina nik ez ditut gogoratzen. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 108.zbk (2001 / 1 26 / 2 2) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Alberto Gárate: "Kulturaren garrantzia, gizon-emakume sortzaile eta solidarioak sortzeko duen balioan datza"

 

Irakurri

Raquel García Arancón: "Historia gizateriaren memoria da, eta hor ez dago ezer baztertzerik, bestela ez baitu ezertarako balio"

 

Irakurri

Miguel Artola: "Historian, ezagutzen inguruko beste edozein diziplinatan bezala, etengabe berritu beharra dago. Eta hala egiten da"

 

Irakurri

Gabriel Imbuluzqueta: "Artisauak enpresari batek bezala pentsatu behar du. Merkataritzako planteamenduak ez du inolaz ere artisautzaren karisma biziatzen, salgai jartzen dena lanaren emaitza da-eta"

 

Irakurri

José Luis Ansorena: "Nahiago nuke hezkuntza musikal hobea jaso izan banu"

 

Irakurri