Amaieratik has gaitezen, zure azken liburua aipatuz: “Mi extraña amiga Katalina”. 2008an, une zaila bizitzen ari den idazleak, XVII. mendeko emakume baten bizipenetan murgiltzeko aukera izango du. Katalina de Erausok gizon itxura hartu, ezkutatu eta bizimodu harrigarriari ekin zion, eta erabaki hori hartzera bultzatu zuten arrazoiak aurkitzeko aukera du egungo emakume idazle horrek. Nondik etorri zitzaizun istorio hori idazteko inspirazioa?
Historia ikasteko aukera izan nuen, baina azkenean Filologia Erromanikoa hautatu nuen. Beti izan dut gustuko historiaren eta literaturaren arteko uztarketa. Kasualitatez, badira 22 urte Donostiako Katalina Erauso kalean bizi naizela. Seme-alabak txikiak zirenean etxe-trukea egiten genuen beste herrialde batzuetara bidaiatu ahal izateko. Modu horretan hainbat tokitan izan ginen. Hori utzita genuela Kanadatik dei bat jaso nuen, gure etxea Katalina Erauso kalean zegoelako bisitan etorri nahi zuten pertsona batzuk ziren. Gertakari horrek eraman ninduen pertsonaiaren historia ikertzera, eta ezusteko ugarirekin egin nuen topo.
Baina liburua gero idatzi zenuen.
Bai, beranduago iritsi zen hori. Izugarri atsegin dut idaztea. Zaletasunik handiena da niretzat, primeran pasatzen dut. Bideojokoarekin dabilen gaztetxoa bezala, beste errealitate horretan sartu eta gainontzeko guztia ahazten dut. Gure etxean musika asko entzuten da, baina nik ez diot jaramonik egiten, neure barnean murgiltzen naiz, neure munduan sartu eta idatzi egiten dut, ametsetan hasten naiz eta oso atsegingarria zait hori. Horrela, idatzi nituen gauza batzuen ondorioz, sortu nuen eleberria.
Eleberrian hainbat genero uztartu dituzu, eta Errealismo Magikoa ere ageri da, garai bat baino gehiago azaltzen baitira.
Katalina de Erauso pertsonaia ezezaguna zela konturatu nintzen, eta bizi dugun garai honetatik harekin elkarrizketa izatea otu zitzaidan. Indio batek dio ezin dela inor juzgatu hiru egunez bere zapaten barruan egon arte, eta hori egia da. Horrela, saiatu nintzen jakiten zergatik egin zituen Katalinak egin zituenak, zer pentsatzen zuen jokabide hori izateko. Bizitzan une zaila (bikote-krisia, zalantza...) bizitzen ari zen egungo emakumearen eta Katalinaren arteko elkarrizketa abiatu nuen. Guretzat, emakumeontzat, askoz zailagoa da erabakitzea zer egingo dugun gure bizitzarekin. Nahita ala nahi gabe, gizarteak rol bat ezartzen digu eta erabakia hartzea gizonentzat baino zailagoa da. Parekotasunak daude ihes egitea erabaki duen Katalinaren eta gaur egungo hainbat emakumeren artean, azken horiek aurretik asko pentsatu behar izaten baitute eta erabakia mingarria zaie.
Emakumearen egoerari eta emakume izateagatik dituzten arazo batzuei heldu diezu berriro ere.
Emakumea naiz eta. Irakurri ditut gizonek idatzitako eleberriak, non gizonezko protagonistekin identifikatu naizen. Amorru apur bat ematen dit emakumeen istorioak idazten ditugun emakumeoi etiketak jartze horrek, kokatzeak. Bizitzan bada une bat denborak harrapatzen zaituena, eta orduan konturatzen zara iraungitze-data duzula eta egin nahi duzunak epe bat duela. Hori guztioi gertatzen zaigu, gizonei eta emakumeoi. Ildo horretan, arazo batzuk emakumezkoenak dira, baina beste batzuek gizaki guztioi eragiten digute.
Erabakitzea da gakoa.
Hori da, eta orduan larritu egiten gara. Bide bat aukeratu behar dugu, eta gauza bati baiezkoa ematean ezetz esaten diegu milaka aukerei. Emakumearen kasuan, ama izatea erabakitzen duenean asko korapilatzen da hori guztia.
Literaturaren bidez errebindikatzen al duzu?
Emakume naizen aldetik emakumearen egoera errebindikatzen dut. Errebindikatzea beharrekoa iruditzen zait, eta gauzak aldatu egingo direlakoan nago. Ez dut uste gizarteak behar den moduan zaintzen duenik seme-alabak izateko aukera. Ildo horretan hainbat gauza aldatu beharko lirateke, eta gu geu ere aldatu beharko ginateke. Emakume izateak nire pentsaera baldintzatzen du. Bizi dudana kontatzen dudalako errebindikatzen dut.
Irakasle-lanetan ari den emakumea zara, familia osatu eta zaintzen duzu, eta gainera, idazle ere bazara.
Bestelako jardueretan aritzeko aukera ematen didan lanbidea dut, zorionez. Beste lanbide askotan ere hala behar luke. Emakumeok oraindik ere barneko tirabirak izaten ditugu egun osoan lan egin eta seme-alabak ia ikusten ez ditugulako, oso konplikatua da. Ildo horretan, nik errebindikazio inplizituak eta esplizituak egiten ditut. Baina idaztean, nire helburua ez da bakarrik errebindikatzea. Ez dut idazten errebindikatzeko, idazten dudalako errebindikatzen dut.
Genero historikoan oso eroso sentitzen zarela esan izan duzu. Ziurrago sentitzen al zara urrutitik idaztean?
Bai, egia da. 28 urterekin hasi nintzen idazten, orduan oso heldua nintzela sentitzen nuen. Garai hartan literatura oso intimista lantzen zen, emakume idazleek asko hitz egiten zuten eurei buruz eta kontatzen zutena gogorra edo mingarria izaten zen. Sasoi haietan bi haur txiki nituen eta erabaki nuen ezin nuela gehiago idatzi, ez nuen aurrera jarraitu. Irakaskuntzan aritu nintzen, ardura-kargua izan nuen Administrazioan eta konturatu nintzen politika-kontuak ez zirela niretzat. Kargua utzitakoan hasi nintzen idazten. Ez dakit zerk bultzatu ninduen “Oria, la Sultana Vascona” idaztera, baina orduan jabetu nintzen pertsonaia bati buruz urrutitik idaztean askoz lasaiago sentitzen nintzela, sosegu handiagoarekin idazten nuela. Hala ere, eleberri historikoa idatzi arren, zeure buruaz idazten duzu. Bai “Domenja de Oñate” lanean eta baita “Mi extraña amiga Katalina” liburuan ere hein batean ni neu nago. Genero historikoan eroso sentitzen naiz eta bakean idazten dut. Zorigaitzeko zerbait gertatuko balitzait ez nuke inoiz hartaz idatziko.
Eleberria idatzi aurretik dokumentatzeko epea oso garrantzitsua izaten da. Nolakoa da prozesu hori zure kasuan?
Lehenengo eta behin pertsonaia erakargarria bilatzen dut, edo hobeto ezagutu nahiko nukeen hura aukeratzen dut. Orduan, urtebete ematen dut dokumentazioa biltzen. Orain, Internetekin, askoz ere errazagoa da. Dokumentazioa bilduta dudanean plangintza egiten dut. Horretan oso germaniarra naiz (dio irribarrez). Plana pentsatu eta paperera eramaten dut. Eta hortik aurrera idazteari ekiten diot. Horrek ez du esan nahi ezinbestean plan horri lotuta nagoenik, izan ere, batzuetan idazlanak bere bidea hartzen du eta aurreikusitakoa aldatuz joaten naiz.
Oso metodikoa al zara?
Erabat. Gainera, urduri egonda idazten hasiko banintz, ziur nago biharamunean nire sormen-lana deitoragarria irudituko zitzaidala. Eseri eta hotzean hasten naiz idazten. Gauza grinatsuak kontatu ahal ditut, baina betiere burua hotz dudala. Institutuko lana dudanean izan ezik, arratsaldero idatzi ohi dut, lauretatik zortzietara, besterik gabe. Baina bestalde, idazten hasten naizenean segituan kateatzen naiz.
Etorria baduzu luzatu egiten al duzu idazteko denbora?
Egia esateko ez, eta arrazoia familia da. Seme-alabak etxetik kanpo badaude ere, nik afariaren ordutegiari eta abarri eusten diet. Gainera, lau ordu igaro ondoren ez dut berdin lan egiten.
“Erosketa-zerrenda izan ezik, inork ez du bere buruarentzat bakarrik idazten”, esan zenuen elkarrizketa batean.
Noski, irakur nazaten idazten dut. Liburu bat ez dago bukatuta inork irakurtzen ez badu. Eleberriak irakurriak izateko idazten dira. Izan ere, idazlearen eta irakurlearen arteko iritzi-nahasketaren emaitza da eleberria. Bitartean ez da ezer, niretzat ez du zentzurik. Beti diot lan baten azken emaitza ezpainetako barra bezalakoa dela. Zure ezpainetan eta nireetan ez du kolore bera ematen. Eleberriak arrakasta izango du irakurleari zer pentsatua ematen badio, sentsazioak edo bere hausnarketa propioak eragiten badizkio.
Inoiz idatzi al duzu egunerokorik?
15 urte nituela, gero irakurri eta apurtu egin nituen, erabat lotsatuta. Ez dut berriro egin.
Zorrotza al zara zure lanarekin? Askotan zuzendu eta berrirakurtzen al duzu?
Ba bai, egia esan. Irakurri eta berrirakurtzen dut, nire printzeari ematen diot irakur dezan. Jende gehiagok irakurtzen du argitaratu aurretik. Akatsekiko obsesioa dut, eta neure buruari mugak jartzen dizkiot. Bestela, berriro irakurriko banu, berridatzi egingo nuke.
Idazteko beharra al duzu?
Bai. Asko gozatzen dut idazten, ondo sentitzen naiz. Lasaitzen nau. Batzuek burugogorra naizela diote, saiatua naizela esango nuke nik. Adierazi beharra daukat.
Idazle profesionala izatea gustatuko litzaizuke?
Egia esateko, duela urte batzuk bai. Baina modu profesionalean idazteak dedikazio handia eskatzen du. Zalantzarik gabe, inbidia ematen didate arrakasta duten idazleek. Dena den, ez dakit horrek eskatzen duen bizimodua izan nahiko nukeen, handik hona ibili beharko nintzateke, beti okupatuta. Ez, ez nuke halakorik nahi. Bizimodu lasaia atsegin dut, gehiegizko arrakastarik gabe idaztea.
Ba 2007an Zilarrezko Euskadi saria irabazi zenuen “Domenja de Oñate” eleberriagatik. Nola hartu zenuen saria?
Sekulako poza hartu nuen. Ez nuen inondik inora espero. Institutuan nengoen, eta gelatik ateratzean eskukko telefonoa piztu nuen. Senarraren mezua nuen, berak eman zidan berria. Bernardo Atxagak irabazi zuen euskarazkoa eta nik gaztelaniazkoa, oso berezia izan zen, harro egoteko modukoa. “Petriquilla, Graciosa y el verdugo negro” (Petriquilla, Graciosa eta borrero beltza, 1995) Atxagak berak aurkeztu zuen. Beraz, aspaldi ezagutzen dugu elkar eta harrotasunez gordetzen dut saria jasotzean berarekin atera zidaten argazkia. Oso pozik nengoen, Nobel saria irabazi banu bezala. “Cuando hablaba con Buffalo Bill” ipuinarekin irabazi nuen lehen saria, eta berria emateko deitu nindutenean zur eta lur gelditu nintzen. Senarrak bidali zuen ipuina lehiaketara, niri ezer esan gabe; irabaztea ezustekoa izan zen, eta era berean zoragarria.
Irakaskuntzatik erretiroa hartzean idazten eman nahiko zenuke denbora osoa?
Ez dakit. Irakurtzea ere asko maite dut, biak egiten ditut. Dena den, askoz denbora gehiago izango dudanez, agian errutina aldatu eta goizez idatziko dut.
Zein da idaztearen alderik pozgarriena?
Etxean idazten ari naizela gozatu egiten dut. Liburua kaleratzen denean ere gozatzen dut. Hor ikustea, besteekin, abentura bat da. Eta abentura horrekin ere gozatu egiten dut, ez baitakit jendeak irakurriko ote duen, atsegin izango duen...
Eta alderik zailena? Sufritzen al duzu sortzeko prozesuan?
Ez. Idazten dudanean badakit neure etxean nagoela eta ez zaidala ezer gertatzen. Ez dut idazten sufrimendu pertsonala eragiten didan ezer. Nire eleberriak positiboak direla uste dut, eta ildo horretan ez dut sufritzen. Gozatu egiten dut idazten, eta gozatzen dudalako idazten dut, bestela ez dut egiten. Horregatik ezin dut hondamendiez edo zorigaitzez hitz egin. Idazten dudan horretan murgiltzen naiz, Katalina izan naiz urtebetez. Gogoan dut Camusen La peste irakurri nuenean, 18 urterekin, depresioak jota egon nintzela bi astez.
Zer idazle hartu izan dituzu eredutzat? Nor dira zure iturriak?
Izugarri gustatzen zait Proust, nahiz eta ez eduki zer ikusirik egiten dudanarekin, eta Pessoaren El libro del desasosiego lana nirekin dut beti: behin eta berriz irakurri, eta ez naiz inoiz ere nekatzen. Klasiko ugari ere irakurri ditut, baina beti denetik irakurri izan dut, txiki-txikitatik. Asko gozatu dut irakurtzen: El código da Vinci, Larssonen Millenium saga. Best sellerrak irentsi egiten ditut... Hiru liburu irakurri ohi ditut aldi berean: dokumentazio historikoko zerbait, salmenta handikoren bat, eta benetan gustatzen zaidan libururen bat edo poesiaren bat.
Enkarguz egiten duzu lan? Liburu bat bukatzen duzunean beste batekin hasten zara ala atseden hartzen duzu aldi batez?
Dagoeneko informazioa biltzen ari naiz beste baterako, baina argitaratuko den jakin gabe. Ez dakit argitaratuko den harik eta bukatu arte, ez dut aurretik jakiteko zortea. Idatzi eta aurkeztu egiten dut, ea gustatzen den.
Hasieran ez argitaratzeak ez zizun beldurrik eman?
“Oria, la Sultana Vascona” (1994) idatzi nuen, pertsonaiarekin eta aurkiturikoarekin guztiz ilusionatuta. Zoragarria izan zen. Baskoi bat sultan baten emaztea izan zela jakin nuen eta berebiziko historia iruditu zitzaidan. Idatzi eta argitaletxeetara bidaltzen hasi nintzen, baina guztiek atzera bota zidaten. Burugogor jarri eta igande batez Carmen Posadasi deitu behar niola esan nion senarrari. Zenbakia lortu nuen, harekin hitz egin nuen, eta liburua bidaltzeko esan zidan amultsuki. Lore-sorta batekin batera bidali nion. Adeitsuki erantzun zidan eta nire lana bere agenteari erakutsi zion. Ez zidaten onartu. Geroago Rosa Monterori deitu nion (Rosa nire egun berean jaio zen, 1951ko urtarrilaren 7an). Gutun bat idatzi nion egun berekoak ginela esanez eta laguntza eskatuz liburua argitaratzeko. Ediciones Libertarias argitaletxea gomendatu zidan, eta horrek argitaratu zidan. Ondo saldu zenez, gero gehiago argitaratu nuen, Ediciones B argitaletxearekin. Azken horrekin ez zitzaidan hain ondo atera. Mi extraña amiga Katalina Ttartalo argitaletxearekin argitaratzen dudan bigarrena da.
Beti idazten duzu?
Bai, beti nabil idazten. Orain beste proiektu batean sartuta nago. Batzuetan idazteari uzten diot atseden hartzeko, baina dokumentazioa biltzen eta zeren inguruan idatzi pentsatzen jarraitzen dut.
Jaramonik egiten diezu kritikei?
Ez diet kasurik egiten, nahiz eta hasieran oso eragin handia zuten niregan. Hori bai, lagunen kritikak onartzen ditut. Izan ere, bizitzako etapa on batean nago. Uste dut, Dámaso Alonsok zioen legez, bizitzako momentu batean suminik gabe begiratzen dugula atzerantz, gainditu beharreko irakasgaiak gaindituta ditugulako edo nahiz eta ez gainditu ahal dugun guztia egin dugulako. Esan daiteke nire proiekturik garrantzitsuenak gauzatu direla. Ez dut ukatzen kritikek arrazoia izan dezaketela, baina ez zait axola. Ni ongi sentitzen naiz.
Ba duzu lantzea nahiko zenukeen gertaeraren bat?
Prousten À l’ombre des jeunes filles en fleurs eleberrian, benetako gertaeraren atzean beti gertaera asko daudela ikus daiteke. Gertaera “ikustezinak” bizi izan dituzten emakume asko daude, eta horregatik historia bizi izan duten, borrokatu diren eta sufritu duten emakumeei buruz idatzi nahi nuke. Orain gai horren inguruan irakurtzen ari naiz. Mila Beldarían (Donostia, 1951) Hizkuntza eta Literatura Erromanikoetan lizentziaduna, Donostiako institutu bateko gaztelerako irakaslea da. Bere lehen idatzien ostean (Cuando hablaba con Buffalo Bill eta Memorias de la inacción), 1994an Oria, la Sultana Vascona argitaratu zuen. 1995ean Petriquilla, Graciosa y el verdugo negro, eta 1997an El examen. Horiei Kursaal eta Enigma eleberriek jarraitu zieten. 2007an Zilarrezko Euskadi Saria lortu zuen Domenja de Oñate-rekin.