Pantxoa Etchegoin: "Euskal Herriko kulturaren panorama baikorra da 2000. urteko atarian"

1999-03-05

ITHURBIDE, Maite

Elkarrizketa Pantxoa Etchegoin, Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria. "Euskal Herriko kulturaren panorama baikorra da 2000. urteko atarian" Maite Ithurbide * Pantxoa Etchegoin, Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria da. Iparraldeko elkarte honek, euskara ikasiz eta hizkuntzaren erro guztiak miatuz, euskal kulturan bizitzea du helburu. Gure hizkuntzak bizi irauteko giltza aurkitu eta bide egokia hartzea da bere zuzendariaren ametsa. Zein da Euskal Kultur Erakundearen betebeharra gaur egungo gizartean? Sar hitza bezela, erran nezake gaurko gizartean, indarren biltzea eta esperientzien banatzea inoiz baino premiatsuagoa dela. Oharpen hau Euskal erakundearen betebeharretan kokatzen da. Egunero pertsona edo kultur elkarteekin lan egiten dugu, izan dadin sorkuntza, prestakuntza edo hedapen alorretan, beti saiatuz bakoitzaren lanaren egituratzea, egitasmoak eraginkortasunekin eramaten laguntzea. Bigarrenik, baitezpadako junta egiten dugu, elkarte eta erakunde desberdinen artean. Bi hitzez erran nezake Euskal Kultur Erakundea kasik toki bakarra dela Iparraldean, non elkarteetako kideak mintza baitdaitezke erakunde politikoetako arduradunekin. Eta hori, neretzat, oso garrantzitsua da. Azkenik, Euskal Kultur Erakundeak pentsatzeko denbora hartu behar du, tradizioa eta modernitatearen artean aurkitu behar den orekaz gogoetatuz, geroari buruz, gure euskal kultura jorratuz, biharkotuz, munduko ingurumen osoa kontuan hartzen dugula, hara nola, informazioaren eremu zabala. EKEk "Leihotik" izeneko aldizkari bat argitaratu du aurten. Zein izan da argitaratze honen arrazoia elkartearen jaiotzaren zortzi urte eta gero? "Leihotik" aldizkaria arras praktikoa izan dadin nahi dugu. Bi hilabetekari honen helburu nagusia da, elkarteekiko loturak indartzea, momentu berean euskal kulturari dagokion informazioa ahal bezain publiko zabalari eskainiz. Gai nagusitzat, beti kulturaren alor bat aztertzen dugu, jendearekin elkarrizketak egiten, gure erakundearen berri emaiten eta oroz gainetik informaziobaliagarriak (espero dut bederen) argitaratzen. Egitea ongi da, zer egiten dugun jakinaraztea ere. Zer deritzozu Ipar Euskal Herriko kultur ondarearen egoerari buruz bi mila urtekoaren amaieran gaudelarik?Zeintzuk dira alorrik garatuenak? 2000. urtera pasatzeko bezperan gaudelarik, Euskal Herriko kulturaren panorama aski baikorki ikusten dut, sorkuntzaren ahulezia sentitu arren. Oroz gainetik, pertsona edo elkarteek ikaragarriko kemena badute egitasmoak obratzerakoan. Maiz, ahal gutirekin, gauza ederrak egiten dira, hala nola kantugintzan, antzerkian, literaturan, nolaz ez, bertsugintzan. Beti eta gehiago trukatze egiten da ere adibidez atzerriko dantza eta musikak Euskal Herrira ekarraraziz. Entzun ikusak indar haundia hartu du azken urte hauetan, bereziki hegoaldean. Bestalde, bada ekintzen egituratzeko gogoa, elkarlanerako eta gazteek bide horretan sartu nahi dute. Iparraldeko etsenplu hoberena, Piztu elkartearena da, Euskal Herria zuzenean antolatzen dutelarik. Ipar Euskal Herrian gazteen %11k euskaraz egiten du, EKEk 1996an parte hartutako inkesta batek dioenez. Zeintzuk izango lirateke, aurreko urteekin konparatuz, jetsiera honen arrazoiak? Ba al dago bide eraginkorrik joera honen norabidea aldatzeko? Iparraldean, euskeraren egoera zinez beldurgarri bezain gogoetagarria da, oroz gainetik gazteak hurbiletik hunkitzen baititu. Bada bistan dena ainitz arrazoi beherakada horretan. Oroz gainetik, aipa nezazke familiako transmisio eskasa, espazioaren aldaketak ekarri duen mugimendu soziala, euskal baserriko girotik hiri frantsestura, eta erra gabe doa hizkuntza politika iraunkorraren huts haundia erabaskuntzan, bizi publikoan, lantegi eta administrazioetan, eta abar... Geroari begira, uste dut jadanik euskaradunok, ahalgea uxatuz, euskara gehiago erabili behar dugula, elebitasuna ez bada baztertu behar ere zenbait egoeretan. Erran gabe doa irakaskuntzan dela oroz gainetik giltza, euskararen ofizialtasunean. Bestalde, lan egin behar dugu gure hizkuntza modernitateansar dadin, adibidez alor zientifikoetan, informatikan, literaturan, adierazpen artistikoetan, eta nolaz ez, hirietan, beste edozein kultura bezala, uste baitut biharko euskal kultura hiri giroan geldituko dela. 2000 urterako euskal kantari buruzko ekintza handia prestatzen ari da EKE. Abestia, kulturaren hedakuntzarako biderik azkarrenetariko bat delarik, garrantzi berezia daukala uste al duzu aurrean deskribatutako egoerari aurre egiteko? Besteak beste, literatura, bertsolaritza, kantua edo antzerkiak euskara egunero karreatzen dute eta bere denboran, aberasten. Erran gabe doa kantuak leku berezia daukala gure euskal kulturan. Dudarik ez beraz euskal abestiak aurreko egoerarekin baduela zer ikusirik. Alabainan, euskararekin batera, ohizko kantua ez da lehen bezela trasmititzen familia edo herrietan. Emeki emeki galtzen ari du aintzinean zeukan irudi soziala, batzuetan ekoizkin komertzialegia bilaktzen da. Gure ekintzarekin, nahi dugu euskal kantua atzokoa eta dudarik gabe gaurkoa gehiago ezagutua izan dadin, bereziki haur eta gazteengan, beste kulturekin parekatua, hots, baloratua hemen eta munduan zehar. Euskara ikasi behar da ere euskal kulturan bizi, hizkuntzaren erro guztiak miatuz. Gure proiektuaren helburuetariko bat da. Haurrak eta gazteak euskal kulturaren hedatzaile garrantzitsuak dira gaur egun. Zeintzuk izango lirateke haien formazioak eduki beharko lituzkeen elementuak gure kultura gehiago eta hobeto sendo dezaten? Nire ustez, haur eta gazteei eskainitako formazioek bederen bi elementu eduki behar dituzte: lehenik, trasmisioaren arazoa konpontzeko, heziketa artistikoa beharrezkoa da, eskoletan baina baita eskolatik kanpo ere. Hala nola, ondarearen alorrean edo literaturarenean. Halaber, euskal kultura beste munduko kulturekin parekatzen ikasi behar dute, horrela baita edozein kultura eta norbera aberasten. Azkenik, gogoeta orokorra eraman behar dute jakiteko nola euskal kultura, arimarik galdu gabe, koka daitekeen biharko esparru desberdinetan. Nahikoaal da EKEk daukan erlazioa hegoaldeko beste kultur erakunde eta kultur bizitza orokorrarekin? Desberdintasun haundiak badira ipar eta hegoaldearen artean, Euskal kultur erakundeak harreman on eta emankorrak ditu, adibidez Eusko Jaurlaritza edo Nafarroako gobernuko zerbitzuekin. Adibidez, inkesta sozio linguistikoa elgarrekin eraman dugu, euskararen biziberritzeko lanetan parte hartuz. Neretzat, horiek oro arras esperientzia baliagarriak dira, hango ekintza batzuk iparraldekotzen ahal baitira, hala nola lan metodo eta informazioaren trukatzeak. Lan egiten dugu noizbehinka Euskal Telebista irratiekin, kultur zentru edo federazio batzuekin, hala nola Urnietako Sarobe edo antzerki taldeekin. Egia da askoz erlazio gehiago behar genukeela baina hori eguneroko fruitua izanen da. Zer nolako harremanak dauzka EKEk Frantziar Estaduarekin? Frantziar estaduarekin harreman hurbilak ditugu, Bordelen dagoen D.R.A.C deituriko zerbitzu eskualdekatua, dirulaguntza ekartzeaz gain, gure administrazio kontseilua delakotz, departamendu, lurralde eta Eusko Jaurlaritzako arduradunekin batera. Beraz, gure lan urratsak segitzen ditu, negoziazioetan parte hartzen. Alde honetatik, gauzak ongi doaz. Zure herriko bestak dira, zer nolako abestia eta dantza mota ikustea eta entzutea gustatuko litzaizuke? Herriko bestetan, oroz gainetik, bestak dakarren giroa maite dut, hala nola, lagunekin kantu zaharrak emaitea, berdin hiruzpalau orenez, edo Arratiako fandangoaren dastatzea (biziki freskoa eta indartsua aurkitzen dut). Zein da zure ametsa, EHKko zuzendari bezela eta Pantxoa Etchegoin bezela? Euskal kultur erakundeko zuzendariaren ametsa: euskal kulturaren garatzeko giltzak onak diren ediren ditzan eta oroz gainetik, denok batera, euskara salbatzeko bidean sar dezagun. Nere ametsa: eleberri baten idaztea eta haren pentsatzeko denbora ugari edukitzea. Zein izango litzateke zure erreakzioa eraikin publikoetako txartel guztiak euskaraz eta frantsesez ikusterakoan? Erreakzio oso baikorra eta pozgarria.Alabainan, hizkuntza batek eta oroz gainetik gutitua delarik, idatzia, entzuna eta ikusia izan behar du. Horrela dakienari nolazpait ahalgea joaten zaio eta ez dakienak gogoeta zenbait egin dezazke toki publiko edo txarteletan euskara frantsesaren ondoan ikusterakoan. Beraz opatzen dut laster zure galdera egia bilkatuko dela. Zer esannahi dauka zuretzat Oxozelhaiako kobazuloak? Joaiten naizelarik Oxozelhaia eta Erberuako haitzuloetara, iruditzen zait harrien hezetasunean eta estalaktiten kilikan, denbora gelditzera doala. Bizkitartean, hego pottoka edo katuaren irudiek indar eta zirrara emaiten didate. Handik ateratzean berriz, ixiltasuna, belardien lurrin epela, Arberoaren altxorra. Gaur egun oraino, ikertzen dituzte hainbat urteetako aztarnak, gizonen bizitegiak. Belaunaldi bakoitzak bere harria pausatzen du misteriozko toki hauetan iragaitean, biziari sentsua emaiten. Zeintzuk dira zure hobbiak? Nire hobbiak: korrika egitea, mendian ibiltzea, irakurtzea, antzerkia egitea eta kantatzea. PANTXOA ETCHEGOIN Pantxoa Echegoin, betidanik egon da iparraldeko euskal kulturarekin harremanetan murgildua. Gure Irratia edo eta Irulegi irratian eleberri batzuen irakurlea izan ezezik, itzultzaile lanetan ere ibilia da. Euskal Herriko turismo bulegoarentzat gidaliburu turistikoen itzulpenak burutu ditu baita Donibane Lohizuneko "Musée Grevin" entzat idazkien itzulpen eta grabaketak ere. Gaur egun, Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria da eta elkartearen jaiotzaren zortzi urte eta gero, "Leihotik" izeneko euskal bihilabetekaria argitaratu du. P. Etchegoinen argazkiak: J. Claude Broca / E.K.E.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Xabier Mendiguren Bereziartu: "Euskal Herrian pauso asko eman behar dira, euskaraz edozein alorretan eragozpen gabe hitz egiteko"

 

Irakurri

Leire Ortueta: "Publikoaren aurrean dantzatzea guztiz pozgarria da niretzat"

 

Irakurri

Juan Garmendia Larrañaga: "Nire ustez, Olentzero enborra Olentzero pertsonaia baino zaharragoa da"

 

Irakurri

Bernardo Atxaga: "Idazleon lanbidea basati eta arriskutsua da."

 

Irakurri

André Luberriaga: "Euskal departamentuaren alde borroka egin dut lehen orenetik aintzinat"

 

Irakurri