Pedro Gorrotxategi Gorrotxategi: "Tabakoa edo/eta alkohola behin betiko uzteko, behar-beharrezkoa da borondatea izatea"

2001-05-25

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Pedro Gorrotxategi Pedro Gorrotxategi Gorrotxategi, pediatra eta Eusko Ikaskuntzako kidea "Tabakoa edo/eta alkohola behin betiko uzteko, behar beharrezkoa da borondatea izatea" * Teresa Sala Pedro Gorrotxategi ez da edonolako sendagilea. Modu miresgarri batean uztartzen ditu lanbidea eta bokazioa; hots, medikuntza batetik, eta pediatria eta medikuntzaren historiaren azterketa bestetik. Berrogeita bi urteko tolosar hau 1984an lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 90. urtean kalifikazio gorena eskuratu zuen "Luis Martín Santos doktorearen biografia" doktore tesiarekin, José Luis Munoa Ruizen zuzendaritzapean prestatua. Handik bost urtera, Kutxa fundazioak "Luis Martín Santos: historia de un compromiso" izenarekin eman zuen argitara. Gorrotxategik berrogeita hamar artikulutik gora argitaratu ditu nazioko nahiz Europako aldizkari espezializatuetan. Halaber, pediatriari eta gai historiko medikuei buruzko kongresu ugaritan hartu du parte, eta bai nazio mailan, bai nazioartean, hitzaldi anitz eman ditu Luis Martín Santos zenaren inguruan. Gaur egun aldizkari batzuetan parte hartzen du, hala nola Mundaiz aldizkarian, Pediatriako Elkarte Eusko Nafarreko Boletinean, eta Eusko Ikaskuntzaren RIEVen. Aldi berean, elkarte desberdin askotako partaide da, besteak beste Sociedad Española de Pediatría Extrahospitalaria koa, Medikuntzaren Historiako Euskal Sozietatekoa, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartekoa, eta Eusko Ikaskuntzakoa. Azken honetan, Mediku Zientzien Saileko lehendakaria da 1990az geroztik. Lehen mailako atentzioan pediatria sailean jarduten duen aldi berean, historiari eta pediatriari lotutako ikerketa batzuk egiten ari da. Eusko Ikaskuntzako Mediku Zientzien Saileko lehendakari izanik, zein jarduera nabarmenduko zenituzke? Nik uste dut jarduera guztiak direla nabarmentzeko modukoak. Orain arte hiru jardunaldi antolatu ditugu. Lehenengoetan Iñaki Barriolari sendagile donostiarra omendu genuen, Saileko lehendakari izan zena. Aparteko gizonazen, bai medikuntzan, bai unibertsitatean... alor guztietan. Omenaldia egitearekin batera, kiroletako dopajea eta errendimendua hobetzeko erabiltzen diren beste metodo batzuren azterketa sakon bat egin genuen. Bigarren jardunaldietan drogei buruz aritu ginen, ilegalei buruz bereziki, ikuspegi sozial eta sanitariotik begiratuta. Besteak beste Kontxi Gabantxo izan genuen gure artean, Eusko Jaurlaritzako Drogomenpekotasun Saileko arduraduna. Oso ideia ona iruditu zitzaidan droga legalei buruzko monografiko bat prestatzea, oso gai garrantzitsua delako, eta oraindik aztertu gabe geneukalako. Tabakoa eta alkohola droga legalak dira, ekidingarriak eta kaltegarriak. Zure ustez, zerk bultzatzen du jendea hauek kontsumitzera? Nik uste dut jendea adoleszentzian hasten dela drogak hartzen, gauza berriak probatzen eta helduak direla sentitzen hastean. Errito bat bezalakoa da. Droga hauek kontsumituz haurtzaroa atzean utzi eta heldutasunean sartzeko zubia igarotzen dutela pentsatzen dute. Heldu ahala, ordea, edaten edo erretzen uzten saiatzen dira gazte horiek... Bai, eta gainera gero eta produktu berri gehiago ari dira asmatzen tabakoa edo/eta alkohola behin betiko utzi ahal izateko. Duela gutxi, errezeta medikuarekin eros daitezkeen pastilla batzuk merkaturatu dituzte, erretzeari uzteko. Pastilla hauek, garunean eragiten duen osagai antidepresibo bat daukate. Nikotinazko txikleak ere badaude. Eta gero partxeak sortu zituzten. Horrelakoak dira terapia berriak. Baina erretzeari edo/eta edateari behin betiko uzteko, pertsonak berak uzteko borondatea izan behar du. Oso garrantzitsua da utzi nahi izatea. Medikamentua hartzea ez da nahikoa; horrez gain, aldatzeko eta menpekotasuna baztertzeko borondatea behar da. Eraginkorra al da prebentzioa? Hasiera hasieratik prebenitzea benetan zaila da. Prebentzioko hezkuntza hori batez ere gurasoen eta eskolen esku dago. Erretzeari edo edateari uzten diotenek, osasunagatik egiten dute gehienetan, ez une jakin batean gaixotasun larri bat sortuzaielako. Erretzea edo edatea epe luzera kaltegarria dela ikusten duenean hasten da jendea bere ohiturak aldatzen. Adoleszentzian hasten omen da jendea droga hauek hartzen. Zein adinetan uzten dio jendeak droga hauek behin betiko hartzeari? Emakumeen kasuan, gehienetan haurdunaldian uzten dira menpekotasunak, droga hauek haurrarengan eragina izan dezaketela ikusten direlako. Bestelakoan, bai emakumezkoek, bai gizonezkoek, arriskuez jabetzean uzten dituzte droga hauek. Horregatik, monografiko honetan, haurdunaldian zehar erretzeak edo/eta edateak fetuarengan izan ditzaketen ondorioak azpimarratu nahi izan ditugu. Hori guztia, tabakoak sor ditzakeen arazo kardiobaskularrak, arnasketakoak eta minbizia ahaztu gabe, jakina. Eta alkoholismoak sortzen dituen arazo psikologiko eta sozial larriak. Gure helburua da informazio hau jasotzen dutenek erretzeari edo/eta edateari uzteko dauden arrazoi guztiak ezagutzea. Beste atal batean, lehen mailako atentzioaren bidez ematen den tratamendu kontzeptuala aztertzen da, eta gaixotasun hauetarako dauden tratamendu espezializatu eta farmakologikoak ere bai. Zeintzuk dira tabakoaren eta alkoholaren ondorio nagusiak, eta zein adinetan agertzen dira bereziki? Tabakoak eta alkoholak kalte handia egin diezaiokete haur jaioberriari. Amak haurdunaldian zehar erre egiten baldin badu, haurrari oxigeno gutxiago iritsiko zaio, eta gutxiago haziko da. Baina, alkoholari dagokionez, bere ondorio psikologikoak azpimarratuko nituzke, eta tabakoari dagokionez, biriketako minbizia, heriotza dakarten gaixotasunak, eta biriketako gaixotasun kronikoak. Tabakoa eta alkohola uztearen alderdirik garrantzitsuena da gaitz hauek epe luzera gutxitzen joaten direla, ia desagertu arte. Adibidez, erretzaile batek urte batzuk erre gabe igaroz gero, biriketako minbizia izateko arriskua inoiz ere erre ez duen batek duenaren parekoa izatea lor dezake. Noski, betiere kontuan izan behar da pertsona horrek zenbat zigarro erre dituen bere bizitzan zehar. Gainera, aipatzekoada erretzaile pasibo batek ere berdin berdin izan ditzakeela tabakoak sortutako gaitzak. Menpekotasunari lotutako kasurik ezagutu al duzu? Bai, nire lagun min bat biriketako minbiziaz hil zen, erretzeagatik. Ziur nago erretzaile eta edaleak, monografiko hau irakurtzen, beren gorputzarekin zer egiten ari den konturatu, eta aldatzen hasiko direla. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 124.zbk (2001 / 5 25 / 6 1) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Charles Carrère: "Plastikaren bilaketa da bultzatzen nauena, bai eta irudiztatzen dudan gaia Eskritura Santuetatik aterea izatea ere... Gero, iruzkinak egitea ez da nire kontua..."

 

Irakurri

Miren Sánchez Erauskin: "Gazteak kokoteraino daude hitzaldiekin"

 

Irakurri

Gloria Totorikaguena: "EEBBetako euskaldunak euskararen aldeko mugimenduan interesatuta daude"

 

Irakurri

Xabier Iriondo: "Nafarroak, Euskal Herriari jarriko balizkio bezala, euskarari jartzen dizkio barrerak "

 

Irakurri

Koldo Amestoi: "Mintzatzen denak ereiten badu, ixilik dagoenak biltzen du"

 

Irakurri