Pilar López. Teatro Paraiso konpainiako zuzendaria: Kultura ezinbestekoa da, beragatik apustu egiten duen gizartearentzako garapen eta berrikuntza motor bat da

2012-02-24

SILLERO ALFARO, Maider

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Irekitasun handia duen emakumea daukagu gurekin oraingo honetan, arte eszenikoen eta kulturaren inguruan ikuspegi globala duen pertsona horietakoa. Teatro Paraiso antzerkiko zuzendaria da, Kulturaren Euskal Kontseiluko partaidea, baita Faeteda, Eskena, Te Veo, Red Mira edo Small Size elkarte europarreko kidea. Zuzentzen duen konpainiak, etxea Gasteizen duena baina emanaldiak mundu osoan zehar ematen dituenak, 36 urte daramatza hau eta gazteei antzerkirik hoberena eskainiz.

Teatro Paraiso 1976an Gasteizen sortutako konpainia da. Ibilbide luzeko konpainia... egin dezagun historia apur bat.

Agian, publikoarekin elkartzearen ondorioz egunez egun hazten joan den proiektu pozgarri moduan laburbildu daitezke azken 36 urte hauek. Publikoa oso elementu garrantzitsua da guretzako, hain zuzen, gure proiektu artistikoaren motorra da. Haurtzaro eta gaztarorentzako lan egiten duen konpainia bat gara, eta ez da ez dakigulako besterik egiten, umeak eta gazteak diren publiko zehatz horrekin, eta ondorioz, publiko familiarrarekin elkartzeko bidea bilatzeko bokazio garbia daukagulako baizik.

Antzerkiaren iraultza Paradisutik etorriko dela esaten zuen Lorcak, argi dago ez zuela gutaz hitz egiten, antzerkiaren goiko aldeaz baizik, hau da, normalean “oilategia” moduan ezagutzen dugun horri buruz. Uste dut moduren batean, hitz horiek guretzako apur bat profetikoak direla. Haurtzaroarentzat lan egitea normalean oilategitik aritzea da, gutxiago ikusten den toki batetik, sozialki garrantzia gutxiago daukan espazio batetatik. Guretzako kokaleku horrek beti adierazi izan du herri honetako antzerki eszena berritzeko propultsio osagai bat. Urteekin zenbait ekarpen garrantzitsu eta iradokitzaile egin ditugu eremu horretan, eta horrek, gainera, maila nazionalean erreferentea den publiko adierazle bat sortzeko eta hezteko proiektu bat garatzeko bultzada eman digu, baita jaialdi eta proiektu europar ugarirekin kolaboratzeko aukera eman ere... Hau da, 36 urte hauetan zehar horren nabaria ez den, baina garrantzia berdina duen aldean egoteak, hazteko eta mantentzeko indarra eman digu.

“Gutxiago ikusten den aldea” esanda, etorkizuneko ikusleak izan daitezen umeak haurtzarotik hezteko lana, oinarrizko eginbehar bat dela esan nahi duzu?

Guretzako neska-mutilak gaurko ikusleak dira, egun ere pertsonak direlako. Emanaldi batera joaten direnenean, pertsona diren aldetik, bizi-momentutik, hazkuntza emozionalaren momentutik, sorkuntza artistiko horrekin elkar eragiten dihardute, baina gainera, egia da etorkizuneko ikusleak izango direla. Ohiturak ez dira kulturalak, umezaroan irakasten dira, eta garapen emozionalak, hazkuntzakoak, emozio-ulermenezkoak, aurreneko urteetan lantzen dira. Oso garrantzitsua da neska-mutiko horiei hazten lagunduko dieten elementuak eman ahal izatea, munduari aurre egin diezaioten, garapen orekatua eduki dezaten. Arte eszenikoak handitzeko prozesuan ezinbesteko tresna dira, jolas moduan ere definitzen baita antzerkia. Ezinbesteko zerbaiti buruz ari gara hitz egiten, gure neska-mutilentzat batez ere gizarte garaikidean, funtsezkoa den zerbaiti buruz.

Umeentzako antzerkia, ezer baino lehen ANTZERKIA da, eta ezin dio hori izateari utzi hartzailearen arabera.

Argazkia: Vuela si puedes. Teatro Paraiso

Umeentzako antzezlan batek derrigor elementu didaktikoa, hezitzailea eduki behar al du?

Esango nuke ez duela zertan eduki... Alde batetik, haurtzaroari zuzendutako antzerkia egiten denean, hirugarren adinekoentzako spot bat egiterakoan bezala, ez du zertan hezitzailea izan, sektore zehatz horrekin komunikatu ahal izateko, zure mezuaren hartzailea hartu behar duzu kontuan; bere bizitzako unea, momentu emozionala, zertan dagoen interesatua, proposatzen diozun hori nolako begiekin behatuko duen, zein angelutatik, eta mezua zer nolako esperientziatik ulertuko duen. Umeentzako antzerkia, ezer baino lehen ANTZERKIA da, eta ezin dio hori izateari utzi hartzailearen arabera. Gehiago esango nuke, existitzen den antzerkirik onena izan beharko luke. Antzerkiaren historiaren teoriko handienetakoa izan zen Stanislavskyk esaten zuen, haurtzaroari eskaini behar zaion artea, gizarte moduan eduki behar dugun arterik onena izan behar dela. Gainera, arte motaren arabera, helburu probokatzailea, gogoetara bultzatzen duena, didaktikoa edota entretenimenduzkoa eduki dezake, baina bere lehendabiziko izaera galdu gabe.

Nola jakin dezakegu antzezlana publikoarengana iritsi dela? Ume eta gazteak publiko zorrotza dira?

Adinaren arabera; Haurtxoak Proiektuaren bidez jarduten dugun umeen eta 18 urteko nerabeen artean ezberdintasun handia dago. Ulertzeko moduak oso desberdinak dira, baina beti oso modu nabarian atzeman daiteke. Helduok edukazioagatik edo gizarte-ohitura batengatik geratu gaitezke aretoan nahiz eta ongi pasatzen ez ibili, nahiz eta aktoreek igarriko duten komunikazioak ez duela funtzionatzen. Nabaritzen den zerbait da, igarri egiten dena, azalaren bitartez sentitzen dena. Umeek, eta geroz eta nagusiagoak modu garbiago baten, interesatzen ez bazaie eten egiten dute komunikazioaren haria. Oso argiak dira, eta ez daukate denbora galtzeko, beraien jolasarekin, abenturarekin jarraitu behar dute, hazten eta mundua deskubritzen jarraitzeko.

Haurtzaroarekin lan egiten dugun helduok leihoak irekitzeko ardura dugu gure gain, eta ez gara aldez aurretik funtzionatuko dutela dakigun gauzekin konformatzen, artea eta mundua bere aniztasunean ezagutarazteko betebeharra daukagu. Irakurleak hezten ditugunean bezala da, ezin gara konformatu soilik fikzio edo poesia liburuak irakur ditzaten... Beste gauza batzuk irakurtzeko gaitasunik ez badaukate, orekarik gabeko garapena egin dugu. Baliabide guztiak eskaini behar dizkiegu, dauzkaten aukerak ezagutu ditzaten. Gero, beraien gustu pertsonal eta bizi esperientzien arabera haziko dira, eta erabaki propioak hartuko dituzte, zuk eta nik egiten dugun bezala.

Teatro Paraiso antzerkiak nazioarteko proiekzioa dauka eta munduko agertoki ugaritan egon da. Hemen eta Kroazian berdin funtzionatzen al du antzezlan batek? Lengoaia unibertsala al da?

Esan daiteke badagoela unibertsala izan daitekeen alderdi bat, eta hori antzerkia jolas bat izatearekin dago erlazionatuta, eta mundu osoko neska eta mutikoek jolasten dute. Gero, ikuskizunaren araberakoa da. Umeentzako ikusgarrietan, kultura ezberdinetako neska-mutilek antz handia daukate espresatzeko edota hunkitzen diren moduan, oraindik ez baitaukate ikasketa sozialaren pisua euren gain. Baina aldiz, geroz eta nagusiagoak izan, bakoitzaren kulturaren eragina orduan eta nabariagoa da eta beraz, kodeak ezberdinak dira. Bestalde, egia da mundua geroz eta globalizatuagoa dagoela eta badaude testuinguru horretan oso ongi funtziona dezaketen zenbait hizkuntza eta historia mota.

Zentzu horretan, daukagun esperientzia zabalena, urte 1 eta 4 urte arteko umeei zuzendutako “Lorategian / En egl Jardín” ikuskizuna da. Mila funtzio baino gehiago eskaini dira eta Europa guztia zeharkatu du, India, Hegoamerika eta duela aste gutxi egon garen Amerikako Estatu Batuez gainera. Horren kultura ezberdinetakoak diren haurrek oso modu bertsuan erantzuten dutela ikustea bitxia da. Harritu egiten du ikustea adin horretako neska eta mutilek beraien emozioak adierazteko egiten dutela txalo, eta ez artistaren lana aintzatesteko. Singapurren ikusgarri horrekin eskainitako emanaldi batean, herrialdearen ezaugarri propioengatik, 26 nazionalitate ezberdinetako publikoa eduki genuen.

Umeentzako ikusgarrietan, kultura ezberdinetako neska-mutilek antz handia daukate espresatzeko edota hunkitzen diren moduan, oraindik ez baitaukate ikasketa sozialaren pisua euren gain.

Argazkia: En el Jardín/Lorategian. Teatro Paraiso

Daukazuen programetariko bat ikuslearen trebakuntzara bideratuta dago. Zertan datza?

Ikuslea ez da jaiotzen, egin egiten da. Irakurketa bultzatzeko eta espiritu kritikoa izan dezaten edota kode desberdinak irakurtzeko gai izan daitezen irakurleak hezteko programak dauden modu berean; “Ikusle izatearen artea” deitzen diogu ikusleak hezteko programari. Benetan pentsatzen dugu ikusle izatea goitik behera artea dela, ikasten den zerbait da, eta beraz, baita irakasten den zerbait. Esate baterako, Vitoria-Gasteizko Beñat Etxepare antzokiaren programazioa, ikusleak urteetan zehar jarraituko duen hari bat bezala dago eraikia. Aktore zein txotxongilo emanaldiak ikusi ahalko ditu, dantzak, hitzekin edo hitzik gabekoak... Gainera, antzoki horretan ikuslea arte eszenikoetara gerturatzeko ekintzak ematen dira: artistekin topaketak antolatzen dira, unibertsitatearekin lan egiten dugu, etorkizuneko irakasleek beraien ikasleen alde estetikoa eta emozionala lantzeko erremintak ezagutu ditzaten, edota Ikuslearen Sariarekin amaitzen dugu denboraldia. Hau oso momentu polita izaten da, bizi izandako esperientziak birgogoratzen ditugu eta ikusi dituzten gure sormen artistikoen harira, ume eta gazteen begirada kuxkuxero eta paregabea baloratzen da.

Publikoaren sormen eta formazio lerro hau batez ere Beñat Etxepare Antzokian garatu da, baina baita Bilbo eta Donostian ere, Eskolatik-Antzerkira programaren barruan, guztiak, toki bakoitzeko udaletxerekin elkarlanean.

Kulturaren munduan ohikoa bilakatzen ari da kexatzea: kudeaketa txarrak, diru-laguntzen murrizketak... Eskertzekoa da elkarrizketa tarte honetan baikor eta zure lanarekiko horren maitekor hitz egin izana.

Ez dugu inoiz ahaztu behar zergatik erabaki genuen egun batean gure bizitza eta gure garapen profesionala kultura eta haurtzaroari eskaintzea, nahiera giza garapenaren motorra baita.

Gure lanbidearen zilegitasun sozial eta ekonomikoa publikoarekin daukagun loturatik dator. Benetan pentsatzen dut bera dela indarra ematen diguna. Telefonoa eseki berri dut, Gasteizko Udaletxeak egiten diharduen kultura-politika negargarriarekin zerikusia izan duen hizketaldi baten ondoren. Konpainiak publikoarekin erlazionatutako oso lan garrantzitsua egin duela iruditzen zait. Beñat Etxepare antzokian 29.000 ikusle daude, eta Bilbo eta Bizkaiko Mitusu programazioaren baitan 15.000 eta beste 5.000 Donostiako Eskolatik-Antzerkira ekimenean, ondorioz, publikoa da gure lanari benetan zentzua ematen diona. Uste dut irtenbide bat aurkituko dugula nahiz eta bizi ditugun uneak txarrak izan. Guzti hau berreraikitzeko gure alboan jarriko diren kudeatzaile eta politiko arduratsuak behar ditugu. Badakigu garai zailak direla, inork ez du ukatzen, baina erantzunak bilatzeko erantzukizuna daukagu. Ezin dut sinetsi irtenbiderik ez dagoenik, uste dut badaudela eta horietara iristeko bidea egin behar dugu, gure etorkizuna jokoan dagoenez gero. Agian gu ohituago gaude horrelako egoeratan lan egitera, eta uste dut erantzukizun maila ezberdinak daudela; estamentu estatalagoak direnei dagokienak, Eusko Jaurlaritza, udalak, Diputazioak... Bakoitzak bere erantzukizun maila dauka eta ez da bidezkoa haiek epaitzeko taula berdina erabiltzea.

Kultur Ministerioak arte eszenikoen gaineko konpromiso bat hartu du, eta horrez gainera, aurreko etapan zeuden antzerki eta dantza arloko arduradunak balioetsi ditu; eta eskertzekoa da, horrek egoera zail honetan mantentzeko hartu beharreko erabakiak hartzeko orduan azkarragoa joan ahalko garela adierazten baitu. Uste dut kultura garapen modua izateko laguntzen eta horren alde egiten diharduela Eusko Jaurlaritzak. Diputazioek beste maila bateko eskuduntzak dituzte, eta nahiz eta batzuek murrizketa handiak egiten diharduten, kultura babesten jarraitzen dute. Udaletxeak dira erantzukizun handiena dutenak erakusketa mailari dagokionez, sistemaren zatirik erasanena baita eta funtzionamendu eredu berriak bilatu behar dira. Egia da aurrekontuak doitu behar direla, argi dago, eta biztanle guztiek ulertzen dute, baina ezin dugu pentsatu kultura gastu bat denik, edo denbora pasa hutsa denik, eta ondorioz, ez nahitaezkoa, izan ere, azken urteetako aurrerapausoak alperrik galtzen ibiliko ginateke bestela.

Campaña El Teatro llega a la escuela.

Fotografía: Teatro Paraíso.

Beraz...

Kultura hasteko, sektore ekonomiko bat da. Existitzeari utziz gero, lanpostuak galduko dira eta baita diru bilketa... zerga ugari ekartzen dugu, baita kanpotik ere. Gu, Teatro Paraiso antzerkia, nazioartekotzeko plan batetan gaude ICEXekin batera (Espainiako Kanpo Merkataritza Institutua). Enpresa txikia gara, baina estatuan dauden beste asko bezala. Inditex taldeko lehendakariorde Espinosa de Monteros jaunak eta beste ekonomista batzuek dioten bezala, etorkizunean lanpostuak sortzeko ahalmena izango duten enpresak 10 langile baino gutxiagokoak izango gara, eta ez korporazio handiak.

Benetan sinesten dut etorkizuna eraikitzeko eta aurrera egiteko gaitasuna daukagula, beti ere publikoarekin harremana kudeatzeko tresnak baditugu. Antzokiak administrazioarenak direlako eta haien dependentzia daukagulako sortzen dira arazoak. Vitoria-Gasteizen kasuan, 18 urtetan zehar udaletxearekin elkarlanean, Estatu osoan erreferentea den kudeaketa publiko-pribatu baten proiektua sortu dugu. Bakoitzak bestearen ezaugarri onenari probetxua ateratzen jakin duen proiektu bateratu batetik abiatuta, eskaera sortzeko gai izan gara.

Nire ikuspegitik, sektore publiko eta pribatuaren arteko kolaborazioa ezinbestekoa da, arte eszenikoen inguruko kalitatezko zerbitzu publiko bat mantendu ahal izateko. Piramide itxurako egiturak, eta administrazioa horrelakoa da, aurrera egingo luketen ingurune ekonomikoak eragiteko proiektu motak sortzeko trabak dira. Ereduak birpentsatu behar ditugu, fruiturik ematen ez duten bata bestearen kontrako gudatan denbora galdu gabe. Momentu zailak dira herritar guztientzat, gu sektore ekonomikoaren eta jendartearen parte gara, baina etorkizun bat eduki nahi badugu bide bat aurkitu behar dugu.

Kulturaren Euskal Kontseiluko kidea zara, Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalekoa, Te Veo elkartekoa... eta arte eszenikoen, eta orokorrean kulturaren, ikuspegi global bat daukazu, dela bertakoa zein estatu mailakoa.

Bertako kultura, nazioarteko bilakatzerekin elkartu behar dugu, globala lokalarekin. Paraiso Antzerkiak bere azalean bizi izan du dualtasun hori. Alde batetik, herrialdean sustraitzeko apustua egin du, batez ere Vitoria-Gasteizen, baina baita gertuko tokietan ere, Bilbo edo Donostian kasu; eta bestaldetik, denborarekin nazioarteko proiektu garrantzitsu eta esanguratsua garatu du. Nahiz eta kontraesana iruditu, hazten lagundu digu. Bertako publikoa oso modu kritikoan begiratu dugun ispilutzat balio izan digu, oso erraza baita norbait behin bakarrik ikusita liluratzea, baina 30 urte baino gehiagoko harreman bat mantentzen duzuenean, ezkontza luzea bilakatzen da... “harritzen jarraitu behar da”. Nazioarteko proiektuaren alde garrantzitsua, mundu guztiak sartzerik ez duen beste ingurune eta merkatu batzuetako onenekin norgehiagoka egoera batean ipinarazten zaituela da. Zure inguru naturalaren babesetik kanpo kokatzeak, erakunde moduan zure indarren eta ahultasunen dimentsio argia ematen dizu.

Konpainiaren bizipen partikular hau, kultura garapen multzoari aplika dakiokeela uste dut. Etorkizunean tokian tokiko garapenetan indarra egin beharko dugu herritarrekiko erlazioak eta beste kultura zein gizarte egiturekin indartuz, nazioarteko eszenatokietan ematen diren garapen globalen erreferentzia galdu gabe. Kultura ezinbestekoa da, beragatik apustu egiten duen gizartearentzako garapen eta berrikuntza motor bat da. Pilar López (Vitoria-Gasteiz) Paraiso Antzerkiako zuzendaria, 36 urtetako ibilbidea duen konpainia, non Haurtzaro eta Gaztaroarentzako Antzerkia hedatzen lan trinkoa burutu duen. Hezkuntza eta kultura instituzio ezberdinentzako, publikoa sortu eta ikuslearen heziketarekin lotutako programetan aholkularitza eta zuzendaritza lanak egin ditu. Arabako Foru Aldundiak babestutako “Antzerkia Eskolara iritsi da - Arabarentzako proiektu bat” kanpainaren barruan garatutako antzerki eta pedagogia programen arduraduna eta haur eta gazteei zuzendutako Vitoria-Gasteizeko Beñat Etxepare eta Bilboko Mitusu antzokiak zuzentzen ditu. Vitoria-Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian Haurtxoak Proiektuaren arduraduna da. Pilar López Arte Eszenikoen Enpresa-elkarte biren organoetako kidea da: FAETEDA (Antzerki eta Dantza Enpresa-elkarteen Federazio Estatala) eta ESKENA (Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak). Gainera, Te Veo (Haur eta Gazteentzako Antzerki Konpainien Elkarte Nazionala) eta RED MIRA (Haurtzaro eta Gaztarorako Antzerkien Sare Espainiarra) erakundeetako zuzendaritza-batzordeko kidea da. Small Size elkarte europarreko partaidea da. Kultura Ministerioaren Antzerki Batzordeko kidea izandakoa eta gaur egun Kulturaren Euskal Kontseiluko partaidea da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Maite Iturre. Kanpo harremanetan aditua: Ezin dira banatu barne zein nazioarteko politika kontuak

 

Irakurri

Jaime Gabarain Schmitt. Espainiako Osteopatia Esku-medikuntza Erakundeko lehendakaria: Osasun sare publikoa osteopatiagatik interesatu beharko litzateke

 

Irakurri

Gabriel Mouesca. Idazlea: Abertzaletasuna, funtsean, ontasun unibertsala da

 

Irakurri

Arturo Goicoechea. Neurologoa: Gure espeziean biologiaz hitz egitea, kulturaz mintzatu gabe, oinarrizko kontzeptu bat ahaztea da

 

Irakurri

Urkiri Salaberria. Ikertzailea: Janarien alde emozionala, koipe eta kalorien kopurua bezain garrantzitsua da

 

Irakurri