Víctor Erice. Zinemagilea: Zinea gizakiak sortu duen azken hizkuntza-artistikoa da eta beste edozeinek ez bezalako gaitasuna dauka errealitatea islatzeko

2007-01-12

SAGASTI, Iker

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Víctor Erice rara avis-a da estatuko zinema-panoramaren barruan. Euskal zuzendari honek, berrogei urteko karreran hiru film luze soilik izanik, zenbait maisulan izenpetu ditu, eta gure zinemaren historiaren zati dira dagoeneko, esate baterako El espíritu de la colmena edo El Sur. Erice industriatik urrun dabilen zinemagilea da, zinema bera ardatz hartzen duena, zinemaren muinera jotzen duena. Komertzial denari ihes egiten dio, eta, azkeneko urteetan, askoz lan esperimentalagoa dauka esku artean; bere obrak izaera artistikoa hartu du, eta museoetan jarri dute ikusgai, pantaila komertzialen zirkuituan beharrean. Beste leku batzuen artean, Bartzelonako CCCBtik (Centre de Cultura Contemporània de Barcelona) eta Madrileko La Casa Encendida-tik igaro den erakusketa ibiltari batek bildu ditu bere azkeneko lanak. Hurrengo destinoa Centro Pompidou, Pariseko arte modernoko museoa, izango da, eta aurtengo irailean iritsiko da hara. Erakusketa hau, Abbas Kiarostami Irango zuzendariarekin batera egindako lan bat da, eta Correspondencia du izenburua. Gaia, berriz, bi zuzendariek elkarri igorritako gutunen ingurukoa da. Erakusketak, gainera, Erice-ren beste bi lan ezezagun jasotzen ditu: - La Morte Rouge: Bere haurtzaroari (Donostian igaro zuen) buruzko film ertaina da, eta erreferentzia autobiografikoak dauzka. Gogoan duela, zinemara joan zen lehenengo aldia da. Arte honekin duen harremana kontatzen duen haurra dirudi. Donostiako Zinemaldiko azkeneko ekitaldirako nahi izan zuten obra da, baina, bere ustez, lan hau triptiko baten zati izango da biharko egunean, eta bertan hiri honetan igarotako... haurtzaroa kontatuko du. Zuri-beltzean da. - Alumbramiento: Denborari buruzko 10 minutu. Garrantzi nazionala duten Europako hainbat zinemagileri Win Wenders-ek eskatutako film luze baten zatia da. Erice-k Espainia ordezkatzen du. Bakoitzak denbora zer den kontatu behar zuen. Víctorren lana haur baten jaiotza da, eta, hau ere, zuri-beltzean dago filmaturik. Víctor Erice-k, gainera, izan du denbora 2006 urtearen amaieran Donostiara inguratu eta Artelekun zinema-tailer bat emateko. Bertan, euskal zinemagile hasiberriekin egoteko eta haiei bere esperientzia eta jakintza transmititzeko parada izan du.

Zer iritzi duzu zinema-hizkuntzari buruz?, zein abantaila ikusten dizkiozu beste batzuen aldean?

Galdera handia da oso, zabala benetan. Labur esanda, ni zinemagilea naiz, eta zinema zale amorratua naizela esan genezake, nahiz eta askotan, zoria izaten den zinema egitera eramaten gaituena. Zinema, ia mende batez ulertu den moduan, gizakiak asmatutako hizkuntzetako bat (niretzat azkeneko hizkuntz artistikoa) izan da. Teknikaren semea da, eta gai da, beste inor ez bezala, errealitatearen formak, errealitatearen agerrerak erreproduzitzeko. Alde horretatik, zinema da, ahalmenez, gauzen mugimendua eta irudia atzemateko mailarik altuena duena.

Zergatik ez duzu hiru film luze baino zuzendu ia berrogei urtetan?

Hau bai dela galdera ona! Egoera-multzo oso batengatik, zeinetan denetarik dagoen pixka bat.

Eta buruan al duzu berriz ere zuzentze-lanetan aritzea?

Beno, izan ere, orain lan batzuk egiten ari naiz. Ez dakit zuzentzea dei dakiokeen, baina ni ia etengabe ari naiz filmatzen edo grabatzen. Lanak egin ditut, ez hertsiki industriala den zineman, baina azkeneko bizpahiru urteetan zinema-lanak egiten ari naiz.

Zure pelikula baten gainean, El Sur, beti galdetu izan diot neure buruari zer gertatuko ote zitzaion Estrella-ri, inoiz ez genuelako azken kapitulu hura ikusterik izan.

Beno, berari galdetu beharko genioke. Baina, beharbada, kontatu gabe hobeto dago, pelikulan bertan kontatua egon beharko lukeen zerbait delako, eta ez dagoenez, ez dakit ona litzatekeen argitzea, nolabait itxura irreala izango lukeelako.

Har beza nork bere erabakia?

Gauzak diren bezalakoak dira, eta hori bere horretan geratzen da. Izan ere, nik kontatuak kontatu edo esanak esan, ikusleak beti irudi horiek ikusiko ditu, irudi horiek berak.

Nola ikusten duzu zinema espainiarraren panorama, haren osasuna?

Ez da nik esana, beti esaten da osasuna (urteen joanean) oso prekarioa dela, zinema espainiarra krisian dagoela, diru gutxi dagoela, diru gehiago eskatzen dela... konstante bat da. Baina beti errepikatu izan den konstantea dela uste dut, ia zentzua dudanez geroztik. Zinema, oro har, eraldatze-une bat ari da igarotzen, oso eraldatze erradikalen unea: teknologia berriak daude, pelikulak ustiatzeko eta hedatzeko sistema berriak... Nik dudan inpresioa da, zinema espainiarra, erakunde, multzo eta industria den aldetik, maila horretan, eboluzioaren atzetik doala. Beste herrialde batzuk askoz arinago berenganatu duten fenomeno geldiezin horri dagokionez, atzetik doa. Zinema espainiarra beti dabil diru gehiago eske, baina oso eskaera primarioa iruditzen zait, arazo mordoa aztertu beharko genituzkeela aintzat hartuz; diruaz gain, arazo ugari baititugu.

Eta geurerantz etorrita, zelan dago euskal zinema?

Beno, adjetibazio hori... Orain dela gutxi irakurtzen nuen hemengo zinemagileak haren egoeraz kexu zirela, erakundeek eta, baita tokiko telebistek ere, ematen zioten trataerarengatik. Entzun ditudan adierazpenak ere kexu horren ildotik doaz. Ezin dut iritzirik eman ez dudalako egoera oso ongi ulertzen, ni Madrilen bizi naiz.

Zein da Víctor Erice-k kontsumitzen duen zinema-mota?

Zinema-aretoko ikuslea izan naiz beti. Zinema-aretoa pelikulak ikusteko leku hoberena den ustekoa naiz, baina, gehien interesatzen zaidan zinema egun ez da aretoetatik igarotzen, eta DVD bidez “kontsumitzen” dut. Ia etengabe bidaltzen dizkidate pelikulak DVDan, hemen zabaldu ez dituzten pelikulak (komertzialak beste herrialde batzuetan, baina ez hemen). Eta, beno, ikusle gisa, nahiko lan handia izaten da dagoeneko bidaltzen didatena ikustea soilik, baina oso interesgarria da, bestela inon ez dudalako ikusterik izango. Beraz, funtsezkoena ikusten saiatzen naiz; agian, ohartzeke, nire interesetik kanpo geldituko zait inoiz aipagarria den zerbait, baina nekez gertatuko zait hori. Txandaka ikusten ditut zinema asiarraren eredurik modernoenak, eta iraganeko pelikulak. Hau da, nolabait, garai bateko zinema jarraitzen dut ikusten, zinema modernoagoarekin batera. Edo, hobeto esanda, “moderno” deitzen den horrekin batera. Izan ere, moderno izendatu gabea are modernoagoa izan daiteke moderno izendatua egon arren orain dela 80 urte eginda dagoena baino.

Hortaz, egun zinema-aretoek eskaintzen dutenak ez du zure gogoa asebetetzen?

Nire ustez, aretoetatik igaro daitekeen egungo zinema-kultura oso mugatua da; pelikula garaikideetara mugatzen da. Madrilen dagoen zinematekara nahiko maiz joaten naiz ni. Horrek zerbait adierazten du: iraganeko pelikulez gain, zinematekak gure artean hedatze komertzialik izan ez duten egileen pelikulak eskaintzen ditu, eta horiek pantailan ikusteko modu bakarra dago, zinemateka batera edo artxibo batera jotzea, edo Parisera bidaiatzea, bertan guztiak ematen baitituzte.

Zein zuzendariren lana gomendatuko zenioke jendeari ikusteko?

Nik gomendatu ohi dut ez konformatzeko telebistan, agindupean, zerbitzatutakoarekin, hor ez baitago aukeratzerik. Pelikulak bilatzeko, aukeratzeko, eta ez “kontsumitzeko” gomendatzen dut. Hots, kontsumitzaile ez izateko, eta nolabaiteko irizpidea izaten saiatzeko esaten dut. Bizitza ederregia da inolako interesik ez duten gauzak ikusten ordu bete xahutzeko.

Konta iezaguzu Artelekun eman duzun tailerra zertan den.

Bada, tailer hau, hasiera batean, martxoan hemen (Artelekun) eman nuen izaera teoriko samarreko beste tailer baten bigarren kapitulu modura planteatu zen. Lehendabiziko hori oso ilustratua izan zen, pelikulen adibide zehatzekin, tailer hau, berriz, errealizaziokoa definitzen da. Hau da, honetan, zinema-hizkuntzari buruzko hausnarketa egiten da, baina lan praktikotik abiatuta. Tailerreko parte hartzaile guztiek aldez aurretik ariketa bat filmatu dute eta, ondoren, hemen aurkeztu dute. Beraz, hizkuntzari, teknikari buruzko hausnarketa guztia, burutu duten lan praktiko batean dago oinarriturik. Teoria ere ageri da, baina zinema-praktikaren barrutik. Eta esan beharra daukat, Artelekun egiten delako ematen dudala, ia 20 urtean zehar benetan lan interesgarria egin duen zentroa dela iruditzen baitzait. Egindako lan hori Santi Erasori oso lotuta dago, bera izan baita denbora horretan zehar bertako zuzendari; eta, nire ustez, merezi duen moduan baloratu behar da, alderdi askotatik nabarmena izan delako egin duen lana. Horregatik, harro egon beharko lukete, ez dakit egongo diren, baina kanpoan gaudenontzako diot. Nik Artelekuri litekeen begirunerik handiena diot.

Zure zinema-ezaguerak jende hasiberriarekin partekatzea gustuko al duzu? Zalantzarik gabe. Uste dut tailer hauetan nik ere badudala ikastea. Eta, batez ere, gauzen egoera erreala zein den antzematen dut. Bizi garen munduan, profesionalen artean, batzuetan, begien bistatik gal dezakegu ikasi nahian dabilen jendearen, jende gaztearen, ikasteko etapan daudenen artean gauzen egoera erreala zein den. Tailer hauetan, oso ongi igarri dezakezu, edo askoz era erreal edo zehatzagoan antzeman dezakezu zein den oraingo egoera, eta, benetan, askotan, egoera oso prekarioa da irakaskuntzaren alorrean. Zinemaren irakaskuntza zehatzean izugarrizko gabezia dago estatu osoan. Eta, dudarik gabe, erakundeek hartu beharko lukete horren ardura, baina ez dute hartzen. Víctor Erice (Karrantza, 1940)

Zientzia Politikoak eta Zuzenbidea ikasi ostean, Víctor Erice artea zela bere egitekoa ohartu zen, eta Madrileko Zinema Eskolan sartu zen. Zenbait film labur eta bere opera primaren ostean, El Espíritu de la Colmena (1973) egin zuen, segur aski bere lanik ezagunena; urte hartan bertan, Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra eskuratu zuen. Publizitatea egiten eman zuen denboraldi bat eta handik hamar urtera El Sur (1983) aurkeztu zuen. Hasiera batean, telebistan, hiru ataletan, emateko sortu zuten, baina, azkenean, produktoreak (Elias Querejetak) etetea erabaki zuen, eta lehenengo biak soilik eman zituzten. Horrenbestez, zinema espainiarreko pelikula bukatugaberik ederrentzat jotzen da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Ane Matxain. Biolin-jolea: Musika jotzeak edo entzuteak nire sentimenduak irekiarazten dizkit, dena mugitzen zait, barneko sentsazioetan murgiltzen naiz

 

Irakurri

Menchu Gal. Margolaria: Ezin dut nire bizitza pinturarik gabe ulertu

 

Irakurri

Igone Azpiroz eta Alberto de la Cuesta. Eusko Jaurlaritzako Etengabeko Ikaskuntza zuzendaria eta Tknikako IKT eta e-Learning zuzendaria: Etengabeko ikaskuntzaren bidean, erakundeak izugarrizko eskaintza egiten ari gara, eta beharbada gizarteak ez du oraindik hausnartu bide horretan gaudela

 

Irakurri

Ignacio Murgia Mañas. Osalan-eko zuzendari nagusia: Enpresaren errealitatea izugarri ari da aldatzen, langilea babesteko baliabideek, aldiz, oso mantso egiten dute aurrera

 

Irakurri

Benito Lertxundi. Musikaria: Euskarari eraso egiten zaionean, minduta sentitzen naiz, ni ere euskara banaizelako

 

Irakurri