Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Harreman Instituzionalen sailetik “Udan, Kultura” aurkeztu berri duzue. Zer hartzen du bere baitan egitarauak?
“Udan, Kultura” izenarekin, Nafarroako Gobernuak dagoeneko Nafarroan tradizio handia duten hiru kultur programa aurreikusi ditu. Alde batetik Oliteko Antzerki Klasikoa, bestetik Cultur programa eta Lizarrako Musika Zaharraren Astea, azkenik.
Nahiz eta batera aurkeztu, jaialdiak ez dira berriak.
Programa hauek euren aldetik, ibilbide luzea dute neurri batean, eta publikoak ezagutzen ditu. Oliteko Antzerki Klasikoa 2000.urtean jaio zen oker ez banago, eta ordutik garai guztietako klasiko europarretan oinarritutako programazioa eskaini izan du, batez ere antzerki ekimenak. Cultur ere urte horietan jaio zen, agian lehenago, eta uda guztian zehar, ondare historiko, natural edo artistikoei dagokienez, Nafarroako Foru Erkidegoko erreferentziazko inguruetan ekintza kultural ezberdinetan oinarritutako egitaraua eskaintzen du. Azkenik, Lizarrako Musika Zaharraren Astea departamentu honetatik antolatutako programarik zaharrenetariko da. Aurten 43. ediziora iritsi da eta oso sustraitua dagoen ekimena da, bere alorrean erreferentziazkoa.
Aurtengo berritasuna aldi berean iragartzea izan da, momentu berean aurkezteko aterki bat eraikiz eta herritarrak ohar daitezen udan ere ekimen kulturalak mantentzen ditugula. Programak birdoitu ditugu, uztailaren 15ean sanferminak amaitzearekin eta irailaren erdira arte, egunero gutxienez ekintza kultural bat egongo da modu horretan. Eta hiru programa horiek jarraian ematen dira, hau da, bat amaitu eta bestea hasten da.
32 ekintza, 32 egun jarraian eta 32 leku ezberdinetan antolatuta daudela da Cultur ekimenaren bitxikeria.
Hori da. Culturrek ondorio orekatzailea, banatzailea dauka lurraldeari dagokionez eta gainera, gauza asko dago ikusteko. Ekintzak monasterioetan egiten dira, gazteluetan, plaza publikoetan eta xarma bereziko lekuetan, elizatan, natur guneetan… Ezin dugu ahaztu programazioaren %90a artista nafarrek osatzen dutela. Foru Erkidegoko artista zein ondare historiko, natural eta artistikoari balorea ematea izan da Culturrek egin duena.
Izan ere, Zugarramurdiko kobazuloetan kontzertu bat ikustea, haitzulo horiek duten historiarekin, behintzat desberdina bada.
Bai, horrela da. Programa honen bitartez ekintza kulturalak ohiko lekuetatik ateratzea bilatu da. Argi dago ikasturtean zehar Nafarroako antzoki eta gune eszenikoek programazio interesgarria eta erregularra eskaintzen dutela, baina udan bizitza bera beste modu batetan hartzen dela iruditzen zaigu, egunak luzeagoak dira, kalean egoteko denbora gehiago daukagu, enpresek langileek denbora libre gehiago izan dezaten ordutegiak moldatzen dituzte... Azken finean, uda garai lasaiagoa da, eta nahiz eta lan egin behar izan, igerilekuan bazkaldu edo menditik buelta bat emateko antolatzen direnak ere badaude. Egunerokoan ematen den aldaketa hori jarduera kulturalera ere eramatea eta kulturara beste modu batez gerturatzea nahi dugu.
Jendea igerilekura edo mendira joateko antolatzen dela esaten genuen, baina kasu honetan, folkaren maitaleak asteartetan, eta ganbera musika gustuko dutenak astelehenetan antolatu beharko dira, Culturrek asteko egun bakoitza musika ezberdin bati eskaintzen diolako?
Horrela da. Orokorrean programa guztiek jasan dituzte aldaketa garrantzitsuak eta gainera, positiboak izan dira. Cultur ekintza asko kondentsatzen zituen egitarau batekin zetorren, 70 bat zeuden hitzartuta, denak, asteburuetan. Aurten emanaldi kopurua murriztu dugu horiek kalitate handiagokoak izan zitezen eta protagonismo handiagoa emateko asmoz. Bost gauza bost toki ezberdinetan eskaini beharrean, erakarpen-gunea bakar baten egotea bilatzen dugu. Eta hori lortzeko gainera, zenbait zikloren bidez publiko jakin bat asetzen saiatu gara, eta modu horretan ongi esan duzun bezala, astelehenetan ganbera musika egongo da, asteartetan folka, asteazkenetan jazza, ostegunetan pop musika, ostiral eta larunbatetan beste musika batzuk eta igande zein jaiegunetan abesbatza musika. Musikaren gaian zentratu dugu Cultur, baina gustu guztientzako musikan.
Oliteko Antzerki Klasikoan, 17 emanaldiz gainera, hedapen kulturalari buruzko bi ikastaro, bi tailer eta antzerki klasikoaren gaineko jardunaldi bat egingo dira. Gaian interesa duenak ikusle izateaz gainera ekimen gehiagotan ere esku hartu ahal izango du, ezta?
Aurten ezaguna den egoera ekonomikoak programak berriro neurtzera behartu gaitu, eta Antzerki Jaialdiak aurrekontuan murrizketa garrantzitsua eduki du. Trantsizioko edizio hau diseinatzerako orduan, Oliten pentsatu dugunean bi gauza etorri zaizkigu burura: Olite historia da, Nafarroako toki enblematikoetariko bat; eta Olite azken 30 urteetan jaialdiaren existentziarekin zerikusia duten ekintza kultural garrantzitsuei lotuta egon da. Beraz, antzerki eta historia bi pilare horiekin, alde batetik antzerki emanaldietan oinarritutako formatu txikiko baina kalitate eta interes handiko antzerki emanaldi programazioa egin dugu. Bestetik, historia eta antzerkiari buruzko dibulgazio ikastaro batzuk ditugu. Diozun bezala, jauregiaren historiaren beraren gaineko ikastaro batzuk ditugu, janzkerari eta jateari buruz, negua igarotzeko moduez... Jauregiko egunerokoari buruzko ikastaroa. Horrez gainera, Donejakue Bidea ardatz duen nobela historiko kurtso bat dago, bisitatuko gaituen Matilde Asensi moduko autore garrantzitsuekin. Antzerki formazio ikastaro bat antolatu da, neurtitzaren hastapenari buruzkoa eta baita clown tailer bat ere.
Lizarrako Musika Zaharraren Astea tradizio gehien duen jaialdia da, nolako bilakaera eduki du azken urteetan?
Lizarrako Musika Zaharraren Astea zalaparta handirik egin gabe Nafarroako Foru Erkidegotik kanpoko aintzatespen mailara iritsi dela uste dut. Modu argiz dago aintzatetsia gainera. REMAko (Europako Musika Zahar Jaialdien Sarea) kide da, eta kalitate handiko egitaraua eskaintzen du maila handiko nazioarteko taldeekin, musika zaharra eta barrokoaren zaleek oso estimatua dena.
Norbait musika zalea baldin bada noizbait Lizarratik pasatu beharko litzatekeela uste dut, izan ere, musika zaharra eta barrokoa entzuten duenak estilo honek liluratuta geratzen da, sofistikatua izanagatik ere ulerterraza da, azkar mugitzen da eta segituan disfrutatzen da. Aurten, jaialdiak burutzen duen lan handiaren aitorpen gisa, Musika Zaharraren Astea hamabostaldi bilakatzen da, Lizarrako San Migel elizarako antolatutako ohiko egitarauari programa bera aberasten duten beste ekintza batzuk gehitu baitzaizkio. Modu horretan, Santo Domingo elizan 3 kontzertu berezi egingo dira, Kabaret Barroko bat egongo da, kontzertu vienar bat non musika ederra entzuteaz gainera, ardo bat edan edo txokolatea dastatzeko aukera egongo den. Golem Los Arcosen bi kontzertu egongo dira; XIII. mende inguruko Navas de Tolosaren gaineko izaera familiarrekoa bata, eta Versaillesko gorteko musika eta dantzari buruzkoa, bestea. San Nikolas plazan kontzertu herrikoiak egingo dira, eta Vivaldi, Marais eta Lully gisako konpositoreei buruzko zine ziklo bat.
Gainera, aurreneko aldiz, Iruñeko Goi Mailako Kontserbatorioak eskainitako musika zaharraren interpretazio ikastaro bat burutuko da, eta baita musika barrokoa ulertu eta gozatzeko gakoen kurtso bat. Azken bi hauek, nola nobela historikoaren gaineko eta Oliteko Jauregiaren historiari buruzko ikastaroak, Hezkuntza Sailarekin elkarlanean abiatutako eskaintza dira, Udako Ikastaroak 2012 programaren barruan.
Ekintza asko doakoak direla da “Udan, Kultura” programan kontuan hartzeko beste gauza bat.
Kultura, noski, baloratu eta ordaindu egin behar dela ulertzen dugu, baina gainera, kulturak difusio puntu garrantzitsu bat duela uste dugu, mundu osoaren eskura ipinaraztea eta horregatik gonbidapen bidez edo libreki joan daitezkeen ikuskizun ezagunak txertatu ditugu egitarauan.
Aurten, herri eta hiriburu ugaritako jai-egitarauetan krisia nabaritu da ekitaldiak kendu edo egun bat murriztu delako. Jaitsiera hori jendearen parte hartzean nabaritzea espero al duzue?
Espero dut ezetz, baina egoera konplikatua dela aitortzen dut eta argi dago familia askori Oliteko Jaialdiko zein Musika Zaharraren Jaialdiko sarrerarik garestienak kostatzen dituen 18 euroek atzera eginaraziko dietela. Noski, prezio hori duten ikuskizunak lehen mailakoak dira. Olite eta Lizarrako ikuskizunetarako abonuak ateratzeko ahalegina egin dugu eta animatzen direnek, emanaldietako bat doan lortzeko abantaila edukiko dute.
Mundu osoa www.navarra.es helbidean sartzera gonbidatuko nuke, eta bertan dagoen banner baten bidez jaialdi bakoitzeko egitarau osora sartu ahal izango dira. Oso harro nago programak nola geratu diren, aurreko urteetakoen bertsio hobetuak dira eta kalitate handiko emanaldiak eskaintzen dira, ez dute hutsik egingo. Berriz diot, udako egun bakoitzean ekintza kultural bat egongo da, eta departamentutik egin dugun eskaintza eta apustu sendoa dela iritzi diot. Udan, Kultura Oliteko Antzerki KlasikoaUztailaren 15etik uztailaren 31rawww.olite.navarra.es Cultur 2012Abuztuaren 1etik irailaren 2rawww.cultur.navarra.es Lizarrako Musika Zaharraren AsteaAbuztuaren 27tik irailaren 9rawww.musicantigua.navarra.es