Anari. Kantaria: Habiak bukatu nuenean esan nuen ez nekiela beste disko bat grabatuko ote nuen eta orain ere horixe pentsatzen det

2006-01-20

BREA, Unai

2004ko urrian, Bizkaiko herri aldizkari txiki batek Anariri egindako elkarrizketa zekarren. Ez zen elkarrizketa arrunta, jende ezagunari euren filiez eta fobiez egin ohi zaizkien galdeketa estandar horietako bat baizik. “Zein animaliagaz zatoz bat?” galdetzen zioten abeslari azkoitiarrari; hona erantzuna: “Momentu honetan, zebrarekin; ez zuria, ez beltza, kontrakoa baizik”. Handik urtebetera, iazko azaroan, “Zebra” kaleratu du Anarik. Zuria eta beltza, tranparik gabea. Diskoaren izen bereko kantuan, “ez dut maite grisik” aldarrikatzen du abeslariak, eta hala mintzatu zaigu, ezkutuan ezer utzi gabe, gauzak argi esanez. Azkoitiko eliza ondoan egin dugu hitzordua, eta aldameneko taberna batean jesarri gara. Kazetariaren begiei begira entzun ditu galderak; erantzunak ematean, berriz, leihoaren beste aldekoari so egon da gehienetan, baina ez du ematen kalea ikusten ari denik, askoz urrunagoko zeozer baizik. Hasi aurretik aitortu digunez, ez zuen gogo handirik elkarrizketa hau emateko. Ez hau eta ez beste asko ere. Horretaz ere jardun dugu, berriketaldia agortzear zela. 1970ean jaio zen, Azkoitian. Haren jaiotza-agirian Ana Rita Alberdi Santesteban dago idatzita, baina batek baino gehiagok lehenengo abizena ere ez du ezagutzen. Filologia erromanikoa ikasi zuen Gasteizen, “paleolitiko eta neolitiko arteko garai batean”, eta gaur egun frantsesa, filosofia eta beste zenbait irakasten ditu DBH eta Batxilergoan, Ordizian. “Zebra” hirugarren diskoa du, “Anari” (1997) eta “Habiak” (2000) ostean.

Musikan bateria jotzen hasi zinen…

Bai, orain Akauzazte taldea osatzen duten kide batzuekin.

Eta gero hasi zinen zeure kontura…

Bai, Gasteizera joan nintzen eta nola ezin nuen bateria jo, gitarra bat erosi nuen, garai hartako 5.000 pezetako gitarra espainol bat, eta harekin hasi nintzen. Beste alde batetik ere idatzi egiten nuen, eta…

Bazenekien gitarra jotzen ordurako?

Ez, eta orain ere ez. Zazpi akorde eta gutxi gehiago…

Oholtzara ateratzeko adina bai, behintzat…

Bai, baina irten daiteke batere jakin gabe ere.

Denbora are urrunago joanda, zelan hasi zen zure harremana musikarekin?

Uste dut bi alderdi dauzkala. Batetik, zera akademikoa, pianoa, solfeoa… ikasi nituen. Eta gero beste bat, niretzat orduan musika zena: rocka. Uste dut rock istorio hau hamabost edo hamasei urterekin hasi zela, eta momentu hartan, neure ustez, zerbait hausten ari nintzen. Beharbada oso aldenduta ikusten nituen alderdi bi horiek, eta orain konturatzen naiz dena doala batera, ezta? Dena zen bat, baina ez naizenez mezzosopranoa edo biolontxelo-jolea, rockari lotu nintzaion.

Gaztetan inguru honetatik mugituko zinen, Azkoititik…

Bai, eta herri honek, alde batetik, bazituen mugimendu oso fuerteak garai hartan, non BAP! eta horrelako taldeek leku asko izaten zuten, baina gero bazen gaztetxe bat non kultoko musika egiten zen, beste ingurune bat, kanpoko taldeak… Uste dut bariedade handi horrek asko eragin digula.

Ez duzu RRV (Rock Radical Vasco) delakotik bakarrik edan, orduan?

Ez. Hortik ere bai, e? Ni Hertzainaken fan handia nintzen hamabost urterekin, denak bezala, baina ez, hemen ez zuen hainbesteko arrakasta eduki RRVk. Azkoitia, Oñati, Bergara… askoz ere poperoagoak izan dira.

Hala ere, eta euskaraz abesten duzunez gero, ematen du lotura jakin batzuk eduki behar dituzula beti ere…

Uste dut disko honekin argi geratu dela ez naizela euskal tradizio lirikotik datorren abeslari bat, Ruper ere ez den bezala, nahiz eta sartzen duten orain. Benito Lertxundi entzuten eta Leonard Cohenen gauza asko atzematen ditut, baina bere kantatzeko era horrek, bere instrumentuak eta bere… jendeak berataz daukan iritzi horrek askoz gehiago indartzen du bere euskal zera hori.

Ezin da, antza, musikari batetaz hitz egin zerk eragin dion aipatu barik, beharbada kazetarion mania da…

Azkenekoan eduki dut “mobida” bat galdera horrengatik, nire erantzuna siguiente pregunta [hurrengo galdera] izan zen. Hor tranpa dago. Egia da lehenengo diskoa atera nuenean ez dakit zeinek kritika bat idatzi zuela, eta asmatu zituela nik nire etxean nauzkan hamar disko, ni inondik ezagutu gabe. Hala ere, uste dut tranpa egin daitekeela galdera horri erantzunez: zerk eragin gehien? Nahi dugunak? Musika aditzen da, oraintxe ere hau ari gara aditzen [Tirol aldeko estiloko musika xuabea], eta uste dut denak eragiten gaituela, aditu nahi dugunak eta aditu nahi ez dugunak. Azkenean, ez dakizu zeinen bezalakoa zaren edo izan nahiko zenukeen. Eta tranpa egin daiteke; nik esan nezake “azkenengo Madonnaren diskoa erosi dut”. Edo Bisbal pilo bat aditu dudala, eta hori ere aditu dut. Badakizu, bizitzan erreferente batzuk segitzeko dira eta beste batzuk ez segitzeko. Orduan, auskalo. Horri buelta emanda, nik galdetu dezaket: zuk zeinek bezala idazten duzu, edo zein bezala janzten zera?

Irakurri egin dut zutaz “bitxia da, baina ez du euskal iturrietatik edan”… Barre egiten diozu horri?

Bai. Ni, hemeretzi urterekin, Ruperren fan izugarria nintzen, eta Hertzainakena, han egon nintzen lehenengo ilaran, deiadar batean, kontzertu batzutan… Horixe fan izan naizela. Baina ez dakit, batzutan lerro genealogikoa nahiko motza da, neska neskarekin konparatzen dute, rock egiten duena rock egiten duenarekin bakarrik… nik uste dut BAP-en edo Dut-en Mikel Laboaren eragina egon daitekeela. Orduan, egia da denbora batean kanpoko musikaren eragina eduki dudala gehien, baina tira… Nongoa, kanpokoa? Azken batean hemen gaude, munduan denak, ez gara estralurtarrak. Askotan esaten da Munduko musikak; eta gu nongoak gara ba, Martitzekoak?

Noiz piztu zitzaizun benetako gogoa abeslaria izateko, noiz esan zenuen “aurrera”?

Ba, esan dizut, Gasteizera joan eta handik urtebetera gitarrarekin nenbilen, pentsatu nuen akademiara joan beharrean gitarra ikastera nik kantuak egin behar nituela…

… baina jende aurrean aurkezteko asmoz, ordurako?

Ez, inondik inora ez. Beste alde batetik idatzi egiten nuen, eta gure pisuko tipo batek antolatu zuen kontzertu bat. Ezetz jo, esaten zidan. Bost kantu neuzkan, eta jo egin nuen. Kontzertu hartarako probak egitean maketa grabatu nuen, teknikariari esan nion “faborez, grabatu kanta hau”. Bidali nuen Euskadi Gazteako maketa lehiaketara eta gero grabatu nuen, dena izan zen oso azkar.

Hura izango zen zure lehenengo diskoaren oinarria, beraz…

Bai, baina dena hilabete batzutan.

Eta halako batean konturatuko zinen: hara, hemen sartuta nago, diskoetxe mundu honetan, Euskal Herrian mundu txikia bada ere…

Bai, baina lehenengo diskoan ez zara konturatzen horretaz. Lehenengo diskoan flipatu egiten duzu, inuxenteagoa zara eta beste era batera bizitzen duzu. Orain bai, beste era batera bizi dut, beste ikuspegi batekin, ikusten da interes asko daudela eta munduko gauza guztiek bezala, bere alde ilunak badauzkala, eta hor ondo mugitu behar duzula.

Zuk behintzat zeure erritmoari eusten diozu…

Saiatzen naiz behintzat.

Izan ere, Zebra atera duzunez geroztik egin dizuten elkarrizketa gehienetan lehenengo galdera aurreko diskotik igaro diren bost urteei buruzkoa izan da…

(Burua mugituz dio baietz) Ez dakit, hori da nire erritmoa eta... Lehenengo diskoa kasualitatea izan zen, bigarrengoa ez dut esango kasualitatea izan zenik baina bueno, gauza asko egin ditut ere tartean, aparte lan egiten dut eta…

Eta orain behartuta sumatzen duzu zeure burua bost urtero, hamar urtero, edo behar denean, disko bat sortzeko?

Ez. Inondik inora. Habiak bukatu nuenean esan nuen ez nekiela beste disko bat grabatuko ote nuen eta orain ere horixe pentsatzen dut. Azkenean, zergatik kantatzen dut, zergatik sortzen dut, zergatik idazten dut? Zaila da erantzuten. Dagoeneko oinarria badago, eta disko honetan bai sentitu dudala presio hori. Baina nik ez dut hau karrera bat bezala ikusten; ikusten dut nire momentua adierazteko era bat bezala, baina adibidez pilo bat gustatuko litzaidake margotzen ikastea, edo beste gauza bat egiten ikastea. Gero, esaten didate “ez duzu asko jotzen ez omen zaizulako asko gustatzen zuzenean jotzea”. Ez ba, izugarri gustatzen zait, eta horregatik nahi dut neurtu, eta pentsatzen segitu. Azkenean, bukatu egiten da, dena bezala, denak egiten du behera eta honek ere bai. Hor, ondo badaramazu erritmo hori, zuk kontrolatzen baduzu, eta ilusio txikiak jarri… Baina mundu honetan ematen du hazten joan behar duzula aurrera egiteko, numeroan-eta, eta ni ez naiz horren aldekoa, beste leku batzutan ipini behar da begia, harago joateko.

Denak behera egiten duen arren, zuk oraintxe gora. Oso kritika onak jaso izan dituzu beti, eta are hobeak Zebra dela eta…

Bai, nik ere irakurtzen ditut eta…

Horiek behartu egiten zaituzte?

Behartu?

Ikusmina sortzen duten heinean, “hurrengoan ere maila ona eman beharko dut”…

Bigarren diskoan adibidez, noski, halako zorabioa ematen dizula, baina argi eduki nuen bigarren diskoan hori oso arriskutsua dela, zeure buruaz harroegi egotera eraman zaitzakeelako. Ondo egiten duzula esaten dizute, eta horretan geratzen zara. Uste dut disko honetan badagoela arrisku bat, aldaketa bat, beste bide bat, eta benetan hori da orain betetzen nauena. Argi neukan hau zela egin nahi nuena, jendeari gustatu edo ez gustatu.

Rockeroagoa…

Bai, rockero baldin bada zarata gehien daukana…

Gitarreroa beharbada…

Bai, gitarrero ere esan daiteke. Hori bada rockero, esan daiteke rockeroa dela. Nik uste lehenengo diskoa ere oso rockeroa dela.

Bai, itzuli egin zara, ezta?

Uste dut baietz, bigarren diskoa lirikoa da beharbada, eta lehenengoa rockeroa, ez dakit, hainbeste definizio! Baina ez da folka, behintzat.

Alboan izan dituzun musikariek –Inoren Ero Ni taldeko kide zenbaitek, batez ere- edukiko zuten eraginik Zebraren soinuan…

Bai. Lehenengo diskoan Mikel (bateria-jolea) bazegoen, eta baxu-jolea lehenengo diskoa grabatu eta gero sartu zen. Uste dut lehenengo diskoan nik nahi nuena egin zutela, bigarrenean ere bai, eta hirugarren honetan beraiek eta ni zerk biltzen gaituen ikusi da; inoiz baino gehiago izan dira beraiek, musika aldetik. Grabatzen ari ginela, zenbait zatitan, “honek Inoren Ero Ni ematen du”, esaten genuen. Normala da, beraiek dira, eta alde horretatik beti lagatzen ditut musikariak libre, aportatu nahi dutena aportatzeko.

Hala ere, zu beti ibili zara zure diskoen produkzioan eta nahiko estu hartu izan omen duzu hori beti…

Horixe kontrolatzen dudala, bai, bai. Gainera oso egoskorra naiz. Habiak, adibidez, rockaren historiako diskorik grabeenetako bat izango da, eta nire inguruan zeuden denek esaten zidaten: baina Anari, nola…? Eta nik: jo grabe. Denen kontra. Orain aditzen dut, eta ai ama!, zein grabe den, baina momentu hartan hala sentitzen nuen eta hala izan behar zuen. Eta oraingo honetan berdin. Bueno, oraingo honetan niretzat oso inportantea zen garbia izatea, ez dakit zer den “garbi” hitza baina… Haizea eduki behar zuen, eta ez neukan beldurrik beste sonoritate garbi horri. Habiaken, adibidez, ezta pentsatu ere halakorik.

Zure musika eta zure hitzak definitzeko asko erabiltzen den berba bat “iluna” da… Ez dakit lehenengo diskotik hona aldaketarik egon den alde horretatik. Besteak beste, ia hamar urte igaro dira.

Bai, aldaketa handia dago letretan, baina ez dut esango ezetzik, ilun ez denik…

Beharbada egokiagoa da deseroso hitza, urduri jartzekoa?

Hori gehiago beharbada, eta gainera bilatu egiten dut tentsioa, ez da ospakizuna. Onartzen dut tristea dela, baina hirugarren disko hau haserretuagoa da tristea baino.

Eta horrek zer aldaketa ekarri die hitzei?

Niretzat asko.

Gaietan?

Ez justu gaietan, gaiak ikusteko ikuspuntuan baizik, eta idazteko moduan.

Kantautore hitza ez ei zaizu gustatzen, zutaz aritzeko behinik behin…

Nire amak bati esan zion mi hija es como Rosana pero en euskera [nire alaba Rosana bezalakoa da, baina euskaraz]. Horrela definitzen nau nire amak, orduan zer da kantautorea? Akustika bat, protesta kantuak edo bestela maitasun kantuak… argi dago ezetz, ni ez. Nik ez daukat ezer kantautore izenaren kontra, baina erabiltzen dena baino era zabalagoan erabilita. Ze, Michael Jackson ere kantautorea da, eta Prince. Zer da kantautorea orduan?

Ez daukazu protesta egiteko asmorik, orduan?

Nik mordoa protestatzen dut letretan, batez ere disko honetan. Protesta-kanta ez, haserrealdi-kanta dela uste dut. Diskoko letra batek esaten du “zerbaitengatik borrokatu ordez, beti zerbaiten kontra”. Zeren kontra? Ez dakit esaten, denaren kontra, nola funtzionatzen duten gauzek.

Rosana aipatu duzu. Konparazioak gorrotagarriak direla esan ohi da…

Konparazioaren arabera.

Rosanarekin ez ezik, eta hori ere zure amaren laguntzaz antza…

Nik uste amaren bitartaz sartu dela hori, bai…

…sarritan alderatzen zaituzte Suzanne Vegarekin edo PJ Harveyrekin. Nola hartzen dituzu konparazio horiek, eta konparazio guztiak oro har?

Lehen ere esan dut oso sinplea dela, aipamen horiek egitea. Suzanne Vega? Nik ez dut asko aditu Suzanne Vega. PJ Harvey? Lehenengo eta bigarren diskoak asko gustatzen zaizkit, hirugarrena gustatzen zait, gerokoak ez hainbeste. Igual disko honek badu zerbait harena, ahots-tinbrea, eta igual Patti Smithen gauza batzuk ikusten dizkiot, baina nik ez dut izugarri aditu Patti Smith. Uste dut hori esatea sinpleegia dela. Sinpleena da neska neskekin konparatzea. Azkenean, jaten eta edaten duguna garen bezala entzuten duguna baldin bagara, askoz gehiago eduki beharko nuke Mikel Laboarena, esaterako. Lehenengo diskoa atera nuenean Euskadi Irratian galdetu zidaten Lurdes Iriondotaz, eta nik ez nekien zein zen ere [kasualitatez, Iriondoren heriotzaren berri jakiteko bezperan egin genuen elkarrizketa hau] eta kazetariren batek interpretatu zuen gutxietsi egiten nuela euskal tradizioa. Nik ez dut gutxiesten. Nire ikasleek ere ez dakite zein den Gari Hertzainak, hamabost urte daukate.

Promozio garaietan elkarrizketa asko egin behar da, eta zuk ez omen duzu gogo handirik. Orain gutxi irakurri nion Sorkuni kazetariok, askotan, erantzunik ez daukaten gauzak galdetzen ditugula, zer esanik ez daukaten gaiak ateratzen ditugula mahai gainera. Ez omen dago hainbeste esateko musikaz…

Ni, adibidez, ez naiz hasiko letrak esplikatzen. Letrak hor daude, ideiak adierazteko. Ados nago horrekin, niri pasatu zait, diskoa atera eta… Ez det nahi mila entrebista egin eta gainera, adibidez nire kasuan esanahia gaizki interpretatzen da. Igual ez da hain inportantea nik esateko daukadana, nire diskoa hor dago, joko dut zuzenean… Eta askotan umildadea harrotasun bihurtzen da: hara hau! ez du entrebistarik eman nahi…

Gainera, ez dago batere espezializaziorik. Entrebista egiten dizuna arrapaladan dator, kontsumo ministroarekin egon eta gero, eta ez dakit nongo polideportiboko inauguraziora joan baino lehenago. Eta ni horrekin minduta egoten naiz. Disko honetan baldintza sinplea ipini nuen: ez dut egingo elkarrizketarik diskoa aditu ez duen batekin, uste dut hori gutxienekoa dela. Ni ez nago nire diskoa saltzeko, horretarako promozioa dago. Eta ez da ez dudala entrebistarik egin nahi, guztiz kontrakoa. Baina zuk ez baduzu diskoa aditu, zer? Nik ez dut esplikatuko diskoa. Eta gero badago kazetaritza mota bat non kazetaria inportanteagoa den… (jarioa eten du, hitz bila).

… “biktima” baino?

Hori da, biktima baino. Eta haren jokoan sartu behar zara eta ez bazara sartzen borde puta bat zara.

Idazlea zara gehiago musikaria baino?

Uste dut ez naizela ezer, ez idazle ez musikari, ez…

Baina garrantzia ematen diezu hitzei, hori igarri egiten da zure kantetan… Bai, bestela ez dut-eta ezer esango. Denborarik gehiena idazten ematen dut, denbora asko ematen dut. Musika, melodia eta abar, bat-batekoa da, eta bestea askoz gehiago da gogoeta baten ondorioa. Gainera, kantu baten letra zaharkitu egiten da, eta musika ez; beraz ondo pentsatu behar duzu, bestela irratian aditzen duzu eta lotsaren lotsarekin ez dakizu non sartu. Niri hori pasatzen zait lehenengo diskoko abesti batzuekin, baina bueno, gaztea nintzen.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Tontxu Campos. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua: Oraingo Espainiako gobernuarekin, “talantea” dela-eta, aurrekoarekin baino hobeto konpontzen gara, baina Hezkuntzarako Lege Organikoaren bidez gure ahalmenak urratzen dituzte

 

Irakurri

Maddi Irigoyen. Zientzilari eta euskaltzalea Parisen: Gernika taldera, 68 urteetarik landa, hego Euskal Herriko gazte asko etorri ziren ; garai batean, hegoaldekoak iparraldekoak bezainbat ziren, ongi ginen Euskal Etxean

 

Irakurri

Harkaitz Cano. Idazlea: Irakurtzea eta idaztea ariketa berbera da

 

Irakurri

Joseba Azkarraga. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailburua: Ezin da giza eskubideen artean bereizketarik ezarri, denak defenditu behar dira

 

Irakurri

Javier Retegi. Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria: XVI. Kongresua: Gazteengan konfiantza eduki dezakegu

 

Irakurri