Emilio Majuelo. Historialaria: Arturo Campioni historialari estatusa ukatu izanak bere obra ezagutzera eraman ninduen

2012-03-02

SILLERO ALFARO, Maider

Arturo Campion sortu zela 150. urteurrena bete zenean, Eusko Ikaskuntzak beka bat luzatu zion Emilio Majuelo historialariari egile honi buruzko ikerketa gauza zedin. Orain, hainbat urte igaro ostean, Majuelok ikerketa sakon horren emaitza liburu batean jaso du: “La idea de historia en Arturo Campión”. Eusko Ikaskuntzaren sorreratik 1936 bitartera ohorezko lehendakaria izan zenaren biografia intelektuala aurkeztu du Majuelok, hil zeneko 75 urte beretzen direnean. Interesa duenarentzat, liburua Eusko Ikaskuntzaren webgunean eskura dago, doan deskargatu ahal izateko.

Liburuak “La idea de historia en Arturo Campión” izenburua darama. Zein da ideia hori?

Liburua Campionek zuen historiako ideiaz datza. Eta honek harreman zuzen zuzena du XIX. mendearen azken herenean Europako, eta bereziki Alemania eta Frantziako, kultur munduan eratu zen historiako ideiarekin. Hainbat korrontetatik suma daitezke, alde batetik deiturik izan den “indibidualismo historiografikoa” eta beste aldetik urte haietan sortu berria zen positibismo historiografikoa. Campion, dudarik gabe, lehenengo korronteko historia ulertzeko moduarekin bat dator, baita korronte biek zuten historia ikertzeko metodoekin. Nolabait laburbiltzeko pertsonai historikoen garrantzia azpimarratzen da Alemaniako historiografian baina pertsonai horiek ez dira bakarrik pertsona garrantzitsuak baizik eta Estatuak edota, Campión-en garaian, herriak. Horiek litzateke subjektu historikoak bere osotasunean hartuak.

Historiari buruz zuen ideia hori izan al da, hain zuzen, pertsonaiagandik gehien erakarri zaituen alderdia? Zein bestela?

Ez, ez. Arestian aipatu dudana ikerketaren ondorioa izan da, hau da, nola pentsatzen zuen eta zer motako historiako ideia zuen ez dut ikerketa bukatu arte menderatu. Beregana eta bere obra ezagutzera eraman ninduena bestelako arrazoia izan zen, Campioni historialariaren estatusa ukatzen zitzaionean hain zuzen. Baieztapen maltzur horrek asko animatu ninduen bere lan guztiak serioski aztertzera.

Aukera paregabea eskaini zidan Eusko Ikaskuntzak duela sei urte “Arturo Campión” beka deialdia zabaldu zuenean. Nire proiektua aurkeztu eta ikerketa beka hau jaso nuen. Aspalditik historiografiako irakurketan nire burua murgildurik egonez errazago egin zitzaidan erronka honi aurre egitea.

Bizi izan zueneko garaia edo momentua kokatu beharko genuke izan zena eta egin zuena hobeto ulertzeko.

Hori, ikerketa gaiak bere testuinguruan kokatzea derrigorrezko lana dugu historialariok, are gehiago hau bezalako biografia intelektuala egiten hasten garenean. Hemen aurkitu dudan zailtasuna hau izan da: Campionek lan-egite intelektuala bereziki luze-luzea izan zuela mende erdi batean zehar idatzi eta argitaratu baitzuen. Mende erdi baten historia nahiko luzea eta konplikatua da berak egindako gauza guztiak bere testuinguruan ondo kokatzeko. Ez, ez da lan erraza izan.

Ezkerretik hasita: Carmelo de Echegaray, Arturo Campión, Julio Urquijo, Domingo de Aguirre, Serapio Múgica eta Juan Carlos Guerra.

Garaiko zein pertsonaiekin izan zuen tratua edo influentzia?

Lehenengo urteetan La Paz egunkariko idazleekin, Sagarminaga Bizkaiko “Euskalerria”-ko elkarteko kidearekin, eta gero frantses idazle batzuekin, haien tartean Bonaparte printzea, Jules Vinson... Gero Alemaniako Schuchardt, Azkue..., bere lagunak izan ziren; bere ondoan ere ziren Iturralde y Suit, Estanislao Aranzadi, Julio Altadill edo Hermilio Oloriz. Beranduago harreman estuak mantendu zituen Julio Urquijo, Serapio Mugika, Carmelo Echegarai, Juan Carlos Guerra, Lacombe, H?bner, Dogson..., eta maila honetako idazleekin; espainiarren artean tratu berezia izan zuen Emilia Pardorekin eta elkarri idatzi zioten gutunetan bata besteari zion miresmena agerian gelditzen da.

Eusko Ikaskuntzaren sorkuntzan parte hartu zuen eta gero ohorezko lehendakari izendatu zuten. Zein izan zen bertan izan zuen papera edo egitekoa?

Beno, kasu honetan, Campionek bere bizitza intelektual guztian egindakoa ikusita, erraza izan zen beste belaunaldiko idazleentzat berak euskara eta euskal kulturaren alorrean landutakoa ikurra bezala hartzea. Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zen, Campionek 64 urte zituelarik, hau da, horrelako lanetan berrogeita piko urte zeramalarik eta horiek guztiak “Euskalerriaren alde” lelopean jar ditzakegu.

Oso ohikoa da Campionen bizitza alderdi desberdinetan banatzea: historialaria, idazlea, euskalaria... Horren ezberdinduak al daude alderdi horiek?

Bere ekarpena oso anitzekoa da, denok ondo dakigun bezala. Dena den, Campionen pentsaera eta bere lanak ondo ulertzeko irizpide politiko eta erlijiosotik abiatu behar da; zeren bere ikuspegi ideologikoa nahiz historiografikoa bere lan guztietan, beste autore guztiei gertatzen zaien bezalaxe, nabariak dira.

Sendia liberala, kontserbadorea eta foruzalea zen. Campión bera, Alderdi Integristara sartu, eta gero nazionalismora hurbildu zen. Nolakoa da bere eboluzio politikoa?

Aipatu dizudanarekin jarraituz, Campión foruzalea, euskal foruen berreskurapenaren aldekoa, eta katolikoa, Aita Santuaren aldeko jarraitzaile sutsua izan zen. Bi ardatz horien inguruan mugitu zen, eta uneko politikari erreparatuz bere interes intelektualak eta ideologikoak hobeto defendatzeko aukerarik egokienak hartu zituen. Ez zuen bere burua oinarri horietatik gehiegi mugitu bai, ordea, horiek defendatzeko erabilitako tresnak. Integrista ez zen inoiz izan, nahiz eta haien hautes-zerrendetan aurkeztu. Nazionalista nire ustez beti izan zen, Europa hartako nazionalista izaten zen moduan. “Aranista” ez zen inoiz izan, hizkuntzalaritza arlotik ikusita, bai politikoki euskal nazionalista nahiz eta inoiz ez independentista.

Politikan ere hainbat kargu izan zituen, ezta?

Bai, Iruñeako zinegotzi bi alditan, geroxeago 1893an Nafarroako diputatua Madrilen eta 1918an, euskal nazionalistekin senatari hautua Bizkaian. Dena den, berak ez zion karrera politikoa egiteari lehentasuna eman, ibilbide intelektualari baizik. Berez, intelektual bat izan zen politikan sartuta.

“La idea de historia en Arturo Campión” liburuaren azala.

Euskara 25 urte zituenean ikasi zuen eta gero euskara eta euskal kulturaren “normalizazioaren” alde lan handia egin zuen. Euskaltzaindian, adibidez...

Bai, hori nahiko ezaguna da. Agian hain ezaguna ez dena da ideia hori Azkuerekin batera XIX. mendearen azken hamarkadetan lantzen ari zela. Euskalkien moldaketaren beharra, handik euskara normaldua sortzeko, biek oso garbi eta goiz ikusi baitzuten.

Euskal kulturaren alde egindako lanean zein elementu edo alderdi aipatuko zenituzke?

Berari Eusko Ikaskuntzak 1930ean eskainitako omenaldian garbi gelditu zena azpimarratzekoa da, bere bizitza osoko lana euskal kulturari entregatua izatea omentzen zen, euskal letren aitatxi balitz bezala, euskal pizkundea deituriko horretako aitzindari izateagatik.

Zein erlazio izan zuen hizkuntza honekin?

Euskaraz gutxi idatzi zuen, askoz gehiago euskarari buruz. Bata ala bestea egiteko ikasteko gaitasuna eta diziplina handia izan behar zen garai hartan. Campionek bi gaitasun horietaz nahiko zuen, ondo azalduta utzi zuelako eta ez bakarrik euskara ikasteko, baita frantsesa eta alemana ikasteko ere.

Liburuan esaten duzu Campion-ek euskal historiari buruzko bere ikuspegi propioa elaboratu zuela. Nola islatu zuen bere obran historiari buruzko ikuspegi hori?

Campionek tamalez ez zuen inoiz historiaz teorizatu, baina bere lan orokorrak beteta daude ez bakarrik aipu historikoez, ikuspegi historikoez baizik. Bera historiaren mendean bizi zen, eta mende horretako korronte intelektualetan murgilduta egonik, historiaz blai egonda pasa zuen bere bizitza. Emilio Majuelo Gil (Tutera, 1953) 1953. urtean Tuteran jaiotako historialari nafarra. 1995etik Historia Garaikideko irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA). 1977an Filosofia eta Letretan Lizentziatura lortu zuen Zaragozako Unibertsitatean eta tesia burutu zuenetik irakaslea da, Zaragozako Unibertsitatean lehendabizi eta UPNAn gero. Bere lana hainbat arlotan zabaltzen da, aipagarrienak direlarik emandako kurtso eta seminarioak, antolatutako jardunaldiak, zuzendutako doktorego tesiak, nazional zein nazioarteko kongresuetan eskainitako ponentziak eta komunikazioak edota burututako Ikerketa Proiektu anitzak. Lan ardatz nagusien artean garrantzia berezia hartzen du aro modernoko Nafarroako historia soziala; hala mugimendu politiko eta sozial ezberdinak aztertuz, nola gatazka sozialak, II Errepublikan sakonduta, bereziki. Kapitalismoaren garapena eta langile eta nekazal mugimenduek hartzen dute bere atentzioa, besteak beste. Majueloren lanak hainbat aldizkaritan izan dira argitaratuak. Besteak beste obra hauen autorea da La IIª República en Navarra. Conflictividad agraria en la Ribera Tudelana (1931-1933). Iruñea, Pamiela, 1986, Luchas de clases en Navarra (1931-1936). Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1989, Del sindicalismo católico agrario al cooperativismo empresarial. 75 años de la Federación Navarra de Cooperativas (1910-1985). (Angel Pascual Bonis-ekin) Ministerio de Agricultura, 1991, Tratamiento didáctico de las fuentes históricas. (Mª Esther Guibert Navaz-ekin) Grupo Editorial Universitario, 1998, e Historia del sindicato LAB. Langile Abertzaleen Batzordeak (1975-2000). Iruña, Txalaparta, 2000. 2008an Txalaparta argitaletxeak La generación del sacrificio. Ricardo Zabalza 1898-1940 liburua kaleratzen du eta 2009an liburu honengatik UPNAko Ikerketa Saria jaso zuen Majuelok 2007-2008 urte bitarteko ekarpen zientifiko hoberena izanagatik. 2011an La idea de historia en Arturo Campión liburua kaleratzen du Eusko Ikaskuntzak.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Pilar López. Teatro Paraiso konpainiako zuzendaria: Kultura ezinbestekoa da, beragatik apustu egiten duen gizartearentzako garapen eta berrikuntza motor bat da

 

Irakurri

Maite Iturre. Kanpo harremanetan aditua: Ezin dira banatu barne zein nazioarteko politika kontuak

 

Irakurri

Jaime Gabarain Schmitt. Espainiako Osteopatia Esku-medikuntza Erakundeko lehendakaria: Osasun sare publikoa osteopatiagatik interesatu beharko litzateke

 

Irakurri

Gabriel Mouesca. Idazlea: Abertzaletasuna, funtsean, ontasun unibertsala da

 

Irakurri

Arturo Goicoechea. Neurologoa: Gure espeziean biologiaz hitz egitea, kulturaz mintzatu gabe, oinarrizko kontzeptu bat ahaztea da

 

Irakurri