Gloria Totorikaguena: "EEBBetako euskaldunak euskararen aldeko mugimenduan interesatuta daude"

2001-05-04

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Elkarrizketa: Gloria Totorikaguena Gloria Totorikaguena, EEBBetako NABOren Kanpo Harremanetarako idazkaria eta Unibertsitateko irakaslea "EEBBetako euskaldunak euskararen aldeko mugimenduan interesatuta daude" * Josemari Velez de Mendizabal Gloria Totorikaguena, EEBBetako NABOren kanpo harremanetarako idazkaria, eta horrezaz gain Unibertsitateko irakaslea da. Euskal diasporari buruzkoa bere tesia gainditu ondoko 2000ko abenduan graduaketa ekitaldia bizi izan zuen London School of Economics delakoan,. Ikerketaren helburuak, zientzia politika eta soziologia uztartzea izan zen eta munduko euskal etxeen egoera aztertzea, bertako kideek nortasun etnikoari eusten dioten modua azalduz. Arestian Euskal Herrian egon da eta berarekin hitzegin ahal izan dugu. Zehazki esanda, zer da IAEE delakoa? Ipar Amerikako Euskal Erakundeak Elkartea (NABO, North American Basque Organizations, Inc.) 1974an sortu zen helburu zehatz batzuekin, hau da, euskaldunon kultura eta gizarte ekimenak sustatzea eta gordetzea; euskaldunen arteko eta euskaldunen eta euskaldunak ez direnen arteko laguntasuna eta elkar ulertzea jorratzea; jendeari euskal gaiak zabaltzea eta azaltzea; eta Estatu Batuetan dauden euskaldunen eta mundu osoko euskaldunen arteko komunikazioa erraztea. Berez, Estatu Batuetan ditugun euskal elkarteei zerbitzua eskaintzen dien erakundea da, erakundeko bazkide diren euskal elkarteei alegia. 1970eko hamarkada baino lehen Ipar Amerikako Mendebaldean bizi ziren euskaldunak gutxitan biltzen ziren, eta noizean behin bidaia luzeren bat egiten zuten besteen ekimenetan izateko. Gaur egun aldiz, eratu den sareari esker, ez da harritzekoa San Franciscon bizi den euskaldun batek 12 orduz gidatzen ematea Boiseko Jaialdian esku hartzeko; edo Boiseko batek zazpi orduz gidatzea Renoko Euskal Jaialdian izateko. IAEEk Estatu Batuetako elkarteen artean jarduera kulturalak antolatzen ditu, kirol ekimenak eta karta jokoak. Gutxi gora behera konfederazioa balitz bezala funtzionatzen du, ez baitu elkartebakoitzak duen askatasuna urratzen, eta elkarte bakoitzak denon artean garatutako egitasmoetan esku hartzea erabaki dezake, edota kanpoan gera daiteke. Elkarte bakoitzak bere fondoak ditu eta ez dago subentzio publikoen menpe. Bakoitzak fondoak eskuratzeko laguntzaileak topatzen ditu, kideei kuota txiki bat ezartzen die eta ekintzetan esku hartzen dutenek zerbait ordaindu behar izaten dute. Euskaldunak ez direnak ere euskal ekimen kulturaletara joaten dira herrialde osoan zehar, esaterako, Kalifornia, Oregon, Washington, Nevada, Idaho, Utah, Wyoming, eta New York en. Euskal elkarteetako ekimenak euskalduna ez den jendea hezteko baliagarria izaten dira. Dena den, gaur egungo belaunaldiak Euskal Herritik etorri ziren benetako etorkin haiengandik urrundu egin direnez, askotan Euskal Etxeetan eta elkarteetan bertako kideak nolabait hezi egin behar dituzte sorterriko gaiak azalduz eta bertako gizartearen kontuak ere argituz. Estatu Batuetako euskaldun askok ez dakite ezer Europatik etorri ziren arbasoen historiari buruz; euskaldunek Estatu Batuetan izan duten historia bera ere ez dute ezagutzen. Zenbat euskal elkartek osatzen dute NABO? Gaur egun, Estatu Batuetako hogeita hamabost euskal elkarte dira erakunde honetako bazkide. Vancouver eko Canada Club ere IAEE erakundean sartuta dago eta bertako kideei gure ekimen eta jardueratan esku hartzeko gonbitea luzatzen diegu. Elkarte bakoitzak bere historia eta interes partikularrak dauzka, baina denek helburu bera daukate, hots, euskal kultura eta hizkuntza zaintzea. Bakoitzak bere Zuzendaritza aukeratzen du eta denak boluntarioak dira. Badaude hainbat batzorde ekimen ezberdinak antolatzeko: afariak, dantzak, euskara ikastaroak, euskal sukaldaritzari buruzko ikastaroak, abesbatzak, dantzari taldeak, briska eta mus txapelketak, eta pilota txapelketak. Zein dira Elkarteak garatzen dituen ekimen garrantzitsuenak? Urteroko ekimenen artean "musika kanpamenduak" ditugu, Euskal Herrian gazte jendearentzako prestatzen diren udalekuenparekoak. NABOk antolatutako Musika Kanpamenduetan bi astetan zehar hainbat gauza erakusten da: euskal dantza, abestiak, akordeoia, danbolina, musean, pilota, historia, sukaldaritza eta euskara. Joaten diren gazte asko euskaldunen hirugarren edo laugarren belaunaldikoak dira eta ez dute gauza handirik ezagutzen Euskal Herriaz edota euskal kulturaz; jatorriz euskaldunak direla besterik ez dakite. Kanpamendu horietan Estatu Batu osoko gazteak biltzen dira eta euren adin bereko gazte euskaldunekin egoteko aukera eskaintzen diete, informazio eta trebetasun berriak eskuratzeko, gero horien berri eman baitezakete euren euskal erkidegoetan ezagutza zabaltzearren. Musika kanpamenduetan esku hartzen duten lagunen kopurua aldatu egiten da 40tik 80ra bitartean; kanpamenduak uda partean burutzen dira eta talde ezberdinek txandaka antolatzen dituzte hainbat lekutan: Wyoming, Utah, Idaho, Nevada eta California. Irakasleak Estatu Batuetakoak eta Euskal Herrikoak dira. Kantari Eguna Gardnerville n ospatzen da, Nevadan, eta bertara musikazale ugarik jotzen du. Bertsolariek, abesbatzek eta soinu joleek esku hartzen dute musika eta abesti berriak eskainiz, betiko euskal musikarekin batera. Zenbait urtetan lehiaketak ere burutu dira sariak eta guzti, eta beste batzuetan artistek emanaldia besterik gabe eskaintzen dute. NABOk urtero pilota txapelketa antolatzen du Kalifornia, Idaho eta Nevadako euskal etxeetako pilotariekin. Beste estatuetako elkarteetan frontoiak badituzte ere, asko hondatuta daude eta bertan ez dago pilotari nahikorik lehiaketan aritu ahal izateko, ezin baitute behar moduan aritu. Mus txapelketa ere kide askorentzat urteko une garrantzitsua izaten da, elkarte bakoitzak txapelketa propioa antolatzen baitu jarraian bertako irabazleak NABOk antolatzen duen Nazio Txapelketara bidaltzearren. NABOko irabazleek gero Munduko Nazioarteko Mus Txapelketan esku hartzen dute. 2001ean Munduko Mus Txapelketa uztailan burutuko da Boiseko Euskal Etxean, Idahon. Urteko egitasmoen egutegianEuskal Herriko eta Estatu Batuetako euskal ekimenen argazkiak ageri dira. Egutegiak frantsesa, gaztelera, euskara eta ingelesa erabiltzen ditu eta hainbat konturen berri ematen digu, besteak beste, elkarteetako jarduerak, udako jaialdiak, dantzak eta urteko festak. "Hizketa" aldizkaria urtean hiru aldiz argitaratzen da eta NABO erakundearen zein NABOko elkarte bakoitzaren jarduerei buruzko informazioa eskaintzeaz gain, irakurleari euskal gaiak jorratzeko aukera ematen dio, besteak beste, euskara, sorterriko historia, antropologia eta kultura. Noiz hasi zen euskaldunen emigrazioa Estatu Batuetara? Hasiera batean, euskaldunak batez ere Hegoamerikatik etortzen ziren Estatu Batuetara Euskal Herritik baino gehiago. Txile, Argentina eta Uruguayko euskaldunek Ipar Amerikako Pazifikoko kostaldera bidaia egiten zuten oraindik Mexikoko kontrolpean zegoenean (eta Mexiko kolonizatu zuten euskal jatorriko milaka lagunekin bat egin zuten). Euskal apaizak, armadako langileak eta merkatariak dagoeneko gaur egun Arizona, New Mexiko eta Kalifornia izenez ezagutzen ditugun inguruetan zeuden. Azken garai hauetako emigrazioa 1848an hasi zen Kalifornia Estatu Batuetan sartu ostean eta 1849ko urre arrapaladarekin. Hasieran euskaldunak Nafarrotik eta Iparraldetik etorri ziren Kaliforniara eta Nevadako hegoaldera, eta gero, 20. hamarkadan, Idaho, Nevadako iparraldera eta Oregoneko mendebaldera etorri ziren gehienak bizkaitarrak ziren. Gaur egun zein da Estatu Batuetara datozen euskaldunen egoera? Etortzen jarraitzen dute? Eta etorkin berri horiek euren kabuz Euskal Etxeetara jotzen al dute? Euskal etorkin berriek ekintza edo jardueretan esku hartzen ez badute, Euskal Herrikoak direla eta gaur egun, hirian bizi direla jakitea nahi ez baldin badute, guk ez daukagu inolako biderik horiek existitzen direla ere jakiteko. Herrialde honetako milaka unibertsitateetan ikasten ari diren Euskal Herriko ikasleak izaten dira, baina horietako askok esaten dute EEBBetara etorri direla bertako kultura ezagutzeraeta campuseko bizitzaz gozatzea, ez omen dira Euskal Etxeak bisitatzera etorri eta bertako agureekin musean aritzera, edota euren euskara batua lantzen ari den jendearekin hitz eginez denbora pasatzera. Epe horretan Amerikako esperientzia bizi nahi dute eta ingelesa landu, ez dute dantzan ikasi nahi edo euskara praktikatu. Beste batzuk, aldiz, gobernuz kanpoko nazioarteko erakundeetan edo korporazio multinazionaletan ari diren langile profesionalak dira eta gehienetan ez dute euskal erakundeak hartzen dituzten hiri txikietara jotzen, esaterako, Bakersfield, Rock Spring edo Elko. Ez dute euskal ekimen kulturaletan esku hartzeko edo elkarteko kide izateko aukerarik euren hirian ez baitago horrelakorik. NABOren iritziz, nola ikusten duzue Euskal Herriak gaur egun bizi duen egoera? Hainbat euskaldun hautagai politiko izan badira eta gobernuan aritzeko hautatu badituzte ere, Estatu Batuetan zehar ditugun Euskal Etxeak eta erakundeak berez ez dira politikan eta alderdien kontuetan sartzen. Ez dira Estatu Batuetako alderdi politikoetako kide bihurtu eta ez dituzte alderdien egitasmoak euskal etxeen funtzioekin bateratu; gainera, ez dute hautagairik aurkezten hauteskunde, erreferendum edo bestelako ekimenetara. Dena den, Estatu Batuetako euskaldunen iritzi eta joera politikoa aztertuz, zera ikusi nuen: hainbat euskaldunek alderdiaren mugak apurtzen zituztela beste euskaldun bat hautatzearren. Esaterako, Idahon, alderdi Errepublikanoko Pete Cenarrusa Estatu Idazkaria hautatu dute hainbat urtetan. Hala ere, normalean botoa alderdi Demokratari ematen dioten euskaldun askok Pete Cenarrusaren alde bozkatu zutela onartu zuten, bera ere euskalduna zelako eta berak irabaztea nahiago zuten euskaldun zelako eta eurek ere hala direlako. Euskal Herriko politika beste kontu bat da. Euskal etorkinen belaunaldi berriak gaur egungo egoera askoz hobeto ezagutzen dute euren familietako kideekin harremanetan daudelako, euskaraz, frantsesez eta/edo gazteleraz badakite eta hedabideetan hainbatgairi buruz esandakoa uler dezakete: euskararen egoera Nafarroan, bortizkeri politikoa, hauteskundeak Euskal Herrian, eta abar. Dena den, oro har Estatu Batuetako euskaldunek ez dute Euskal Herriko politikaz ezer jakin nahi, ez dute aparteko interesik, gehienak etorkin ekonomikoak baitira eta horien ondorengoak. Venezuelan edo Argentinan kontrakoa gertatzen da, Espainiako Gerra Zibilean zehar eta horren ondoren Euskal Herriko milaka errefuxiatu politiko hara jo baitzuten, jada bertan zeuden euskaldunengan eta erakundeetan eragina izanik. Banakako etorkinei so eginez gero, euskaldunak euskararen aldeko mugimenduan interesatuta daude eta NABOk euskara eskolak sustatzen ditu erakundeko elkarte ezberdinetan. Hainbat elkartek euskara eskolak eskaintzen ditu eta Boisen ikastola ere badago 3 7 urte arteko hogeita zortzi haurrekin. Euskal Herrian bizi edo izan diren gazteak, askotan, EEBBetara bueltatzen dira politikan eta zazpi probintzien etorkizunean interesatuta. Batzuk Askatasuna edo Presoak Kalera dioten kamisetak jantzita daramate, baina gutxi batzuek besterik ez dituzte ulertzen Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatzen duten faktore politiko ezberdinak. Oso gutxi dira Euskal Herriko hauteskundeetan bozkatzea erabakitzen duten euskal etorkinak. Estatu Batuetatik botoa ematen dutenen artean EAJ nagusitzen da eta bigarren tokian EH dugu. Hala ere, gehienek aitortzen dute ez dituztela ondo ezagutzen Euskal Herriko politika kontuak, euren usteekin bat datorren alderdi politikoa hautatzeko bezain ondo ez behintzat. NABOko ordezkariek ez dute alderdi politiko, hauteskunde edo etorkizuneko politikari buruz hitz egiten euren biltzarretan. Oso harreman ona dauka Euskal Herriko gobernuarekin eta Lehendakaritzako Atzerriko Euskal Erkidegoekiko Harremanetarako Batzordearekin. Iparraldeko hainbat erakundek ere NABOko elkarteekin harremanetan daude, batez ere Kaliforniakoekin, eta pilotariak, sukaldariak, hizkuntza irakasleak eta dantza irakasleak bidaltzen dituzte. Harreman gutxiizan dugu Nafarroako erakundeekin. Ba al dakizue zehatz mehatz Estatu Batuetan zenbat euskaldun bizi diren? Zehatz mehatz ez, baina gutxi gora behera badakigu zenbat diren. Euskaldunak kontatzerakoan aintzat hartu beharreko hainbat kontu dugu. Lehenik eta behin, zein jo dezakegu euskalduntzat? Bakarrik euren burua euskalduntzat jotzen duten lagunak? Edo abizen euskalduna duen jendea, euren burua euskalduntzat jotzen duten ala ez aintzat hartu gabe? Eta zer gertatzen da Mexikotik, Filipinasetik edo Kubatik etorri den jendearekin edota Ochoa, Echeverria edo Navarro abizen duten horiekin? Izenak euskaldunak direla adierazten badigu ere, baliteke beraiek mexikar, filipinar edo kubatarra sentitzea. Horrez gain, hortxe dugu beste arazo txiki bat, hau da, batzuek uste dute euskalduna Euskal Herrian sortu den gizasemea dela, eta euskal jatorriko etorkinen ondorengoak ez direla euskaldunak. Nevada Renoko Unibertsitateko Euskal Ikerlanetarako Programa (gaur egun Euskal Ikerlanetarako Zentroa) oso paper garrantzitsua jokatu zuen nortasun etnikoa aldatzerakoan. Galdeketan esku hartu zutenei euren "aberriaz" galdetu zitzaien eta gehienek muga politikoekin nahastu zuten eta horrela euskaldunak frantziarrak edo espainiarrak bezala hartzen zituzten. 1990eko erroldan nortasun etnikoa erabili zen bigarren aldiz inkesta burutzeko, eta ez jaiolekua sail berezi bat bezala. 2000ko erroldan bildutako datu zehatzak oraindik bukatu gabe daudenez, 1990ko erroldako estatistikari begiratu diezaiokegu eta datu horiek 1980ko hamarkadakoekin konparatu. Jarraian ageri den taulan 800 erantzun baino gehiago izan zuten estatuak ikus daitezke, eta erantzun zutenek euren burua euskalduntzat, frantses euskalduntzat edo espainiar euskalduntzat zuten. I. Taula Estatu Batuetako biztanle euskaldunak 1980ko eta 1990ko hamarkadan Estatua Euskaldunen kopurua Estatu Batuetako Erroldan 1990 1980 1. 19,122 15,530 California 2. Idaho 5,587 4,332 3. Nevada 4,840 3,378 4. Oregon 2,257 2,253 5. 1,770 1,134 Washington 6. Utah 1,422 873 7. Arizona 1,316 1,100 8. New 1,300 1,426 York 9. Texas 1,248 887 10. 1,189 859 Florida 11. 955 955 Colorado Erantzun zutenei hiru aukera eman zitzaien euren jatorri etnikoa hautatzeko eta horietako ehuneko 78,9ak jatorri euskalduna aukeratu zuen naiz eta horren gain beste jatorri etnikoa eduki (Douglass 1993:7). Datu horiek erakusten digute erroldari dagokion txostenean euren burua euskalduntzat jotzen duen jende kopurua. Dena den, hainbat elkarrizketetan zera sumatu dut: pertsona batzuek ez dutela txostenean euskal jatorria aukeratu, nahiz eta euren burua euskalduntzat jo. Batzuek ez zuten galdera ulertzen, beste batzuek ez zuten uste garrantzizkoa zenik. Nik esango nuke Estatu Batuetan milaka euskaldun gehiago daudela, baina gaur egun ez dago biderik horiek zientifikoki kontatzeko. Etorkinengan atzean utzi duten herriarekiko lotura desagertzen joaten da denbora igaro ahala. Nola eragotzi daiteke prozesu hori? Zenbait soziologoek aipatu dutenez, nortasun etnikoaren garrantzia galtzen doa belaunalditan zehar etorkinei buruzko "zuzeneko asimilazioaren teoria". Uste denez, belaunaldi bakoitzak gero eta urrutiago ikusten ditu euren arbasoen kultura etnikoaren ohitura eta jarrerak. Beste batzuen ustez aldiz "hirugarren belaunaldiaren itzulera" gertatzen omen da eta etorkinaren seme alabek ohitura eta kultura ahaztu nahi bazituzten, bilobek berreskuratu egin nahi dituzte. Hala ere, Estatu Batuetan ditugun euskaldunen kasuan, ez dago daturik teoria horiek frogatzeko. Hain txikiak diren euskal komunitateetan (Argentinan, Venezuelan edo Uruguayen dauden komunitateekin konparatuz gero) badira lau belaunaldietan zehar euren nortasun etnikoari eta interes pertsonalei eusten dieten euskaldunak, horiek ere euren izaeraren osagai garrantzitsua izanik. Beste kasu batzuetan, baliteke bere jatorria adierazteko interesa agertzen duen familia bateko kidea euskaldunenlaugarren edo bosgarren belaunaldikoa izatea. Noski, beste batzuen ustez, euren "euskalduntasuna" ez da jendaurrean tratatzeko gaia. Nor zara zu zein den euskalduna erabakitzeko? Norbaitek ez baldin badu esku hartzen euskal etxetan antolatzen diren ekimenetan, horrek esan nahi du erabateko asimilazioa jasan duela? Gaur egun Estatu Batuetan dauden euskal etxeen kopuruak gora egin du, Euskal Etxeetan eta elkarteetan kideen kopurua ere areagotu egin den heinean. 1980ko hamarkadan NABOn hogei elkarte zeuden sartuta. 2001ean hogeita hamabost elkarte daude, eta esan den bezala, ez dira etorkin berriekin sortu. Zer egin dezakete NABOko kideek Estatu Batuetan gure herri txikiaren egoera hobetzeko? Estatu Batuetako euskaldunek gogo biziz erakutsi nahi diote euskara eta euskal kultura, historia eta ohitura. Ardanza Lehendakariak munduan zehar dauden euskaldunak Euskal Herriaren enbaxadoreak direla esan zuenean, egia borobila esan zuen, oraindik erabat garatu gabeko ahalmena agerian utzirik. Euskal Herriko turismoari buruzko iragarkirik onena, atzerriko euskaldun horiek izan daitezke. Hedabideetan sumatzen den sorterriko gertakizun politikoen azalpen negatiboari, atzerriko euskaldunek beraiek aurre egin diezaiokete bertako euren lagunei euskal gaiak erakutsiz eta bertako hedabideei zazpi probintziei buruzko bestelako ikuspegi bat eskainiz. EEBBetako euskaldunek merkataritzan dituzten sareak ere erabili izan dituzte sorterrian inbertsioak sustatzearren eta profesionalekin harremanetan jartzeko. Ikasleen truke programa ere antolatu dugu sorterriko ikasle euskaldunek ingelesa praktika dezaten eta atzerriko euskaldunek euskara landu dezaten etxe eta barnetegietan. Hainbat euskaldunek euren diputatu eta senatariekin hitz egiten dute sorterriko arazo politikoak direla eta, baina gero eta gutxiago dira ulertzen dietenak. Estatu Batuetako (eta mundu osoko) euskaldunek jendearen arreta erakarriko ez dutenez, ez eurengana ezta euren lanetara ere, gure arbasoek eskuratu zuten ospe ona hedatzearrenlanean jarraitu behar dugu, leialak, zintzoak eta langileak izan baitziren; gainera gure hizkuntza ere zaindu behar dugu. Gure elkarteetan, euskara erabili eta irakasteko lanak sendotu behar ditugu, gure nortasun etnikoa eta tradizio kulturalak mantendu eta sustatu egin behar ditugu. Horrez gain, gazteengan Euskal Herrira joan eta euren sorterria ezagutzeko irrika piztu behar dugu. Argazkiak: Josemari Velez de Mendizabal Euskonews & Media 121.zbk (2001 / 5 / 4 11) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Xabier Iriondo: "Nafarroak, Euskal Herriari jarriko balizkio bezala, euskarari jartzen dizkio barrerak "

 

Irakurri

Koldo Amestoi: "Mintzatzen denak ereiten badu, ixilik dagoenak biltzen du"

 

Irakurri

Miren Terese Urrestarazu: "Araba ez da inoiz orain baino euskaltzalegoa izan"

 

Irakurri

Amelia Baldeón Iñigo: "Arkeologia Museo berriarekin, laukoiztu egingo dugu azalera"

 

Irakurri

José Sanmartín: "Ezagutza izango da gizakia mugiaraziko duen indar nagusia"

 

Irakurri