Gonzalo Sáenz de Samaniego. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantzako funtzioko sailburua: Landa eremuko emakumeak ustiategien titularkide izatea eta gizartearen aintzatespena jasotzea dira gure hurrengo erronkak

2005-06-10

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

GARMENDIA IARTZA, Koro

Euskadiko udalerrien %51 landatarra da, eta azaleraren %59 hartzen du, baina biztanleria osoaren %4,6 besterik ez du biltzen. Hala ere, garrantzia ematen diona ez da kopurua, herrialdea orekatzeko egiten duen ekarpena baizik. Eta, arlo horretan, funtsezkoak ditugu landa eremuko emakumeak, 55.000 inguru guztira. Hain zuzen ere hauei buruz egin dugu berba Gonzalo Sáenz de Samaniegorekin.

Zer ulertu behar dugu, zehazki, landa eremuko emakumeaz? Landan bizi den emakumea, ala landaz bizi dena?

Landaz bizi den emakumea. Gaur egun, landa eremuan bizi den jendeaz mintzo garenean, kontuan izan behar dugu ez direla guztiak nekazaritzatik bizi. Gero eta dosifikazio ekonomiko handiagoa dago -eta hori positiboa da-, eta gero eta sektore ekoizle gehiago daude landa eremuan. Beraz, landa eremuaz mintzatzean ez gara nekazaritzaren arlora mugatzen ari.

Landa eremuko emakumeen %36ak ordainbidezko lanen bat du etxetik kanpo. Hiri inguruneetako emakumeen portzentaje berdintsuak beraz.

Bai, landa eremuan bizitzeak eragozpenak dauzka (mugikortasuna, dibertsifikazio ekonomikorik eza zenbait kasutan...). Horrek, aldi berean, erakusten digu zenbateko iniziatiba daukan landa eremuko emakumeak irteerak bilatzeko orduan. Faltsua da etxetik ateratzen ez dakien jende atzeratuaren irudi estereotipatua. Izan ere, eragozpenak eragozpen, hiri inguruneetako jendeak bezala jokatzen du. Dena den, ordainbidezko lana daukaten emakume landatarren %20ak ez dio Gizarte Segurantzari kotizatzen.

Landa eremuko emakumeen zenbatekoa aritzen da nekazaritza eta abeltzaintzan lanean?

Guztira, %32. Lurraldeka, %41 Bizkaian, %26 Gipuzkoan eta %23 Araban. Baina %7a besterik ez da familiaren nekazaritza ustiategiaren titular edo titularkide.

Zer dela-eta da portzentajea handiagoa Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban baino?

Bizkaian emakumeak presentzia handiagoa du kopuruari dagokionez, han ustiategiak txikiak direlako, eta, kasu askotan, lehen sektoreko beste lan batzuk ere egiten dituztelako.

Antolatzen al da emakume ekoizleen nekazaritza azokarik?

Bai, Ugaon, martxoko lehendabiziko igandean. Bizkaiko Landa XXI sindikatuko emakumeen elkartearen ekimenez sortu zen. Oso azoka erakargarria izaten da, eta kontsolidatzen ari da gainera.

Landa eremuko emakumeen %32 nekazaritza sektorean ari den arren, %7a besterik ez da familiako nekazaritza ustiategiaren titular edo titularkide.

Emakumeak pisua hartu eta merezi duen lekua har dezan, bere titularkidetasuna aintzatetsi behar da lehenik eta behin.

Titularkide bihurtuz gero, eskubide eta betebehar berdinak izango al lituzkete?

Berdin-berdinak. Nire ustez, hori da emakumea aintzatesteko gako nagusia. Eta, gainera, hori da bidezkoena.

Pauso hori, baina, gizonek eta emakumeek eman beharko dute.

Badaukate ematerik. Guk proposatzen duguna da bikote baten esku dauden nekazaritza ustiategi guztietan legez, gizona eta emakumea izan daitezela titularkide. Konpromiso hori daukagu legegintzaldi honetarako, eta nekazaritza jardueraren legean jasoko dugu. Kontua izango litzateke senar edo mutil lagunak bere jabetzak emakumearekin partekatzea. Akordio hori gaur egun borondatez ere har daiteke, baina, inertziaz, ustiategien titulartasuna senarraren izenean jartzen da. Heriotza kasuan, adibidez. Eta, horrela, emakumea ez da titular bihurtzen; emakumea hildakoaren ezkontidea izango da, eta zati bat egokituko zaio. Jabetza, ordea, ondorengoei transmititzen zaie. Emakumeak babes gutxi du alde horretatik. Titularkide izanez gero, aldiz, betebehar eta eskubide berberak izango lituzke.

Eta zergatik ez dute pauso hori ematen?

Inertziagatik batez ere, beti horrela jokatu dutelako... Baina askoz ere mingarriagoa da nekazaritza arloan lanean ari diren emakumeek Gizarte Segurantzari ez kotizatzea. Eta emakume pila dago egoera horretan. Hilean 15.000 pezeta ordaintzea izango litzateke.

Ohitura izango da...

Baina ez da egoismo kontua. Paperak egitera senarra joaten da, ez emakumea, eta hark bere izena eta NAN zenbakia jartzen ditu. Eta, horrela, bera izango da ustiategiaren titular, bereak dira eskubideak. Hori aldatu egin behar da. Banaketa edo oinordetza kasuetan, emakumeak batere babesik gabe gelditzen dira. Aldaketa, bidezkoa ez ezik, logikoa ere bada, emakumearen papera funtsezkoa delako ustiategietan. Lan isila egiten dute, baina handia. Askotan emakumea izaten da benetako enpresa burua, inbertsioak bultzatzen dituena. Labur esateko, emakumeak, alderantzizkoa dirudien arren, gizonak baino lan gehiago egiten du orokorrean, eta gizonak baino erabaki gehiago hartzen ditu.

Gutxi baloratua dago egiten duten lana.

Gaur egun, emakumeari gizarteak aintzatespena zor dio batez ere. Nire ustez, hori da etorkizunera begira daukagun erronka nagusia. Publikoki aintzatetsi behar dugu egiten duen lana, lan isil baina behar-beharrezko hori. Eta ez ekonomiaren aldetik suposatzen duenagatik bakarrik, baizik eta baita kulturan duen esanahiagatik ere, batez ere emakumea izan delako hizkuntza, kultura eta ohiturak gorde dituena... Emakume bat landa eremuan bizitzen gelditzen bada, berarekin gelditzen da familia osoa ere.

Zerorrek zuzentzen duzun Nekazaritza eta Arrantza Sailak azterlan soziologiko bat egin berri du landatar emakumeen erakundeekin batera. Zein zerbitzuren beharra sumatzen dute emakumeek azterlan horren arabera?

Emakumeak osasun arloari dagokionez agertzen dira kezkatien, eta ahaleginak egiten ari gara arlo horretan. Zerbitzu gehiago eskatzen dituzte, espezialitate jakin batzuetan bereziki (ginekologia, pediatria, zaharrentzako laguntza eta arreta...). Horrez gain, landatar udalerriek gero eta kezka handiagoa agertzen dute hezkuntzaren aurrean ere, eta hiri inguruetan dagoenaren maila berekoa izan dadila exijitzen dute. Hirugarrenik, gazteek etxebizitza bat eskuratzeko dauzkaten zailtasunak azpimarratu dituzte.

Gabeziak izan arren, landa eremuan bizitzen jarraitu nahi dute?

Bai. Landa eremuan bizi diren 40 urtetik beherako emakumeen %8ak bakarrik alde egin nahi du handik "nola edo hala". Emakume gehienek herrixketan bizitzen jarraitu nahi dute. Zergatik? Gauza asko dagoen arren egiteke, bizi baldintzak hobetu egin direlako. Datuak oso pozgarriak dira.

Edonola ere, ez da gauza bera izango Aian bizitzea, zerbitzuak eta hondartza hurbilean dauzkatela, edo Bernedon, Arabar mendikatean.

Jakina ez dela gauza bera, baina ezta ematen duen bezain ezberdina ere. Aiak hamar minutura du Zarautz, baina Bernedok ordu laurden edo hogei minutura dauzka Logroño eta Vitoria/Gasteiz. Nahiko antzeko, beraz. Aian bizitzea erabaki duenak, Donostian edo Zarautzen bizitzeko aukera izan du, baina Aiara joan da azkenean. Zer dela-eta? Bizi kalitate hobea izatearren. Duela hamar edo hamabost urteko udalerriek gabezia asko zeuzkaten, baina gaur egun landa eremuetan dauden etxeek ez diete Vitoria/Gasteizkoei inbidiarik izan behar. Herrixka batean bizitzeak bizitzari buruzko beste ikuskera bat ematen du. Nire ustez, nahiko ona da gure udalerri landatarretako bizi maila; kasu askotan, hiri inguruneetakoa baino kalitate hobekoa, gainera.

Oraindik ez dugu hitz egin landatar eremuan bizi arren, herrian lo besterik egiten ez duten emakumeez. Lo egiteko hiriak dauden bezala, lo egiteko herriak ere ba al ditugu?

Nire iritzian, beharrezkoa da landa eremura jendea eramatea. Hasieran "urbanitak" izango dira, baina, denborarekin, inguruabar pertsonalek, familiak, seme-alabek, lagunek eta abar bultzatuta, hobekuntzak eskatzen joango dira bizi diren ingururako, landa eremurako alegia.

Zerbitzuetara itzuliz, eta gabeziak zeintzuk diren jakinda, nola emango diezue erantzuna azterlanean agertu diren eskaerei?

Jaurlaritzako beste Sailak sentsibilizatu beharko ditugu. 1988az geroztik indarrean dagoen Landa Garapenerako Legeak, landa eremua garatzeko beharra ezartzen du, baina ez Nekazaritza eta Arrantza Sailak bakarrik, baizik eta Sail guztiek. Nire ustez, aurrerapauso handiak egiten ari gara; landatarrek nahi baino gutxiago, zalantzarik gabe, baina iruditzen zait sentsibilitatea pixkanaka gainerako Sailetara ere zabaltzen ari dela. Legegintzaldi honetan ahalegin handiak egin ditugu osasun arloan, landa eremuetara espezialistak eramateko, sendagileen kontsultetan hobekuntzak egiteko, etab. Eta oso garrantzitsua izan da landatar udalerrietan 0 eta 3 urte arteko haurrentzako haurtzaindegiak sortu izana ere, landatarrek lana eta familia uztartu ahal izan ditzaten.

Gizarteko beste eragileen aurrean, edota Gobernu Kontseiluetan gainerako sailburuen aurrean, gai honi buruz hitz egitea tokatzen zaizunean, konturatzen al dira esfortzuek merezi dutela, ala konbentzitu egin behar izaten dituzu, eremu horretatik boto gutxi jasotzen dituztela-eta?

Gehienak ahaleginak egitearen alde dauden arren, egia da herrialde honetan politika gehienak hirien ratio-aren irizpideen arabera daudela sailkatuta. Ezin dugu ahaztu non dauden biztanle gehienak. Landa eremuek Euskal Herriaren %60 edo 70 hartzen duten arren, biztanle gehien-gehienak hirietan daude bilduta. Egia da irizpideak biztanle kopuruaren arabera pentsatu eta baloratzen direla. Dena den, Gobernu Kontseiluko kideekin daukadan esperientzia ikusita, esan diezazuket badutela gaiarekiko sentsibilitaterik, eta landa eremuan positiboki inbertitzeko beharra onartzen dutela, nahiz eta kostu bat suposatzen duela jakin. Gobernuak herrien arteko oreka mantentzeko konpromiso garbia du, besteak beste ezinbestekoa delako Euskal Herria orekan mantentzeko.

Eta garbi al du gizarteak ere?

Nire ustez, gehiago landu behar dugu arlo hori. Balio handiagoa eman behar diogu landa eremuko lanari, gizartea ez baita konturatzen. Datozen urteotan ondo landu beharko dugu alderdi hori. Gizartea zenbat eta kontzientziatuagoa egon, orduan eta errazagoa izango da Gobernua kontzientziatzea.

Inolako “extra” laguntzarik jasotzen al dute nekazaritza edo abeltzaintzako titular diren emakumeek?

Titular gazteei eta emakumeei laguntzen diegu batez ere. Emakumeek, emakume izate soilagatik, laguntza publiko batzuk jasotzen dituzte inbertsioak egiteko... Gure asmoa programa horiek kontsolidatzea da, horrela bi helburu lortuko genituzkeelako: batetik, nekazaritzako ustiategiek aurrera jarraituko dutela bermatzea, eta, bestetik, landatar herrixkak kontsolidatzea. Beste alde batetik, emakumeen elkarteek ordezkaritzak egiteko zerbitzua ipintzea ere eskatu digute. Gaur egun, abeltzaintzako ustiategietan ordezkapenak egiteko zerbitzu bat daukagu, epe laburretarako batez ere (ustiategiaren titularrak oporrak hartzen dituenerako, edo bajan egotean...). Hasieran mesfidantza punttu bat agertzen zioten zerbitzu honi, ez baita gauza erraza abereak uztea, baina dagoeneko sei edo zazpi urte daramatza martxan. Ordezkapenak egiteko zerbitzua gero eta kontsolidatuagoa dago.

Eta nola dago antolatuta? Lan-poltsaren bat daukazue?

Kasu askotan, tratu pertsonala izaten da ardatza: “Har itzazu hamabost eguneko oporrak, eta itzultzen zarenean neroni joango naiz”. Hala ere, lan-poltsa bat ere badago, gaixotasun edo oporraldietan erabiltzeko. Orain, amatasun eta aitatasuna ere sartu nahiko genituzke.

Nekazaritza sistemak aurreikusten al du gaixoaldi bajarik? Autonomoena bezalakoa al da?

Ez, ezberdina da. Nekazarien Gizarte Segurantzako erregimenak ez du bajarik aurreikusten, eta langabezia kobratzeko eskubiderik ere ez. Autonomoek, ordea, izan dezakete bajarik, edo langabezian egon. Nekazariek, beren Gizarte Segurantzan plus berezi bat ordainduz gero, aukera daukate bajagatik kalte-ordain bat jasotzeko, baina oso diru kopuru txikia da edonola ere. Duela hiru urte, Gobernu Zentralak aldaketa bat egin zuen Nekazarien Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean, autonomoen sistemari parekatzeko asmoz. Nekazaritzako ustiategien titularrentzat kostu handiagoa izango du aldaketa horrek, baina, trukean, estaldura handiagoa izango dute.

Aldarrikatzen al du lehen sektoreak autonomoen pareko sistemarik, ala horrela jarraituko dutela onartu dute?

Onartuta daukate, baina kontua da 65 urtera iristean, oso pentsio txikiak jasotzen dituztela. Beraz, nekazariak prest daude gehiago kotizatzeko, berme eta estaldura handiagoak izateko.

Gaiez aldatuz, zein ikasketa maila dauzkate emakume landatarrek?

%10ak ez du ikasketarik. Hauetako gehienek, 65 urtetik gora dauzkate. %54ak lehen mailako ikasketak dauzka; %21ak batxilerra edo lanbide heziketa, eta %15ak unibertsitate mailako ikasketak. Gaur egun, nekazaritzaren arloan, emakumeek gizonek baino prestakuntza hobea daukatela esango nuke. Faktore hori bikaina da sektorearen geroarentzat, eta etekina ateratzen ikasi beharko genuke. Jende gazteaz gainera, ondo prestatutako emakumeak ere baditugunez, egoera dinamiko, aktibo eta arrazionalagoan egongo gara ustiategiak kudeatzeko orduan.

Orain arte, nekazarien familia gehienetan, semea izaten zen ustiategiarekin gelditzen zena.

Nik uste hori iraganeko kontua dela. Gaur egun badira emakumeek zuzendutako ustiategiak, eta gizonek baino modu aktiboagoan egiten dute, gainera: haragien sektorean, ardoen sektorean, ardien sektorean, etab. Emakumeak ekimen asko zuzentzen ari dira. Beharbada konplexuagoa gerta dakieke orain arte tradizionalak izan diren arloetan (zerealak, patata, erremolatxa...), baina joera horrek ez du atzerabiderik.

Edonola ere, oso presentzia txikia daukate -sinbolikoa ia- nekazaritzako elkarte profesional, kooperatiba eta abarren kudeaketa organoetan...

Bai, nahiz eta kasuen %50 baino gehiagotan emakumeak izan ustiategien kontuak eta kudeaketa administratiboa eraman dituztenak. Artzaintzaren kasuan garrantzitsua da oso emakumearen papera, baina gainerako sektoreetan faltan botatzen da bere presentzia. Emakumeak ustiategian lan egin behar du, etxeaz arduratu, seme-alabak eta gurasoak zaindu... Zerbitzuak hobetzearekin, emakumeari maila guztietan ireki nahi diogu bidea. Baita zuzendaritza organoetan ere.

Landa eremuko emakumeen elkarteen lana goraipatu beharko genuke, kartetan eta kakorratzean baino askoz ere gauza gehiagotan aritzen dira. Bai, askoz ere gehiagotan. Elkarte hauek herrietako kultura dinamizatzen dute; hau da, tradizioa, historia eta, funtsean, herriaren ondarea bera landu. Eta mota guztietako erakundeak daude gainera: prestakuntzara zuzendutako elkarteak, hiritarrekin lankidetzan aritzeko elkarteak, elkartasunezkoak... Emakume landatarrak prest egoten dira talde eta elkarteetan parte hartzeko, hiri inguruetako emakumeak baino gehiago. Gonzalo S?enz de Samaniego Berganzo Esparrua sakonki ezagutzen duela mintzo da zuzentzen duen sailaz. Lanbidez enologoa den politikaria, bizitza osoan zehar egon da, nola edo hala, lehen sektorearekin eta landa eremuarekin lotuta. Mahastizainen familia bateko semea izanik, ondo baino hobeto ezagutzen ditu Arabako Errioxako mahatsondoak, eta badaki zertan datzan familiaren ustiategi-bodegako ardoa ekoiztu, kudeatu eta saltzea. Nekazari eta abeltzainen UAGA sindikatuko batzorde exekutiboan parte hartu du, eta bi legegintzalditan zehar bere herriko alkatea izan da, Samaniegokoa alegia (Araba). Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantzako funtzioko sailburua ezkonduta dago eta 35 urte ditu.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Patxi Salaberri Muñoa. Klasikoen gordailuaren sortzailea: Klasikoen gordailuak daukan bokazioa gure literatura guztia bere barruan izatea da

 

Irakurri

Nieves Zabala. Medicus Mundi Espainiako presidentea: Urte askoan zehar, ahalegin izugarria egin dugu Hegoaldean, baina gero eta pobre gehiago eta gero eta bazterkeria handiagoa daude munduan

 

Irakurri

Clemente Bernad. Argazkilaria: Nire argazki kamerarekin daukadan asmoa ez da erantzunak ematea, galderak botatzea baizik

 

Irakurri

Patxi Garai. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko koordinatzaile orokorra: Herri honetan ez dago kultur ekimenetarako dirua ipiniko duen J.P. Morgan bat edo Guggenheim bat

 

Irakurri

Luisa Etxenike. Idazlea: Ahaleginak kulturarekin duen harremanaren ideia galdu da, adimenaren askatasunak urrutiko espazioetara heltzea suposatzen duenaren ideia

 

Irakurri