Idoia Zabaleta. Koreografoa: Lan musikala egiten dut, baina ideietan oinarrituta

2010-10-22

BEGIRISTAIN, Edurne

Dantza, lengoaia artistikotzat du Idoia Zabaleta koreografoak. Idazkeratik eta lengoaiatik duena interesatzen zaio dantzatik, batez ere, eta bat-batekotasunaren lengoaiari garrantzi handia ematen dio. Filipa Franciscorekin sortutako Bicho eres un bicho eta Antonio Tagiarinirekin sortutako Royal dance of Antonio & Idoia dantza piezak aurkezten jarraitzen du, eta aldi berean, bakarkako lan berria prestatzeko lanean buru belarri sartuta dago orain.

Argazkia: Diario de Noticias, Jaizki Fontaneda.

Nola definitzen duzu zure burua dantzaren munduan?

Dantzaren munduan definizioak ez dira bat ere errazak. Gauzak erraztatzearren, koreografoa naizela esaten dut. Batzuetan artista moduan aurkezten naute, baina niri zailagoa egiten zait definizio hori, nahiz eta ideia horretara hurbiltzen ari naizen. Artista izatearen ardurara hurbiltzen ari naiz, eta gero eta beldurra gutxiago diot nire buruari artista deitzeari.

Zer da dantza Idoia Zabaletarentzat?

Dantza hainbat gauza dira. Une honetan dantza lengoaia artistiko gisa hartzen dut. Dantza pentsamendu modu bat da, lengoaia artistikoa da. Dantza ere ezagutza da, baina niri gehien interesatzen zaidana da idazkeratik eta lengoaiatik duena.

Biologia ikasketak egin zenituen. Nola eman zenuen dantzarako jauzia?

Biologia ikasi nuen, eta txikitatik pentsatzen nuen biologian arituko nintzela, ikerkuntza alorrean, laborategietan. Baina dantzaren munduan ustekabean sartu nintzen. Txikitatik kirolarekiko zaletasuna banuen, eta gimnasia erritmikoa egiten nuen, baina kirolak duen lehiakortasun kutsu hori ez zitzaidan bat ere gustatzen. Ordea, gorputz adierazpena eta lan talde lana oso gogoko nituen. Garai batean dantzan hasi nintzen gimnasia erritmikoaren diziplina gisa. Uste nuen alor horretan ikerkuntza gehiago eta diziplina gutxiago zegoela, eta ideia horrek erabat erakarri ninduen. Horrela, iritsi zen une bat biologia ikasketak eta dantza uztartzea lortu nuela. Gero eta gehiago erakartzen ninduen ezagutzaren munduak, ez bakarrik gorputzarenak, baizik eta mundua ikusteko moduak. Gainera, izugarrizko suertea izan nuen horretan, dantza egiteko beka bat eman zidatelako, eta New Yorkeko eskola batera joan nintzelako. Hortik aurrera dena jarraian etorri zitzaidan, gaur arte.

Biologian dituzun ezagutzak dantzan erabiltzen dituzu?

Bai, zientzia ikasketak mundu artistikoan eta sormenean asko erabiltzen ditut. Adibidez, dantzarako erabiltzen ditudan irudiak normalean oso meteorologiakoak edo paisajistikoak izaten dira. Nire irudimena biologiatik gertu dago. Eta, era berean, zientziak pentsamendua egituratzeko duen gaitasuna asko erabiltzen dut sortzeko. Sistemak sortzeko erabiltzen dut, piezak sortzeko baino.

Amsterdamen, Italian eta Bartzelonan egin zenituen dantza ikasketak. Ordea, Euskal Herrira itzultzea erabaki zenuen. Zergatik?

Maitasun kontuengatik eta Euskal Herria gogoko dudalako etorri nintzen. Gainera, Bartzelonako Mal Pelo konpainiarekin interprete moduan lau urtez lan egin nuen, eta ikusi nuen sormena gehiago interesatzen zitzaidala interpretazioa baino. Baina sortzaile hasberrientzat Katalunian geratzea zaila zen, eta garai hartan Euskal Herrian erraztasun gehiago zeuden sormen munduan. Horrek bultzatuta erabaki nuen hona etortzera.

Baina gaur egun zure lanak kanpoan du oihartzun handiagoa hemen baino. Harreman handia duzu Italiarekin edo Portugalekin...

Bai, hala da, eta espero dut hori aldatzen joatea. Azkenengo hiruzpalau urtetan lan asko egin ditut atzerrian: elkarlanean aritu naiz Portugaleko Filipa Franciscorekin eta Italiako Antonio Tagliarinirekin. Uste dut Euskal Herriko publikoak oraindik zailagoa duela nire lanak ikustea eta haiengana hurbiltzea. Kanpoan, ordea, errazagoa da, eta horregatik nire lana gehiago ikusten da kanpoan Euskal Herrian baino.

Publikoa eta lanak aurkezteko aukerak falta dira Euskal Herrian? Dantzari buruzko sentsibilizazio lan gehiago egin behar da?

Bai, arte eszenikoak, oro har, nahiko egoera zailean daude publikoarengana iristeko. Euskal Herrian dagoen antzoki sarea ez da nahikoa, hemen dantzarekiko interes gutxi dago, eta erakundeek ekartzen dituzten ikuskizunak oso ikusgarriak izaten dira; espektakulu hutsak dira orokorrean. Dantza munduan dauden beste lerroekin ez daude interesatuegiak. Euskal Herrian gauden sortzaileok ekoizten dugunarekiko inolako interesik ez dute. Hori arazo bat da. Eta nik uste dut Euskal Herriko publikoa erabat prestatuta dagoela egiten ditugun gauzak ikusteko, eta badituela kodeak dantza ulertzeko.

Argazkia: Edurne Begiristain.

Dantza garaikideko lehen ikasketak Julyen Hamilton, Alesandro Certini, Charlotte Zerbey eta David Zambranorekin egin zenituen. Haiengandik batez ere bat-batekotasuna ikasi zenuen.

Bai. Bat-batekotasuna ikasi egin behar da, entrenatu egin behar dituzu entzumena, akzio-erreakzio gaitasuna... Nik ez dut gorputzaren adierazpena gehiegi landu, niri gehien interesatzen zaidana egiturak edo sistemak antolatzea izan da, eta bat-batekotasunak hori lantzen du, hein handi batean. Joko egitura edo arau batzuk antolatzen dituzu, eta horiek kudeatu behar dituzu.

Dantzatik beti dago zer ikasi?

Bai, baina ez bakarrik dantzatik, literaturatik, edo arte bisualetatik ere ikasten dut. Oso gogoko ditut artisten arteko topaketak, asko ikasteko balio dutelako.

Lanerako, dantzarako edo koreografiak egiteko dantza ezinbestekoa duzu, ala musikarik gabe badakizu dantza egiten?

Musikarik gabe lan egin dezaket. Musika gustuko dut inspirazio moduan, mugitzeko edo berotzeko, baina ez dut beharrezkoa.

Hortaz, doinu dantzagarriak edonon aurkitzen dituzu?

Bai. Nik ideiekin lan egiten dut. Ideiak taularatzen ditut. Lan musikala egiten dut, baina ideietan oinarritzen naiz. Dantza egiteko abiapuntua ideiak izaten ditut.

Publikoak zein garrantzi dauka zuretzat?

Erabateko garrantzia du. Baina ez dut publikoan orokorrean sinesten, niretzat ikusleak dira. Lanak egiten ditudanean ez dut pentsatzen ikusleari gustatu behar zaionik; nire erronka da jakitea egiten dudanak zein eragin izan dezakeen kanpoan dagoen begirada horretan. Nire azken lanek anbiguotasuna lortu nahi dute, eta beti pentsatzen dut zein eragin izango duen kanpoan.

Argazkia: Edurne Begiristain.

Zer eskaintzen dizu publikoak?

Nik publikoari eskaintzen diot gehiago, publikoak niri baino. Publikoarengan pentsatzen dut, baina horrek ez du esan nahi publikoari nik egiten dudana gustatu behar zaionik.

Juan Gonzalezekin dantzaren ikasketarako espazio bat sortu zenuen duela bi urte Lasierran (Araba). Azala. Zer da zehazki?

Oraindik ez dago definituta, eta ez dut uste sekula erabat definituta egongo denik. Helburua da artisten arteko topagunea izatea. Une honetan batik bat koreografoak eta antzezleak daude bertan, baina idazleak, gidoilariak eta zinemagileak ere etorri dira lan egitera. Formakuntza eskaintzen dugu, baina formakuntza zer izan behar duen planteatzen diegu datozenei. Auto-eskola bat dela esan daiteke.

Euskal Herriko artistei bakarrik irekitako gunea da Azala?

Denei irekita dago. Horrelako esperientziak kanpoan nahiko arruntak dira, baina estatu mailan esperientzia gutxi daude oraindik. Hemen, Euskal Herrian, ohitura gutxi dago, eta nik interes handia daukat Euskal Herrian erreferentzia gune batean bilakatzeko. Estatuko eta kanpoko jendea etorri da, eta elkartrukea oso interesantea dela uste dut.

Sortzeko irrika dago Euskal Herrian?

Literatura eta arte bisualetan oso maila altua dugula uste dut. Oteizak edota Chillidak ondare handia utzi dute, eta hori nabaritzen da. Antzerkian ere ondarea badago, nahiz eta 90.hamarkadatik aurrera arte eszenikoak gehiegi erori diren ikuskizun handietan. Dantzan, berriz, gu gara Euskal Herriko lehendabiziko belaunaldia, 90. hamarkadan dantza egiten zutenak kanpora joan zirelako eta ez direlako bueltatu.

Argazkia: Diario de Noticias, Jaizki Fontaneda.

Lehenengo belaunaldia izatea erantzukizun handia da zuentzat?

Erakundeetatik presio handiagoa nabaritzen dugu, bai. Edonola ere, uste dut Euskal Herrian sortzaile interesanteak daudela, eta aurrera aterako direla. Bai erakundeek, baita guk ere, lan asko egin behar dugu. Azken sei-zazpi urteetan Euskal Herrian dantza asko hazi da, lan hobeak eta desberdinak egiten ari dira, eta hori osasuntsua da.

Eta hemendik aurrera zer duzu egiteko? Erronka asko dituzu?

Orain Azalari nolabaiteko egonkortasuna ematea da nire erronka nagusiena, eta lana badugu hor. Azala proiektu bizian bilakatzea da erronka. Horretaz gainera, sortzen jarraitzea nahiko nuke. Une honetan nire erronka da egin ditudan azken lanak Euskal Herrian gehiago aurkeztea.

Proiektu berririk ba al duzu eskuartean?

Nik aurten lan berri bat aurkeztu behar dut. Bakarka egindako lan txiki bat. Eta horretan nabil orain. Lan taldean egin dut lan beti, eta orain aurrenekoz egingo dut lan bakarka. Bizitza artistikoan gauza asko geratzen dira bidean, erabiltzen ez dituzunak, eta horiek berriro hartu eta erabiliko ditut. Birziklapen lana egingo dut. Urrian gauza horietatik aukeraketa bat egingo dut. Ideia argi batekin ari naiz lanean: abestiak, txoriak eta hormak. Idoia Zabaleta (Vitoria-Gasteiz, 1970) Idoia Zabaleta 1970ean jaio zen Gasteizen. Biologiako ikasketak egin zituen, eta alor horretan lizentziatzea lortu zuen. Hala ere, bide horretatik laster urrundu zen, eta dantzari ekin zion bete-betean. Dantza garaikideko lehenengo ikasketak Julyen Hamilton, Alesandro Certini, Charlotte Zerbey eta David Zambranorekin egin zituen, eta dantza berria eta bat-batekotasuna landu zituen, batez ere. 1992-1994 urteen artean, aldiz, beka bat eskuratu eta Amsterdamgo Dantza Berriaren eskolan jardun zuen bere ikasketak sakontzen. Bere jarduera profesionala alor askotara zabaldu da, baina batez ere hiru alorretan saiatu da. Beti garrantzia handia eman izan dio bat-batekotasunaren lengoaiari, eta horri buruzko ikerketa ugari egin du. Azterketekin batera makina bat saio egin ditu hainbat antzezle, musikari eta dantzariekin, ikuslearentzako zuzeneko ikuskizuna eginez eta parte-hartzaileen arteko lehenengo unearen sentsazioa bilatuz. Gisa honetako proiektu askotan hartu du parte, gainera. Ikertzea, dantzatzea eta sortzea dira Idoia Zabaletaren hiru oinarriak.Duela bi urte Juan Gonzalezekin dantzaren ikerketarako espazioa sortu zuen Lasierran (Araba): Azala.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Paula Kasares. Hizkuntzalaria: Hizkuntza-kultura-gizartea hirukotea banaezina da

 

Irakurri

Filipe Oihanburu. Musikari eta koreografoa: Euskaldunok anarkistak gara!

 

Irakurri

Pedro Elosegi. Gasteizko Folklore Akademiako zuzendaria: Beti saiatzen naiz “Dantza plazan” saioetan parte hartzen, bertan jotzen aritzea eta jendea dantzan gozatzen ikustea pozgarria baita

 

Irakurri

Blanca Gómez de Segura. Euskal Buztingintza Museoko zuzendaria: Buztingileok jakinduria bat berreskuratzen ari gara

 

Irakurri

José María de Orbe Klingenberg. Zinemagilea: Kezkak dituen zinemagileak bide luzea du burutzeko. Artea bukaezina da

 

Irakurri