Elkarrizketa Gaiak Atzoko Irudiak Euskobooks Euskal Kantutegia Efemerideak Kosmopolita Art-Aretoa Artisautza Udalak Links:
ELKARRIZKETA Inicio > EM 221 > Elkarrizketa
2003/09/11-19 Javier Etxebeste
Yahoo Europako zuzendaria "Hamabost bat urte beharko dira Internet normaltasun osoz eta bere potentzial guztiarekin aritu dadin" Estibalitz Ezkerra, Kazetaria
En Español Eguraldi ona atera da, nahiz eta irratikoek euria iragarrita zeukaten gaurko. Jendea batetik bestera dabil, eta harritzekoa da denbora gutxian herrigunean sortu den iskanbila. Ez da erraza izango aparkatzeko tokirik aurkitzea. Horixe pentsatu du Javier Etxebestek, eta pixka bat lehenago abiatu da hitzarturiko lekurantz. Azkenean, autoa nonbaiten uzteko eman dituen buelten ostean, garaiz iritsi da. Ez minutu bat lehenago, ezta beranduago ere. Irribarretsu dator, lasai. Aurreko egunean Estatu Batuetan egon dela dio, eta oraindik ez da ordu aldaketara ohitu. Terraza batean eseri, eta azken lau urte hauetan erabat engantxaturik daukan lanari buruz hitz egiten hasi gara berehala: Internet eta bilatzaileak. Orain arte, aholkularitza zein kudeaketa lanak egin dituzu. Bi arlotatik zeinetan sentitzen zara erosoen? Bata zein bestea atsegin ditut, baina bakoitza bere aldetik jorratu baino gehiago gustatzen zait bien arteko konbinazioa. Ziur aski, aholkularitzaren munduan ni baino trebeagoa den jendea egongo da, eta gauza bera kudeaketari begira. Nire ustez, besteengandik bereizten nauena da biak batera eramateko ahalmena dudala. Internet eta teknologia berrien esparruan horrek balio handia dauka, batez ere uneoro zure estrategiak definitzen ari zarelako. Beraz, alde batetik, ideiek garrantzi handia dute Interneten, baina, bestetik, ez badituzu aurrera eramaten ez dute ezertarako balio. Gainera, ideiak praktikara eramatea ez da uste bezain erraza izaten. Askotan, lehenago pentsaturik ez zenituen hainbat zailtasun agerian uzten dizkizu. Konbinazio horretan oso gustura sentitzen naiz. Ez litzaidake batere gustatuko egonkortasun handiko industrian kudeaketa lanak egiten ibiltzea. Bere garaian ibili nintzen horretan, freskagarri konpainia batentzat lan egin nuenean, baina, horrelakoetan, denborak egin dezakezun kudeaketa lanak baino eragin handiagoa dauka salmentetan. Inguru ezegonkor eta aldakorretan hobeto mugitzen naiz. Harrapatzen zailak diren munduak atsegin ditut. Hain zuzen, Internet bera mundu ezegonkor eta aldakorra da. Oraindik egiteko asko geratzen zaio. Asko, bai. Interneteko historiaurrean gabiltza oraindik. Sarritan erabiltzen dudan adibidea ipiniko dizut: XIX. mendean, bi motor sistema garatu zituzten: baporezkoa eta dieselekoa. Bata eta bestearen artean ez zen denbora tarte handiegirik egon, baina kontua zera zen: dieselak baporezko motoreari esparru industriala erabat kendu zion arte, ia ehun urte igaro behar izan zirela. Azken finean, baporezko motorrak industria osoa zeukan bere inguruan eraikia, eta hori aldatzea, nahiz eta teknologia berriak ekonomikoki abantaila handiak eduki, ez zen erraza. Garai hartan, oihalak egiteko tresnak baporezko makinekin funtzionatzen zuten, eta haiek berritzeko sekulako inbertsioa egin behar zen. Beraz, motor berria asmatzearekin ez da dena konpontzen. Interneten beste horrenbeste gertatzen da. Internetek duen indar guztia erakutsi ahal izateko gizartea eraldatu behar da, oraindik orain hesi ugari baitaude. Ez bakarrik ekonomikoak; sozialak, ohiturazkoak, ideologikoak, etab. Denetariko eragozpenak daude, eta normala da. Hamar-hamabost urte beharko dira Internet normaltasun osoz eta bere potentzial guztiarekin aritu dadin. Historiaurrean egon arren, zenbait urrats eman dira Internet barruan. Geroz eta webgune gehiago dago, eta denetariko eskaintzak aurki ditzake erabiltzaileak. Sarritan, uholde horren aurrean galduta sentitzen da erabiltzailea. Testuinguru horretan, Yahoo bezalako bilatzaileek badute zer esanik. Bai, eta horixe da, hain zuzen, gure planteamendua. Hasieratik, erabiltzaileen defendatzaileak izan gara. Gero, krisi guztiarekin, denbora batez errentagarritasunaren beharra inposatu zen, baina, nire ustez, gaur egun oreka berreskuratu dugu, izan ere erabiltzailea zein akzioduna maila berean jartzea lortu dugu.
Edukiak egunero hobetzen dira. Egun batetik bestera milaka web orri berri sortzen dira. Erabiltzaileen rola geroz eta garrantzitsuagoa da. Azken batean, Internet bi indarren artean dabil. Batetik, bitartekaririk gabeko medioa da: sortzaileek eta kontsumitzaileek harreman zuzena dute. Gaur egun, Interneten bidez, zeure gune propioa eduki dezakezu eta arazorik gabe irits zaitezke irakurlearengana. Era berean, erabiltzaileak zuzenean jo dezake edukien sorlekura. Niretzat hori oso garrantzitsua da. Kanpoko errealitatean, gizartean, sortzaileek eginkizun bat dute, eta haien eta erabiltzaileen artean beti dago bitartekari bat. Internetek hori guztia kuestionatu egiten du. Izan ere, errealitatean eraldatzen zaila dena moldagarri bihurtzen du. Bestetik, bitartekaritza desagertu egiten delako, edozein erabiltzailek sortzaile bihurtzeko askatasun osoa dauka. Gizartea mobilizatzeko faktore garrantzitsua da hori. Hesiak egon badaude, baina askatasuna ere. Kontua da zenbat eta sortze sistema handiagoa izan, orduan eta kaos handiagoa egongo dela. Horren aurrean, bilatzaileek sortzaile eta erabiltzaileen arteko komunikazioa errazten dute. Zarataren erdian, erabiltzailearentzat interesgarria dena aurkitzen laguntzen dute.
Bilaketak ohitura jakin batzuk bultzatzen ditu, eta erabiltzailea horietara ohitu behar da. Bilaketarako teknologiak, oraingoz, ez du nahiko genukeen zehaztasun guztia. Argi dago erabiltzaileek ez dutela nahi dituzten edukiak aurkitzeko bilatzaile ideala lortu. Gaur egun, hamar bilaketatik ia bostek ez dute erabiltzailearen helburua betetzen. Beraz, hobetzeko esparru handia daukagu. Gainera, marken arrakasta maiztasun handiz aldatzen da. Azken lauzpabost urte hauetan, esate baterako, hiru marka inguru egon dira modan. Horrek agerian uzten du teknologiaren aldakortasuna. Akziodun eta erabiltzaileen arteko oreka aipatu duzu, baina normala da halakorik aurkitzea gainerako atarietan? Industriako arlo guztietan, hasieran erradikaltasunaren esparrutik mugitzen zara, batetik bestera. Hastapenetan, Internet burbuila baten modukoa zen; ez zion errentagarritasunari garrantzi handirik ematen, eta erabiltzaileak erabakitzen zuen dena. Bisitak edukitzearekin nahikoa zuen, ez zuen besterik behar akziodunengandik dirua lortzeko. Baina azken bi urteetan gauzak aldatu ziren. Atariaren planteamendua erabiltzailearentzat ona izan arren, epe laburrean ez bazen etekinik lortzen, ez zegoen etorkizunik. Argi dago memento batetik bestera desoreka handia egon dela. Hasieran errentagarritasuna ez da aintzat hartzen, eta, ondoren, ezinbestekoa da aurrera jarraitzeko. Dena den, une honetan orekatik gertuago gaude.
Gainera, bilaketen munduan errazagoa da oreka aurkitzea. Hartu dezagun publizitatearen kasua. Bilaketa batean, aurkitu nahi duenaz aparte, bilatzen duenak agian zerbait erosteko interesa izan dezake. Horrelakoetan, eskaintzak aurkezteak balio handia dauka. Beraz, ez dago gatazkarik erabiltzaileak aurkitu nahi duenaren eta iragarlearen asmoaren artean. Errentagarritasuna automatikoa eta naturala da.
Baina publizitateak ez du beti horrela jokatzen. Batzuetan erabiltzaileari ez zaio interesatzen. Mundu naturalean, publizitatea eten daitekeen zerbait da. Irratia entzuten ari zarela, iragarkiak ez bazaizkizu interesatzen katez alda dezakezu; beste horrenbeste esan daiteke telebistaz zein prentsaz. Eredu hori Interneten aplikatzea izan da gure apustua. Gainera, Internetek horiek baino askozaz aukera gehiago ematen ditu. Izan ere, telebistan zein irratian, katez aldatzerakoan daukazun aukera mugatua da. Aldiz, Interneten ez dago mugarik. Bestetik, ordainketa bidezko atariak daude. Ordaindutako zerbitzuen artean, bi mundu daude: teknologia zein zerbitzuen inguruan ari diren atariak batetik, eta edukiena bestetik. Lehenengoen kasuan, etorkizunari begira geroz eta beharrezkoagoak izango diren heinean, eredu hibridoak sortuko dira. Hau da, ordaindu beharreko eta dohaineko zerbitzuak uztartuko dituzte. Gaur egun, arrakasta handia daukate. Yahook, adibidez, hiru milioi erabiltzaile ditu halako zerbitzuengatik ordaintzen dituztenak. Baina ez dut uste halako zerbitzuen arrakastak dohainik direnak desagerraraziko dituenik. Aitzitik, aldea nabarmenagoa izango da ordaintzekoak diren eta dohainik diren atarien artean.
Bestetik, edukien mundua daukagu. Horren barruan, behin baino gehiagotan kontsumitzen diren edukien atariak zein behin bakarrik kontsumitzen direnena daude. Lehenengoak (musika, bideoak zein jokoak aurkituko genituzke hor) etorkizun argia dauka. Agian arazo nagusia azpiegiturak lirateke, eduki horietaz ondo gozatzeko gutxieneko baldintza batzuk behar baitira (banda zabala, etab.). Baina behin bakarrik kontsumitzen diren edukiak, albisteak eta, esparru konplexuagoa da. Ez naiz ausartzen iritzi bat ematera. Behin bakarrik irakurriko duzun albiste bategatik merezi al du ordaintzea? Ez dut batere argi ikusten nola uztartu daitezkeen formula biak.
Bideoa eta musika aipatu dituzula, bere garaian Internetetik horrelako edukiak inolako kontrolik gabe jaisten zirela-eta istilu handia sortu zen. Batzuen ustez, Interneti lege zehatzak falta zaizkio. Legea egon badago, kontua da mundu errealeko araudi bera aplikatzen zaiola Interneti, eta zenbait kasutarako ez da aproposa. Pertsona bakoitzaren jarrera, esate baterako, ezin da kontrolatu. Pertsona guztien eskubideak erregulatzea ez da erraza. Baina, azkenean, Napster itxi egin zuten. Beraz, legeak egon badaude. Agian gizartea eta erakundeak mentalizatzen hasi beharko ginateke, ezta? Zentzu horretan, zer iruditzen zaizu Eusko Jaurlaritzak Interneten inguruan daraman politika? Orain Europatik nabilenez, gainerako herrialdeen errealitatea ezagutzeko aukera izan dut, eta, haiekin konparatuta, Espainiako egoera ez da batere ona. Europa aurrera doa, Frantzia, Alemania eta Eskandinaviako herrialdeak batik bat. Azken horiek, baliabide eta erabiltzaile kopuru handiagoa izan dute hasieratik. Espero dut plan berriarekin gauzak zertxobait aldatzea, trena hartzeko azken aukera izango baitute hau. Dena den, Euskal Herriko egoera dezente hobea da. Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako gobernuak Espainian ikusi ez dudan jarrera agertu dute Interneten promozioari begira. Agian azken bi urteetan Eusko Jaurlaritzak eman dituen urratsak ez dira nahikoak izan, baina, gutxienez, norabide onean doaz. Lehenik eta behin, beren helburua argia da, eta lortu nahi dutena beharrezkoa da: Interneteko erabiltzaile kopurua handitzea, edozein pertsonari (berdin du zer nolako hezkuntza maila eta zenbat urte dituen) bitarteko honetara gerturatzeko aukera ematea. Era berean, enpresa handi, ertain zein txikietan Internet aplikatzea oso baikorra iruditzen zait. Kontzientziazio kanpaina egokia da; Euskal Herriko erakundeak lan ona egiten ari dira.
Kontzientziazio kanpainak ezinbestekoak iruditzen zaizkit. Azkenaldian, Interneti buruz heltzen zaizkigun berriak ustelkeriari, pornografiari zein pribatutasun arazoei lotuta doaz beti. Badirudi Internetek alde ilunak besterik ez dituela, eta Internet gizartea bezalakoa da: alde ilunak eta argiak ditu. Lehenengoak saihesteko, kontzientziazio kanpainak behar dira. Horrekin, bitartekoaren erabilera egokia sustatzeaz gain, erabiltzaile kopurua handituko da. Badakit kanpainekin ez dela nahikoa, benetako sarbideak eta azpiegiturak ere eskaini behar direla. Baina lehen urrats moduan, ez dago gaizki. Globalizazioa hainbeste aipatzen den garai honetan, Internetek tokian tokiko atariak garatzeko aukera eskaintzen du. Askok aipatu dute hizkuntza gutxituei sareak eskaini ahal diena. Zure ustez, amaraun horretan euskarak zer eginkizun izan dezake? Beti pentsatu izan dut Internet euskararen arazoa konpontzeko bitarteko aproposa dela. Gaztelaniaren eta frantsesaren itzalean, euskarak asko sufritzen du. Beraz, hizkuntza horietan aurki ditzakezun edukiak euskaraz ematera mugatzen bazara, nahiz eta euskalduna izan, erraztasunera joko du jendeak. Oso militantea izan behar da bat euskararen aldeko apustua egiteko. Hori konpentsatzeko, mundu garbiak, euskaraz bakarrik aurki daitezkeen guneak eraiki behar dira. Internetek halako gauzak ahalbidetzen ditu. Euskaldun guztiengana irits daiteke inolako banaketa arazorik gabe, eta hainbat produktu eskaini ditzake kostuak handitu gabe. Euskararen mundua eraiki daiteke horrela, mundu hibridoa. Euskaraz dauden eduki guztien atari nagusi bat egin daiteke, eta, aldi berean, gune bakoitzak bere izaera propioa mantentzea. Mundu errealean halakorik egitea oso zaila da. Ni neu konbentzituta nago Internetek asko eman ahal diola euskarari, eta ahal dudana egingo dut sarean bere presentzia ziurtatzeko. Badakit ez dela kontu erraza izango, batzuetan pixka bat parrokialak baikara gauzak egiteko orduan. Baina azkenean lortuko dugula uste dut. Gaur egun, euskaraz aurki daitezkeen atarien artean Euskonews & Media dago, eta, hain zuzen, bost urte bete ditu hilabete honetan. Bai. Eskertzekoa da orain dela bost urte Eusko Ikaskuntzak egindako ahalegina Euskonews & Media bezalako kalitatezko produktua eraikitzeko orduan. Irakurle moduan oso interesgarria iruditzen zait. Hala ere, nire ezagutza bilatzaileen mundura mugatzen da, eta edukien esparrua ez dut hainbeste kontrolatzen. Aholkuak ematea, beraz, ausartegia litzateke. Dena den, nire ustez elkar baztertzeko joera duten helburu bi antzeman dizkiot Euskonews-i: batetik, hezkuntza aldetik goi-mailako produktua da, eta, bestetik, zabalpen handia bilatu nahi du. Askotan ezaugarri biak produktu berean txertatzea zaila izaten da. Kalitatezko produktua osatu behar da, bai, baina nik neuk Yahoon erabiltzen dudan eskaparatistaren teknika aplikatuko nioke. Hau da, jendea dendan sar dadin, erakusleihoan ipini beharrekoa ondo erabakitzeko trebetasun handia behar da. Ez da gauza bera erakusleihoan dagoena eta gero erosten dena. Irakurlea erakartzea lortu behar da. Kazetaritzarekin jarraituz, etorkizunik ote du Interneten? Etorkizuna eduki badu, beste kontu bat da ohiko edizioekin zer gertatuko den. Niretzat komunikabideak enpaketatzaile batzuk dira. Agentziako albisteak dauzkate, beren artikulugileak, eta iritzi -emaileak. Zentzu horretan, elementu horiek guztiak produktu batean biltzeko modua irakurleak ontzat jotzen badu, arrakasta izango du. Bestela ez. Gaur egun, ahalmen ekonomikoa da egunkari bat argitaratzeko zailtasun nagusia. Ezin du edozeinek sortu; gutxi daude eta mugatuak dira. Horrek lehia txikia izatea eragiten du. Internetek, aldiz, aukera guztiak zabaltzen ditu. Etorkizunari begira, kazetariak ez du enpaketadorearen beharrik izango; aurrerantzean, irakurleak bere lana zuzenean baloratuko du, agentziarena edonoren esku egongo baita. Beraz, komunikabideek ondo pentsatu beharko dute baloreen katean zer rol jokatu nahi duten, bestela desagertuko dira. Gaur egun, zenbat denda txikik saltzen dituzte etxeko produktuak? Oso gutxik. Jendea supermerkatura doa haiek erostera. Komunikabideekin beste horrenbeste gerta daiteke. Ez dut esaten desagertuko direnik, baina bai beren rola berriro definituko dela.
Bestetik, kazetariek mundu horretan lehia handiagoa aurkituko dute, baina baita askatasun handiagoa ere. Une honetan, edozein erabiltzaile bihur daiteke kazetari zein editorial. Bere produktua ona bada, arrakasta handia izan dezake. Bestetik, Internetek kanpoko zein barruko aldaketak ekarriko ditu. Kazetari bat munduko edozein txokora joan daiteke, eta gutxieneko edizio sistema batekin produktu multimediatiko bat lor dezake erraz asko. Horrek komunikazio industria osoa eraldatuko du. Dagoeneko ari da eraldatzen.
Komunikazio enpresa tradizionalei zuhur ibiltzeko aholkatuko nieke. Kazetarien kasuan, gogorra izango da, baina produktuaren kalitateak neurtuko du beren arrakasta. Jakina, aurrerapen guztiek beren kostua dakartzate. Lanpostuak desagertuko dira, eta horrek beti eragiten du erresistentzia. Saihestu ezin diren kontuak dira. Ordenagailuetan ez ezik, Internet beste bitarteko batzuetara zabaltzen ari da, telefonia mugikorrera esate baterako. Hortik etorriko dira hurrengo urratsak? Zaila da horri erantzutea. Ahotsari zor zaio mugikorrek lortu duten arrakasta. Mezu laburrena orain dela gutxiko fenomenoa izan da, arrakastari begira noski. Teknologia horrek zenbat urte dituen galdetuko banizu, ziur aski ez zenioke bost urte baino gehiago emango. Bada hamazazpi urte ditu. Denbora horretan, mundu osoko operatzaileek ez zuten lortu mezu laburren arrakasta komertziala. Agian mezuek ahotsari kalte egitearen beldur zirelako (oso negozio errentagarria da ahotsa), kontua da ez zekitela teknologia horri zer erabilpen eman. Bat-batean, orain dela bost urte gutxi gorabehera, Finlandian eta Suedian modan jarri zen neskek mezuak elkarri bidaltzea klasean zeudenean. Eta hortik gazte guztien artean ezinbesteko elementu izatera igaro zen. Beraz, industriak ez du arrakastarako tradizio handiegirik izan. Azkenean, erabiltzaileak beraiek dira teknologiari erabilpen balioa ematen diotenak, ez sortzaileak. Sortzaileak teknologoak dira; beren betebeharra teknologia jendearen bizimoduan nola txertatu aurkitzea da. Internet jada ari da mugikorretan sartzen, baina ziur aski ez du guk pentsaturik daukagun erabilera izango. Wap izan zen Internet mugikorren bidez erabiltzeko lehen proposamena, eta non dago orain? Inork ez du horretaz hitz egiten. Adibide bat jarriko dizut: uraren kasuan, nola erabakitzen du batek etxerako zenbat potentzia behar duen? Zerbaiten arabera neurtu beharko da hori, ezta? Ziurrenik, etxe horretan zenbat bizilagun dauden, zenbat aldiz dutxatzen diren, eta beste hainbat gauza kontuan hartuko dituzte kopurua finkatzeko. Hau da, erabileraren arabera potentzia bat ala beste beharko da. Bada, Interneten munduan jendeari zenbat behar duen esaten diogu, baina ez zertan eta nola erabili behar duen. Eta, jakina, kaleko pertsona bati esaten badiozu banda zabala behar duela, edo 512k, ez du jakingo zertarako den. Nire ustez, kontrakoa egin beharko litzateke. Hau da, erabileran dago balioa, ez azpiegituretan.Ondo azalduz gero, jendeak komeni zaiona aukeratuko du. Baina industrian sartu, eta itsutu egiten da bat. Ez duzu erabiltzailea aintzat hartzen. Telefonia mugikorrari horixe gertatzen zaiola iruditzen zait. Argi dago Internetek hortik joko duela, baina nik neuk ez dakit nola eta jendeak ezta. Javier Etxebeste
Iruñean jaio zen, 1961ean.
Iruñeako San Fermin ikastolako ikasle izan zen, lehen promoziokoa hain zuzen. Hamalau urterekin jesuitetan hasi zen. Han lau urte egin ostean, Donostiara joan zen Enpresa Zientziak ikastera (1979-1984).
1984an Euskadiko Kutxako Ikasbide programan sartu zen, eta lau urte igaro zituen han. Ikasbideren bitartez, hozkailu eta autoentzat piezak egiten zituen Lizarrako enpresa batean zein Madrilgo Euskadiko Kutxako zuzendari lanetan ibili zen. 1988. urtea arte Fagor Clima enpresako esportazio arduraduna izan zen.
Urte hartan, Eusko Jaurlaritzako beka bati esker, Iparramerikara joan zen master bat egitera. Bi urte egon zen han, Indianan zehazki. 1990. urtean amaitu zuen masterra, eta Madrilgo aholkularitza enpresa batean sartu zen. Bost urtez, hainbat enpresekin egon zen harremanetan, baina guztiak talde berekoak ziren. "Aholkularitza munduan nahiko maiz gertatzen da hori". 1995ean Pepsik Iparraldeko zuzendari komertzial izendatu zuen. Bi urte igaro zituen ardura horrekin, eta urte bete enpresa bereko ostalaritza saileko finantza arduradun gisa.
1998an aholkulari lanetara itzuli zen, eta telekomunikazio arloan mugitzen zen Clusterrean sartu zen. 1999ko udan Yahoorentzat lanean hasi zen. Gaur egun, Yahooko Europako zuzendaria da. Euskomedia Fundazioko patronatuko kidea dugu.