Jose Mari Muxika: "Topagunean biltzen diren jarduerak euskal gizarteak eskatzen dituen jarduerak dira"

2002-03-01

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Jose Mari Muxika Jose Mari Muxika, Topagunea Federazioko lehendakaria "Topagunean biltzen diren jarduerak euskal gizarteak eskatzen dituen jarduerak dira" * Teresa Sala 1988. urtean egin zuen topo Jose Mari Muxika getxotarrak euskalgintzarekin eta geroztik horretan dihardu. Nahiz eta berea oso bestelako lanbidea izan, euskararekin harremana sendotu eta indartzea izan du beti helburu. 2000. urtean Topagunea Federazioko lehendakari izendatu zuten eta baikortasunez mintzo da bai elkartearen osasunez eta baita euskararen bilakaeraz ere. Topagunea Euskal Herri mailako euskara elkarte eta herri aldizkariak biltzen dituen federazioa da. Euskara elkarte eta herri aldizkarien mugimenduan etengabe sortzen ari diren proiektu berrientzako harreman gune finkoa sortzea, antzeko gaien inguruko esperientziak eta ideiak trukatzeko topagune izatea, baliabide ekonomikoen optimizaziorako kudeaketa zentralizatua bideratzea eta administrazioen eta bestelako erakundeen aurrean solaskide bakar eta errepresentagarria izatea ditu helburu nagusi. Noiz eta nola sortu zen Topagunea? Zein bilakaera izan du? Duela bost urte sortu zen Topagunea Federazioa, 1997an, prozesu bateratzaile baten ondorio gisa. Lehen egoitza Durangoko "Berbaro" euskara elkarteko lokaletan izan zuen. Egun, aldiz, hiru lantoki ezberdin ditugu; Arrasaten, Lasarten eta Abadiñon. Langile batekin hasi zen, baina jarduera garatzen joan den neurrian langile kopurua ere gehitu egin da eta gaur egun hamar kide inguruk egiten dute lan Topagunean. Hamabost bazkidek sortu zuten Topagunea eta egun 61 bazkide inguru ditu federazioak. Hauetatik hiru Arabakoak dira, 25 Bizkaikoak, 31 Gipuzkoakoak eta bi Nafarroakoak. Behe Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan ez dugu oraindik bazkiderik. Herrialdeei dagokienez, desoreka pixka bat nabari dugu, nahiz eta kontuan izan behar dugun euskal hiztunen %80a baino gehiago Bizkaian eta Gipuzkoan bizi dela. Ildo honetan, Bizkaiko egoerak arduratzen gaitu gehien, bertan Gipuzkoan besteeuskal hiztun bizi baita eta euskara elkarteak dauden arren, jarduera aldetik eginkizun anitz baitaude garatzeko. Zeintzuk dira Topagunea Federazioak gauzatu nahi dituen helburu garrantzitsuenak? Zeintzuk momentuan dituen erronkak? Topagunea euskara elkarteen federazioaren azken helburuak bere bazkideen helburu berak dira. Horietaz gain, bi dira dituen zeregin edo eginkizun nagusiak: euskara elkarteen jarduera sustatzea eta euskara elkarteei zerbitzuak eskaintzea. Euskara elkarteekin batera federazioa sendotzea da erronka nagusia. Horretarako, pixkanaka azpiegitura bat eraikitzen ari gara; federazioaren zeregina, baloreak eta oinarrizkoak zaizkigun kontzeptuak batera landu, finantziabide ereduak arautu eta guztiaren antolaketa garatzen saiatzea. Nolakoa da Topagunearen funtzionamendua? Topagunea bederatzi pertsonez osatutako zuzendaritza batzorde batek zuzentzen eta kudeatzen du. Sei arlo ezberdinetan sailkatuta edo antolatuta dago federazioa: Zerbitzu orokorrak, kulturgintza, haurrak eta gazteak, erakundeen euskalduntzea eta euskaldun berriak eta herri komunikabideak. Bakoitzak bere zeregin berezia duenez, arlo bakoitzak bere lantalde batzordea dauka edo izateko bidea darama. Zenbat pertsonek egiten dute lan Topagunean? Arlo bakoitzeko batzordea ez ezik, eginkizun konkretu horretan lanean diharduten pertsonak daude. Arlo guztien garapen maila ezberdina da eta urtean zehar aldaketa anitz pairatzen ditu lan egiteko moduak, jarduerak maiz aldatzen direlako. Orotara hamar pertsonek egiten dute lana Federazioaren jardueretan. Herri komunikabideen sailak eskatzen du lan gehiena eta baita ahalegin handiena ere. Euskara Elkarteak eta herri aldizkariak, guztiak dituzue bazkide. Zenbat daude? Nola sailkatzen dituzue? Lehen esandakoari eutsiz 61 bazkide gara federazioan, beraz, euskara elkarte izana duten guztiak dira bazkideak. Agian hurbileko informazioa eskaintzen duen irratiren bat edo beste bazkide izan daiteke, baina bazkide izateko "euskaraz jardutea" baldintza gainditubeharra dago. Bazkide ez diren herri aldizkarien artean "Xaloa" edo "Oarso" aurki ditzakegu. Egun Euskal Herrian dauden euskara elkarteen %91a Topagunea Federazioko bazkide da. Bazkide diren elkarte hauek 38 aldizkari argitaratzen dituzte. Hauetatik 9 astero; 16 hamabostero; 11 hilabetero eta 2 bakanago kaleratzen dira. Honetaz guztiaz gain, herri aldizkariak ez diren beste aldizkari berezi batzuk ere argitaratzen dituzte euskara elkarte batzuk. Zein da Federazioaren barne dauden herri aldizkarien zabalkundea? Astero 71.000 ale kaleratzen dira, hamabostero 39.300 ale, hilero 60.000 ale eta bakanago 10.000 ale. Produkzio hau urtera egokituz gero, 4.708.600 aleekin egingo genuke topo. Esan beharra dago ez dagoela euskaraz maila horretara heldu daitekeen beste aldizkari edo argitalpenik. Azkenaldian aldizkariak sendotzen ari dira, maiztasuna ugaltzen, kudeaketa finkatzen, argitalpenak handitzen, soldatak eguneratzen eta elkarlana indartzen, beraz une baikor bat bizitzen ari garela esan daiteke. Topagunea Federazioak kudeatzen duen kulturgintza arloa indarra hartzen ari da. Urtean 125 emanaldi baino gehiago antolatzen ditugu federaziotik bertatik. "Kultur Errota " deritzon jarduera honetan 25 elkarte inguruk hartzen dute parte, Bazkide eta kultur teknikariei formatu txikiko antolakuntza eskaintzen diegu, modu honek aukera berriak ematen baitizkie; erakunde publiko zein pribatuak gustuko dituzte gainera. Beste ingurubira edo zirkuitu mota batzuk antolatu daitezkeela aurreikusten dugu: ikastaroak eta hitzaldiak, adibidez. Haur eta gazteen arloan hamaika elkarte ezberdin ari dira lanean. Haur eskolen kanpoko ekintzak eta iharduerak indartu nahi ditugu, nola egin eta zein bide jarraitu da momentuan aztertzen ari garena. Euskararen normalizazioak ere izugarri kezkatzen gaitu. Ildo honetan, euskaldun berriei dagokien arloan hamabi elkarte dabiltza lanean. Zein da elkarte eta bazkide guztiek gauzatzen dutenaren eragina? Gure elkarteetan 8.500 bat bazkide izango dira. Soldatabaten truke lan egiten dutenez gain, badaude borondatez ahalegintzen direnak eta guztira 600 inguru direla uste dut. Gure herri aldizkarien irakurleei dagokienez, astero 240.000 dira, hamabostero 130.000 eta hilero 210.000. Emaitza hauek euskararen gizartean eragina badugula ziurtatzen digute. Zer suposatzen du Topagunea Federazioaren barne egoteak? Zerbitzu konkretu batzuk eskaintzen dizkiegu gure bazkide direnei. Besteak beste, Topaberri izeneko barne boletina kaleratzen dugu bi hilean behin federazioko elkarte eta herri aldizkarietako esperientzia zein egitasmo interesgarrien berri emanez. Bazkideen beharrei egokitutako ikastaro ezberdinak antolatzen ditugu eta mintegi eta jardunaldi ezberdinak ere antolatzen ditugu. Zeintzuk dira Federazioaren diru iturri nagusiak? Zeintzuk aldizkari eta euskara elkarteena? Zein litzateke formula egokia? Ezinezkoa da eredu orokor bat ematea, jarduera batzuk eskaintzen dituzten aukerek ez daukatelako zerikusirik beste batzuk eskaini dezaketenarekin. Batetik, haur eta gazteen udalekuetan %90a autofinantzatzea lortzen dugu. Bestetik, haurrekin lan egiteko prest dagoen taldea aurkitzeak eta hori sustatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eraikitzeak ez du kobratzeko aukerarik ematen. Kulturaren edozein esparrutan egun gertatzen den lez, honetan ere dirulaguntzak premiazkoak dira. Ez dugu ahaztu behar gure jarduerak lanpostu asko eskatzen dituela. Orotara 200 bat langile izango ditugu federazioan. Laburbilduz, premiazkoa iruditzen zait esatea, Topagunean biltzen diren jarduerak euskal gizarteak berak eskatzen dituen jarduerak direla, eta, beraz, kontuan hartu beharrekoak. Zer da lortu nahi dena? Gizarteak eskatzen dituen jarduera hauek egileentzat ekonomikoki jasangarriak izan daitezen da lortu nahi dena, besterik ez. Ekimen batzuk autofinantzatze osoa dute eta beste batzuetan, aldiz, autofinantzatzearen erdia lortzea litzateke xedea. Gauzatu ez daitezkeen jardueren zergatiak aztertu beharko genituzke, agian gizarteak behar ez duenzerbait bideratu nahi delako. Dena den, Topagunea duela bost urte sortu zen eta goiz da horrelako ondorioak ateratzen hasteko. Zein bide jarraituko da? Topaguneak bazkideei eskaintzen dizkien zerbitzuak kobratzeko intentzioa dauka. Dirulaguntzei dagokienez, hauei iraunkortasuna emateko moduak aztertu beharko genituzke. Ildo honetan, erakunde publikoekin hitzarmen bide bat adostu ahal izateko ratio batzuen bila gabiltza. Arrasate bezalako herri batean adibidez, zein da herri aldizkariak duen eragina? Eta euskara elkarteak? Arrasaten "Arrasate Euskaldun Dezagun", "Txatxilipurdi", "Ekin" eta "Arko" ekimenak daude. Elkarlanean jokatzen dute guztiek eta kuota ordaintzen duten 900 bazkide ingururen sostengua daukate. Arrasateko kasua nahiko bitxia dela esango nuke eta azterketa soziologiko bat beharrezkoa litzatekeela iruditzen zait baina nik ez dauzkat honetarako beharrezkoak diren datu guztiak. Zer deritzozu herri aldizkari eta ekimenak eskualdeka eskaintzeari? Topagunearen aburuz, herrietako komunikabideen etorkizuna eta baita beste jarduerena ere, eskualdeka antolatuz gero ziurrago aurreikusten da. Beraz, norabide hori jorratzen ari garela esango nuke. Horren lekuko dira, besteak beste, Sakanako "Oixe", Durangaldeko "Anboto" edo Debagoieneko "Goienkaria". Behetik gorantz doan lana da, betiere ahal den neurrian elkarlana sustatzen dugularik, astiro eta liskarrik sortu gabe, ez herri artekoak eta ezta kutsu politikokoa dutenak ere. Arrasatearra izaki, "Goienkariaren" kasua da hobe ezagutzen duzuna... Eskualdeko herri aldizkariekin batera kaleratzen den astekaria dugu "Goienkaria", eta azken asteotako tirada 21.000 ale ingurukoa izan da. Goiena Telebista ere badago Debagoienan... Bai, eta aldizkaria bezala oso emaitza onak eman dizkigu. Aldizkariak eskualdeka antolatzea ongi iruditzen bazaigu, telebistaren kasua ere primerakoa otutzen zaigu. Herriko telebista txikiek behar dituzten inbertsioak, mantenu eta jarduera gastuak izugarriak dira, ezinezkoa egiten zaie aldizkarienpublizitate maila lortzea eta eskualdeka antolatuz gero arazo guzti hauek gutxitzen ditugu. Nola ikusten duzu euskara eta teknologia berrien arteko harremana? Teknologia berriek aukera berriak ematen dituztela argi dago. Herri aldizkariei dagokienez, aurrerapauso erraldoiak eman dira teknologiei esker eta baita irrati eta telebista ezberdinetan ere. Internet dela eta, jada ez da beharrezkoa fisikoki lantokian egotea. Topagunea ere sarean dago eta ildo honetan gure helburua hurbileko herritarrei tokiko informazioa eskaintzea da, dena den, Bruselan, Renon edo Erroman bizi direnei ere gu ezagutzeko aukera eskaintzen diegu. Etorkizunean, beste hizkuntza batean ekoizten diren informazioak euskaraz eskaintzea gustatuko litzaiguke. Hori oso ederra izango litzateke. Jose Mari Muxika Getxon jaioa 1937an. 15 urte bete baino lehen fabrika batean hasi zen lanean. 31 urtekin Lovainan soziologia ikasketak burutu zituen. Gizarte arloan, gazte mugimenduan, nekazari mugimenduan, sindikalgintzan eta euskalgintzan aritu da. Lanean, fagor kooperatiban pertsonal buru, erosle eta kontseilu errektoreko bokala izan da. Gaur egun, Goienako kontseilu errektoreko kide eta Topagunea Federazioko lehendakari da. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 157.zbk (2002 / 3 / 1 8) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Miguel Sánchez Ostiz: "Idazle batek ezin dio gizateriari bizkarra eman"

 

Irakurri

Olivier Ribeton: "Euskal Museoa eta Baionako historiaren museoa zabalik: abiaburua edo helburua"

 

Irakurri

Arantxa Urretabizkaia: "Ezin dut, kazetaritza edo literaturen artean bat aukeratu. Nik biak behar ditut"

 

Irakurri

Xabier Arana: "Urdaibai natur santutegia litzateke ibai sarea eta basoak hobetuz gero"

 

Irakurri

Gonzalo Auza: "Guk garatu dugun know how-a, beste herrialde batzuetako euskal elkarteetan ere aplika daiteke"

 

Irakurri