Juan Ignacio Lorente: "Denoi gustatuko zitzaigukeen Martin izatea"

2000-06-02

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Juan Ignacio Lorente Juan Ignacio Lorente, Everestera igo zen lehen euskal espedizioko burua "Denoi gustatuko zitzaigukeen Martin izatea" * Traducción al espanol del original en euskera Estibalitz Ezkerra Duela hogei urte lehen euskal espedizioa Everesteko gailurrera heldu zen. Sei urte lehenago saiakera bat egon zen, baina huts egin zuten. Bigarrenean lortu zuten beren asmoa. Angel Rosen, Luis Mari Saenz de Olazagoitia, Felipe Uriarte, Ricardo Gallardo, Juan Ramon Arrue, Joxe Urbieta, Emilio Hernando, Kike de Pablos, Xabier Erro eta Javier Garaioa Martin Zabaletaren itzuleraren zain zeuden, bera izan baitzen tontorra egin zuen kide bakarra. Taldekideen artean Juan Ignacio Lorente ere aurkitzen zen, espedizioko burua. Igoera hartaz zeintzu oroitzapen gordetzen dituzu? Gauza asko gordetzen ditut, agian horietako batzuk lausotuta. Baina gehienbat prestakuntzaren inguruko oroitzapenak dira, ez bakarrik duela 20 urtekoak, 74ko espediziokoak ere. Pertsona nagusia naiz eta gainontzekoek bezala duela 30 urte gertatutakoa, duela bi astetakoa baino freskoago gogoratzen dut. Batez ere niretzat eta taldearentzat gauza haiek izan zuten garrantziagatik. Gaur egun igoerak gehiegi pertsonalizatzen dira. Garai hartan talde bat osatzen genuen eta taldeko helburua zen tontorra egitea. Garaipena dudarik gabe denona zela sentitzen genuen. Denok zerbait pertsonala bezala hartu genuen. Guztioi Martin izatea gustatu izan zitzaigukeen baina nik uste poztasun handiko zerbait izan zela guztiontzat. Martin itzultzen ez zelako igaro genituen une gogorrak gogoratzen ditut, etxeratzerakoan egin ziguten harrera ikaragarria izan zen. Euskadin garrantzi handia izan zuen eta une ahaztezinak izan ziren. Zergatik Everest eta ez beste edozein gailur? Mendizale guztiak ideiekin jaitzen dira. Gustokoak dituzten tontorrak egitearekin amesten dute beti, tontor ederrak. Andeetatik gentozen, espedizio hark arrakasta handia eduki zuen, mendi erreskate batean errespontsabilitate handia eduki genueneta guzti horrek taldea gehiago lotu zuen. Gogoratzen dut nola Dato kalean hiru gasteiztar biltzen ginen: Rosen, Juan Carlos Fernandez eta neu. Umetan amesten den bezala sortu zen ideia. Informazioa biltzeari ekin genion eta 65ean, bertan egon ziren amerikarrei idatzi genien. Dirua ere behar genuen. Toki askotan galdetu genuen; garai haietan KAS enpresa indartsua zen baina denek ezetz esan ziguten. Orduan CEGASAra jo genuen. Haiek ere zorotzat hartu gintuzten baina ideia interesgarria iruditu zitzaien eta baimena lortzea izan zen hurrengo urratsa. Garai hartan teorikoki urtero baimen bakarra ematen zuten. Gainera, Everestera igotzeko udaberria urtarorik egokiena zela uste zuten. 74. urterako britaniarrek soilik egina zuten gailurra baina ordura arte ingeles, frantziar, italiar edo austriarrek ez zuten bertara igotzerik izan. Herrialde haiek geuk genuena baino mendi esperientzia handiagoa zeukaten. Amerikarrek, indiarrek eta japoniarrek tontorra egin zuten baina oraindik jende asko falta zen berau egiteko. 74an gailurrera iritsi izan bagina Everesteko tontorrera heldutako bosgarren nazioa izango ginatekeen. Baina 8.500 metrotara gelditu ginen. Ondoren frantziarrak, italiarrak eta poloniarrak igo ziren. Baimena lortzeak zailtasun handiak zekartzan. Enbaxadarekin hitz egin behar zen eta politika kontuak nahasten ziren bertan. Baimenen atzean nazio indartsuak aurkitzen ziren eta geu Euskal Herriko gixajo batzuk baino ez ginen. Gainera, diktadura garaian euskal kutsua zuen orok... Filtrazioen bidez jakin ahal izan genuen lehen espedizioaren irteera Ministrarien Kontseiluan izan zutela eztabaidagai. Azkenean aurrera atera zen Espainiako Mendi Federazioko presidentea zen Jose Antonio Odriozolari esker, eta eragin handia eta benetan estimatzen gintuzten hemengo hainbaten laguntzarekin. Hala ere, ez zen euskal espedizio bezala atera,Tximist espedizio moduan baizik. 80an lortu genuen euskal espedizio gisa Everestera joatea. Euskal espedizio bat izateak, beraz, buruhausteak ekarrizizkizuen. Espainiarrek gailurra kontrolatzeko nahi handiak zituzten. 74an Alfil agentziako Lacalle izeneko erreportaria bidali zuten behe kanpamentura, euskaldunak gailurrera iristekotan albistea kontrolatzeko. Oso gaizki pasatu zuen. Noski, garai hartan albisteak bidaltzea ez zen gaur bezalakoa. Astebete behar zuten hona heltzeko. Espedizioak iraun bitartean une latzak biziko zenituzten: sherpa baten istripua, gailurretik bueltan Martinen itzulera luzea... Bai. Lhotseko gailurra egiteko asmoan zebilen espedizio bateko sherpa bati ere laguntza eman genion. Baina erabat zaurituta zegoen eta hil egin zen. Sherpek horrelako gauzei ez diete garrantzi handirik ematen. Beren erlijioak dituzte eta berpizkundean sinesten dutenez, oso fatalistak dira. Gure sherpetako bat zulo batera erori zen eta hura bizirik atera genuenean ez zuen aparteko ezer sentiarazi. Atera eta bizirik iraun zuen. Gero Katmandun eskerrak eman zizkigun. Zeu ere gailurra egitetik gertu ibili zinen. Saiatu izan banintz, baliteke gaur hura kontatzen ez egotea. Martinek eta biok gailurrera igotzea erabaki genuenean, nik jadanik hilabete inguru neraman altuera handian eta 6.000 metrotik gora kalteak handiak dira. Espedizioko buru bezala nire zeregina behe kanpamentura indarrak berreskuratzera jeisten zen orori laguntzea zela uste nuen. Kasualitatez Martin bertan zegoen, eguraldi ona egiten zuen eta bera eta biok, bi sherpekin batera, gailurrera iristen saiatu behar ginela esan nion. Horrela egin genuen tontorra. Martinekin abiatu nintzenean bi ordu eta erdiren ostean oso nekatuta nengoen. Elurra sakonegia zen eta atzean gelditu nintzen. Martini aurrera egiteko esan nion, sherpa hartu eta bere kabuz jarraitzeko. Gelditu ginenean, Martinek bere oxigeno botila ia hutsik zeukan eta nirea eman nion. Neurri batean, horrek lasaitasun handia eman zidan. Martinek esfortsu izugarria egin zuen, mendiko baldintzak ez baitziren gaur egungoen modukoak. Garai hartan bakarrik zindoazen, ez gaur bezala taldeka eta soka finkoakedonon edukita. Zeuk zabaldu behar zenuen bidea. Itzuleran oxigenorik gabe gelñditu ziren. Sherpa erabat ahulduta zegoen eta gaua zulo batean igaro behar izan zuten, hego gailurretik 8.600 metrotara. Hurrengo goizean deshidrataturik zeuden eta jeisteko indarrik ez zeukaten. Martinheldu zenean eraman nuen sustoaz gogoratzen naiz. Ia gaua zen. Lehenengo sherpa iritsi zen, zutik iraun ezinik. Soka arrastaka zeraman eta atzean inor ez. Handik hamar minutura heldu zen Martin baina ilun zegoenez ia ez genuen ikusten. Minutu haiek oso dramatikoak izan ziren eta bere itzulera hunkigarria izan zen. Gailurretik hain gertu egon izanak ez al zaitu atsekabetzen? Tontorrera heltzea gustatuko zitzaidakeen baina Martinek sufritu zuena ikusita hemen egoteaz pozten naiz. Zeren seguraski saiatu izatekotan bertan gelditu izango nintzatekeen. Ilusio eta gogo handiak neuzkan baina indarren mugara heltzen zarenean eta gauzak eskuetatik joaten zaizkizunean... Gainera nire oxigenoa Martini emateko arrazoi bat bazegoen. Oxigenoa eduki izan banu agian aurrera jo izango nuen, baina ez dakit. Itzulera zelan bizi zenuten? Ezin genuen halakorik sinetsi. Norberaren mendi giroan bizi izatetik gaia pixkanaka gainontzeko arloetara hedatuz joan zen. Euskadirentzat zenbateko garrantzia eduki zuen horrek. Sondikako aireportura iritsi ginenean, ikaragarria izan zen. Oso hunkigarria. Duela gutxi Martinek adierazi du Everesteko gailurra errepikatzea gustatuko litzaiokeela baina aurreko espedizio harekin eta gaur egungo egoeran. Ausartuko al zinateke? Ausartzeagatik bai, baina duela hogei urte indarren mugara heldu banintzen, egun gailurrera heltzeko aukera gutxiago edukitzea litekeena da. Dudarik gabe gauza askok hobera egin dute. Besteak beste, mentalitatea, elikadura, materiala, aklimatazioa. Berriro egiteko aukerak bagenitu, ni neu apuntatuko nintzateke eta talderean barruan, batzuk tontorrera heltzeko gai lirateke. Kontua da atsekabe handia hartuko genukeela. Bertan egon ginenean geu bakarrik geundeneta bestelako sentsazioa zen. Gaur egun espedizio ugari biltzen dira han. Ez dauka lehengo izpiritualitatea, gailur handien bakardadea. 74an lehen aldiz joan ginenean oso emozionantea izan zen. Bigarrenez zoazenean beste modu batera ikusten duzu, ez diozu hainbesteko garrantzirik ematen eta hirugarrenean, zirkunstantziak aldatuta espedizio gehiago daudelako eta mentalitate ezberdin ugari, atsekabe handia eramaten duzu. Azken urteetako hobekuntzek meritoa kendu al diete igoerei? Noski, baina dena aldatu da. Ez dira bakarrik gailurrak egiten, zailtasun handiko bideak ere erabiltzen dira. Egun, gehiago eskatzen da. Baina teknika, prestakuntza, elikadura, altuerari buruzko ezagutza, pertsonak noraino irits daitezkeen, oro garatu da. Horrek guztiak, igoera erraztu egin dute. Lehen gehiago zen abentura, eta abentura handiagoa izan zen britaniarrek lehen aldiz igo zirenean. Behin egin daitekeela jakinda ateak irekita daude edonorentzat. Gaur egiten denari ez diot meriturik kentzen baina ez dute hasierako horiek egin zutenaren meritu bera. Beti esan dut Everestek altuera bera izaten jarraitzen duela eta gailurrera iritsi nahi duen edonork esfortsu ikaragarria egin beharko du. Ospakizunetan zabiltzatela, epe laburrera mendi proiekturik al duzue? 76an Rosen eta biok Aconcagua igo genuen lehen euskaldunak izan ginen. Nire ametsa orain 61 urte dauzkadala hura berriro igotzea da. Datorren urtean 25 urte beteko ditu igoera hark eta gabonetan hara bidaiatuko dut, berriro saiatzera. Jainkoak hala nahi badu eta gorputzak uzten badigu lortuko dugu. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra Everesteko argazkiak Felipe Uriarteren "Euskaldunak Everesten" liburuan argitaraturik daude Euskonews & Media 81.zbk (2000 / 6 / 2 9) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Iñigo Agirre: "Hemen gure posibilitateak baino hobeto bizi gara"

 

Irakurri

Enkarni Genua: "Txotxongiloen mundua izugarri zabala da, eta eraberritzea premiazkoa ikusten dut aurrerapausoak eman ahal izateko"

 

Irakurri

Juan San Martin: "Euskararen batasuna ez zen askok pentsatzen duten bezala 68an Arantzazun jaio"

 

Irakurri

Ramon Barea: "Antzerkia naturalki eratzen ari da barruan gaudenok munduratu nahi izan dugulako"

 

Irakurri

Nestor Basterretxea, eskultorea: "Euskal artea 60. hamarkadan landu zen, ez lehenago"

 

Irakurri