Elkarrizketa: Juan Plazaola Artola Juan Plazaola Artola, Artearen Historiako doktorea "Etorkizuneko arteak gizakiaren gairik sakonenak lantzea gustatuko litzaidake" * Teresa Sala Juan Plazaola Artola apaiz jesuitak artea aztertzen eta estetikaren inguruko hausnarketak egiten eman du bere bizitza guztia. Gizon hau euskal arte eta kulturako pertsonarik maite eta mirestuenetarikoa dugu; horren lekuko, egin dituen azterketak, bilaketak, liburuak, hitzaldiak, argitalpenak, eta jaso dituen eskertza eta sariak. 1919ko urtarrilean jaio zen Juan Plazaola, Donostian. 1936an Belgikako Jesusen Lagundian sartu zen, eta handik hamabost urtera apaiztu zen. Doktorea da Parisko Unibertsitatean eta Madrilgo Konplutensean. Salamancako Jesusen Lagundiko Giza Zientzien zentruko errektorea izan zen (1966 68), Deustuko Unibertsitateko Filosofia Fakultateko Estetika irakaslea (Bilbo, 1964 74), orduko Gipuzkoako Ikasketa Unibertsitario eta Teknikoetako Filosofia eta Letren Fakultateko Historia eta Arteko katedradun eta dekanoa (Donostia, 1974 77), campus horretako bertako errektorea ere bai, Loiolako Probintzia Jesuitikoko nagusi probintziala, eta baita Deustuko Unibertsitateko kantzelariordea ere (1979 85). Caracasko Andrés Bello Unibertsitatean, Mexikoko Iberoamerikarrean eta Alcalá de Henaresekoan irakasle gonbidatu gisa aritu da. Sevillako Real Academia de Bellas Artes de Santa Isabel de Hungría ko kidea da, eta Deustuko Unibertsitateko San Ignacio de Loyola Institutuko lehendakaria. 1964ean Reseña aldizkaria sortzearen alde aritu zen, eta 1975ean Donostiako Mundaiz aldizkaria zuzentzen. Honaino esandako guztiari beste gauza asko gehitu behar zaizkio: aldizkarietan argitaratutako artikuluak, tesi eta tesinen zuzendaritza, munduko hiri eta unibertsitaterik garrantzitsuenetan emandako hitzaldiak, hainbat kongresutan parte hartu izana, eta kaleratu dituen hogei liburu inguru. Eusko Ikaskuntza Caja Laboral Giza eta Gizarte Zientzien sari ospetsuaren Epaimahaiak, aipaturiko arloan EuskalHerriko curriculum vitae zientifiko aipagarrienaren saria eman zion 1998an. Donostian, Deustuko Unibertsitateko bulegoan, zorionekoa dela aitortu digu: "erlijiosoa izanik, eta gure Ordeneko ezaugarri nagusietako bat nagusiari zor zaion obedientzia izanik, nire gustuko bizimodua egiteko agindu didate". Zerk bultzatu zintuen artea eta, zehazkiago, hausnarketa estetikoa aztertzera? Bakoitzak bere izaeraren arabera aukeratzen du ikasketa batzuk edo besteak egitea. Artearekiko zaletasuna naturala da, eta horixe zen nire izaerarekin ondoen ezkontzen zena. Jesusen Lagundian sartu nintzenean, lanean jarduteko aukera asko neuzkan, Lagundiak oso esparru zabala eskaintzen baitio bertan sartzen denari: misioak, lan pastoralak, eskola edo unibertsitateko irakasle izatea, ikerlaria... Aukera asko daude. Baina azken erabakia ez dago norberaren esku, nagusien esku baizik. Eta hauek, erabaki bat hartu baino lehen, pertsona horrek egindako oharrak, bere bizipenak eta gaitasunak hartzen dituzte kontuan. Gaztetandik literaturako irakasle izatera bultza ninduten, asko gustatzen zitzaizkidalako poesia eta literatur sorkuntza. Eta pixkanaka estetikarekiko interesa sortzen hasi zitzaidan, alegia, literatur sorkuntzaren zergatiarekiko. Asko gustatzen zitzaizkidan arte plastikoak, baina lehenik eta behin nagusien aginduak bete behar nituen, eta beraz, literaturako irakasle izan behar nuen. Orduan Parisa bidali ninduten, Letren doktoregoa egitera, eta handik itzultzean hasi nintzen literatura irakasten. Arteko klaseak ere eman nituen, baina gutxiago. Ez zegoen estetika irakasteko ezer, eta horretan sakontzen hasi nintzen, artearen eta literaturaren filosofian murgiltzen. Parisetik itzulitakoan konturatu nintzen hemengo jendeak ez zekiela ezer arte modernoaren inguruko mugimenduei buruz, eta bereziki arte sakratuari buruz. Orduan, hitzaldi batzuk ematen hasi nintzen, eta nire lehenengo liburua idatzi nuen: El Arte Sacro actual. Zertan dira didaktikoak zure azterketa eta ikerketak? Beti izandut asmo didaktiko hori, arte sakroak ere modernoa izan behar zuela ulertarazteko asmoa. Horregatik idatzi nuen lehenengo liburua. Sorkuntza artistikoaren erroari eta bilakaerari buruz ikertzen jarraitu nuen, eta 1973an Introducción a la Estética liburua kaleratu nuen. Eskolak ematen nituen ikastetxeak itxi zituztenean, Deustura joan nintzen estetikako klaseak ematera, eta sei urte eman nituen horretan. Garai hartan, literaturak baino gehiago, estetikak eta artearen historiak erakartzen ninduten, hein batean literaturako irakasle asko zeudelako, eta arteko gutxi. Gero Donostiako campusera etorri nintzen, Artearen Historiako eta Literaturaren Soziologiako eskolak ematera. Baina nik artearen bidetik jo nahi nuen, bere estetika eta alderdirik gizatiar eta problematikoenak aztertzeko. Artearen historiaren baitan, Arte Sakratua izan dut gogokoen. Hain zuzen ere horregatik idatzi nuen Historia y Sentido del Arte Cristiano liburua. Bere bigarren argitalpenerako zuzenketak egiten ari gara, eta italierara itzultzen ari dira. Kristauak zer pentsatzen eta sentitzen duen azaldu nahi du liburu honek, eta hori nola adierazten zuen. Urte asko eman dituzu irakaskuntzan eta ikerketan. Denbora horretan, arteaz gain, gizartea, legeak eta gobernuak ere aldatu egin dira. Artearen inguruan beti izan dira eztabaidak. Jendea ez dago artea ikusi eta onartzeko prestatuta. Nire lan guztiek helburu didaktikoa izan dute beti; nire ikerketa, eskola eta hitzaldi guztiek jendea sentsibilizatzeko asmoa daukate. Parisetik itzuli nintzenean, hitzaldiak ematen hasitakoan, konturatu nintzen jendeak ez zuela arte modernoa oso begi onez ikusten, arte gotiko eta erromanikoa (klasikoa alegia) maite zituela. Baina aldatu beharra dago, gizakia eta artea mendez mende aldatzen joan diren bezala. Nik begiak zabaldu nahi nizkion jendeari, sentiberatasuna piztu. Gizartea zerbaitetan aldatu egin da: orain ez da obren balio artistiko eta gizatiarraz lehen bezala hitz egiten. Gazteak sentiberagoak dira. Hala ere ezdut esan nahi estilo modernoan egiten den guztia gustatzen zaidanik. Garai guztietan izan dira benetako artea eta arte faltsua. Ez da pentsatu behar erakusketa aretoetan dagoen guztia baliozkoa denik. Guri artearen urrezko garaietako egile gutxi batzuren berri iritsi zaigu, baina bidean milaka artista galdu dira, eta gure garaikoekin beste hainbeste gertatuko da: batzuk beren garaiaren ikur gisa gogoratuko dira, eta beste pila bat imitatzaile hutsak izan zirela esango da, batzuetan txarrak gainera. Nik uste dut hemendik urte batzuetara gure garaiko istorioak Picasso, Matisse edo Kandinskyren koadroetan azaltzen direnak bezalakoak izango direla, beren obretan gure garaiko gizakia nolakoa den adierazten dutelako. Zure ustez, zein da euskal artisten egoera? Zenbateraino islatzen dute mende honetako gizakiaren izaera? Nire lanaren zutabeak hiru dira: Estetika, Arte Sakratua eta Euskal Artea. Orain bertan Euskadiko arte gotikoari buruzko lan bat prestatzen ari naiz, Jainkoak bizitza eta denbora ematen badizkit bukatzea gustatuko litzaidakeena. 1920tik 1970era bitarteko euskal artisten belaunaldia interesatzen zait bereziki. Berrogeita hamar urte hauetan batzuek nazioarteko ospea lortu dute, batez ere eskultoreek, eta euskal nortasunaren bozeramaile izatera heldu dira. Nik esango nuke belaunaldi berria hauengan inspiratu dela. Baina, hala ere, azkenaldian irakasle handien eredutik aldentzen hasi dira; sentiberagoak dira hizkuntza unibertsalizatuaren aurrean, eta ez dute arima edo euskal nortasuna adierazteko hainbesteko grina. Bistakoa da artista atzerritarrek duten eragina, batez ere Estatu Batuetakoek. Oraingo gazteak askoz ere hizkuntza unibertsal eta esperantistagoak berenganatzen ari dira, ez elkarte etniko historiko zehatz bati bakarrik dagozkionak. Globalizazioaren eragina izango da beharbada. Bai, hori da. Gaurko artistak sentiberagoak dira globalizazioaren aurrean. Eskualde batzuetako alderdi kulturalistenak askoz ere debaluatuagoak daude. Ez nuke gai honetan gehiagomurgildu nahi, arazo asko sortzen ditu eta. Ez naiz ausartzen etorkizunean mende erdi honetako zein artista gogoratuko diren esatera; iragazkia duela berrogeita hamar urte pasa zen eta kitto. Hainbeste arte informalista, minimalista eta "ismo" rekin, ez da batere erraza iraungo dutenak nortzuk izango diren esatea. Baina egungo gizartean gertatzen dena islatzen du. Alor guztietan gauza guztiak onartzearen isla da: bakoitzak nahi duena esan eta egin ahal izatearena. Eta hori artearen munduan ere ikusten da. Gaur egun edonori uzten zaio erakusketa areto bat, nahi duena ipin dezan. Neronek ikusi dut hori: gazte baten erakusketa ikustera joan nintzen, baina aretoan ez zegoen inor. Bueltatxo bat eman nuen, baina obrak ez ninduenez gehiegi erakartzen, atera egin nintzen. Ordu laurdenera itzuli nintzenean, orduan ere ez zegon inor. Arte mota batzuek ez diote ezer esaten jendeari. Gaurko artista gazteek ez dizkiote espresioari ateak ixten. Zer esan nahi du horrek, artistak duela urte batzuk baino aukera gehiago dauzkala? Bai horixe. Bakoitzak nahi duena esan eta egiteko aukera daude. Orain, espresio artistiko bat gustatu ez arren, jendeak ez du ozenki kritikatzen, baina XIX. mendean hori egiten zen inpresionisten lanarekin. Hankasartze larriak egin izan dira Historian zehar, Van Gogh bizibiderik gabe uztea bezala, eta ez dira errepikatu nahi. Gaur egun edozer gauza onartzen da, erraz samar gainera: "nahi duzun guztia esan, nahi duzun bezala, eta nahi duzunari buruz". Zergatik ekoizten da hain Arte Sakratu gutxi? Zer gertatu da? XVIII. menderarte ekoiztutako ia arte guztia erlijiosoa zen, baina orain oso gutxi egiten da. Artista kristau askok ez dute beren fede erlijiosoa adierazteko gogorik; gizartea sekularizatu egin da eta nahiago dute beste eskultura edo pintura motaren bat landu. Arte kristau garaikidearen kasuan, gehien ikusten eta onartzen dena, eta gaur egungo gustuekin ondoen ezkontzen dena, espresionismoa da: erlijioa metaforizatu egiten duen artea. Arte sakratukoirudietarako estilo espresionista erabiltzen da: Jesukristoak izugarri handiak dira, eta pasioa, sufrimendua eta heriotzarekin lotutako gaiak lantzen dira gehienbat; bizitzaren eta gizakiaren transzendetasunaren inguruko gaiak. Horregatik, hasiera batean laiko eta profanoa den arteak ere zentru erlijiosoa izan dezake. Zein norantza hartu du egungo arteak? Nolakoa izango da etorkizunean? Gauza bat da norantz doan, eta beste gauza bat, oso desberdina, nora joatea nahiko genukeen. Niri Arte Sakratuak espresionismoaren bidetik jarraitzea gustatuko litzaidake, kristautasuna sakonetik lantzea, jendea gai dogmatikoen inguruan, agerkundeen inguruan, Kristoren inguruan dauzkan sentimenduak kanporatzera animatzea. Eta gizakiak bizi duen drama edo tragedia lantzeko eta bizitzari zentzu transzendete eta erlijiosoa aurkitzeko gai izatea. Aita Santuak esan bezala, arteak eta erlijioak gauza beraren inguruan dihardute: gizakiaren inguruan. Erlijioaren gai nagusia Kristo gizakia da, eta hori gizartean aurkitu behar da. Gustatuko litzaidake, baita ere, erlijiosoa ez den arteak gizakiaren gairik sakonenak lantzea. Arte erlijiosoarekin bat egingo luke. Nire ustez, gizakia sakonean aztertzen denean, azkenean Jainkoa aurkitzen da. Artista ezagun batzuek grabitazioa, espazioa, mugak edo ezereza bezalako gaiak lantzen dituzte, baina horrelakoetara mugatuz gero, azaleko kontuetan gelditzen dira. Gizakiak oso alderdi sakon eta transzendenteak dauzka. Zergatik ez irudikatu edozein pertsona edozein unetan identifikatuta sentitzeko moduko tragedia bat? Ez al litzateke komeniko sakon sakonean sentitzen diren gauza horiek zizelatu eta pintatzea? Nik gaur egungo artistei ez nieke eskatuko, sinesdunak izan edo ez izan, gai erlijiosoak lantzea; nik exigitu egingo nieke beren artea erabat gizatiarra izatea. Hain zuzen ere garairik bortitz eta latzenetan sortu dituzte artistek obrarik gogoangarrienak. Aztergaia gizakia denean hartzen du arteak bere balioa. Beraz, espresionismo sakon eta transzendenteaaldarrikatzen duzu. Espresibitaterik sakonena aldarrikatzen dut; gizakiaren ahaleginak, ilusioak, ezbeharrak eta frustrazioak islatuko dituen artea. David Alfaro muralista mexikar ezaguna gizakiaren eta gizartearen askatasunaren aldarrikatzaile sutsua izan zen. Komunismoarekin konprometitua zegoen, eta hori guztia gero bere artean islatzen zen. Asko gustatzen zitzaion gizakiaren inguruan aritzea, eta oso hizkuntza espresionista erabiltzen zuen horretarako. Asko gustatuko litzaidake muralismoa aztertzea. Gaur egungo artea komertzialtasunak jota dago, botere ekonomiko eta mediatikoen esku gelditu da, eta ez dakit zer egin daitekeen horren aurka borrokatzeko. Baina arte muralak behintzat arrakasta izan du eta salbu dago, hormetako artea ezin delako saldu. Azterlan eta ikerketetan hainbeste urte eman ostean, hainbeste sari jasota, pozik al zaude egindako lanarekin? Prestatzen ari naizen obra bukatuko banu, orduan bai geldituko nintzatekeela pozik. Zorte handia izan dut. Hasteko, nagusiari obedientzia zor zaion orden erlijioso batean egonik, gustukoak ditudan gauzak egiteko agindu izan didatelako, eta bestetik, gobernuan eta administrazioan aritu arren, jendearen aldeko obrak egiteko astia izan dudalako, jendea informatu eta pertsona bezala aberasteko. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 96.zbk (2000 / 10 / 20 27) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
This website uses cookies, both its own and those of third parties.
Select the option of cookies that you prefer to navigate even its total
deactivation. If you click on the button "I accept" you are giving your
consent for the acceptance of the mentioned cookies and the acceptance of
our cookies policy. If you want to determine what you accept and what you
don't, click on "Configuration". Click on the "Read more" link for more information.