Marino Lejarreta: "Orain txirrindularitzan abentura gutxiago dago, dena planifikatzeko joera gailendu delako"

2002-06-28

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Marino Lejarreta Marino Lejarreta, txirrindulari ohia "Orain txirrindularitzan abentura gutxiago dago, dena planifikatzeko joera gailendu delako" * Traducción al español del original en euskera Estibalitz Ezkerra Anekdotez eta kontu bitxiez beterik dago Marino Lejarretaren ibilbide profesionala, eta horietarik gehienek txirrindulari bezala definitu duten seriotasuna eta gogortasuna azpimarratzen dute. Mungian 1977an egin zuten lasterketa batean, adibidez, bizikletatik erori eta omoplatoa eta radioaren burua hautsi zituen. Lesio larria izanagatik ere, behin osatutakoan lasterketetara itzuliko zela argi zuen Lejarretak. Zerbaitengatik deitzen zioten Berrizko ihia. -Noiz erabaki zenuen txirrindulari izatea? Urte bat hasi baino arinago, gutxi gora-behera. Anaiak lasterketan zebiltzan garai hartan, eta nik ere aukerak nituela pentsatu nuen. -Profesionaletan aritu zinen hamalau urteetan eginikoa lortzera iritsiko zinela pentsatu zenuen inoiz? Hasi orduko ez nuen horrela ibiltzea espero. Profesional nahiko normala izango nintzela pentsatzen nuen, zer edo zer egingo zuena, baina ez zitzaidan sekula burutik pasa halako maila emateko gai izango nintzenik. Ilusioa bai banuela, bizikletan ibiltzeko eta, baina asmo handirik gabe. -Gogorra egin zitzaizun? Ez bereziki. Gustoko nuena egiten nuen, eta halakoetan ez duzu aldaparik aurkitzen. -Proba gogoangarririk? Praktikan zaudela unean uneko probak egon daitezke, baina handik denbora batera haietatik bakar bat ere azpimarratzeko gai ez naizela ohartu naiz. Bakoitzak bere xarma du. Denekin geratzen naiz. -Urteek eta praktikak zer erakutsi dizute? Batez ere sinesten den horretan ez dela ilusioa galdu behar, eta sufrimendua lorpenei loturik joaten dela. Txirrindulariak asko sufritzeko prest egon behar du, egokitu zaion kirola ez baita bereziki samurra. Baina esandakoa, egiten duzun horretan sinesten baduzu, sufrimendua bigarren maila batean geratzen da. -Erraza izan zen bizikleta uzteko erabakia hartzea? Erraza izan zen aldez aurretik pentsaturik neukalako. Ilusioa ez da galtzen, baina momentu bat ailegatzen da non erabaki bat hartu behar duzun. Fisikoki ez nengoen garai batean bezala, azken karreretan berehala konturatu nintzen horretaz, eta onena bizikleta uztea zela ikusi nuen. Baina ez zen erabaki traumatikoa izan. -Txirrindulari, teknikari zein esatari lanetan ikusi zaitugu orain arte, beti ere txirrindularitza mundutik gertu. Txirrindularitza utzi nuenean, mundu horri lotuta jarraitzea erabaki nuen baina nahi nuena egiten bakarrik. Denetarik pixka bat egitea aukeratu dut, gehiegi estutu barik, lanarekin disfrutatuz. Hainbeste urte bizikleta gainean ibili ostean, monoa kentzea zaila da eta alde horretatik ondo etorri zait nolabait giroan murgilduta jarraitzea. -Noizbait zuzendari bihurtzeko asmorik bai? Orain arte noiz edo noiz zuzendari lanak egitea tokatu zait, baina presio gehiegi jasan behar duzu eta ez zait gehiegi gustatzen. Txirrindulari nintzenean ere zuzendari rolak ez ninduen askorik erakartzen. -Zerk egiten du txirrindulari bat on? Zaila da hori zehaztea. Kondizio fisikoak egiten du on, baina, batez ere, txirrindularitzan hasten direnek mentalitate egokia eduki behar dute, gauzak egiteko ilusioa. Mentalitatea, fisikoa eta zortea aipatuko nituzke eduki beharreko ezaugarri bezala. Zortea gaineratu dut eta agian ez litzateke komenigarria izango halakorik esatea, nahiz eta hura alde edukitzea ona izaten den. -Txirrindularitza garai batean zena al da gaur egun? Apurka-apurka gauzak aldatuz joan dira, eta kirol hau hobetzeko urrats handiak eman dira. Baina bai, agian ez da lehengokoa. Kontuan izan behar dugu gizartea bera aldatu dela, eta akaso sasoi batean txirrindulariei buruz zegoen irudia galdu egin da. Nire sasoian genuen ilusioa, lasterketetan parte hartzeko gogo hori pixka bat desagertu egin da. Nik abentura bat bezala bizi nuen lasterketen kontua, txirrindularitza bera abentura zen niretzat. Ondo eta asko ikasi nuen haietan parte hartzen, gustora ibiltzen nintzen. Orain abentura gutxiago dago, dena planifikatzeko joera gailendu delako. Taldeak erabakitzen du txirrindulari bakoitzak non hartuko duen parte; ez dago orduko askatasuna. Dena den, kritika asmorik gabe diot hori. Oraingo denboretan ibiltzea tokatu izan balitzait ziur aski gustora arituko nintzateke. -Dopinaren itzalak dena nahaspilatu du, baina. Alarma gehiegi zabaldu da, eta kalte handia egin dio txirrindularitzari, batez ere bere irudiari. Txirrindularien izen ona arrazoi barik zikintzen eta galduarazten ari dira, bakar batzuen arazoa dena arazo orokor bihurtzen ari baitira. Une gogorrak bizi ditu txirrindularitzak, baina zalaparta hau guztia pasako dela uste dut. -Alde horretatik, gaur egun txirrindulariak maila onean daudela esan daiteke? Euren prestakuntza fisikoa egokia da? Prestaketek hoberantz egin dute, eta horren adibide dira urterik urte taldeek lortzen dituzten emaitzak. Dena den, zenbait kontutan lehengo esperientziara jo dute. Hau da, begi bistakoa da arlo batzuetan teknikak aurrera egin duela --gaur egun gehiago dakigu giza gorputzaren funtzionamenduari buruz, eta horren arabera finkatzen dira entrenamenduak--, baina lehen erabiltzen ziren beste teknika batzuk oraindik ere errentagarriak direla ohartu dira, eta haiekin jarraitzen dute. Nire ustez, ondo dago hori. -Gaur egungo beste kezketako bat etorkizunaren eta etorriko diren txirrindularien ingurukoa da. Alegia, batzuek ez dute belaunaldiz belaunaldiko ordezkapena hain ziurtatuta ikusten eta gazteek profesionalki txirrindularitzan aritzeko gogo gutxi dutela diote. Ez nago horrekin erabat konforme. Giro ona dagoela uste dut, eta Euskal Herriko txirrindularitzak etorkizun ona du. Hori bai, gazteek disfrutatu egin behar dute txirrindularitzarekin, kirola ilusioz egin behar dute. Ezin dira etorriko diren errentei ezta profesionaletara iristeko urratsei begira egon. Horrela ibiliz gero, gaizki pasako dute. -Zuk zeuk zeintzu gomendio ematen dizkiozu Iñaki ilobari? Bide onetik dabilela uste dut. Ilusioa handia du eta une honetan kirolaren goxotasuna ezagutzen ari da. Baina bere helburuen artean ez dago profesional bilakatzea, nahiago du oraingo mailari eutsi eta zaletasunagatik txirrindularitza praktikatzen jarraitu. Baina tira, denborak esango du gora egin behar duen edo ez, zeren halako erabakiak ez dira beti norberaren esku egoten. Edozer gertatuta ere, dibertitzen jarraitzeko esaten diot nik. Marino Lejarreta Arrizabalaga (Berriz, 1957) Lau neba-arrebetatik txikiena da. Ismael eta Nestor anaia zaharren eraginez hasi zen bizikletan ibiltzen. Sociedad Ciclista Amorebietan eman zituen lehen urratsak. 1973an hasi zen lasterketetan parte hartzen eta Txurdinagako proba izan zen irabazi zuen lehen lasterketa. Urte bete beranduago beste bi proba irabazi zituen eta Bizkaiko selekzioarekin Espainiako txapelketako erlojuz kontrako kategorian nagusitu zen. 1979an profesionaletara igaro zen Novostil taldearen eskutik. Hortik aurrera beste sei taldetatik igaroko zen: Teka, Alfa-Lum, Alpilaiatte, Seat, Caja Rural eta ONCE. 1982an Espainiako itzulia irabazi zuen, eta hurrengo urtean hirugarren geratu zen. Bere palmaresaren barruan, besteak beste, Burgosko itzulia, Donostiako klasikoa, Urkiolako igoera eta Italiako Giroan zein Frantziako Tourrean irabazitako etapak daude. 1991an euskal kirolaririk onenaren saria jaso zuen. 1992an bizikleta uztea erabaki zuen. Orduz geroztik teknikari eta esatari lanetan ari da. Argazkiak: Usoa Otaño Unzurrunzaga
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Edurne Ormazabal: "Esaten edo aurkezten ari zarena sinestea premiazkoa iruditzen zait kalitatezko lan bat egiteko"

 

Irakurri

Jacques Pavlovsky: "Ez da gai handirik edo txikirik, gai ororen aitzinean egon behar duzu beti ere"

 

Irakurri

Manu Leguineche: "Munduaren amaierara joateko gauza naiz isiltasuna aurkitzeko"

 

Irakurri

Juan Mari Totorika: "Baserrietan belaunaldiz-belaunaldiko ordezkapena ez dago guztiz bermaturik"

 

Irakurri

Sabina de la Cruz: "Blasen olerkietan gizakiaren alderdi guztiak azaltzen dira"

 

Irakurri