Miguel Artola: "Historian, ezagutzen inguruko beste edozein diziplinatan bezala, etengabe berritu beharra dago. Eta hala egiten da"

2001-01-05

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Miguel Artola Miguel Artola, historialaria "Historian, ezagutzen inguruko beste edozein diziplinatan bezala, etengabe berritu beharra dago. Eta hala egiten da" * Teresa Sala Miguel Artolaren obra historiografikoa funtsezkoa da gaur egungo mundua ezagutzeko, eta baita XIX. mendeko Historia Politikoa, Iraultza Burgesa, Erregimen Zaharretik Gizarte Modernora igarotzea nahiz Modernitatearen oinarri ekonomikoak ere. "VI. Eusko Ikaskuntza Caja Laboral saria" esleitzeaz arduratu den epaimahaiaren iritzian, berea da Humanitate, Arte, Kultura eta Gizarte Zientzietako Euskal Herriko kurrikulumik aipagarriena. Makina bat ikerketa, lan ordu, sakrifizio, liburu, argitalpen, sari eta hitzaldi egin ditu historialari donostiarrak, eta horrek guztiak Euskal Herriko zein atzerriko kultur esparruan intelektualik mirestuenetarikoa izatera eraman du. Miguel Artola Gallego (Donostia, 1923) Historiako Errege Akademiako kidea da 1982az geroztik, eta urte hartako maiatzean "Declaraciones y derechos del hombre" sarrera hitzaldia irakurri zuen. Honoris Causa doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (1989) eta Salamancakoan (1992). Kontaezin sari jaso ditu bere lanengatik, aipatzekoak izanik Gizarte Zientzietako Príncipe de Asturias saria (1991), Historiako Sari Nazionala (1992) eta Alfonso X.aren Gurutzea (1996). Beti aritu da unibertsitateetan irakasle lanetan: 1948az geroztik, Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta 1960tik aurrera, katedradun gisa, Salamancako Unibersitatean (1960 69) eta Madrilgo Autonomoan (1969 88). 1988az geroztik, UAMeko Historia Garaikidearen Saileko irakasle emeritua da. Hogeitik gora liburu eta argitalpen kolektibo ugariren egileak Euskal Herriaren iragana ezagutzeko parada eman digu, Donostiaren Setio eta Berreraikuntza, Nafarroako Ogasun Erreala nahiz Bizkaiko Foruari buruz egin dituen lanei esker. Askorentzat "maisuetan maisu" den ikertzaile, historialari eta irakaslearen esanetan, "historialari baten bizitzak ez du biografiarik, ezinbesteanmonotonia aukeratzen duelako". Oso hunkigarria izan zen "VI. Eusko Ikaskuntza Caja Laboral saria" eman zizuten ekitaldia. Zer sentitu zenuen? Zer sentitzen duzu Julio Caro Baroja, Álvaro D'Ors, Luis Villasante, Jesús Altuna, Juan Plazaola eta Eduardo Txillidak osatzen duten sarituen zerrendan sartu zarela jakinda? Beti da pozgarria sari bat jasotzea. Eta are pozgarriagoa ez duzunean espero. Eta askoz ere gehiago etxean jasotzen duzunean, lagunen eskutik. Beraz, ulertzekoa da sari hori jaso duen taldean sartzeko ohorea izateagatik daukadan poza. Ez nuen inolaz ere espero. Zerk bultzatu zintuen Historia ikertzera? Badirudi jendea asko harritzen dela hau entzutean, baina nire ustez profesional guztiok, lantzen dugun arloa edozein dela ere, bizitza guztia ematen dugula lan honetan. Historiari dagokionez, nire ustez zoragarria da gizakiaren jarrerak ezagutzea, mundua aldatu duten gertakariak ezagutzea. Gaur egungo egoera eta desberdintasunak zergatik dauden jakiteko egoeren, ekintzen eta gizarteen jatorria ezagutzea oso interesgarria iruditzen zait. Horretarako balio du Historiak. Esaten den bezain bakartia al da ikertzaile historikoaren lana? Hori ikertzaileak antolatzeko duen moduaren araberakoa da. Lan intelektualak berez ez dira bakartiak; agiriak bilatu eta biltzera joatea ez da gauza bakartia, eta ezta ere kongresu batean lankideekin gai zehatz bati buruz eztabaidatzea, baina aurrez jasotako informazio guztia interpretazea bai. Hala ere, denborarekin eta esperientzia berriekin, azalpenak askoz ere hobeto ematen dira. Historian, ezagutzaren inguruko beste edozein diziplinatan bezala, etengabe berritu beharra dago. Eta hala egiten da. Urte asko eman dituzu Historia ikertzen. Zein da zure iritzia alderdi guztietatik inguratzen gaituen globalizazio prozesuari dagokionez? Globalizazioak informazioa lortzeko aukera asko ematen ditu. Baina aukera horiek, oraingoz, erlatiboak dira. Internet bidez oraindik ezin da libururik kontsultatu; asko jota, katalogoak kontsulta daitezke.Libururen bat nahi izanez gero, edo erosi egin behar dugu, edo liburutegietan irakurri, eta, gezurra dirudi, baina ez da hain erraza. Liburu bat, hasieran, nobedadea da, eta urte batzuk emango ditu liburudendetan, baina litekeena da hamar urteren buruan gehiago ez zirkulatzea, eta orduan liburutegi zehatz batzuetan bakarrik aurki daitezke. Eta, aurkitu arren, askotan ezin dituzu eskuratu. Internetek oraindik ez du arazo hori konpondu. Sarearen bidez liburu bat lokalizatu bai, baina ezin da besterik egin. Ziur nago noizbait liburu guztiak Interneten egongo direla. Orduan bai etorriko dela aldaketa. Egoera bitxian gaude, zeren eta aldaketa hori sortzeko tresna teknikoa badaukagu, baina baliabide ekonomikorik ez. Gainera, nik uste dut ez daukagula oso argi Internetek zein aukera eskaintzen dituen. Zein puntura arte ari da globalizazio prozesu hau kultura eta pertsonen nortasuna gerizpean uzten? Nik uste dut beti existitu direla bi tendentzia horiek. Gainera, nire ustez bi korronteek egon behar dute, eta, beharrezkoa izanez gero, elkarren aurka borrokatu. Alegia, bi gauzak behar direla, partikulartasuna eta orokortasuna. Historian erabiltzen den premisa batek dio partikulartasuna ulertu ahal izateko, orokortasunera jo behar dela. Partikulartasunak, orokortasunak daukan balioa ikusten laguntzen digu. Nola jakingo dugu nola funtzionatzen zuen XV. mendeko biltzar herritar batek, teoria politikoa ezagutu gabe? Teoria orokorrak ezagutu gabe, agian ez dira planteatuko gai zehatz bati buruz egin behar diren galderak. Eta, aldi berean, premisa orokorrak eta lege nagusiak bakarrik ezagutzen baldin badira, leku zehatz bakoitzeko errealitatea ezagutu gabe, ezinezkoa da errealitatea zehatz mehatz nolakoa den jakitea. Araudia bai, ezagutuko da, baina aplikazioa ez, hau beti lokala izaten da eta. Hortaz, Historia ezagutu eta ulertzeko behar beharrezkoak dira orokortasuna eta partikulartasuna, globalizazioa eta nortasuna... Bai, nire ustez behar beharrezkoak dira bi elementuak. Modalitatehistoriko berriena gauzak ikertzera zuzentzen da, ez arauak. Hau guztia ezagutzei dagokienez, zeren eta aldaketaren fenomenoak Internet sortu baino lehen eta globalizazioa heldu aurretik ere ikus zitezkeen. Gaztea nintzenean, kilometro gutxi batzuk egin orduko ikusten ziren aldaketak, adibidez emakumeen soinekoen koloreetan, baina orain, modaren ikuspegitik, ez da desberdintasunik nabari lurralde batzuen eta besteen artean. Fenomeno hori komunikabideekin lotuta dago, errealitateari buruzko ikuspegiak aldatzen dituztelako. Zein norantzatan doa Historia? Bi faktoreek batera jarduten dute beti, aldi berean. Inoiz ez zaio bat besteari gailenduko. Gizakia beti arituko da bi zentzuetan. Monarkiak, sakonean aztertu duzun instituzioak, 25 urte bete ditu Espainian. Zure ustez, zein paper dauka Monarkiak gaur egungo Historian? Gai hau hasieratik azaldu behar da nire ustez, eta, horretarako, lehendabizi tituluak daukan esanahia esplikatu behar da. Monarkia titulua, Estatu mota bat izendatzeko erabiltzen dut; erakunde politikoak, legeak, fiskalitatea eta abar dauzkaten erreinuek osatzen duten Estatu mota. Erreinu horiek, Monarkia izeneko egitura politiko baten baitan daude, Cadizko Gorteekin Estatu liberala ezarri arte existitu zena. Zerikusi gutxi du duela 25 urtez geroztik dagoenarekin. Izen bat behar du hemen eta Europa guztian dagoen Estatu motak, eta "Monarkia" da egokiena: Frantziakoa, Espainiakoa, Britainia Handikoa... Zein ondorio aterako zenuke zure karrerari begirada bat botaz bero? Zein garai edo ekintza azpimarratuko zenuke? Egia esan, ez naiz kontzientzia aztertzen duen horietakoa. Oso garai kritikoan hezi nintzen, Mundu Gerraren eta gerraostearen urte gogorretan. Baliabideak mugatuta zeuden; unibertsitateko ikasleek ia ez zeukaten atzerriko liburu bat bera ere. Nik uste dut bakoitzak bere historia berreraikiz gero, patu zehatz bat daukala ematen duela. Gauza batzuk gehiago gustatu zaizkit, eta beste batzuk gutxiago, baina asko ikasi dut egin dudanetik. Lehen bainoaskoz gehiago dakit. Zein desberdintasun atzematzen dituzu zure garaian hezitako ikertzaileen eta oraingoen artean? Gaurko ikertzaile gazteak hobeto trebatuta daude, eta aukera gehiago dauzkate: irakasle gehiagorekin daude harremanetan, gehiago bidaiatzen dute, erraztasun gehiago dauzkate liburu eta aldizkariak lortzeko... Donostian, ni izan nintzen nire kintatik letrak ikasi zituen bakarra. Gaur egun errazagoa da unibertsitatean sartzea, eta agiriak eskuratzeko eta irakasleekin harremanetan jartzeko aukerak ere handiagoak dira. Hori guztia izugarri aldatu da azken urteetan. Donostiako Historiari buruz idazterakoan konturatu nintzen interes eta balio zientifiko handia daukaten liburu asko kaleratu direla azken hogei urteetan. Lehen ez zegoen halako kalitateko liburu askorik, eta zeudenak ez ziren hain originalak. Aldaketa erabatekoa izan da. Proiekturik ba al daukazu eskuartean? Ez dut liburu handi eta luze gehiago idatziko. Zinema zuzendari handiek hil baino lehen utzi zioten pelikulak egiteari, mundua proiektua gauzatzen ari ziren bitartean utziko zutenaren beldur. Zuzendariak zahartzean hainbeste garestitzen da beren segurua, ekoizleek ezin dutela ordaindu. Ba egoera horretantxe nago ni. Liburu handiak idatzi beharrean, txikiak idatziko ditut. Konstituzionalismoari buruzko liburu bat idatzi nahiko nuke, 200 bat orrialdetakoa, konstituzionalismoaren arazoa Historiaren ikuspegi orokor batetik aztertzeko. "Historialariek biografia daukatela" esan izan duzu... Baina ikerketa historikoa nahiko modu indibidualean egiten dugu. Bakarrik egoten gara agiriekin, aurrean orri zuriak ditugula. Horregatik, historialari batentzat egoerarik onena monotonia da. Eta monotonia, biografiaren aurkakoa da. Nola aurkeztuko zenuke zure burua: historialari bezala ala irakasle gisa? Bi gauzak asko gustatu izan zaizkit beti, eta sistematikoki konbinatu ditut. Urte hauetan zehar irakasten aritu naiz, baina idatzi ere asko egin dut. Oso pozgarri eta suspergarria da unibertsitatean irakasteaeta interesa azaltzen duten gazteekin harremanean egotea. Lotura berezia sortzen da. Askotan esan dut, eta berriz ere esango dut: klasea eman ondoren konturatzen zara benetan nola eman behar zenuen klase hori. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 105.zbk (2001 / 1 / 5 12) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Gabriel Imbuluzqueta: "Artisauak enpresari batek bezala pentsatu behar du. Merkataritzako planteamenduak ez du inolaz ere artisautzaren karisma biziatzen, salgai jartzen dena lanaren emaitza da-eta"

 

Irakurri

José Luis Ansorena: "Nahiago nuke hezkuntza musikal hobea jaso izan banu"

 

Irakurri

Antton Mari Aldekoa-Otalora: "Durangoko azoka Euskal Herriko azoka bihurtzea lortu dugu"

 

Irakurri

Jose Joakin Gallastegi: "Udal bateko hizkuntza politika goragotik datorren hizkuntza politikaren osagarri izan behar da"

 

Irakurri

German Muruamendiaraz: "Euskal etiketarekin etekin handiena atera duena kontsumitzailea izan da"

 

Irakurri