Mikel Atxaga. Kazetaria: Seguruena, ni naiz lehenengo euskal kazetaria soldatarekin

2009-09-18

SALABERRIA, Urkiri



Gogoan dut Mikel Atxagaren etxera joan ginen eguna. Ekaina zen; arratsalde hartan bera eta bere emaztearekin ordu luzea eman genuen solasean. Nekatu xamar zebilen, baina, hala ere, bere denbora eta bere indarrak eskaini zizkigun.

Asteak igaro dira, gaua da eta etxean naiz, Mikel Atxagari azken agurra ematetiketorri berria. Begietatik malkoek ihes egiten dizkidate baimenik eskatu gabe. Gutxitan izan naiz gorpua aurreanizaten diren hiletetan, eta, egia esanda, oraindikhunkituta nabil.

Urnietako San Migel elizan, Atxagakbere azken opariak eskaini dizkigu; On Iñakiapaizaren meza, herriaren abestiak aho batez, Euzkitzeren bertsoak eta... azken agurraisiltasun sakratuan: elizan soinu bakarra, “Agur jaunak” euskal txistu-danbolinaren ahotsa bakarra, gardenaeta sakona; bertan ginen guztion bihotzak eta arimak zeharkatuz.

Orain, Bidegilea izatetik Argigilea izatera joan zatzaizkigu. Gero arteAtxaga Jauna, agur! Gutxitan gertatzen diren horietakoak izan da Mikel Atxaga elkarrizketatzea: Egungo edozein euskal kazetariren aitzindaria dela argi da; horregatik euskalduna eta kazetaria izanda ohore handia izan da guretzat. Urnietar honen begirada, sakona eta zorrotza, altzairuzko urdina da. Duela gutxi, “bidegileen bidegile” honi liburu bat eskaini diote eta bertan aurki ditzakegu Mikel Atxagaren biografia eta lanen antologia. Bere etxean egiten digu harrera Mª Angeles Lizarralde emaztearekin batera eta solas goxoan aritzen gara. Kazetarien ofizioa ezagutua, lana errazten digu eta idatziz pasatzen dizkigun ohar batzuekin hasten gara, mamian sartu baino lehen. “Azaldu nahi nizun lehenengo gauza, gu ezkondu ginenean, sekularizazioa ukatu zidatela, eta ezkontzeko bezperan, esan zidaten ez neukala ezkontzerik, baina hala ere ni ezkondu egin nintzen...” Halako aitorpena jaso ondoren, nire jakin-mina bizkortzen da. Egia esanda, Mª Angeles Lizarralde eta Mikel Atxagaren arteko begiradetan indar nabarmena eta berezia pizten da. Zein da Mikel Atxagak gordetzen duen istorioa bere baitan?

Gaur egungoa ulertzeko, zer iruditzen zaizu denboran bidaiatzea eta 1942 urteko San Martin festetara bueltatzea?

(Iribarrez) Garai hartan, hamarren bat urte nituen eta Amasatik gentozen, aita, Eduardo, nire aurreko anaia eta hirurok. Trenez etorri ginen, eta etxerako bidean, bat-batean nire aitak galdetu zion nire anaiari “hik zer egin behar duk gero?”, “nik jesuita” erantzun zion hark; jarraian esan zidan “eta hik?”, “nik apaiza”. Eduardori ez zion kasurik egin eta zurgina ikastera bidali zuen, eta ni seminariorako prestatu ninduen.

Anaia-arreba artean, zein zaitugu?

Zortzi senidetan bosgarrena, ez zeru eta ez lur. Hiru mutil eta neska bat aurretik eta gero beste hiru neska etorri ziren, azken biak bizkiak eta horietako bat bi urterekin hil zen, baserri batean bizi ginen eta gose urteak ziren horiek. Dena den, ni errepublikanoa naiz jaiotzez. Gutxi dira, errepublikanoak jaiotzez bizirik garenok, 1931tik 1936ra bakarrik gara errepublikanoak, gainontzekoak hortik aurrera “franquista”k dira (farrez).

Eta aurrekoak?

Beste diktadura batekoak... Primo de Rivera. Zuek demokratikoak izango zarete...

Egia da... hilabete batzuengatik; baina ari ginen baserrian jaioa zinela...

Bai, eta garai haietan sei urte arte edo ez ginen eskolara joaten. Ni hasi nintzenerako gerra pasata zen eta diktaduran ginen. Nik ez nekien erdaraz ezta hitz bat. Nik beti esan dut Jainkoak eskolarizatua naizela, nire maisua Andoaingoa zen eta Jainkoa zuen izena. Ziur euskalduna zela baina garai hartan ezin zen ezta hitz erdi bat egin euskaraz. Gogoan dut, hasten ginela: “M, A, Ma; M, E, Me.....” edo matematiketan “Dos por una, dos; dos por dos, cuatro; dos por tres....”. Klasean, handiak eta txikiak elkarrekin ginen eta askotan, handiek erakusten zieten txikiei. Garai haietatik gogoan dut nire amak zeukan errepublika garaiko liburu bat...

Zertaz zihoan?

Poesia antologia zen. Eta irakurtzeko beti hartzen nuen euskaraz zegoen zatia, hura ni nintzen, ez dakit zer esaten zuen, baina hura euskaraz zen eta hura nire hizkuntza eta ni nintzen. Egia esanda, eskolan oso gutxi erakusten ziguten, letrak zeintzuk ziren, zenbakiak, lau eragiketa... Gainera, gu eskolatik ateratzean beti euskaraz aritzen ginen.

Justu gaur egun gertatzen denaren kontrakoa...

Bai, gu alderantziz. Garai hartan, etorkinen seme-alabek ederki zekiten erdara, baina guk ez genekien. Kontatu dizudana lehen, ni bosgarrena nauzu eta aita kezkatua zebilen ea zer egin behar genuen...

Eta erantzun zeniona apaiza izateko nahia. Nolakoa izan zen seminariorako prestaketa?

Ba, Mirakontxara ekarri ninduten, moja batzuek apaizgaiak prestatzeko prezeptorioa zeukaten, eta baita ere erdara pixka bat ikasi egin behar, premia ederra nuen eta!

Zenbat urterekin joan zinen?

Hamabi urte. San Migel inguruan zen (Urnietako festak sanmigeletan dira). Gogoan dut, hurrengo igandean, Ama Birjinaren egunean iluntzean, hartu maleta, aitak koltxoia bizkarrean eta trenean Donostiara. Geltokitik Mirakontxara; garai haietan ez da orain bezala, horma zahar horiek ikustean, farolak gasarekin, , kristoren ikara sartu zitzaidan. Eta ez nekielako nola bueltatu estaziora, bestela zuzenean etxeratuko nintzen. Orduan, bertan geratu nintzen, ikasi nuen, eta apaiza izan nintzen. Egia esanda, behin sartua gustura ibiltzen zara, lagunak egiten dituzu, ikasi...; ez nuen inoiz pentsatu utziko nuela. Apaiza nintzela hamaika urte eman nituen herri batean eta bat-batean eskatu zidaten Usurbilera joatea. Hasieran ez nekien zer egin, baina gero animatu nintzen.

Nolakoa ziren garai hartako herriko apaizak?

Ba, Usurbilen zegoena nahiko karka zen eta nire fama nahiko “txarra” zen, badakizu, euskaltzalea, borrokalaria... Gainera, soldaduska egin behar zuen apaiz baten baja kubritzeko zen. Berez nire izendapena oso eztabaidatua izan zen, eta azkenean honako izendapena izan nuen: “Mientras dure la ausencia forzosa de D. Luis Urcelay”. Egia esanda, iritsi nintzenean ez nuen inor ezagutzen baina giroa nahiko arraroa zegoen. Han izan nintzen eta bestea, soldadutza bukatu zuenean, ez zen bueltatu, Madrilen geratu zen. Azkenean, zegoen giroa egonda eta errektore batzuei egin behar zitzaien omenaldi baten kontuarekin oso dezepzio handia hartu nuen eta parrokia utzi nuen.

Zein urtetan?

1972an.

Zer zen ba hain gogorra?

Bat, apaiza erlijiotik bizitzea, besterik gabe. Eta frankismoaren garaian apaizek soldata estatutik jasotzen zuten... Ordurako, Frantzian baziren «apaiz langileak». Hemen Elizan oso ondo onartua dago ikerkuntzan edo irakaskuntzan aritzea, baina ez zituzten onartzen lantoki batean eta «eskulanak» egiten zituzten apaizak. Horrekin borroka handia izan nuen, nire ustez apaiz bat izan daiteke mediku, abokatu, tornero edo kale-garbitzaile, eta gero, libre dituen orduetan elizako lanak egin. Gainera, kristau talde bat eraman behar baduzu, zein zentzu du bizitza osoa kobazulo batean emateakazterketak egiten? Horretarako ez duzu apaiza izan beharrik, ezta? Eta bi, ez dut konprenitzen zergatik apaizak ezkondu gabekoak izan behar diren, eta ez dut konprenitzen zergatik emakumeek ezin duten apaiza izaterik, homosexualek ere... Ezkontzerik ez eta gainera bizitza osoa zelibe izatea eskatzen da! Esaiozu hori gazte bati! Zeinek nahiko du apaiza izan? Elizan, errito latinoan badago ezkontzea, baino Erromaren erritoan ez.

Bere momentuan erabaki nuen apaiz eta zelibe izatea. Gero erabaki nuen ezkontzea, eta apaiz izateari uztea.

Orduan uzterakoan...

Zeruko Argian lana baneukan eta hortik neukan bizitzerik. Baina bat-batean ohartu nintzen hainbat urtetan lanpetua ibiltzen nintzen eguna, igandea, hutsa gelditzen zela. Eta hutsune handi bat somatu nuen. Bi aldiz ezkonduta, emazte berakin

Aieten ezkondu ginen, Aberri eguna zen, Errepublika eguna zen, eta Pazko eguna zen, apirilak 14 bat zen, eta Don Jazinto zen hango apaiza. Jakinda ez nuela sekularizaziorako baimenik esan zidan berriz ezkondu egin beharko genukeela; eta hauxe erantzun nion: «Ados, ni berriz ezkontzeko prest nago, baina hurrengo banketea zuk pagatu beharko duzu» (farrez). Kontu horri buruz, azkenean Setien Gotzaia zenak esan zidan, «Aizu Mikel, kontu hori konpondu egin behar dugu». Eta afari bat egin genuen etxean. Garai haietan ez zegoen ezkontza zibilik eta ezkonduta egon ahal izateko elizaz izan behar zen...

(Momentu horretan, Mª Angelesek farrez esaten digu: Urte batzuk “Pekatuan” bizi izan ginen. Mikelek erantzuten dio: Baina inork ez zigun salatu...)

Nola salatu? Salatzerik zegoen edo?

Bai noski!, apaiz batzuek “Boda Sacrílega” esaten dena salatzen zuten. Hala ere, gu, sentimenduz eta bihotzez, ezkonduta ginen, sekularizazio baimenarekin edo gabe, baina paperak ondo izateko Setienek asko lagundu zigun, eta 1975ean, baimena iritsia zela, etxean egin genuen gure bigarren ezkontza...

–Bai, Franco hil zen egunean (gehitzen digu Mª Angelesek)–. Esan ziguten ez ateratzeko egun hartan kalera eta Setieni esan nion, “nire etxean baino seguruago ez zaude inon”. Eta hori egin genuen, bazkaria etxean eta Setienek esan zigun “Hartzak Emaztetzat”, “Hartzan Senartzat”, paperak sinatu eta martxa.

Egia esanda egungo gazte batentzat, harrigarria egiten da zer gauzak gertatzerik zegoen duela 35 urte...

Bai, gauza latzak dira. Baina oso lagun onak genituen; adibidez, Setienek ni asko lagundu ninduen (hunkitua). Ni apaiza nintzen, eta utzi nuen eta Setienek beti errespetatu zituen nire erabakiak eta gainera, erabaki horietatik sortu ziren arazoak konpontzen lagundu zidan.

Nola ezagutu zenuten elkar zu eta Mª Angeles?

Aizarnan; bera Aizarnakoa da eta garai haietan neska koskorra zen. Bere ama alarguna zen eta errektorearen etxean egiten zuen lan. Hasieran ni arrebarekin bizi nintzen, baina hura ezkondu zen eta bakarrik geratu nintzen; orduan hasi nintzen igandeetan errektore etxera bazkaltzera joaten. Hortik ezagutzen ginen. Eta gero, ni Usurbilen nengoela bera Lasartera etorri zen lanera, andereño bezala, ireki berri zen Ikastolan. Niri eskatu zidaten laguntza hango Ikastola bultzatzeko eta berriz egin genuen topo, berrelkartu.

Nola izan zen familientzat apaiz izateari uztea?

Kolpe handia izan zen, bai familiarentzat, bai niretzat. Zuk pentsatu ni beti parrokiko zereginetan aritzen nintzela, sermoiak egin, meza, bataioak egiten nituena, konfesatzen nuen... Kontzilio garaia zen, eta bultzatzen zen eliza pobreago eta askeago bat... baina nik ez nion ikusten hori egiteko talenturik.

Lehen ere aipatu dugu zeintzuk ziren uzteko arrazoiak. Egia esanda, nire amarentzat eta arreba batzuentzat gogorra izan zen, ilusio handia egiten zielako apaiz bat izateak etxean; prestigio handia zen, kategori bat zen apaiz bat izatea eta gainera, utzita gero etortzen ziren jendearen zeresanak, esamesak. Nahiz eta ulertu, jendearen zurrumurruek asko baldintzatzen dute. Garai bateko izaerak...

Lehen erabakiak bizitza guztirako hartzen ziren, lan bera bizitza osoan zenuen, ezkontza bizitza guztirako zenuen, traje bat bizitza guztirako zenuen, (barrez), eta horregatik askok ez zuten ondo ulertu nire ezkontzeko erabakia. Baina askok bai, eta errespetatzeaz gain, lagundu ere egin zidaten. Ikastolako jendea, beste apaizak... Jende ona bazegoen.

Galdu dugu, gure gizartean, jendearen arteko laguntzeko joera?

Lehen beste era batean mugitzen ginen. Taldeak oso inportanteak ziren eta konpromisozko jendea zen, bilera asko egiten ziren etxeetan afaltzeko, eta hitz egiteko, eta ibiltzeko. Ibilera asko egiten zen eta harreman asko, beste irakasleekin, gurasoekin. Nire aldetik, Usurbileko gertuko jendea ez zen batere eskandalizatu eta ezkontzara etorri ziren eta opariak egin. Egia esanda, oso talde irekia genuen. Ez naiz inoiz talde itxien zalea izan.

Nola ikusten dituzu egungo gazteak?

Gure alabak oso lagunartekoak izan dira. (Mª Angelesek gehitzen du) Gure etxean oso errez sartu dira lagun guztiak. Hala ere, gazteak oso diferenteak datoz. Gu euskara galtzeko larritasunarekin bizi ginen, gaur egun ez dago larritasun hori, badirudi lozorroan garela... Euskaldunon egunkari baten sorrera

“Gerra aurretik bazegoen euskal kazetaritza bat, adibidez prestatzen ari garen bidegilea, Joseba Zubimendi donostiarra; Pueblo Vascon orri bat euskaraz egiten zuen, baita 1935 eta 1936 egindako Bertso Txapelketa hark jaso zituen, bai informazioa bai bertsoak, hari esker dakigu nolakoak izan ziren txapelketa horiek... Baina guri ez zitzaigun ezertxo ere iristen, diktadura garaia zen eta gauza guzti horiek gordeta ziren. Esan behar da jada garai haietan, gerra baino lehen, bai Lizardi, bai Zubimendi, bai Etxaniz Nemesio eta beste mordoxka bat eskatzen ari zirela euskarazko egunkari bat beharrezkoa zela, eta gerra garaian “Egun” izeneko egunkaria sortzen dute. Baina berriz esan behar da guretzako hori dena ezkutuan egon zela.

Eta aurretik zegoena jakin gabe, nik beti asko bultzatu nuen euskarazko egunkari bat, idatzi eta idatzi. Eta ia duela hogeita hamar urte, Eusko Jaurlaritzan aurkezteko, Jose Ramon Beloki jarri zen egitasmo hori aztertzen lantalde bat osatuz. Lantalde horrekin lantzen zen hainbat gai, euskara batua edo euskalkiak, zeintzuk, zertaz, zein sailak... Argi zen ezin genuela “Diario Vasco” bat euskaraz egin, inork ez zuela segituko... gauza asko aztertu zituen Joserra Belokik. Adibidez, kazetarien artean oso gutxi ginen gai euskaraz hitz egin eta idazteko. Pentsatu ere, diktadura batetik gentozela eta diktadura batean, kazetaritza ikastea ez zen erreza ez bazina sistemaren kolaboratzailea, zer esanik euskaraz ikasi ahal izatea! Gaur egun dena aldatua dago eta askoz errazagoa da kazetari euskaldunak aurkitzea. Hori bai, esango dizut, seguruena, ni naiz lehenengo euskal kazetaria soldatarekin”.

Liburuaren erreferentzia:

“Mikel Atxaga, bidegilea” - Elixabete Garmendia

ISBN: 978-84-457-2930-4 Mikel Atxaga (Urnieta, 1932) Mikel Atxaga kazetari, itzultzaile eta euskaltzain urgazlea irailaren 10ean, hil zen, 77 urte zituela. Mikel Atxaga Fernandez Urnietan sortu zen, 1932ko abuztuaren 25ean. Euskal kazetaritzaren aitzindari izan zen: besteak beste, 1971n, Zeruko Argia aldizkarian hasi zen lanean. 1975eko ekainaren 27an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Mikel Atxagak Saturraranen egin zituen lehen ikasketak, hango apaiztegian. Gero, Gasteizen eta Donostian Filosofia eta Teologia ikasi zituen, baita latin ikasketak amaitu ere. Lourdesen eman zuen lehen meza, 1958. urtean, eta apaiz bezala jardun zuen, Aizarnan adibidez –11 urte– baita Usurbilen ere. 1974an apaiz izateari utzi zion eta kazetaritzari ekin zion, buru-belarri. Zeruko Argiaz gain, Jakin eta Aurrera aldizkarietako kolaboratzaile izan zen. Eguna egunkarian ere lan egin zuen, eta 1977az geroztik, Martin Ugalde zenak eskatuta, Deia egunkarian hasi zen lanean. Jubilatu ostean ere, hor jarraitu zuen idazten 2007 arte. Azken 10 urteotan, Eusko Jaurlaritzak argitaratzen duen Bidegileak bildumaren koordinatzaile eta zuzendaria izan da Mikel Atxaga. Euskararen Aholku Batzordeko kide izana. Lasarteko Landaberri eta Usurbilgo Udarregi ikastolen sortzaileetarikoa. Donostiako Ikasbide ikastoletako partaidea. 1998. urtean, Rikardo Arregi kazetaritza saria eman zion Andoaingo Udalak. 2009an, Merezimenduzko Argia Saria jaso zuen Atxagak. 2009ko apirilaren 1ean, omendua izan zen, Donostiako Miramar Jauregian. Ekitaldian, Elixabete Garmendia kazetariak idatzitako Mikel Atxaga bidegilea izeneburuko liburua aurkeztu zen. Argitaratutako lan nagusiak:

. Gaztetxo, 1963 . Ezkontza bidean, 1966 . Ohiturak . Mundua, guztioi erakutsia. Itzulpena. 1969 . Komunikabideen beharra. 1977 . Deiadarrak. 1993. (Deian argitaratutako artikulu bilduma) . EAJ eta euskara (ehun urteko bide malkartsua) . Gerra aurreko eta ondoko euskalgintza . Gure Urnieta . Xalbador (Bidegileak bilduman) . Euskal emakume idazleak (Bidegileak) . Sabino Arana (Bidegileak) . Jaime Kerexeta (Bidegileak) . Itzulpenak: Tintin komikiaren zenbaki bat eta Euskal Herriko Atlasa (elkarlanean) Iturria: Euskaltzaindia.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Juan Miguel Gutierrez. Zinemagilea: Ikustezina den hori harrapatzeko gai zarela konturatzea zinearen alderdirik atseginena da

 

Irakurri

Óscar Candendo Zabala. Organista: Musikak berak egiten du bere buruaren azalpena. Musika definitu nahi izatea, oso arriskutsua izateaz gain, alferrikako lana ere bada

 

Irakurri

Jokin Villanueva. Arabarri, Arabako Kultur Ondare Eraikia Kudeatzeko Sozietate Anonimoko gerentea: Ondare-arkitekturak interes publikoak eta pribatuak uztar ditzan lortu nahi du Arabarrik

 

Irakurri

Germán Yanke. Kazetaria: Oro har, kazetariok zintzo jokatzen saiatzen garela uste dut, nahiz eta gero zuzen ala oker ibili

 

Irakurri

Joxe Garmendia Larrañaga. Euskal Herriko Hezkuntzaren Historiarako Dokumentazio Gunea: Dokumentazio gune honen helburua Euskal Herriko eskolaren ondare historikoa berreskuratzea eta kontserbatzea eta ikerketa maila erraztea da

 

Irakurri