Natalie Morel Borotra: "Opera bera ekimen garrantzitsu batean murgilduta zegoen, kultura, soziologia eta politika batzen zituen ekimenean alegia : kultura euskalduna besteak baino gutxiago ez zela erakustea, opera lanak sortzeko gai ere baitzen"

2004-04-16

SCARCIA, Robert

Natalie Morel Borotra

Musikologoa. Iaz Baionako Hiriaren eta Eusko Ikaskuntzaren 2003ko Saria irabazi zuen "Opera bera ekimen garrantzitsu batean murgilduta zegoen, kultura, soziologia eta politika batzen zituen ekimenean alegia : kultura euskalduna besteak baino gutxiago ez zela erakustea, opera lanak sortzeko gai ere baitzen" Robert Scarcia

Français Baionako Hiriaren eta Eusko Ikaskuntzaren sari hori Natalie Morel-Borotra musikologoak Izpegi argitaletxearekin argitaratutako liburu ederrari eman zitzaion: L'opéra basque. Horrela kitatzen da genero honekin zegoen zorra. Izan ere, bidegabeki ahaztuta egon baita, nahiz eta Euskal Herria izugarri ukitu zuen 1884tik 1937ra bitartean. Agian pentsa liteke ez dela oso lan espezializatua, baina liburu honek kultur historia bere osotasunean hartzen du, eta interes handiz irakurtzen da, hasieratik bukaeraraino. Gogora dezagun, bestetik, sari honen bidez urtero norbait ohoratu nahi dela, Iparraldean euskal kultura eta zientziaren alde egindako lan garrantzitsuren batengatik. Natalie Morel Borotra, zergatik euskal operari buruzko liburua? Nire ustez, Euskal Herriko operaren fenomenoa izugarri interesgarria da ikerketa soziologikoaren aldetik. Deigarria egin zitzaidan ikustea Euskal Herrian kultur mugimendu itzel bati lotuta zetorrela opera, bertako biztanleekin estuki bat eginik. Egunkariek, adibidez, beren azaletan jasotzen zuten berria opera bat egiten zen bakoitzean. Joera desberdinetako egunkariak ziren, gainera, jende guztia saiatzen baitzen opera berreskuratzen. Joera nazionalista zutenek, adibidez, izugarri plazer handiz hartzen zuten, eta besteek, ez hain markatuek, azpimarratzen zuten den-dena bertako baliabideekin egina zela. Publikoa izugarri identifikatzen zen eszenategian gertatzen zenarekin. Gizarte klase guztiak sentitzen ziren ukituta. Antzezpen herrikoiak antolatzen ziren. Tren konpainiek zerbitzu bereziak eskaintzen zituzten jendea operak ikustera eramateko. Eragin handia zuen gizartean. Fenomeno horren indarrak mende erdi iraun zuen: 1884tik 1937ra. Konpositoreak "euskal" operaz mintzo ziren; horrela definitzen zuten beren lana. Ni 1937ra arte iritsi naiz, eta bertan gelditu, Espainiako Gerra Zibilaren hasiera aldean. Ohar anekdotiko bat, hala ere: urte horretan euskal opera komiko bat aurkeztu zen Parisko erakusketa unibertsalean. Euskal operaren fenomenoa oso-oso lotuta zegoenez kontzientzia identitarioarekin, 1937az geroztik erabat aldatu zen, oso bestelako bihurtu zen. Natalie Morel Borotra, Baionako Hiriaren eta Eusko Ikaskuntzaren 2003ko Saria jaso zuen egunean. Nortzuk ziren euskal operen egileak? Euskal opera egiteko, kultur alorreko eragile ugari behar ziren: idazleak, poetak, pintoreak eta musikariak. Eskuarki, artista ezagunak ziren eta interesgarritzat jotzen zuten abentura berri hartan parte hartzea, euskal operaren nolabaiteko abenturan. Zergatik sortu nahi izan zuten euskal opera? Operak prestigio handia zuen XIX. mendearen erditik aurrera eta XX.aren hasieran. Izan ere, opera Genero Handia zen, besteak baino handiagoa; opera egiteko gai izatea zibilizazioaren goi mailan egotearen seinale zen. Operaren garaian proiektu kultural, soziologiko eta politiko garrantzitsu bat burutzen ari ziren gauza bat erakusteko: euskal kultura ez zela beste kulturak baino gutxiago, hain zuzen ere opera bat sortzeko gai zelako. Eta opera, beraz, operazio zabalago horren zati edo osagarri bat zen. Garai hartako testuinguruan, hain zuzen ere Europa osoan errebindikazio nazionalak indartzen ari zirenean, operak aukera ematen zuen nazio gisa legitimatzeko, euskaldunek nazio baten ezaugarri kulturalak bazituztela adierazteko, eta, beraz, ez zirela espainiarrak eta frantsesak bezalakoak, desberdinak baizik. Europako beste hainbat lekutan ere antzekoak gertatu ziren. Euskal opera nahastura baten ondorioa izan da, hiriko kulturaren eta kultura tradizionalaren artekoa, ikuspegi identitario eta nazional batetik egina. Euskal Herriari dagokionez, Frantzia, Italia eta Alemaniako operaren iturrietatik abiatzen da; kolore nazionala ematen zaio musikaren aldetik, doinu herrikoiak sartuz; koreografiaren aldetik, berriz, dantza herrikoiak sartzen dira, eta eskualdean bertan gertatzen den istorio bat eransten zaio. Kontzientzia nazionala sortzen denean, prozesu bera agertzen da musikaren arloan ere. Operak beti leku jakin bat izan du. XX. mendearen hasieran ere, frogatuko da opera autoktonoa dela, kultura herrikoian oinarritua. Non garatzen da gehien euskal opera, mugaren hegoaldean ala iparraldean? Opera gehien bat genero urbanoa denez, askoz indar handiagoa zuen alde espainiarrean. Gainera, jende asko behar da opera egiteko: bakarlariak, abesbatza, orkestra... eta hori askoz errazago lortzen da hirietan. Hori hala izanik ere, esan behar da Etienne Decrept libreto egilea Baionakoa zela eta Charles Colin konpositorearen ama Ziburukoa eta aita, berriz, artearen munduarekin lotuta zegoela, espresionista frantsesekin harremanak baitzituen. Eta, hain zuzen ere, Decrept eta Colin iparraldeko euskaldunek idatzi zuten, 1909an, Bilbon, Hegoaldeko hiririk handienean, Maitena opera, denbora luzez euskal operaren arketipo modura hartu den opera... Esan daiteke, beraz, harreman handia zegoela mugaren alde bietako jendearen artean. Zer-nolako istorioak taularatzen dira? Bi motatakoak dira. Alde batetik, subjektu historikoa, eskuarki berreskuratze nazionalaren prozesuan kokatuta, erabat. Gertakari historiko jakin batzuk aukeratzen ziren, momentuko egoera deskribatzeko eta irakurtzen laguntzeko. Esate baterako... euskaldunak erromatarren aurka aro kristauaren hasieran... Eta, jakina, inor ez da inozoa... Jende guztiak ikusten du hor Espainiako euskaldunen askapen borroka. Hain zuzen ere Verdik Nabucco idatzi zuenean bezala. Hark hebraitarrei buruz hitz egiten zuen, egiptoarren mendekotasunetik askatu nahian zebiltzan hebraitarrei buruz... Baina kodea garbi dago, eta denok dakigu benetan Italiarrei buruz ari dela, austriarren aurka borrokan, alegia...

Bestetik, badira landa giroko istorioetan oinarritutako lanak ere, maitasun istorio lirikoak, Euskal Herri tradizionaleko testuinguruan kokatuak. Horrela, balioa ematen zaio tradizioari, ordura arte baserri giroa gaizki ikusita baitzegoen, primitibo gisa, zentzu negatibo batean. Ikuspegi berriaren arabera, zenbat eta rustikoago izan, hainbat eta jatorragoa da. Gainera, horrek herri diferentea dela esatea ahalbidetzen du. Pertsonaia onak eta gaiztoak, oso markatuak? Ez zeharo. Operan ez da gertatzen zenbait euskal zartzuelatan bezala. Izan ere, zartzuela horietan traidore peto-petoak agertzen dira, adibidez Espainiako zerbitzu militarretik erabat Espainiaren aldeko bihurtuta itzultzen direnak: horrela hasi, eta apaizei lapurretak eginez amaitzen dute, hain zuzen ere egin daitekeen gauzarik txarrena eginez...

Operan ez dago horrelakorik; gehiago egiten da baserri giroa goraipatu, eta neurri txikiago batean, itsas giroa ere bai. Hori dena erabat idealizatuta, jakina... Mendiko artzainek bizimodu ideala dute... Nolabaiteko Arkadia da. Nola egiten da euskal opera lan bat, praktikan? Normalean, XIX. mendearen amaierako abesbatzetan oinarrituta. Donostiako Orfeoian, adibidez, eta Bilbon, berriz, Euskeria Orfeoi txit erradikalean. Abesbatzek maila oneko abeslariak jartzen zituzten, eta beraien lokalak eskaintzen. Bakarlariak nabarmendu egiten ziren. Gero, nahikoa zen tokiko orkestrarekin konpontzea, akordioren batera iristea.

Gogoan izan behar da abesbatzetako kantarientzat ez zela beti erraza bakarka aritzea. Baina eszenategiko diskrezioan ikusten zen gaitasun profesionalen gabezia hori beste modu batera interpretatzen zen: horren alde "naturala" ikusten zen, "benetako euskal izaera jatorraren" adierazpena zen... Ez zedin inor tronpatu espainiarren tenperamentu "beroarekin". Bakarlari profesionalen gabezia, beraz, puntu positibo bihurtzen zen, bakarlariak "sinpleak", "naturalak" zirelakoan, eta horien keinu neurtuek euskal pertsonaiaren benetako izaera adierazten zutelakoan.

Ikuspegi teknikotik, berriz, taularatze lana zeharo aurreratua zen. Euskal Herria eskualde aberatsa denez, argiztapen eta makinen aldetik oso ona zen, garaiko onenetakoa; eta giroa ere, Parisko Théâtre Libre-an zegoenaren antzekoa. Eta hizkuntza, zein hizkuntza erabiltzen zen? Garaiaren arabera. 1910 inguruan, Bilbon, zenbait jende beldur zen, euskara ez zelako ulertuko. Beraz, kantuak euskaraz, baina elkarrizketak gazteleraz edo frantsesez egiten ziren. Hala ere, publikoaren sektore bat ez zegoen konforme, eta oso-osorik euskarazko opera eskatzen zuen. Iparraldean, berriz, Gerra Handiak bestelako ikuspegia sortzen du hizkuntzaren inguruan: opera euskalduna izan daiteke, nahiz eta testuak frantsesez egon. "Maitena" operaren estreinua, Bilboko "Campos Elíseos" antzerkian, 1909. urtea. Nolakoa zen kritikaren erreakzioa? Azkue hizkuntzalariaren operarenak bezalako porrotak gutxi izan dira. Segur aski, tartean arrazoi politikoak izan dira, boikot kanpainak, publiko falta eta horrelakoak.

Opera gehien-gehienek arrakasta itzela izaten zuten. Bakoitzak bilatzen zuena aurkitzen zuen: nazionalistek "benetako" Euskal Herria; beste batzuek herri kulturaren onespena eta balorazioa. 1913an turistentzat egindako Maitena opera bera ere arrakastatsua izan zen. Turistek asko maite zuten Euskal Herriaren ikuspegi folkloriko hori.

Kritiko profesionalak ere aldekoak izan ziren; esate baterako, Madrilen Guridiren operak –batez ere Amaia– oso ondo hartu zituzten. Madrilgo kritikoek, alabaina, opera espainiar handi bat ikusten eta goraipatzen zuten kasu horretan. Zein leku du euskal operak testuinguru orokorrean, operaren generoaren barruan? Lehenik eta behin, esan behar da oso gutxi direla euskal operak, hamabost inguru. Eta hori oso gutxi da Europan lau mendez sortu diren milaka eta milaka operen aldean. Euskal lanen artean, hiru edo lau besterik ez dira azpimarragarriak. Besteek balio soziologikoa eta kulturala dute, baina musikaren aldetik ia batere ez. Zein duzu gogokoen? Agian Mendi Mendian, entzuteko atsegina baita, eta ahotserako ondo idatzia. Euskal jai bat da, kolorez ondo hornitua, euskal operaren arketipoa: maitasun istorioa, artzainak... Alde batetik, operaren mundu konbentzionala dugu, eta, bestetik, euskal kultura herrikoiaren ezaugarriak. Bi elementu horien arteko bategitetik sortutako emaitza da. Natalie Morel Borotra

Natalie Morel Borotra musikologoa dugu. 1994tik irakasle agregatua da Bordelen, Michel de Montaigne-Bordeaux III Unibertsitateko Musika Departamentuan. Uztaritzen ama euskaldun eta aita gaskoitik jaioa, Natalie Morel Borotra Landetako Musika Eskola Nazionaleko irakaskuntzan albokoa izan da lehenik, eta gero, berriz, Musika Hezkuntzako irakasle agregatua Bordeleko Akademian. Musikari buruzko hainbat lan argitaratzeaz gain, zeharkako flauta jotzen du. 2003an, Natalie Morel Borotrak Baionako Hiriaren eta Eusko Ikaskuntzaren saria jaso zuen, Baigorriko Izpegi argitaletxearekin karrikaratutako euskal operari buruzko liburuagatik. Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 250 > Elkarrizketa -->

2004/04/16-23
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Santiago Arcediano: "'Pajarita' taldeak, frankismoaren garaian, inguruan zeuzkan erresistentzien aurka borrokatu behar izan zuen"

 

Irakurri

Ander Manterola: "Hizkuntza errota bat da, eta errota horrek buruan ditugun ideiak landu egiten ditu, horregatik dago euskal pentsakera bat"

 

Irakurri

Amaia Gabantxo: "Itzultzailea sortzaile bat da; eskuetan duen obra berriro sortu egiten du"

 

Irakurri

Marrack Goulding: "Gaur egungo mundu globalizatuan, badira estatu bakar batek bere kabuz arituz konpondu ezingo dituen zenbait arazo, estatu hori munduko indartsuena izanda ere; eta horretaz konbentzitu behar ditugu Amerikarrak"

 

Irakurri

Mariví Bilbao-Goyoaga: "Nire asmoa, helburuak finkatzea baino gehiago, egiten dudanarekin gozatzea da"

 

Irakurri