Ángel Arbonies. Ezagutza eta berrikuntza kudeaketan aholkulari: Mundu guztiak bizia salbatuko dion flotagailutzat hartzen du berrikuntza, baina gutxi dira berrikuntzarako egiturak sortzen dituztenak, eta hori benetan zoritxarrekoa da

2009-06-05

SALA, Teresa

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Ángel Arbonies baikor mintzo da etorkizunaz. Bere erantzunei zuhurtasun-kutsua darie; aholkuak eman eta aurrera egiteko berrikuntza oso-osorik kudeatzea nahitaezkoa dela ohartarazten du. Krisiaz hitz egin eta aldaketetarako prestatu egin behar dela baieztatzen du, horixe baita jarduera-ahalmena izateko eta gertaeren mende ez egoteko bide bakarra. Ezagueran oinarriturik, beste gauza asko ere argi eta garbi esaten ditu.

Krisia eta Berrikuntza, azkenaldi honetan behin eta berriz aipatzen diren hitzak dira. Zer-nolako lotura dute? “Berebiziko” krisialdi honen konponbidea berrikuntzatik etorriko ote da?

Krisiak hiru mailatan eragiten die enpresa eta erakundeei. Oinarrizkoenean, finantza-egoerari eragiten dio, bigarrenean enpresak sektorearen barruan duen egoera estrategikoari eta hirugarrenean, berriz, krisiak sektore mailan izan duen eraginari. Berrikuntza behar-beharrezkoa da beti, baina enpresak, finantza-arazoez gain, arazo estrategiko eta sektorialak baditu –aldaketa teknologikoen ondorioz, esaterako–, orduan berrikuntza ezinbestekoa da. Automobilgintza sektoreko enpresak hiru maila horietako eraginak jasaten ari dira agian.

Berrikuntzari heltzen ez diona hondamendira al doa?

Kontua zera da: den-dena aldatzen bada eta den-dena aldatu egingo bada, aldaketarako prestatu egin beharko dudala. Ni neu alda naiteke edo, bestela, gertaerek aldatuko naute. Lehenengo kasuan, jarduteko ahalmena dut; bigarrengoan, aldiz, gertaeren mende nago.

Berrikuntza ez da berebiziko ideia edo asmakizunen bila ibiltzea, buru argiz erakunde sortzaileak eratzea baizik. Nolanahi ere, berrikuntzaren erantzunak ez dira konponbidea berehala lortzeko formulak; aitzitik, merkatu eta teknologietan lekuz kanpo gelditutako enpresen kasuan, negozio berriak asmatu behar dira.

Zein dira berrikuntzari ekiteko jarraibide oinarrizkoenak? Nola egiten da berrikuntza?

Ohitura sortzaileak ezartzea, hori da jarraitu beharreko bidea. Egunero ordenagailuko orri zuriaren aurrean jartzen den idazlea bezala, erakunde guztiek, edozein tamainatakoak direla ere, talde modura buruargiak egingo dituzten ohitura sortzaileak izan behar dituzte. Ohitura funtsezkoenak honako hiru hauek dira: behaketa, proiektuen kudeaketa eta ezagueraren erabilera.

Aholku-emaile modura lan egin duzu eta berrikuntzarekin zerikusia duten proiektu ugariren zuzendari izan zara. Noiz eta nola jakin zenuen etorkizuna ezinbestean berrikuntzarekin loturik zegoela?

Ibaian ura geroz eta azkarrago joateak, ur-jauzia hurbil dagoela adierazten du. Industria- eta zerbitzu-sektore guztiek bizitasun ikaragarria dutenez, lehiatu eta iraun ahal izateko berrikuntzak etengabe egin behar dira. Berrikuntza, bada, kudeaketan ezartzen da, berrikuntzak behin eta berriz egin behar direlako.

Badirudi “berria den oro…” berrikuntzari loturik dagoela eta berrikuntzak ez duela diziplinarik. BERRIKUNTZA zehaztu behar bazenuke, zehatz-mehatz zein hitz erabiliko zenituzke?

Berria ez den zerbait izan daiteke berrikuntza, eta, bestalde, gauza berri guztiak ere ez dira berrikuntzak. Berrikuntza lehen ez zegoen lekuan balio ekonomiko eta sozial berria sortzea da, eta berrikuntza kudeatzea, berriz, ideia bati edo (gehienetan) ideia hibridatuen multzoei balioa sorrarazten dieten jarduerak kudeatzea da.

Innoaction-en web orrian “berritu zure berritzeko era” eslogana ageri da. Berrikuntza agortezina al da? Gomendagarria al da berrikuntza ere berritzea?

Noski. Berrikuntzaren pilula hartu egin behar da. Berrikuntza etenik ez duen bilakaera jarraitua da, balio ekonomiko eta soziala sortzeko giza ezagueraren kapitalizazioa. Bizitzari loturik dagoenez, agortezina da. Gizakiak bere-berea du sortzea. Gizakiak berezkoa du sortze-lana; gauza berriak sortzen ditu, bere izaerari hala dagokiolako eta horrek zoriontsu egiten duelako. Arrazoi funtzional espliziturik gabe sortzen du. Horregatik diogu berrikuntza berezkoa dela eta berrikuntza kudeatzea, aldiz, berritzeko oztopoak kentzea.

Innoaction Garaia Berrikuntzagunea eta Mondragon Taldea buru dituen elkarte praktikoa da. Otsailean jardunaldien bigarren ekitaldia burutu zen eta web orriaren arabera badirudi etorkizunean hazten joango dela. Zer iritzi duzu mota horretako jardunaldiei buruz?

Innoaction berrikuntza alorreko profesionalen elkartea da. Elkartea eratzen duten eta berrikuntzan elkarrekin aritzen diren pertsonak dira. Berrikuntza galarazten duten antolaketa-ohiturak eteteko lanean murgildurik, Praktika Elkarte horretan hesi ekonomiko, sozial eta teknologikoak gainditzeko isileko ezaguera aurkitzen dute. Jarduerak benetan emaitza positiboak izan ditu, eta hori ez dut nik esaten, elkarteko kideek beraiek baizik.

Garaia Berrikuntzagunea etorkizuneko proiektuen eredua da, ikerkuntzan inbertitzen duelako eta enpresa alorreko esperientzia arrakastatsuek nahiz ekintzaren aldeko filosofiak argi eta garbi hala adierazten dutelako. Zure iritziz beharrezkoa al da tamaina horretako proiektua? Zergatik?

Aurrerapenaren ekuazioan, gaur egun, talentuaren, erakunde berritzaileen eta lurralde adimendunen arteko elkarreragina ageri da. Berrikuntza-lanetan diharduten erakundeetan eta berrikuntza jariatzen duten eremuetan murgildutako pertsona sortzaileak, alegia. Lan-filosofia hori Garaia Berrikuntzagunea bezalako eremuetan kontzentratzen da; ez da eremu horietan bakarrik kontzentratzen, baina horiek elkarreragin horren nodoa, ikonoa adierazten dute. Kasu honetan, Garaia Berrikuntzagunea berrikuntza-erakarle bilakatu da Gipuzkoa osorako eta, bereziki, Deba Goiena bailararako.

Berrikuntza alorrean ematen ari diren pausoak direla-eta, beste herrialde batzuekin alderatuta Euskal Autonomia Erkidegoa egoera onean dagoela esango al zenuke?

Gogoeta barneratu da, baina ekintza eta kudeaketa falta dira. Herrialde aurreratuenetik urrun gaude oraindik eta ekintzari gogoeta nagusitzen zaio. Esaten dena baino gutxiago egiten da, eta oraindik ez zaio arreta berezirik eskaini berrikuntzaren diziplinari. Nahasketa handia dago eta zientzia, teknologia eta berrikuntza fardel bakarra bailiran parekatzen dira. Iritsi da, ordea, hirurak bereizi eta politika ezberdinak egiteko garaia. Zientzia eta teknologiaren zati bat publikoak izan behar dute; berrikuntza, aldiz, enpresa-arlokoa eta kudeaketarako gaia izan behar du. Hala ere, berrikuntzaren kudeaketari ez dio inork jaramonik egiten. Eta “b” txikia izan arren, maratoiaren azken 10 kilometroak bezalakoa da: maratoilariek ondo asko dakite zein zaila den 32. kilometroa gainditzea.

2007ko irailaz geroztik enpresen eta gobernuen berrikuntza alorreko aholkulari gisa lan egiten duzu. Zer-nolako kasuistikak azaldu zaizkizu? Zein nabarmenduko zenituzke?

Esku artean erabiltzen dudan Berrikuntzaren Kudeaketari buruzko eskalan, alde batean inprobisazioa eta boluntarismoa daude eta bestean berrikuntzaren halako kudeaketa bat, berrikuntza-proiektuak azaldu eta kudeatzen dituena. Baina gutxi dira beren antolaketa-egituretan berrikuntza ohitura modura azaltzen duten erakundeak. Mundu guztiak bizia salbatuko dion flotagailutzat hartzen du berrikuntza, baina gutxi dira berrikuntzarako egiturak sortzen dituztenak, eta hori benetan zoritxarrekoa da.

Zein arlotan nabarmendu da krisia? Zer dago: beldurra, zuhurtasuna, itxaropena…?

Krisiak beldurra eragiten du. Baina okerrena zantzuei muzin egin eta ez ikastea da. Hondartzako itsasaldiak bezala, krisiak ere gora eta behera joan-etorrian ibiltzen dira, eta azkenean, mugitu ez bazara, harrapatu egiten zaituzte. 2010ean krisiak atzera egingo badu ere, lehentxeago edo geroxeago berriro ere itzuliko da enpresa gehiago desagerrarazteko. Ni enpresari izango banintz, hondartzan gorago ipiniko nuke toaila, hots, egitura-aldaketa sakonak egingo nituzke. Ez nuke aldaketa txikirik egingo. Ezagueraren gizartean gaude eta enpresak kopuru handitan ekoizteko diseinaturik ditugu. Antolaketa era berriak behar ditugu.

Zein da berrikuntzaren etorkizuna?

Berrikuntzaren etorkizuna berrikuntza irekia da, eta egitura eskuin-ezkertiak izatea, den-dena lankidetzaren ezaugarripean. Berrikuntza irekia, ustiaketarako nahiz berrikuntzarako zuzendariak izango dituzten sare eta egitura eskuin-ezkertietan. Eta, irabaziak handitzea ez, baizik lankidetzaren bitartez arriskuak txikitzea buruan izanez beti.

Zure ustez, pertsonek, enpresek eta erakundeek behar adinako berrikuntzak egiten al dituzte? Zer nabarmendu beharko litzateke?

Ez. Enpresek eta erakundeek urrezko pipita, berriro burua nekatu eta era automatizatuan ekoizten aritu behar izatetik behin betirako salbatuko dituen zerbait, aurkitu nahi dute. Baina halakorik ez da gertatuko edo oso-oso gutxitan gertatuko da. Funtsezkoena malgua izan eta aldatu ahal izateko antolatzea da. Denek dute berrikuntzaren premia bizirauteko, baina batzuek kudeaketaren bitartez, arintasunez egiten dituzte berrikuntzak; beste batzuek, berriz, krisialdi pertsonalak eta instituzionalak igaroz bakarrik.

Ezaguera gure baitan dugun zerbait bezala ez, baizik eta egiten dugun zerbait bezala, ezaguera berria sortzeko, berrikuntzak egiteko ekintza modura, interesatzen zaizula diozu. Zergatik? Ezagutzen al dute errealitate hori gure gizarte honetako gizon-emakumeek eta eragileek?

Niretzat ezaguera ezagutza eta ekintza da. Ezagutza jakituria-pilaketa den bitartean, ekintzaren bidez ezaguera berria sortzen dugu. Ezaguera ekintzaren bitartez adierazten da.

Berrikuntzarekin zerikusia duten hainbat liburu idatzi dituzu. Nola sortu zitzaizun idazle-bokazioa? Zenbateraino da pozgarria?

Nik erdi txantxetan esan ohi dut neure burua argitzeko idazten dudala, eta neurri batean egia da. Zenbait ideia nahaspilatsuak baitira, eta Humberto Ecok dioenez nahaspilatsuak direlako, oraindik ere lausotasunak argitu ez ditugulako, ez norbaitek jakinaren gainean nahaspilatu dituelako. Eta jende gehienak nahasketa hori askotan alferrikakoa izaten den errezeta erraz batez konpondu nahi duen bitartean, niri pentsatzea gustatzen zait, bide berriak bilatu eta aurkitzeko, deseraiki eta berriro eraikitzeko. Liburuetan prozesu horren zati bat bakarrik islatzen da. Deseraikitzean garrantzitsua izaten da pentsatutakoa gaur egun gertatzen denari egokitzen ote zaion jakitea, gogoeta asko eta asko besterik gabe oinordetzan jasotakoak baitira. Berriro aztertu egin behar dira.

Nola moldatzen zara zure jarduera guztietara heltzeko? Denbora kudeatzea ezaguera kudeatzea bezain garrantzitsua al da?

Ez dakit zer esan, ez baita horrenbesterako. Nolanahi ere, egia da emankortasunean garrantzitsua dela gustuko duzun horretan lanpetuta egotea. Amerikako esaera batek dioenez, “lanen bat presazkoa denean, eginaraz iezaiozu lanpeturik dagoenari”.

Nolakoa da berrikuntzak egiten dituen pertsona? Zer-nolako ezaugarriak ditu?

Egiten duena eta ikusten duena zalantzan jartzen dituen pertsona egonezina da berritzailea. Sofistei esker, mendebaldeko zibilizazioan gauzak egiteko era berri bat onartu ahal izateko, lehenbizi lehengo egiteko era hondaturik dagoela edo erabiltezina dela frogatu behar dugu. Dialektika kartesiarra da. Eta, hala ere, berrikuntzak egitea zerbait gainditzea da, nahiz eta lehengoa hondatu gabe egon edo erabiltezina ez izan.

Berrikuntzari buruzko elkarrizketetan, energia gehienak ezarritakoaren alde egiten xahutzen dira. Berritzaileen egoera oso kaxkarra da erakundeetan, gaur egun diseinaturik ditugun moduan.

Nola ikusten duzu etorkizuna? Baikorra al zara?

Baikorra naiz, baina trakzio-lanak egingo dituzten euskal erakundeak ahalik eta azkarren ikustea gustatuko litzaidake, ez I+G alorrean, berrikuntza alorrean baizik, eta ez arrakasta duten produktuetan, berrikuntzaren kudeaketa osoan baizik; ea horrela eredua zabaldu eta bete-betean berrikuntzarako ezagueraren kudeaketan murgiltzen garen.

Beharbada, berrikuntza alorrean kudeatzaile kopuru on bat trebatu eta enpresetan berrikuntzarako eta jarduera berriak aztertzeko ohitura ezartzea erabakigarria izan daiteke. Ángel Arbonies Ángel Arboniesek antolaketa era berriak ikertu eta ezartzen lan egiten du. Azken urteetan, Ezagueraren Clusterra eta Mondragón Innovation and Knowledge, kudeaketa alorreko ikerketa zentroa sustatu ditu, Zientzia eta Teknologia alorreko Euskal Sareko ikerketa zentroen eta Mondragón Cooperación Cooperativa, kooperatiba-elkartearen barruan. Gaur egun berrikuntza alorreko Zuzendari Teknikoa da Garaia Berrikuntzagunean, Euskadiko Infonomia arduraduna –www.infonomia.es– eta aholkulari independentea berrikuntza alorrean. . 2007ko irailaz geroztik enpresen eta gobernuen berrikuntza alorreko aholkulari gisa lan egiten du. . 2003ko otsailaz geroztik, CONEX proiektuko zuzendari zientifikoa eta ikerlari nagusia, Mondragón Innovation and Knowledge (MIK) zentroan. . 2001eko urritik 2002ko urtarrilera arte, MIK, Mondragón Innovation and Knowledge, zentroko zuzendari. . 1996ko urritik 2001eko urrira arte, EZAGUERAREN CLUSTERREKO zuzendari nagusia. . 1992ko urritik 1996ko urrira arte, IKEI enpresako zuzendari. Marketing- eta berrikuntza-alorretan proiektu ugari zuzendu ditu, industria- eta zerbitzu-alorretako enpresei aholkuak emanez eta herri-administrazioko programetan etengabe parte hartuz (Innoval–eko zuzendaritza, RETO-ko zuzendaritza teknikoa, etab.). . 1990-1992: Aholkulari independentea, proiektu ugari, batez ere Marketing Planak, burutuz. Bereziki bi master zuzendu zituen: BERRIKUNTZAREN KUDEAKETA eta PRODUKTU BERRIEN DISEINUA ETA MARKETINGA. . 1989-1990: Ikasle bisitaria Science Policy Research Unit zentroan. Ikerketa zentro hartan burutu zuen bere tesia. . 1988-1989: Kontu-ikuskaritza zerbitzuko arduraduna DZ Diseinu Industrialeko zentroan. . 1985-1988: Marketing saileko aholkularia DZ Diseinu Industrialeko zentroan. . 1983-1985: Marketing saileko aholkularia Azter-en. . 1981-1983: Salmenta-buru eta Merkataritza Zuzendari, goi-fidelitateko sistemak eta kutxa akustikoak egin eta banatzen zituen Gogar Kooperatiba Elkartean. . Ekonomia Zientzietan lizentziaduna, ESTE fakultatean (Deustuko Unibertsitatea). . Mphil (Ikerkuntza masterra) TECHNOLOGY AND INNOVATION MANAGEMENT alorrean, EBko Sussex-ko unibertsitatean (1991-1993). Aurkeztutako tesia: Produktu berriak eta kanpoko diseinatzaile industrialen eginkizuna. Hainbat liburu ere idatzi ditu: Nuevos enfoques en la innovación de productos para la empresa industrial (1993); Cómo evitar la miopía en la Gestión del Conocimiento (2001); De la e-mpresa jurásica a la empresa e-volucionada (2003); Conocimiento para innovar (2005); Innovación o Evolución (2007).
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Arantza Tapia Otaegi. Hondarribi – San Sebastián aireportuaren sustapenerako sozietateko lehendakaria: Donostiako aireportuan krisia aisian nabaritu da gehien, ez horrenbeste lanerako bidaietan

 

Irakurri

Anuntxi Arana. Antropologoa: Sinestea zer den estimua baldin bada, hori badut, erruz

 

Irakurri

Balendin Lasuen Solozabal. Kultur eragilea: Errepublika garaiko sei urteetan izan ezik, ez dugu benetako demokraziarik bizi izan

 

Irakurri

Manex Pagola. Idazlea: Jendeari erran nahi genion Euskal Herria bazela, menperatua zela. Baina pedagogiaz ari ginen, jendeak ez baitzekien deus Euskal Herriaz

 

Irakurri

Jesus Maria Ugalde. Kimika Fisikoko katedraduna: Zientzia handiko proiektuak eta Zientzia proiektu handiak ez dira parekoak

 

Irakurri