Txaro Arteaga: "Euskadik matxista izaten jarraitzen du"

2003-05-04

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Txaro Arteaga Txaro Arteaga, Emakundeko zuzendaria "Euskadik matxista izaten jarraitzen du" * Ismael Diaz de Mendibil Ziur aski zuetako askok galdetuko diozue zuen buruari, nik neuk egin dudan bezala, ea zergatik jaiotzen diren batzuk Ekialde Ertainean, eta erabateko eskasian bizi dira, eta beste batzuk Mendebaldean, askoz ere bizimodu erosoagoa daramagula. Zergatik jaiotzen diren batzuek zortea alde dutela, eta beste batzuk beheak jota. Inoiz edo behin, galdera hau bera sexuaren esparruan ere egin dut: zergatik naiz gizona, eta ez emakumea? Zuetako batzuek pentsatuko duzue gauzak ez zirela hainbeste aldatuko sexu batekoa izan beharrean bestekoa izateagatik. Ni, ordea, ez nago hain ziur. Oro har, gizonok ez ditugu tratu txarrak jasaten; ez gaituzte haur bat izatean lanetik botatzen, ez gaude sukaldean aritzera, plantxa egitera edo gure aiton amonak zaintzera behartuta. Eta, gainera, salbu gaude detergenteen iragarkiak egitetik. Detergenteen iragarkietan emakumeak bakarrik agertzen zirenekoa pasata dagoela? Ez pentsa. Duela gutxi telebista piztu dut, eta detergente kaxa baten inguruan dozena bat emakume azaldu dira. Gizartea aldatu ote den ez dakit, baina iragarkia behintzat argi dago ezetz. Ez da gizon bakar bat ere azaldu. Euskadi, XXI. mendea. Gizartea matxista da oraindik ere? Bai, datuek hori esaten digute. Esate baterako, emakumeen %32 bakarrik egiten du lan etxetik kanpo. Hau da, hamar emakumetatik zazpi ekonomikoki beste baten menpekoak dira. Euskal Autonomia Erkidegoan tratu txarren 2.000 salaketa jasotzen ditugu urtean. Gutxi gorabehera 100.000 emakume inguruk jasaten dituzte tratu txarrak. Datu gehiago: emakumeok gizonek baino emaitza akademiko hobeak lortzen baditugu, nola uler daiteke emakumeen langabezia gizonenaren bikoitza izatea? Emakume zein gizonak lana egiten duten hamar kasuetatik hirutan bakarrik laguntzen dute gizonek etxeko lanetan... Ezin da ukatu aurrerapenak egon direnik, baina oraindik ere asko dago egiteko. Icebergarrentontorrean emakumeen aurkako indarkeria daukagu. Parlamentuan duela hamar urte agertu nintzen lehen aldiz gai honi buruz mintzatzeko. Orduan nahiko onetsita zegoen gizartean emakumeen aurka indarkeria erabiltzea. Ez zuen ematen existitzen zenik ere, eta, gainera, ez geneukan horren gaineko ikerketarik. Baina arazo hori ezagutzera ematea lortu dugu, eta gero eta datu gehiago dauzkagu. Gure helburua da alde batetik biktimei laguntzei, eta beste alde batetik gizartea sentsibilizatu eta prebenitzea. Emakunden pentsatzen dugu indarkeria ez dela desagertuko berdintasunik ez daukagun bitartean. Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak jarraitzen duen bitartean, indarkeriak hor egoten jarraituko du. Zure iritzian, irtenbideak tratu txarrak ematen dituena zigortzearekin lotuta egon beharko luke? Legeak finkatzen dituen zigorrak, betetzen baldin badira, nahikoak dira. Baina irtenbiderik onena desberdintasunekin amaitzea izango litzateke. Ez diozu joko zure parekoa den beste bati, edo erantzuteko edo alde egiteko gauza den bati... Jotzen baldin badiozu, zu baino gutxiago dela iruditzen zaizulako egiten duzu. Beste alde batetik, biktimei eskaintzen zaien laguntza askoz ere hobea da. Emakundek biktimei laguntzen dieten zerbitzuen batzorde bat koordinatzen du. Hor daude, besteak beste, Ertzaintza, botere judiziala, Osasun Saila, Gizarte Arazoen Saila, etab. Lan esparruari begira, enpresarioek egindako azterlanen arabera, emakumeek gizonek baino gutxiagotan uzten diote lanera joateari, baina, hala eta guztiz ere, enpresa askorentzat emakumeak karga bat dira, eta are gehiago haurrak badauzkate eta 30 urtetik gorakoa badira. Beste zenbaitetan, lan berdina egin arren, soldataren erdia jasotzen dute... Zer egin dezakete erakunde publikoek enpresa pribatuaren munduan ematen diren bidegabekeria hauek konpontzeko? Nik uste dut gauza asko egin daitezkeela. Batez ere, enpresarioei erakustea emakumeak errentagarriak direla. Estereotipoak baztertu egin behar dira. Eta hori egiten saiatzenari dira emakumeak enpresetan. Enpresarioen pentsaera aldatzeko lanik handiena egiten ari direnak emakumeak dira. Erakutsi behar zaie planetako ezagutzaren erdia emakumeen burmuinean dagoela. Enpresarioa behingoz horretaz jabetzen denean, jenderik onena aprobetxatzen saiatuko da, emakumeak zein gizonak izan. Duela gutxi jakin dugu Iparrameriketako unibertsitate batek hogei urte daramatzala kristalezko sabaia deitzen den fenomeno bat aztertzen. Hau da, zergatik ez den ehuneko hogeita hamazerbaitetik pasatzen emakumeen presentzia esparru sozial, politiko, ekonomiko edo kulturaleko maila gorenetan. Baina, unibertsitate horrek berak egindako ikerketak erakusten du etekinik handienak lortzen dituzten enpresa iparramerikarrak zuzendaritza karguetan emakume gehien dauzkatenak direla. Dirudienez, Estatu bakar batek ere ezin du esan bertan generoen arteko berdintasuna erabatekoa denik. Egia da. Ez lan merkatuan, eta ez beste inon. Iparraldeko herrialdeetan ere badira desberdintasunak. Suediako kasua aipatzeko modukoa da: hango enpresak behartuta daude beren aurrekontuaren zati bat enpresan berdintasuna lortzeko politiketara bideratzera. Obligazio hori legeak berak jasotzen du. Eta, ez badute hori betetzen, zigor ekonomikoak ezartzen zaizkie. Zaila hemen horrelakorik aurreikustea. Zaila da, bai, baina Euskal Herrian hemendik gutxira aplikatuko diren politika batzuk ildo horretatik joango dira. Adibidez, emakumeak diskriminatzen dituzten enpresei kendu egingo zaizkie dirulaguntza publikoak. Bide horretatik jarraitu behar dugu. Hitz egin dezagun etxeko lanez. Banatzeko orduan, emakume batzuek ez al dute nahiko jarrera matxista hartzen? Bai, baina ulertzekoa da, azken batean gizonek eta emakumeek kultura berdina jasotzen dugulako. Erreferentzia modura hartzen den eredu unibertsala maskulinoa da, baina emakume batzuek oraindik ez dute kultura hori auzitan jarri ere egin. Baina egingo dute. Emakume asko ari dira dagoeneko egiten, eta gizon asko ere bai. Dena den, gizartearen egiturakeredu horri erantzuten dio: emakumea etxean eta gizona etxetik kanpo. Lanerako orduak, sendagilearengana joateko orduak, ikastolen orduak... Baina jende asko ari gara beste eredu baten alde borrokatzen. Badakigu ez dela erraza izango, baina saiatzen ari gara. Horrela, gizon eta emakumeek ordaindutako lana eta ordaintzen ez dena elkarbanatuko ditugu, biak. Hezkuntza funtsezkoa da sexuen arteko berdintasuna lortzeko bidean. Zein eredu erakusten dute eskoletan? Eskoletan aurrerapen handia eman da. Kontuan izan lehenagoko eredua segregatua zela. Orain eredu mistoa daukagu; neska mutilak gela berean egoten dira. Baina, hala ere, eskolak ez dira eredu zuzena erakusten ari, eredu maskulinoa unibertsalizatzen ari delako. Neska mutilak ikasten ari dira mutila izatea zer den. Bizitza publikorako prestatzen ari dira, lana egiteko, baina emakumeok tradizionalki egin dugun guztia erabat azpibaloratuta dago. Kontua ez da bakarrik mutilek ez dakitela sukaldean aritzen; kontua da ez dakitela ez mutilek eta ezta neskek ere. Ez zaie erakusten sukaldean aritzen, aiton amonak zaintzen... Alegia, eredu misto batean gaude, bai, baina bultzatzen ari garen eredua ez da hezitzailea. Dena den, bide txarretik doana ez da eskola bakarrik, baizik eta baita ere gurasoak eta komunikabideak. Konturatu behar dugu eredu sozial honek ez digula batere mesederik egiten, mugak ezartzen dizkigulako, bai emakumeei, bai gizonei. Zuek indartsuak, bizkorrak eta ederrak izan behar duzue. Familia mantendu behar duzue. Agindu egin behar duzue... Eta horrek guztiak mugatu egin du zuen mundu afektiboa. Gizon batzuek asko sufritzen dute ezin dituztelako beren sentimenduak adierazi. Batzuetan, gainera, ez dakite nola adierazi ere. Gizonek ikusi behar duzue zein muga ezarri dizkizuen eredu tradizionalak. Aipatu duzun bezala, orain arte emakumeak arduratu dira zaharrak zaintzeaz. Nork zainduko ditu aurrerantzean? Neurri batean elkarbanatu egin behar dugu lan hori, eta beste neurri batean gizarteratu. Esna daitezelabehingoz! Ez dugu lan guztia emakumeok bakarrik egingo, ezta? Lan komunitarioak banatu egin behar dira. Dena den, zerbitzu publiko gehiago behar dira, hori argi dago. Administrazio publikoa, behintzat, hasi da konturatzen zerbait egin beharra daukala, eta dirua beste modu batean gastatu behar duela. Goazen boterearen esparrura. Zein alderdi politikok emango du emakume bat lehendakarigai gisa aurkezteko pausoa? Badakit gure lehendakariordea emakumezkoa dela, baina nik zaila ikusten dut. Egia da azken urteotan gero eta emakume gehiago daudela politikan, eta legegintzaldi batetik bestera handitzen doala emakumeen kopurua, baina... Botere ekonomikoan sartzea falta zaigu. Hori bai izango dela zaila. Baina hori da benetako boterea. Mintza gaitezen erabaki politiko baten inguruan. Zein da zure iritzia duela zenbait astetik hona Espainiako emakumeek jasotzen dituzten laguntza fiskalei buruz? Gogora dezagun hilean 100 euro ematen zaizkiela hiru urtetik beherako haur bat izanik etxetik kanpo lan egiten duten emakumeei. Ni, orokorrean hartuta, ez nago zuzeneko laguntzen alde. Gainera, inork ez ditu seme alabak kopuru ekonomiko horrengatik izaten. Niri iruzur bat iruditzen zait. Baina bai pentsatzen dudala Administrazioak gure beharrei erantzuteko zerbitzuak kudeatu beharko lituzkeela. Hor bai egin behar dela ahal den guztia. Zertarako nahi ditu ama batek hilean 100 euro, gero ez baldin badauka haurra nora eraman? Laguntzen kasuan positiboa iruditzen zaidan gauza bakarra da politikariak konturatu direla gai hauetan parte hartu behar dutela. Besterik da inbertsio hori egokiena den edo ez. Gaur egun feminismoak ez ditu bere unerik onenak bizi. Zuk feministatzat jotzen al duzu zure burua? Jakina, inolako zalantzarik gabe. Nire ustez feminismoa funtsezkoa da gizartean aldaketak bultzatzeko. Interes jakin batzuk feminismoa zikintzen saiatu dira, zer egiten ari garen jakin gabe. Eta kontua da emakume zein gizonak liberatzen ari garela. Gizartean dauden bidegabekeriak azaldu dizkiguzu.Ba al da baikor azaltzeko arrazoirik? Demagogia egin nezake, baina ni ez naiz horrelakoa. Zaila da, konplikatua, eta bide luzea daukagu aurretik. Hemen ez dago makiltxo magikorik, baina aurrerapausoak ematen ari gara. Politikoki onartuta dago generoen artean ezberdintasuna dagoela, eta horren aurrean Administrazioak aurrera egiten ari dira, baina argi dago masa kritiko bat ere behar dugula. Administrazioei exijitzea ondo dago, baina nork bere buruari ere exijitu behar dio. Lanik handiena indibidualki egingo dugu. Bukatzeko, zer esango zeniguke garapen bidean dauden herrialdeetan bizi diren emakumeei buruz? Esan dezakedan gauzarik onena da munduko leku ezberdinetako emakumeak borrokatzen hasi direla. Eta, gainera, Ekialdeko herrietako emakumeak, askotan, Mendebaldean bizi garenok baino askoz ere borrokalariagoak izaten dira, hemen, batzuetan, dena lortua dugula iruditzen zaigulako. Munduaren etorkizuna emakumeena izango dira. Txaro Arteaga Txaro Arteaga duela 58 urteko udaberriko egun batean jaio zen, maiatzean. "Aurki beteko ditut 59 urte, eta, berehala, 60". Bere amak "ordurako etxetik kanpo egiten zuen lan", eta bere aitak "etxeko lanetan laguntzen zuen". Idazkaritza ikasi zuen arren, bere lanak ez du arlo horrekin zerikusirik. "Egun batean, kasualitatez, Herri Irratian sartu nintzen, eta 25 urte eman nituen bertan". Bere ahotsa bere lan tresna bihurtu zen; izan ere, irratiko mikrofono aurrean aritzeaz gain, bikoizketa lanak ere egiten baitzituen, "haurrentzako saioak eta Dallas telesaila, adibidez". Duela 14 urtetik hona, egunean hiru ordu ematen ditu autoan, Oiartzun Gasteiz Oiartzun ibilbidea egiten. Gasteizen Emakunde zuzentzen aritzen da, eta Oiartzunen, berriz, bere senarrarekin batera, etxea bera. Argazkiak: Emakundeko artxiboa Euskonews & Media 208. zbk (2003 / 04 25 / 05 09) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jorge Oteiza: "Bizitzen jakin izan dut".

 

Irakurri

Joxan Goikoetxea: "Musika bidegurutze batean dago"

 

Irakurri

Diego Joaquín Ibarbia: "Guk sortu genuen Argentinako Euskal Inmigrazioaren Aldeko Batzordea"

 

Irakurri

Aitor Egurrola: "Euskal Herriko eguraldiaz informatzea zaila da, sei ordutan erabat aldatu daitekeelako"

 

Irakurri

Anjel Lertxundi: "Nik daukadan aberastasun bakarra da egiteko gelditzen zaidana eta bizitzeko gelditzen zaizkidan urteak".

 

Irakurri