Musikariez ari garela, agian lanbideari buruz okerreko ikuspegia dugu, kontenplaziozko bizimodua dela...
Ui, ez horixe... (dio gorantz begira). Musikari izatearen alde onenetakoa da ikasketak institutuan utzi eta buru-belarri musikan lanean hasten zarenean ordutegiak aldatu egiten direla, orokorrean ez direla ordutegi iraunkorrak, eraldaketa hori gertatzen da. Lanerako diziplina ezartzen diozu zeure buruari, zure ikuspegi musikala eta pertsonala zabaldu nahi dituzu, hainbat bide jorratzen dituzu bilaketa horretan, beste diziplina batzuei begiratzen diezu, galderak eginaz, kritiko izanaz egiten duzunarekin, hartu beharreko erabakiekin, zure lanaren norabidearekin, eta hurkoarengana iristeko bideen gainean hausnartzen duzu... Nolabaiteko anarkia dago norbere bizitza eraikitzeko eta zuzentzeko moduan.
Nola antolatzen da anarkia hori?
Lanaren arabera, adibidez... Badira bukatu behar dituzun lanak, eta horien araberakoa izaten da lan-erritmoa. Musikari batentzat epemuga erabakigarria izaten da, eta normalean, abiada bizian joaten zara bukaerara arte; ez dakit lanbidearen gauza den ala bideak eramaten zaituen... Baina egiteko zehatzik ez duzunean, aldiz, bestelako garaia izaten da, beste musika batzuk entzuten dituzu, liburuak irakurri, ikasi, zinemara joan, erakusketetara... Idazteko orduan lagungarri zaizkizun ariketak dira.
Eta prozesu guzti horretan, non dago artistaren inspirazioa?
Zalantzazko terminoa da hori niretzat... Mundu erromantikoari dagokio eta nire iritziz gaizkiulertuak sortzen ditu. Lantzen ari zaren zerbaiten inguruan flash moduko bat edo intuizio bat izaten duzula uste da. Musika-ideia bat, instalazio bat, edo agian elektronikoa den zerbait aurrera eramateko modua lantzen ari zara, eta une batean ondorio jakin batera iristen zara. Baina hori ez da bat-batean gertatzen. Egitasmoa poliki-poliki heltzen doa, eta azkenean zalantzak argitu egiten dira eta sortzeari ekiten diozu. Eta bai, horrek badu zerikusia inspirazioa esaten diotenarekin, baina ez dut uste argitasun berezia duen musikariaren irudiarekin lotuta dagoenik. Dena den, argitasuna jende guztiak izan dezake, edonor izan liteke “emankorra”...
Argazkia: Zuriñe Fernandez de Gerenabarrena.
Gasteizko kontserbatorioan Karmelo Bernaola izan zenuen maisu, Italian izan zinen beka bat tarteko, Alemanian egon zinen, Parisen, IRCAn... Bidaiatzea garrantzitsua al da musikariarentzat? Aberasgarria al da?
Mugitzen ez den jende asko dago, sortzeko mugitu beharrik ez dagoela uste duena. Hala ere, nire ustez bidaiatzea lagungarria da pertsona mailan, bestelako erronkei egin behar diezu aurre, eta ispilu batean ikusten duzu zeure burua, zeure buruari begiratu eta gabeziak antzematen dituzu, zeure izaera, bestelako egoeran zaude eta hori garrantzitsua da aurrera egiteko, munduaren aurrean nola erreakzionatzen duzun ikusteko. Gaur egun Internetek eskaintzen dituen aukerekin bestelako bideak ditugu musikak ezagutzeko eta jarraipena egiteko. Lehen ez zen horren erraza etxetik bertatik askotariko paisaia musikalaren berri izatea. Kontzertu batean izatea esperientzia bakarra, errepika ezina eta ahaztezina bada ere, Interneti esker informazio-aukerek dimentsio berria hartu dute.
Zein oroitzapen gordetzen dituzu ikasle-garaietatik?
Italia gogoratzen dut bereziki. Oso garrantzitsua izan zen neure eraldaketa musikalari begira. Franco Donatoni maisuarekin ikasi nuen, musikagile bikaina dena, musikagintza garaikidera bideratutako eskolan izan nintzen, oso eskola irekian, eta musikari asko ezagutu nituen. Italiak aztarna utzi du nigan, oso maite ditut bertako pertsonak eta orokorrean Italiako energia eta eduki artistikoa, izan ere, horri guztiari esker, pertsona bakoitza bere indibidualtasunean artista izan daiteke bere arloan... Gasteizen Bernaolarekin teknika ikasteko bidea gogorra izan zen, eta Italian, berriz, heltze-garaia bizi izan nuen, eta pertsona eta artista modura azaldu nintzen munduaren aurrean.
Karmelo Bernaola aipatu duzu. Zer ikasi zenuen harengandik?
Maisu-irakasle izatea gainditzen zuen, haratago zihoan eta ondo irakatsi zigun musikariaren lanbidea, artisau-artista den musikariarena, eta gizartearen barruan musikariak duen zeregina. Gainera, bera oso kritikoa zen. Ikasle izateari utzi eta musikagile bilakatzeko bultzada kontzientea izan zen irakatsi zigun ideietako bat. Berak bultzatu gintuen aukeratu dugun lanbide honetara. Gogoan dut harekin egin genuen lehen lana, Oteizaren omenezko kontzertua. Musikagile sentiarazi gintuen, ez ikasle.
Musika hizkuntza unibertsala al da ala hori esatea topiko hutsa da?
Musikak egilearen adierazpen-indarra eta entzulearen barnean gertatzen ari denarena darama berarekin, eta beraz, komunikabide horretan pertsonari eragiten dioten ekintzak, sentsazioak edota kodeak elkartrukatzen dira... Zalantzarik gabe, musika da pertsonari gehien eragiten dion komunikabideetako bat.
Argazkia: Zuriñe Fernandez de Gerenabarrena.
Zure musika-proiektuak direla eta, non ibili zara azken aldian?
Duela gutxi Portugalen izan nintzen, Lisboako LEC laborategian artista egoiliar gisa lan bat jorratzen. Lan elektronikoa da, fadoaren sonoritatearen eta indar poetikoaren gainean sortutakoa. Eta aurrera begira, azaroan Norvegiara joatekotan naiz, beste egitasmo bat lantzeko. Era berean, Alacanteko jaialdirako lan bat ari naiz prestatzen, enkarguz, hari-orkestrarentzako lana, hain zuzen. Ilusioz beterik nago lan horrekin, denbora badut eta formatua oso polita da.
Musika elektronikoa aipatu duzu. Zuriñe Fernandez de Gerenabarrenaren lanetan ohikoa al da?
Elektronika erabakigarria izan da nire lana aurrera eramateko moduan, erabiltzen dudan tresna da, ideia berriak pentsatzeko baliagarria zait, baita arazoak konpontzeko ere, eta hainbat proiektutan erabiltzen dut, dimentsio espaziala edo naturaren soinuak edo ordenagailuz sintetizatutakoak erabili behar direnetan...
Oso baliabide erabilgarria da eta eskura dugu. Proiektu batzuk elektronikarekin egin daitezke, eta beste batzuetan, berriz, ez da beharrezkoa. Gaur egun musikagintzako ikasle batek elektronikaren printzipioak ikasi behar ditu, musika egiteko tresna den heinean, funtsezkoa baita prestakuntzari begira. Horregatik elektronika ikasgaia da, musikagile izateko aberasgarria delako. Gero bakoitzak erabakiko du erabiliko duen ala ez. Niretzat urrats handia izan da.
Irakasle eta musikagile zara. Eroso sentitzen al zara ogibidearen bi alde horietan?
Erabat bateragarriak dira. Irakaskuntzako lana oso garrantzitsua da guztiontzat, beharrezkoa baita ezagutu eta ikasi duzun guztia irakastea. Modu horretan ikasten jarraitzen duzu, ikertzen. Garrantzitsua da ikasleak bere ezagutzak gainditzea. Eta gero, gainera, irakaskuntzan bikaina da ikasleekin musikaz hitz egin ahal izatea, zenbait prozedura agerian utzi eta teknikak irakastea, eta aldi berean, musikagintzaren barruan bakoitzak bere bidea aurki dezan bultzatzea. Goi mailako musika-ikastegian ari naiz, pertsona helduekin, eta haiekin kontzertu batera joan eta musikaz modu zabalean hitz egiteko aukera dut. Ikasteko eta garatzen jarraitzeko modua da.
Garatzeaz edota aberasteaz mintzo zara. Fase horren barruan sartzen al duzu zure musikagile-alderdia?
Azken finean beti zaude zeure burua berraztertzen eta galderak egiten. Oso ezaguna zenuen lana berriro entzutean agian zerbait berria aurkituko duzu. Heldu egin zarelako, ibili egin zarelako eta lehen estimatzen ez zenituen musikagileengana hurbildu zarelako. Beste musikagile batzuekin, bestelako korronteekin edo musika egiteko beste modu batzuekin harremanetan sartzen zara, lehen ezagutzen ez zenituenak, eta zure ikuspegia aldatu egiten da... Pertsonaren aldakortasunetik gertuago dagoen zerbait da. Gizakiaz ari gara, joan-etorrian dabilena... Proiektu bakoitzean lantzen ari zaren horren gainean zeure burua berrasmatzen duzu, hau da, zugan ideia berria lantzen duzu. Ideia horrek, dagoeneko asmatuta badago ere, musikagile gisa bizi duzun eraldaketan berria izaten jarraitzen du.
Argazkia: Zuriñe Fernandez de Gerenabarrena.
Musikaz gain bestelako diziplinak ere landu izan dituzu, animazioa edo irudiaren zuzeneko eraldatze-lanak, esaterako.
Alde ludikoari dagozkio, norbere erabilerarako direla esan liteke, gogobetetzen naute eta batzuetan, marrazkien kasuan, adibidez, ez dute esperimentazio gehiago eskatzen norbere fantasian murgiltzea baino.
Pertsona gisa osagarritzat hartzen ditut, garai batzuetarako freskagarri.
Azken urteotan landu dudan ikus-entzunezko eraldaketan esperimentazio gehiago dago, baina ildo horretan bide luzea dut aurretik, eta oraingoz, proposamenak eginez noa, ekintza laburrak, heldu beharreko edo hausnartzeko eszena-ideia edo elkarrekintza osatzen doazenak.
Egia da nire lanean musika eszenikoak toki esanguratsua betetzen duela. Antzezlanetarako, antzerki musikalerako, instalazioetarako edo ekintzetarako musika egin dut; horietan garrantzi handia du bestelako diziplina artistikoekiko harremanak; agian uste dudalako hurkoarengana iristeko zentzumen guztiekin hurbiltzen saiatu behar garela; horregatik, azken produktua aberasteko erabiltzen dut beste artisten lankidetza, eta batez ere, bestelakoa eta aberasgarria den mundu oso bat erakusten dutelako.
Horregatik ia ezinezkoa zait nire margolari-alderdiaz hitz egitea... diziplina horietara egiten dudan hurbilketa amateurra bezain ludikoa eta pertsonala delako.
“La regenta”, “Airbag”, “Cachito”, “Secretos del Corazón”... Hainbat filmetako musika orkestratu duzu. Argumentuei begiratuta parekotasunik ez duten lanak dira...
Bai, baina film guztiotako musika Bingen Mendizabalek egin du. Bernaolarekin ikaskide izan ginen eta laguntzeko eskatu zidan. Pare bat urte izan ziren, eta oso oroitzapen onak ditut garai hartaz. “Éxtasis”, “Cómo ser infeliz y disfrutarlo”... Garai hori igaro da, ez dakit itzuliko den, atea irekita dago...
Musikagile eta musikari izanik, zein plataforma aukeratu ohi duzu musika entzuteko edo interpretatzeko orduan?
Internet plataforma berria eta musika trukatzeko oso erabilgarria den arren, urruti sentitzen dut... Hurbilagokoa zait kontzertu-formatua, jendearen aurpegia ikusteko, gertatzen ari dena sentitzeko... niretzat ekintza bera garrantzitsua da, musika sortzen den unea, horrenbeste jende batera entzuten izatea. Zuriñe Fernandez de Gerenabarrena (Vitoria-Gasteiz, 1965) Pintura eta musika interesatzen zaizkio, eta ikasketa akademikoak musikaren ildotik bideratu ditu. K. Bernaolarekin ikasi zuen konposizioa Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan, eta harreman hori erabakigarria izan da bere ibilbidean. Beka baten bidez Milango Scuola Civican jarraitu zituen ikasketak F. Donatoni maisuarekin, eta bertan, Italiako eskola garaikideko musikagileekin harremanetan sartu zen. Hainbat mintegitan hartu du parte, hala nola, Darmstadt, IRCAM, LIEM, ARTIUM, iMAL... Zenbait film orkestratu ditu, musika-lanak egin ditu publizitatean, antzerkian, animazioan... Marisa Manchadoren Presencias y Ausencias (Endymion argitaletxea) liburuaren azalaren egilea da. Xera eta Sortze bideoak egin ditu Santa Maria de la Guiako (Kanaria Handia) Arte Digitaleko lehen lehiaketarako, eta Rrrrrrrrr izenekoa “Animadrid 08” ekitaldirako. Musikagileak askotariko lanak egin ditu, besteak beste, bakarlarientzako enkarguak, orkestra sinfonikorako lanak, antzerkirako musika, zinema-musikaren orkestrazioak, musika elektroakustikoa edota diziplina anitzeko proiektuak. Hainbat erakunderen enkarguak jaso ohi ditu, horien artean: INAEM (Kultura Ministerioa), CDMC, Eusko Jaurlaritza, Musika Hamabostaldia, Txanpa, Arabako Abesbatzen Elkartea, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, KREA. http://zfgerenabarrena.com/