Andres Illana. Arabako Ekologistak Martxan taldeko bozeramailea: Gasteizko hazkunde urbanistikoa neurriz gainekoa da

2011-01-28

BEGIRISTAIN, Edurne

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Iragan urriaren 21ean, Europako Batzordeak Europako 2012ko Hiriburu Berde izendatu zuen Vitoria-Gasteiz. Andres Illana Stockholmera joan zen, Ingurumen Arloko Batzordearen izenean. Elkarteen munduko kide bakarra izan zen gasteiztar ordezkaritzan. Ekologistak Martxan taldeko bozeramailea eta Euskadiko Otso Taldeko kidea ere bada Illana. Haren ustez, saria merezitakoa bada ere, Gasteizen lan eskerga egin behar da oraindik, benetako hiri iraunkorra izan dadin.

Zer esan nahi du Vitoria-Gasteiz Europako 2012ko Hiriburu Berde izendatzeak?

Oroz gain, orain arte egindakoa aintzat hartzea esan nahi du. Ekologistak Martxan taldean oso kritikoak bagara ere Gasteizen erabilitako ingurumen-politikekin, egia da hainbat gauza egin direla, agian beste hiri batzuetan egin ez direnak. Nire ustez, Gasteizek dituen zenbait alderdi kontuan hartuta, saria merezi du. Alde batetik, Zadorra ibaiarekin bere garaian egindako tratamendua dugu. Arabako Foru Aldundiaren proiektua ibaia bideratzea zen, ibaia desagerraraztea, besterik gabe. Alabaina, inguruko bizilagunen, ekologisten eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren presioari esker, asmo hori aldatu egin zen. Azkenik, ibaia zegoenean utzi eta horren paraleloan gune bat eraiki dute. Ureztatuta ez dagoenean, oso parke ederra da. Bestalde, ezin dugu alde batera utzi Salburuan egindakoa. Salburuko hezegunearekiko asmoa urbanizatzea zen, baina azkenik leheneratzea hobetsi zuten, eta gaur egun nazioarteko garrantzia duen hezegunea da. Eta azpimarratuko nukeen hirugarren alderdia Mugikortasun Plana da, etorkizunera begira garrantzi handiko ekimena izango baita. Oso plan ausarta da, eta Gasteizen mugitzeko era zeharo aldaraziko du. Nire ustez, hiru alderdi horiek munta handikoak dira eta horietako bakoitzagatik soilik saria mereziko genuke.

Zenbaterainoko garrantzia du sariak etorkizunera begira?

Etorkizunera begira esan nahi du ingurumena pisua irabazten ari dela Udalean. Hau da, Green Capital izendapenaren ondorioz, ingurumena Udalean txertatuko da, gutxienez 2012ra arte. Ordura arte, ingurumenak presentzia izango du Udaleko departamentu bakoitzean. Hori garrantzi handikoa da.

Sariaren meritua herritarrena ere badela uste duzu?

Egia da horrelako politikak egiten direnean herritarrok zeresan eta zerikusi handia izaten dugula. Baina egia da, orobat, ingurumenaren arloan egindako urrats bakoitzean herritarrek oso erantzun kritikoa eman dutela. Adibidez, Mugikortasun Planak oso erantzun bortitza jaso du auzo-elkarteetatik, OTA, hiri-birdentsifikazioa edo zabor-bilketa pneumatikoa direla eta. Jendeak aire garbia nahi du, hirian ez du zaratarik edo kutsadurarik nahi... baina ez dago autoa alde batera uzteko prest.

Hortaz, nori emango zenioke sariaren meritua?

Guztiok izan dugu zerikusia sari horretan. Udalak, bere garaian Ingurugiro Gaietarako Ikastegia sortzea eta iraunkortasun-eredua bultzatzea erabaki zuelako. Eta herritarrek, zegokiena egin dutelako: jendeak birziklatu egiten du, ura erantzukizunez erabiltzen du... Argi dago herritarrek pixkanaka gero eta kontzientzia handiagoa dutela, baina ez dut argi ingurumenari erabateko lehentasuna ematen diotenik. Esango nuke oraindik asko falta dugula herritarrek ingurumenarekiko kontzientzia har dezaten.

Gasteiz hiri berdea da, baina baditu puntu beltzak. Zein dira?

Gasteizen, bereziki kezkagarria iruditzen zait finkatutako parke eta lorategiei ematen zaien tratamendua. Nire ustez, Udalak Gasteizko parke handia eraztun berdea izatea nahi du eta, nolabait, parkeak eta lorategiak sakrifikatzen ari da nahikari horretan. Arriagan eraiki nahi duten geltoki intermodala oso adibide deigarria da: geltokia parkean jarri nahi dute, parkea garrantzitsua izango ez balitz bezala. Parkea orube bat balitz bezala tratatu dute. Gaur egun, eraztun berdearen aurretik hiriak ezaugarri zituen parkeak arriskuan daude.

Beste puntu beltz bat Krispiñako araztegia da. Izan ere, Zadorra ibaitik hartzen dugun urak, Gasteiz zeharkatu ondoren, kalitate txarragoa du ibaira itzultzen dugunean. Argi dago iraunkorra izan nahi duen hiri batek solidarioa izan behar duela ibaiaz beherago dituenekin. Hortaz, Zadorrako ura ibaiaz behera ahalik eta garbien itzultzen saiatu behar dugu. Bestalde, argi-kutsadurari buruzko araudia, antenen ingurukoa, etxeko animaliak babestekoa... falta direlakoan nago.

Horrez gain, Ekologistak Martxan taldeak ez du Gasteizko Mendiak parke natural izendatzerik nahi. Zergatik?

Ez gara parke bat sortzearen aldekoak, baliabide naturaletarako plan egokia egitea hobesten dugulako. Parke natural izendatzeak ez du esan nahi mendia bereziki babestuko denik, espazioa babesten duena baliabide naturalak antolatzeko plana baita. Eusko Jaurlaritzak egitekoa duen agiria arretaz aztertuko dugu. Parke naturala ez izendatzea nahiago dugu, horrek mendiari gehiegizko presioa eragingo liokeelako.

Ibilgailu pribatuen erabilera murrizteko bide onetik doa Gasteiz?

Ibilgailu pribatuaren gaia serioa da Gasteizen, baina, nire iritziz, Mugikortasun Planak bestelako kontzientzia eragingo du, baita oso ondorio onuragarriak ere hiriarentzat. Ibilgailu pribatuak sufritu egin beharko du, ez baita posible hiriak oraindik autoentzat eraikitzea. Gasteizen bide-heziketa handia falta dela iruditzen zait, bai oinezkoei, bai gidariei.

Beste hiri batzuetatik ikasteko asko al dugu?

Jakina. Beste leku batzuetan ondo egin dutena kopiatzeko lotsarik ez dugu izan behar. Nik horixe gomendatzen dut beti: beste batzuek egin badute eta ondo funtzionatzen badu, zertarako ibili beste gauza batzuk asmatzen? Han eta hemen ereduak hartu eta gure ingurura egokitu behar ditugu.

Beraz, esan genezake Gasteiz hiri iraunkorra dela?

Nire ustez, ez. Bruselan saria eman zigutenean, epai-mahaiak ohartarazi zuen Gasteizek 15 urtetan neurriz gaineko hazkundea izan duela, ez duela zerikusirik hazkunde urbanistikoak biztanleriaren hazkundearekin. Egia esan, Gasteizek denbora gutxitan kontsumitzeko zuen ia lurzoru guztia kontsumitu du. Ia ez dugu lekurik jada. Hiri hau ez da batere iraunkorra izan hiri-lurzoruari emandako tratamenduan. Salburua eta Zabalgana dauden auzorik iraunkorrenak dira, bai ingurumenaren aldetik, baita gizartearen ikuspegitik ere. Askoz auzo trinkoagoak egin behar ditugu, horietan bizitza egotea eta iraunkorrak izatea nahi badugu. Hortaz, Gasteiz ezin da iraunkorra izan, biztanle kopuruarekiko neurriz gaineko hazkundea izan duelako. Lotsagarria da. Mugikortasun Planak % 100 funtzionatzen ez duen bitartean, Gasteizko mugikortasuna ez da izango iraunkorra. Gerora, ziur aski, hobera egin eta iraunkorrak garela esan ahal izango dugu.

Energia-politika gainditu gabeko gaia da gure herrialdean?

Nire ustez, bai. Energiarekin dugun arazoa hau da: egiten dugun guztia gehitzeko da, hau da, orain arte bezala kontsumitzen jarraitzeko. Hona hemen nire galdera: Nora goaz? Ezin dugu jarraitu orain arte bezala energia kontsumitzen. Agian, hazteari utzi beharko diogu, hainbeste kontsumitzeari utzi beharko diogu. Hala ere, herrialde batek bere garapena neurtzeko erabiltzen duen adierazlea saldutako automobil kopurua bada, zerbaitek ez duela ondo funtzionatzen esan nahi du horrek.

Ekologistak Martxan taldetik zer proposatzen duzue?

Gu energia berriztagarrien alde gaude eta, horregatik, parke eolikoak proposatzen ditugu, ondo egiten diren bitartean. Dirudienez, Gasteiz ildo horretan lan egiten hasi da: plan energetiko bat dago, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko plan bat... gauzak egiten ari dira.

Zer etorkizun ikusten diezu proiektatuta dauden plan eolikoei?

Arabako Foru Aldundia oso zorrotza da parke eoliko guztiekin; hala ere, inpaktu handiko beste proiektu batzuekin ez da horren zorrotza. Ez ditu erabiltzen irizpide berberak proiektu guztiak neurtzeko. Parke eolikoen arazoa ikusgai egotea da, mendietan jarrita egotea. Lehen mendi horiek ederrak iruditzen zitzaizkigun. Baina errotak haizeak jotzen duen lekuetan jarri behar dira, hori da kontua. Ez dago beste aukerarik. Zentral nuklearrei bai baina hilerri nuklearrei ez esaterik ez dagoen legez, parke eolikoekin berdin gertatzen da: ezin diegu esan baietz parkeei, baina ikusten ez diren lekuetan jar ditzatela. Hortaz, parke eolikoei buruzko eztabaidak serioagoa izan behar du. Gai horrekin koherenteagoak izan behar dugu: lehiakorrak izango diren parke eolikoak egin behar ditugu. Horrek horrela izan behar du, energia gutxiago kontsumitu eta gehiago aurreztu behar dugula argi dugun bitartean. Egungo kontsumoa gelditzen ez badugu, ordea, milaka parke eoliko, zentral nuklear eta ziklo konbinatuko zentral behar izango ditugu, egungo energia-kontsumoa ez baita iraunkorra.

Otso Taldeko kide zaren aldetik, gure herrialdean otsoak eta abeltzaintza bateragarriak direla uste duzu?

Jakina, eta frogatuta dago gainera. Mundu zabalean, otsoak inon ere ez ditu abeltzainak egotzi, baina leku askotan abeltzainek otsoak egotzi dituzte. Hain zuzen, otsoa bizi den eremuetan, abeltzaintza dago. Galizian, Asturiasen, Gaztela eta Leonen edo Sierra Morenan abeltzaintza dago, eta otsoa betidanik bizi izan da leku horietan. Beraz, bateragarriak dira. Argi dago abeltzaintza mota batzuk ez direla otsoarekin bateragarriak. Hortaz, abeltzaintza egokitu egin behar dugu. Argi esan beharra dago: Euskadin otsorik nahi ez badugu, Euskadin otsoa desagertzeko eskatzen ari gara. Eta, gainera, burgostarrek ere otsorik nahi ez izateko oinarriak jartzen ari gara.

Zergatik da horren zaila otsoa eta abeltzaintza elkarrekin bizitzea?

Otsoak dauden leku guztietan artzaintza dago. Eta otsoa bizi den munduko lekuetan, abereak ez dira aske eta babesik gabe uzten: prebentzio-neurriak hartzen dira, eta eraginkorrena artzaintza da. Baina otsoa desagertzen den lekuetan, abeltzaintza malguago bihurtzen da, dagoeneko ez da ezinbestekoa abereekin egunero egotea, harraparirik ez dagoelako. Hala, otsoa hemen desagertu zenean, ardiak luzaroan bakarrik utzi zituzten. Horrela, artzainak beste gauza batzuk egin zitzakeen edo beste leku batzuetan lan egin zezakeen. Baina otsoa berriro agertu da, eragile naturalen ondorioz: ekosistemak hala ahalbidetzen duelako, harrapakin naturalak daudelako, mendiak leheneratu egin direlako eta abar. Izan ere, otsoa arazorik gabe bizi zitekeen Euskadin; gehiago esango nuke: horren premia du. Beraz, ardiak erasoetatik babestu egin behar ditugu, munduko gainerako lekuetan egiten duten bezala. Agian, artzaintzara itzuli behar dugu. Litekeena da ardiak bildu eta artzain lan egingo duen jendea kontratatu behar izatea. Baina ardiak ez dira solte utzi behar, otsorik ez balego bezala. Otsoa dagoen bitartean, nahitaezko neurriak hartu beharko ditugu, ardiak harrapatzea orkatzak harrapatzea baino zailago izan dakion. Baina bateraezinak direla esatea tamalgarria da, otsoa animalia naturala delako. Otsoa eragile naturalen ondorioz etorri da, eta biodibertsitatearen funtsezko osagaia da. Beraz, bateragarri egin behar dugu. Ez dago beste irtenbiderik.

Arabako Foru Aldundiaren Otsoa Kudeatzeko Planarekin oso kritikoa zara. Zergatik?

Otsoak kudeatzeko plan guztiek, otsoak kudeatzeaz gain, otsoen kontserbazioaz ere hitz egiten duten bitartean, Arabakoak horrelakorik aipatzen ez duelako. Planaren tramitazioa nahiko tamalgarria izan da, aurkeztutako alegazioetatik bat ere aintzat hartu ez dutelako. Azkenean, nahiko plan narrasa atera da. Zaila izan arren, otsoekin bizitzen ikasi behar dugula uste dut. Nik Euskadin otsoak bizitzea nahi dut, baina ez gogoa ematen didalako, baizik eta otsoak hemen egon daitezkeelako. Eta etortzen badira, nola itxiko diegu atea? Andres Illana (Vitoria-Gasteiz, 1965) Andres Illana Ekologistak Martxan taldeko kidea da sortu zutenetik, 2001etik. Arabako taldearen bozeramailea da hasiera-hasieratik, gainera. Aldi berean, GADEN (Grupo Alavés de Defensa y Estudio de la Naturaleza) elkarteko kidea da. Irabazi-asmorik gabeko elkarte hori 1989an sortu zen, eta ingurumena babestea eta ikertzea ditu helburu nagusiak. Horrez gain, 2002. urteaz geroztik Euskadiko Otso Taldeko kidea da.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Oskar Tejedor. Gidoilaria eta errealizadorea: Zaintzaileak dira historia honetan nabarmen ahaztuta gelditu direnak

 

Irakurri

Emilio Lopez Adan. Idazlea: Askatasuna sortzeko, beti errefusatuko ditut militarismoa, diktadura eta terrorismoa

 

Irakurri

María Amor Beguiristain Gúrpide. Prehistorialaria: On José Miguel Barandiarán liderra zen

 

Irakurri

Judas Arrieta. Artista: Helburua aberastea izango balitz, ez nintzateke artista izango

 

Irakurri

Itziar Ruiz de Erentxun. Bibat Museoko teknikari arduraduna: Heraclio Fournierrek mapan kokatu du Araba

 

Irakurri