Carmelo Bernaola: "Txistua, dultzaina, esku-soinua... ez lirateke musika eskola ofizialetan irakatsi beharko"

1999-10-15

IRAZU, Ainhoa

Elkarrizketa Carmelo Bernaola, konpositorea "Txistua, dultzaina, esku soinua... ez lirateke musika eskola ofizialetan irakatsi beharko" * Ainhoa Irazu Carmelo Bernaola oso pozik dago azken hilabeteetan jaso dituen omenaldiekin. "Pozgarria da norberaren meritu txikiak goraipatu izana. Alderantzizkoa esatea gezurrezko apaltasuna izango litzateke". Euskal Herriak musika garaikidean duen konpositore ezagunetarikoa dugu Carmelo. 1929an jaio zen Otxandion (Bizkaia), eta Euskal Herritik kanpo urte franko egin dituen arren, ez du galdu bere gurasoengandik jasotako euskara. Edonola ere, berak hobekien ezagutzen duen hizkuntza erritmo eta notena da. Hainbat galdera egin dizkiogu Carmelori. Has gaitezen "piano piano". Italian, Frantzian eta Alemanian ikasi duzu, eta askotan esan da, Europan musika irakaskuntzaren plangintzak hemengoak baina hobeak direla. Egia al da? Nire ustez, musika plangintzek ez dute garrantzi handirik. Garrantzitsuena, irakasle onekin ikastea da. Espainiar estatuan, plangintzek agintzen dutena ikastearekin nahikoa dela uste da. Nire ustez, hori ikasteko modu kaskarra da. Musikaren arloan aurreratuago dabiltzan herrialdeetan, Alemanian eta EEBBetan esaterako, irakaskuntza askeagoa da. Herrialde horietan, irakasleen beharrei, ezaugarriei eta talentuari egokitzen zaie irakaskuntza. Esaterako, ikaslearen ezaugarri teknikoak direla eta, irakasleek Mozart edo Chopin ikastea agintzen diote. Nolanahi ere, ez dago plangintza zehatzik. Leku horietan, irakaskuntza hobea izan daiteke, baina ez plangintzengatik, tradizioa dagoelako baizik. Hala ere, ez gara munduko azkenak. Musikaren arloan oso ondo egiten diren gauzak ere badira Espainiar estatuan. Euskal Herriaren kasuan, gaitasun handia dago musikarako, eta jendeak, bidean oztopo franko aurkitzen duen arren, aurrera egiten du. Gauzak hobeto egin zitezkeen, baina tira! Hala ere, gazte askok jotzen du kanpora ikastera. Zer dela eta? Kanpora joanez gero, gauza asko ikasi eta, batik bat, beste irizpide eta pentsamoldeaduten herrialdeetako irakasleekin harremanetan jartzeko aukera dago. Nire ustez, hori guztia oso ona da. Aniztasuna onuragarria da. Niri erabaki hori oso zuzena iruditzen zait, kanpoan, hemen egin ezin diren gauzak egin daitezkeelako. Zer egin daiteke kanpoan hemen egin ezin denik? Hemen, musika irakaskuntzaren tratamendua ez da zuzena. LOGSEarekin, Goi Mailako Musika Irakaskuntzarena sortu da. Nire ustez, LOGSEa bera, desastre hutsa da, maila guztietan. Horrez gain, zer da goi mailako irakaskuntza? Musika, musika besterik ez da, eta horixe da ikasi behar dena. Goi mailako irakaskuntzarena, burugabekeria iruditzen zait. Nolanahi ere, ez dut uste, LOGSEaren hutsuneak aztertzea merezi duenik, luze joko genuke eta. LOGSEren arabera, EAEko hiribururen batean Goi Mailako Musika Eskola zabaldu behar da. Non kokatu hori, eta zein irakaskuntza irizpiderekin antolatu? Nire ustez, okerra da EAEko Goi Mailako Musika Eskola egitea. Nik ez nuke inolaz ere, EAEn, Goi Mailako Musika Eskolarik egingo. Espainiar Estatuan mota horretako bi zentro edukitzearekin nahikoa da. Zer erakutsiko litzateke hemengo zentroan?. Gainera, ezaugarri horietako zentro bat eraikitzea diru asko kostatzen da. Irizpideei dagokienean, ez dut uste plangintza zehatzik behar denik. Beharrezkoena, irakasle onak edukitzea da. Horixe da guri falta zaiguna. Badira maila paregabea duten irakasleak, baina behar bada, kopurua ez da nahikoa. Muga batzuk ditugu. Arrazoi ekonomikoak al dira mugatze horren errudunak? Arrazoi ekonomikoek erru handia dute. Musikaren irakaskuntzan askoz ere gehiago inbertitu beharko litzateke. Horrexegatik diot, goi mailako zentroek ez dutela zentzurik. Zertarako behar dira? Orain arteko lan ildoari jarraitzeko, baina beste gauza batzuk erakutsiz?. Horrek ez du esan nahi musika eskoletan erakusten dena gaizki dagoenik. Goi mailako irakaskuntzaz ari naiz. Bestelako eskoletan irakasten dena, ondo dago. Horren adibide da, hemen musikariak sortzen direla eta horiek kanpora ikastera jotzendutenean maila paregabea lortzen dutela. Gauza bat dira LOGSEarekin sortu diren musika eskolak, eta beste bat, Gasteizko Musika Eskola edo beste hainbat tokitan daudenak. Gasteizko Musika Eskolak, esaterako, antz handia du Europan dauden musika eskolekin. Batzuk kanpora doaz ikastera. Beste batzuek, ordea, kanpotik etortzen zaizkigu, Euskadiko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoetako interprete asko esaterako. Ez al da hori makal samar gabiltzanaren seinale? Onena, tokian tokiko musikariak izatea izango litzateke. Haatik, musikaririk ez badago, zerbait egin beharra dago. Ildo horretan, azken 20 urteetan talentu handiko jendea sortzen ari da. Beraz, hemendik urte batzuetara egonkortasuna lortuko dugula uste dut. Dena dela, kanpoko musikariak edukitzea, ez da txarra. Izan ere, hemengo interpreteek, asko ikasiko dute kanpokoengandik. Agian, proportzioetan behar da oreka. Hori ere iritsiko da. Mailako musikariak baditugu, musika zentroetan ondo irakatsi behar da. Askoren iritziz, azken hamarkadetan, musikak, zentzu zabalenean, aurrera egin du: orkestra eta interprete gehiago ditugu, jaialdi berriak sortu dira. Zein balorazio egingo zenuke? Trantsiziotik hona, asko irabazi dugu. Aldaketa handia nabaritzen da. Diozun legez, gauza asko egin dira: orkestra gehiago dago, azpiegitura berriak eraiki dira.... Azpiegitura berriak aipatu dituzu. Euskalduna Jauregia edo Kursaaleko Auditorium a beharrezkoak ziren? Oso beharrezkoak ziren. Batzuek, horiek eraikitzea oso garestia dela diote, eta hori, beharbada, egia izan daiteke. Nolanahi ere, dirua badago, oso ondo iruditzen zait horiek eraikitzea. Ez al litzateke azpiegituretara zuzendutako diruaren zati bat irakaskuntzara bideratu beharko? Ez dakit. Beharbada, hobea da azpiegiturak eraikitzea, errentagarriagoa izan daitekeelako. Beraz, hortik ateratako diruak beste hainbat gauza egiteko aukera ematen du, adibidez, irakaskuntzan inbertitzeko. Beste gai bati helduz, diozunez, multinazionalek ez dute musika garaikidea plazaratzen. Jarrerahorren atzetik irizpide ekonomikoak ezkutatzen al dira? Bai. Klasikoen eta erromantikoen ondorenekoa eta aurretikoa, ez da ezagutzen. Musika garaikidea ezezaguna da, multinazionalek inpresionismoaren ondoreneko gauza gutxi kaleratzen dutelako. Gauza bera gertatzen da barrokoaren aurretikoarekin. Zer ezagutzen dugu berpizkunde garaietatik? Ezer gutxi. Nork ezagutzen ditu Guerrero edo Vitoria? Jendeak ez du horien izena ezagutzen. Beraz, multinazionalek ez dute horien musika plazaratzen. Multinazionalen jarrera horrek ezjakin egiten gaitu? Plazaratzen dutenaren kontsumitzaile hutsak gara? Zalantzarik gabe, bai. Oro har, multinazionalek etengabe saltzen duten musikaren kontsumitzaile da jendea, besterik ez. Euskarri elektronikoak sortu direnetik Beethoven, Bach, Mozart eta beste batzuk bakarrik plazaratu dituzte multinazionalek. Autore garaikideak itzalean geratu dira. Jaialdi eta ekitaldietako egitarauetan ere, batik bat, aurreko garaietako musika interpretatzen da. Zer egin liteke musika garaikidea ezagutarazteko? Egitarauetan musika garaikideko obrak sartu. Ez dago musika garaikidea bultzatzeko beste modurik. Musikari bat ezagun bihurtzeko, horren musika, behin eta berriz entzun behar da. Programatzaileek musika guztia programatu beharko lukete, ez bakarrik garai zehatz batekoa. Beraz, musika garaikidea ere bai. Azken hori, nahi genukeen baino gutxiago entzun ohi da. Euskarri elektronikoak, musika konposatzeko ordenadoreak... Teknologiak musika egiteko modua aldatu al du? Ordenadoreak zenbait gauza egiteko tresnak dira. Nolanahi ere, ordenadoreak ez du konposatzen. Konposatzen duena musikaria da. Nire ustez, praktikotasuna ekartzen duten berrikuntza guztiak onak dira. Aurrerakuntza onuragarria da, bizitzako gauza guztietan. Zein iritzi duzu gaur egun egiten diren musika estiloez: Rock a, rap a, musika elektronikoa...? Ez dut musika hori entzuten. Beraz, ezin dut horren inguruko iritzirik eman. Etxean disko asko ditut, oparitzen dizkidatelako, baina nik ez ditutdiskoak entzuten. Ni, ahal dudan neurrian, kontzertuetara joaten naiz. Nire ustez, zuzeneko musika bakarrik da musika. Musika unean bertan sortzen ari dena da, erlazio multzo bat da, eta erlazio horiek ekoizten ari diren momentuan ematen dira. Bestelakoa hilik dagoen musika dela deritzozu... Musika handia jotzen ari den bitartean egiten da. Gainerakoa, hilda dago. Nire ustez, musika zuzenean entzun behar da. Horretarako daude orkestrak, eta ez diskoak grabatzeko. Behin esan zenuen txistua ez zela musika eskolan erakutsi beharko. Nire ustez, txistua, dultzaina, esku soinua... ez lirateke musika eskola ofizialetan irakatsi beharko. Tresna horiek herrikoiak dira, eta beste estadio batzuetara eraman nahi izatea, erru bat da. Txistua, dultzaina, esku soinua....oso ondo jotzen ikasi behar dira. Hala ere, musika eskoletan goi mailako musika erakutsi behar da, orkestra handiek eta interprete handiek egiten dutena. Non irakatsi beharko lirateke orduan instrumentu herrikoiak? Zein izango litzateke alternatiba egokiena? Hori ez dut nik esango. Ni, txistu azterketa egin behar duen ikasleak egile klasikoen musika jo behar izateak, erabat harritzen nau. Benetan harrigarria da. Horrek ez du esan nahi, txistua gogoko ez dudanik. Are gehiago, euskal herritar izanik, hunkigarria iruditzen zait. Hori bai, urruntasunean entzuten dudanean, hau da, erromerian, euri artean, edo txistularien alarde batean, baina ez musika eskolan. Goi mailako musikak oraindik ez du txistua erabili. Beraz ez diot zentzurik aurkitzen, folklore instrumentuek musika zentroetan lekua edukitzeari. Musika herrikoiari beste dimentsio bat eman beharko litzaioke. Egia da, instrumentu horiek ikaragarri ondo jotzen duten musikariak badirela. Haatik, hori, beste kontu bat da. Espainiako Autoreen eta Editoreen (SGAE) elkarteko aholkularia zara. Zein da elkarte horren gaur egungo egoera? Elkartearen funtzionamendua oso ona da. Hori dela eta, nazioarte mailan, elkartea eredugarria da. Gure egitekoa, autore eskubideakbanatzea da, eta hori oso ondo egiten dugu. Munduko herrialde askotako autoreen elkarteek espainiar elkarteari erreparatzen diote. Aurten elkarteak autoreen eskubideen aldeko hainbat eskaera egin ditu. Autore eskubideen banaketarako araudia egokia ahal da? Autoreen banaketa eskubideei buruzko araudia ondo egina dagoela iruditzen zait. Noski, gehiago emango baligute, askoz hobeto. Dena dela, horretan, gauza gutxi egin dezakegu, izan ere, araudi hori amankomuna da Europa mailan. Europako direktibek agintzen dute nola egin behar diren gauzak. Ez dezagun pentsa, eskubideen banaketarako araudia Espainian asmatutako zerbait denik. Zinemarako eta antzerkirako konposatu izan duzu. Zer nahiago duzu musika aplikatua ala bestelakoa? Oso gauza ezberdinak dira. Aplikatzen den musikaren helburua, adierazpen artistiko baten lagungarri izatea da. Lan egiteko orduan nahiago dut sorkuntza musika. Hori, edozein konposatzailek esango lizuke. Musika aplikatuari dagokionean, enkarguz lan egiten duzu. Zeintzuk dira enkarguz lan egitearen alde on eta txarrak? Hori enkarguaren araberakoa izaten da: noiz egiten dizuten, eta zein motatako eskakizuna den. Hala ere, enkarguak, neurri handi batean, behartu egiten zaitu. Bestetik, ni nahikoa perfekzionista naiz. Hori dela eta, lana bukatu artean, aldaketa ugari egiten ditut. Beraz, hori guztia, enkarguz lan egiten ari zarenean, ez da txarra lana bukatzeko epe zehatz bat duzulako. Musika sortzeko orduan, zein da zure inspirazio iturria? Ez dut ezagutzen inspirazio anderea. Sortzeko pentsatu egin behar da, ostean lanean hasteko. Baudelairek zioen, inspirazioa eguneroko lana zela. Bestalde, askoren iritziz, artea egiteko orduan zintzotasuna falta da. Ildo horretan, Ravelek zintzotasunaren izenean, artearen historian tontokeria asko egin direla zioen. Ni, bat nator Ravelek esandakoarekin. Zer da zintzotasunaren kontu hori?. Artea, artea da. CARMELO BERNAOLAREN MELODIAN BARRENA Carmelo Bernaola (1929 7 16), gazte gaztetatik hasi zen musika ikasten.Gasteizen, Madrilen, Roman, Parisen eta Alemaniako hainbat hiritan ikasi zuen, garaiko maisu handienekin, hala nola, Evangelista, Celibidache, Siena, Petrassi eta Maderna. 20 urterekin Burgos eko Orkestra Sinfonikoko zuzendari izendatu zuten. Hortik aurrerako bere ibilbidea arrakastatsua da. Bernaola, beste hainbat gauzaren artean, klarinete jole, pedagogo, Gasteizko Jesus Guridi Musika Eskolako zuzendari eta atzerrian irakasle izan da. Musikaren esparru guztietan egin du lan: Ganbara, sinfonikoa, kantatak, musika elektronikoa, musika aplikatua... Bere obren zerrenda luzea da: "Trio Sonatina" (1954), "Suite divertimento" (1956), Juan Ramón Jiménez poemetan oinarritutako "Tríptico de canciones" (1975), "Constantes" (1961), "Piccolo Concierto" (1960) eta "Jarraipen" (1967), besteak beste. Musika aplikatuaren alorrean Antonio Mercero, Basilio Martín Patiño, Giménez Rico eta beste hainbat zuzendarirekin lan egin du. Berak sortutakoa da telebistan eta zineman ikusi ditugun hainbat telesail, filma eta dokumentalen musika: "Numancia", "Verano Azul", "La clave"... Ezin aipatu gabe utzi, Otxandioko maisuak antzerki musikatuan egindako lana: "La feria del come y calla", "Los siete infantes de Lara", "El burlador de Sevilla", "El pájaro azul", "Las mujeres sabias"... Egun, Carmelok zuzendari postu bat du "Real Academia de Bellas Artes de San Fernando" delakoan. Horrez gain, Madrilgo Musika Eskolako katedraduna, Complutense Unibertsitateko "Honoris Causa" doktorea eta nazioarteko zenbait musika lehiaketako epai mahaikidea da. Musika garaikidearen alorrean egindako lanagatik hainbat sari jaso ditu. Jarraian datozenak, horietako batzuk baino ez dira. Roma saria (1962) Musika Sari Nazionala (1967) Musikari gazteen Kamara Saria (1968) Zinemarako Musika Obren Saria (1968) Goya Saria (1992) Gasteiz Hiriko Urrezko Domina Madrilgo Udaleko Bellas Artes domina Argazkiak: Ainhoa Irazu Euskonews & Media 50.zbk (1999 / 10 / 15 22) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Eduardo Txillida: "Bere sustraiak hemen dituen arbolaren antzerakoa naiz"

 

Irakurri

Blanca Gomez de Segura: "Une hau egokia litzateke euskal zeramikaren inguruan ikerlan sakon bat egiteko"

 

Irakurri

Iñigo Mujika:"Kreatina onuragarria izan daiteke kirolariarentzat, eta osasunerako ez da kaltegarri"

 

Irakurri

Eneko Olasagasti: "Gure merkatua ez da ikus-entzunezko ekoizpenak amortizatzeko gai"

 

Irakurri

Rafael Aguirre Franco: "Erabat aldatu da herri kirolen mundua"

 

Irakurri