Eduardo Txillida: "Bere sustraiak hemen dituen arbolaren antzerakoa naiz"

1999-10-08

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Elkarrizketa Eduardo Txillida, eskulturgilea "Bere sustraiak hemen dituen arbolaren antzerakoa naiz" * Josemari Velez de Mendizabal Eduardo Txillida XX. mendeko eskulturagile handienetakoa da. Bere piezak mundu zabaleko toki frankotan egoteaz gain, bere obra nazioarteko museo eta arte fundazio garrantzitsuenetan egon da ikusgai. Donostiarrak jasotako sarien zerrenda luzea da benetan: Nazioarteko Eskultura Saria, Graham, Rembrant, Previdenceko Art Institute eta Europa sariak, "Prix National des Beaux Arts", Wolf Foundation Prize, Asturiasko Printzea, eta jaso duen azkena: Eusko Ikaskuntza Euskadiko Kutxa Saria. Azken boladan komunikabideetatik urrunduta bizi da donostiarra, ia ezinezkoa bilakatu da Txillida elkarrizketatzea. Hori dela eta, 1988an "Gure aitaren etxea" liburuan, Josemari Velez de Mendizabalek egin zion elkarrizketaren zati bat berreskuratu dugu Zure ustez, Gernikako arbolak oraindik euskal askatasunaren ikurra izaten jarraitzen al du? Nire ustez, bai. Inolako ezbairik gabe. Arbolak, ene ustez, sinbolismo handia du. Nik zera proposatuko nuke, Gernikan kanpaina ekologiko bat eratzeko hartu beharreko erabakia hartzea; arbolaren hiritik, Gernikatik, Euskal Herrian zehar eta mundu osoari ideia orokor bat zabaltzea: izadiarekiko begirune eta babesa. Eta zehatzago, arbolen aldeko babesa. Gernikaren antzeko toki batean arbolak lurreratu nahi izatea pekatu larria da. Haritz eder bat bota nahi zutela esan zidaten lehengo egunean. Ziur asko, "gure arbolaren" senitartekoa izango den haritz mardula; eta gogoratu nahi ez ditudan zenbait hirigintza arrazoi direla medio. Ez al duzu uste arras zoragarria izango litzatekeela Gernikatik sortu eta mundura zabaldutako izadiaren aldeko mugimendua?, Gernikarrek mundu osorako kanpaina bati hasiera ematea arbola guztien alde eta, bereziki, autoktonoen alde?. Gernikak, suntsipena ospatu beharrean, aurrera jo beharko luke, aipatu ekintza horren gisako egitasmoen, tolerantzia, bakea, bizia,...eta hainbat eta hainbat gauzarenbila!. Nik, nire begirunerik handiena diot, Euskal Herriko bihotza den horri. Horrek gu guztiok sinbolizatzen gaitu. Gure sustraiak, kosmosarekiko gure lotura sinbolizatzen ditu. Zer ikusi behar da Gernikari eskaini diozun lanean? Gernika, lehen esan dudan bezala, gure Herriarentzat zerbait berezia da. Pentsa noraino izango den berezia, nik irudia ipintzeko aukeratua neukan kokalekua Juntetxe ondoan eta Arbolaz erlazionatua aldatu zidatenean erabat traumatizatuta geratu nintzela. Ez nuen irudi bere lekuan "ikusten". Kokalekua aldatzeak, ez zuen irudiaren gaineko lehenengo iritziarekin inolako loturarik. Nik irudia beste inguru zabalago batean ikusten dut. Zein da artista eta teknikaren arteko harremana? Teknika beharrezkoa da, jakina. Nik ezingo nuke teknikarik gabe marrazki edo irudirik egin ahal izango. Baina ez da hain garrantzitsua. Jendeak handietsi egiten du teknika. Nire ustez, artean ez da erabakiorra, ezta oinarrizkoa ere. Nik ba dut teoria bat beharbada egunen batean garatuko dudana: gaur egungo artea trebetasun ezatik sortzen da. Cezanne gaur egungo artearen aita da inolako dudarik gabe. Baina, zer dela eta du Cezannek arte munduan horrelako garrantzia? Bada, traketsa izatetik, hots, oso esku baldarra zuen. Cezannek bere idazkietan esaten duenez, Delacroix eta beste margolari frantses batzuek bezala margotu nahi izan zuen. Baina Cezannek ez zuen haiek bezain ongi egiteko trebetasuna. Hala ere, ikaragarri azkarra zen, eta sentikortasun handikoa. Uste dut, esku trebetasuna arriskutsua izan daitekeela menderatzen ez bada. Eskua geratu egin behar da, lanabesa den eskua baino lehenago burmuinean eta sentikortasuna iritsi daitezen. Baina Cezanneren kasura itzuliz, bere marrazkiak, ikerketa formalista baten ikuspuntutik, onak ez direla uste dut. Hori, jakina, jendeak marrazkiak egiteaz duen kontzeptuaren ikuspuntutik. Arteaz ezer gutxi dakien jendearentzat. Hala ere, zerbait ulertzen dutenentzat marrazki horiek mirari bat dira. Artista bezala izan duzun ibilbideakezagumen eta erreflexioa erakutsi ditu. Ezagumen sakona, osotasunari erreflexio jarrai baten bitartez emana. Hala ere ez al duzu uste, artistak gainerako gizakien ulertezintasuna sofritzeko gertu egon behar duela? Gizakiak, edozer gauzatarako egon behar du prest. Nire aita zenarekin gertatu zitzaidan anekdota hura gogoratzen dut maitasun osoz. Hernanin bizi nintzen, ezkonduta nengoen eta bi seme nituen. Besteen kontura bizi nintzen, familiak diru apur bat zeukan eta. Ni, aitortu beharra dut, ez nintzen lotsatzen. Behin, nire aita etorri zen eta bazkalostean, lorategitik genbiltzala, besotik hartu ninduen eta esan zidan: "Zure adineko gizon batek bizitza irabazi behar du". Eta orduan, sekula eman dudan erantzunik egokienetakoa eman nion: "Ni bizitza irabazten ahalegintzen naiz... gertatzen dena zera da, ez didatela ordaintzen". Goizeko seietarako zutik egoten nintzen. Illarramendiren sutegian zortziak arte niharduen lanean. Ordu horretan kalera botatzen ninduten... lan serioa zetorren eta. Ni ero bat nintzen. Egun osoz nire etxeko garajean sartzen nintzen pentsatzen eta nire ametsetako mundu hartan lan egiten... eta lan eguna amaitzean sutegira itzultzen nintzen. Ez duzu uste artista izatea, apur bat, fenomeno heltezinaren sinonimoa dela? Ez, ez dut uste. Gertatzen dena zera da, nahiko esperientzia arraroak direla, baina oso arruntak artista batentzat. Bada jendea esaten duena, guk ospea lortzeko lan egiten dugula. Niri dagokidanez, ez dut inoiz horretaz pentsatu. Nire buruan dantzan zebilena zera zen, gai batzuek zeharo erakartzen nindutela, eta nire bideak hortik joan behar zuela. Nire patua zen... eta izaten jarraitzen du. Bitartean, sarri, ondoko esaeren gisakoak entzun daitezke gaur egungo arte erakusketetan: "Hara!... beste behi sakratu bat..." "Hori neuk ere egingo nuke" eta abar... "Nik ere egingo nuke" entzuten dudanean honela erantzuten dut: "ederki, zuk ere hori egingo zenuke, hau da, ikusten ari zaren hori". Ikusten ez dena da moldatzeko zaila. Behin, MadrilekoVelazquez Jauregian nengoen erakusketa bat ikusten. Gaur egungo arte italarriaren eredu bat zen eta, bapatean, senar emazte bikote bat hurbildu eta zera esan zidaten: "Hau da ezustekoa! Lagun iezaiguzu, arren! Gauza horiei begira ari gatzaizkie eta, egia esan, ez dugu ezer asmatzen... " Hauxe izan zen nire erantzuna: Onena da mesfidantzazko jarrera hartu beharrean, edozein umek hartuko lukeenaren antzekoa hartzea, konfidantza osokoa, alegia. Izan ere, zein da pertsona helduaren eta haur baten arteko desberdintasuna? Bada, oso argi eta garbi esateko, berak baino konfidantza gutxiago dugula; bizitzan eta gainerakoan". Nire langelan ume bat sartzen denean, gehiago ala gutxiago sakonduko du ikusten ari den gaia, baina bere burutik ez zaio sekula pasatuko lan bat bera engainatzeko egina dagoela pentsatzea. Arte lanek interpretazio ugari egiteko aukera ematen dute. Izan ere, Velazquez, esaterako, ez da bat. Milioika Velazquez dira, begiratzen duenaren arabera. Beraz, ez dut uste nork bere lanaren gaineko azalpen gehiegi emate ona denik, oharkabean ikuslegoari mugak ipintzen ari baita. Arte Eskolen kontra zaude? Ez dut artearen irakaskuntzan sinesten. Artea ezin da hezkuntzaren bide arruntetatik transmititu, ezta urrik ere! Artea, berez ikasten den zerbait da. Baina ezin daiteke irakats. Maisu batek transmititu nahi dituen moduluak, kaltegarriak litezke artearentzat. Bestalde, ezagupideen transmisioa oso arriskutsua da, ez baitira ezagupideak bakarrik igarotzen, baita mundu itxiak eta gertaerak ere. Hau da, artista baten ikuspegietan beste batenak aplika daitezke, noski, baina hori ezjakinak erabaki behar du. Ikasleak, eta sekula ez, maisuak. Unibertsaltasunaren izenean, euskal janzkiak erantzi beharra den teoria badabil hortik zehar... Nik ez dut horretan sinesten. Nik zera uste dut, norbere nortasunean zenbat eta erosoago egon hainbat eta unibertsalagoa dela. Unibertsoarenganako lotura bakarra, oinarri puntua sendotzeaz batera lortzen da. Ni, bere sustraiak hemen dituenarbolaren antzerakoa naiz. Adarrak alde guztietara doaz, horrela izan behar duelako. Inork ez dio bere buruari mugarik ipini behar, ez ikasi behar dituen gauzetan ezta erabili ahalezko kulturetan ere. Baina, eskuartean dituzun gaien jatorria asko eta desberdinak izan arren, ez dute burmuinetik igaro barik utziko eta, nola ez!, leku konkretu batekoa izatearen sentsibilitatetik. Ni euskal irudigile bezala ezagutzen naute. Eta horrexek ematen dio izakera nire lanari. Horri eustea oinarrizkoa da. Ez dut sinesten, gaur egun askok aipatzen duten nazioartekotasun ospetsua. Aberria, herria eta lurralde sentimenduak gainditu behar direneko leloetan. Nazioartekotasuna, hain zuzen ere, sentimendu horien bitartez ulertu behar da...Munduko hiritar eta beste ezer sentitzen ez direla esaten dabiltzan gizabanakoek pena ematen didate. Ni ere, jakina, munduko hiritarra naiz baina...nire Aberria den Euzkaditik. EDUARDO TXILLIDA (Donostia, 1924) *Biografia laburra* 1924 Urtarrilaren 10ean, Eduardo Txillida jaio zen. 1950 Frantzian egin erakusketetan bere lehendabiziko piezak erakutsi zituen: "Forma", "Torso"...1951an Donostira bueltatu eta bere lehendabiziko eskultura egin zuen: "Illarik". 1954 58 Arantzazuko Baselizako ateak egin zituen. Nazioarteko Eskultura Saria irabazi zuen. 1962 "Three Spaniards: Picasso, Miró, Chillida" izeneko erakusketa Houstoneko Arte Ederren Museoan. 1965 73 Ilustrazioak Ardré Frenauden "Le Chemin des Devins", Max Hozleren "Meditation in Kastilien", Heideggeren "Die Kunst und der Raum" eta Jorge Guillénen "Más allá" liburuetan. 1977 82 Hiru inauguraketa: "Haizearen orrazia" Donostian, "Lugar de encuentros III" Madrilen eta Foruen Plaza Gasteizen. 1986 88 "La casa de Goethe" (Frankfurt) eta. "Gure Aitaren Etxea" (Gernika) eskulturak inauguratu zituen. 1991 "Calcografia Nacional" zentroan "Chillida intimo" erakusketa egin zen. 1993 95 "Dialogo y tolerancia" (Münster), "Puerta de música" (Santiago de Compostela),"Homenaje a Balerdi" (Donostia) eta "Homenaje a RodriguezSahagún" (Madril) eskulturak ipini zituen. New Yorkeko Arte eta Letren akademiako eta San Fernandoko Arte Ederren Erret Akademiako ohoreko kide izendatu zuten. Kanariako gobernuak Tindaya obra eskatu zion. 1997 Doctor Honoris Causa izendatu zuten Euskal Herriko Unibertsitatean. Urteko Euskaldun Unibertsalaren saria Gasteizen jaso zuen. 1998 99 Txillidaren obrari buruzko erakusketa antologikoak Madrilgo Sofia Erregina Museoan eta Bilboko Guggenheim Museoan. 1999 EUSKO IKASKUNTZA EUSKADIKO KUTXA Saria, kurrikulum zientifiko onenari emandakoa, irabazten du. Irudiak: "Gure aitaren etxea CHILLIDA" liburua, Auñamendi Entziklopedia eta Euskaldunon Egunkaria Euskonews & Media 49.zbk (1999 / 10 / 8 15) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Blanca Gomez de Segura: "Une hau egokia litzateke euskal zeramikaren inguruan ikerlan sakon bat egiteko"

 

Irakurri

Iñigo Mujika:"Kreatina onuragarria izan daiteke kirolariarentzat, eta osasunerako ez da kaltegarri"

 

Irakurri

Eneko Olasagasti: "Gure merkatua ez da ikus-entzunezko ekoizpenak amortizatzeko gai"

 

Irakurri

Rafael Aguirre Franco: "Erabat aldatu da herri kirolen mundua"

 

Irakurri

Antonio Roa: "Donejakue Bidea erabat aldatu da, alderdi espirituala atzean utzi baita"

 

Irakurri