Clemente Bernad. Argazkilaria: Nire argazki kamerarekin daukadan asmoa ez da erantzunak ematea, galderak botatzea baizik

2005-05-20

LARREA, Koldo

GARMENDIA IARTZA, Koro

Pertsonek eta beren begiradek landu dute bere bizitza, eta konprometitu etiketari muzin egiten dion eszeptiko bilakatu da. Bizitzari buruzko ikuskera horri esker, eta baztertuen artean mugituz lortu du profesionalen artean ospea. Bizitzari eta bere independentziari buruz etengabe egiten dituen hausnarketek “federik gabeko argazkilari” bilakatu dute.

Nolatan argazkilari?

Nagusiki, bi arrazoigatik. Alde batetik, mundua eta jendearen bizitza ulertzen saiatzeko. Batez ere horregatik egiten ditut argazkiak: beste bizitza eta errealitate batzuk ulertzeko. Eta, beste alde batetik, asko interesatzen zaidalako argazkien hizkuntza. Mundua ulertzen saiatzeko baliatzen naiz argazkigintzaz. Oso erakargarria iruditzen zait argazkien hizkuntza, denborarekin duen harremanagatik bereziki. Argazkia iraganaz hitz egiteko gai da, dagoeneko hilda dauden gure ezagunez.... Oso harreman berezia da. Argazkiak denbora paper batean izozten du. Egiarekin eta errealitatearekin duen lotura ere hor dago. Espazioarekin duen harremana, aldiz, gutxiago interesatzen zait.

Aro digital honetan, non jende guztiak duen kamera bat eta edonor den argazkiak egiteko gauza, zentzurik galdu al zure lanbideak?

Ez, inola ere ez. Jauzia handia izan da, noski, baina garrantzitsuena profesionalaren begiradaren kalitatea da. Eta hor behintzat ez da aldaketarik eman, eta are gutxiago okerrera. Begiradaren kalitatea ez dago teknikaren eskuetan. Argazkigintza bai, 1839az geroztik, baina begirada ez.

Kamera zure hirugarren begia dela esango zenuke? Zure ikusmenaren luzapena?

Beno, nik ikusi nahi dudana ukigarri bihurtzen duela esan nahi baduzu, bai, baina ez nioke hain garrantzi handia emango. Erraza da gogoeta: garrantzitsuena, begiratzen duzun hura da. Edonola ere, funtsean bai, litekeena da kamera ikusmenaren luzapena izatea.

Eta zerk pizten dizu pertsonen bizitzarekiko interes hori?

Bizitzari neurria jartzen diona pertsona da. Hor ez daukat zalantzarik. Horretan oinarritzen da nire lana. Gehien interesatzen zaidana, pertsonek beren buruarekin eta une bakoitzarekin, bizi diren denborarekin daukaten harremana da. Zentzu horretan, argazkiak eta denborak bat egiten dute, koherentzia dago bien artean. Une jakin eta zehatz batean gertatzen ari denari ateratzen diozu argazkia.

Eta zer ikusi duzu haietan urteetan zehar?

Denetarik. Milaka egoera: onak, txarrak, gaitzesgarriak, krudelak, alaiak... Alderdi negatiboari dagokionez, pertsonen sufrimendua da gehien ikusi dudana, sufrimendua eragiten dietenean batez ere. Gainerakoa, ez nuke positiboa denik esango, baina bizitzako gertakariak dira.

Gogaitu egiten al zaitu argazkilari konprometituaren etiketa eramateak?

Bai, dezente, ohitura bihurtu delako hori egitea. Izugarri gogaitzen nau. Gauzak ulertu egin nahi ditut, baina ez dut inolako mezurik zabaldu nahi, ez daukat beste argazkilari batzuen zeregin misiolaririk, eta ez daukat behatzen ditudan pertsonen bizitza aldatzeko asmorik ere. Nik ez daukat jarrera apostolikorik. Argazkiei dagokienez, ez naiz oso puritanoa; alegia, probak eta nahasketak ez zaizkit batere axola... Argazkilari konprometitua... Zerekin konprometitua? Etiketa hori, ikusten duten errealitatea aldatu nahian dabiltzan profesionalei ipintzen zaie. Faltsutasun punttu bat dago hor. Bizitza ez da horren garbia; ñabardura asko dauzka. Dena ez da txuria edo beltza. Lanean ezagutu ditudan pertsona batzuek sekulako eskas-aldiak izaten dituzte; beste batzuek ez. Beste lan batzuk enkargatu egiten dizkidate. Zein da benetako konpromisoa? Nire bizimodua.

Jornalariak, nekazariak, etorkinak eta, orokorrean esanda, baztertuak erretratatu dituzu. Zuzena al da mundu hau?

Ez, ez, inola ere ez. Urteen poderioz, iruditzen zait hainbat gauza ikusi dudala, baina ez sekulako dramarik; sarraski bat adibidez. Oso modu anbiguoan ikusi ditut jendea sufritzen ari den egoerak. Nahiago dut gauzei oso modu argian ez begiratu. Niri muga-mugako gaiak gustatzen zaizkit, ñabardura asko egotean gauzak ez izatea ikusterrazak. Ondo aritzen naiz arlo horretan lanean; ez erosoa delako, baizik eta etengabe aztertzen eta hausnartzen egon behar izaten dudalako.

Zure kameraren bidez aldatzen saiatzen zara? Edo, behintzat, salatzen?

Ulertzen saiatzen naiz, eta ez da gutxi. Ez naiz erantzunak ematen saiatzen, baizik eta galderak botatzen. Hori norberaren esku dago.

2004. urtean “El sueño de Malika” filman parte hartu zenuenean ere ildo hori bera jarraitu zenuen. Zabalkundeari dagokionez aukera handiagoak ematen dituenez, atseginagoa al da zazpigarren artean aritzea?

Zentzu horretan, argazkia mugatuagoa da. Zinema interesatzen zait denborarekin duen harremanak ez duelako argazkigintzakoarekin zerikusirik. Horregatik egin nuen metraje laburreko film hori. Argazkigintzako lan batean erabilitako gai eta denbora berbera izan nituen. Zinema dokumentala oso tolerantea da, irtenbide eta erantzun asko onartzen dituelako. Irudi finkoa eta sekuentzia nahasteak, mugimenduak, aukera handiak ematen dituzte. Eta zinema askoz ere hurbilago dago jendearengandik. Etxeko ordenagailu batekin produktu itxi eta homologarri bat presta dezakezu. Hori, duela hamar urte, ezin zen pentsatu ere egin.

Herrialde ezberdin askotako pertsonak jaso dituzu zure obran. Nolatan ez duzu zure lurraldean gehiago sakondu?

Oker zabiltza. Nire lurraldean sakondu dut gehien. Ñabardura askorekin eta begiradari mendekotuta betiere, baina beti aritu naiz nire lurraldearengan pentsatzen eta hausnartzen. Denborarik gehien eskatu didan lana, hamabi urtez jarraian luzatu dena, euskal gatazka politikoari buruzkoa izan da. Sufrimendu eta arazo gehien eman dizkidan lana. Bidaiatzen aritu naiz eta jende askori begira ibili naiz, baina argazkilari bezala gehien markatu nauen gaia hura izan da.

Barka iezadazu gaizki-ulertua. "Zure lurraldea" esatean, Nafarroa eta nafarrak nituen gogoan.

Urtearen amaieran gai horri buruzko liburu bat argitaratuko dut. Nafarroan euskal gatazkari buruz egin ditudan argazki guztiak batuko bagenitu, obra osoaren ehuneko hirurogeia baino gehiago hartzen dutela ikusiko genuke. Jornalariei buruzko lana egitera bultzatu nindutenak, Nafarroan zainzuriak biltzen aritzen diren andaluziarrak izan ziren. Hauengatik jo nuen Andaluziara, beren erroak bilatzera. Beraz, Nafarroak nire obran garrantzi handia duela esango nuke. Erromesaldiei ere atera dizkiet argazkiak... Argazki asko atera ditut Nafarroan.

Beste modu batean esanda, nola ikusten duzu Nafarroa?

Galdera guztien artean okerrena da hau. Ikusi egin behar zein zentzutan hitz egiten dugun. Nire bizilekua denez, oso zaila iruditzen zait azterketa bat egitea. Maitasun eta gorrotozko harremana daukat Nafarroarekin, oro har jende guztiak bezala. Aipatu dizudan bezala, argazkiak ateratzen ditudanean, mezu bat luzatu nahi izaten dut. Baina ni inolako pasiorik gabe bizi naiz Nafarroan. Ez daukat beren lurra gogotik defendatzen dutenekin inolako zerikusirik. Eta ez dut nire lurraldea defendatzen zein den ez dakidalako. Arazo asko lurrak ez, baizik eta jendeak sortzen ditu. Nafarroaz hitz egitea baino aproposagoa litzateke Nafarroan bizi direnez mintzatzea, beraiek sortzen dituztelako arazoak, leku guztietan gertatzen den bezala. Jendearekin ditugun harremanek garai onak eta garai txarrak izaten dituzte. Ni ez naiz lurraren defendatzaile sentitzen. Garrantzitsuena lagunak eta familia dira, ez besterik.

Argazkietan zer islatzen du Foru Komunitateak: oparotasuna ala gainbehera?

Argazkilariaren arabera. Eredurik ez dago. Nik esango nuke bi kontzeptu horien arteko nahasketa islatzen dutela. Dena den, Nafarroan sufrimendurik ere badago, estatistikek eta jendearen harrotasunak besterik erakusten badute ere. Lurralde guztietan bezala, Nafarroan ere bada sekulako txerrikeriak gordetzen dituen atzeko ate bat. Nafarroak dekoratu bat oroitarazten dit, errealitatearen zati bat ezkutuan gordetzen duen erakusleiho bat, eta agintean daudenek ezikusiarena egiten dutela beren aurrean. Badira inondik inora ulertzen ez ditudan jarrera hipokrita batzuk. Oparotasuna erakusten duen dekoratu faltsu bat, harri-kartoizkoa, atzean sekulakoak dituena. Esate baterako, emakume nafarrak Zaragoza edo Donostiara joaten dira abortatzera. Inork ez du Nafarroan abortatzen. Sendagile guztiak kontzientzia eragozleak dira, eta abortatzen duten emakumeak existitu ere ez direla egiten ematen du. Mesedez! Eta, hori, hipokresia eta antzerkiaren adibide bat besterik ez da. Baina, auskalo zergatik, nafar asko oso harro dago dekorazio horrekin.

Nafarra eta iruinsemea. Argazkien bidez etekinik atera al diezu sanferminei?

Ez, ezta bat ere. Baina ez jai horiek ustiatzen jakin ez dudalako, baizik eta saiatu ere ez naizelako egin. Urte bitan atera nituen Sanferminetako argazkiak, ariketa gisa, hasiberria nintzenean. Festak aukera bikaina izaten dira laneko probak egiteko, jende asko ezagutzeko aukera ematen dizutelako, eta egoera bisual ezberdinak topatzeko... Baina ni, sanferminetan, erosoago sentitzen naiz parte hartzen, argazkiak ateratzen baino. Nahiago dut festak bizi eta gozatu, kamerari lotuta egon baino. Sanferminek inposatzen duten begiratzen moduan ez naiz batere eroso sentitzen. Nik lasaiago egon nahi izaten dut. Dena den, horrek ez du esan nahi etorkizunean argazkilari gisa erretratatuko ez dudanik.

Egin iezaguzu zeure buruaren argazki bat.

Pertsona eta argazkilaria parez pare doaz nire kasuan, paraleloan. Eta bi kasuetan zalantza asko izaten ditut, atsegin dudalako. Ikusmin handiko gizona naiz. Zalantzek jarrera eszeptikoa ia militantea hartzera eramaten naute. Zerbaitek interes izugarria pizten didanean, berehala hasten naiz zalantzatan jartzen. Argazkiei dagokienez, ez zaizkit errazkeriak gustatzen; istorio konplexu eta anbiguoetan ibiltzen naiz beti, ahalegin handia eskatzen dutenetan, baina satisfazio profesional handia ematen didate

Bota, beraz, zure ametsetako argazkia. Ez daukat ametsetako argazkirik. Konplexuegia da dena, aipatu dizudan nire jarreragatik beharbada. Usainak bai arnasten ditudala, baina ametsik ez. Ez naiz ametsak islatzeko gauza, eta ezta eszenatoki idilikoak ere. Nahiago dut egunerokoa. Nahikoa daukagu dagoenarekin, plan eta ametsak antolatzen hasteko. Clemente Bernard (Iru?a, 1963) Iruñan jaio zen, 1963ko maiatzaren 7an. Arte Ederren ikasketak egin zituen Bartzelonako Unibertsitatean, eta Koldo Chamorroren laguntzaile gisa ibili lanean hainbat urtez, harik eta 1986an independizatu egin zen arte. Ordutik, hainbat komunikabidetan aritu da lankidetzan, eta gaur egun Contrasto agentzia italiarrarekin dihardu. Bere lanen artean, honakoak azpimarratu beharko genituzke: “Jornaleros”, Andaluziako sasoikako nekazarien ingurukoa; zapatisten iraultzaren ostean Chiapasen egindako lana; “Mujeres sin tierra”, Saharako emakumeei buruzkoa; “Pobres de nosotros” ekimeneko partaidetza, bazterturiko gazteriaren inguruan; eta Euskal Herriko gatazka politikoari buruzko lana. Bada nabarmentzeko moduko bere beste erreportaje bat ere: “Los olvidados de Tubmanburg”. Liberian kokaturiko hiri honetan, gerra zibilaren ondorioz 35.000 lagun elikagai eta hornikuntzarik gabe egon ziren, isolatuta, giza laguntza heldu zitzaien arte. Hainbat kultur ekintzatan ere parte hartu du; hala nola, “Madrid visto por...”, “Visión mediterránea”, “Una mirada de carnaval”, “Cuatro direcciones” eta “Open Spain” ekimenetan. Bere irudiak Arlesko RIPen, Coloniako Photokinan eta Perpignango “Visa pour l´image” erakustaldietan egon dira ikusgai, besteak beste. Iaz zinemaren munduan sartu zen estrainekoz, Punto de vista jaialdian aurkezturiko “El sueño de Malika” pelikula dokumentalaren eskutik. Honako hau ere sufrimenduaren ingurukoa genuen, Gibraltarreko Itsasartean hildako etorkinetan sakontzen baitzuen; hots, beren herrialdeko bakardadean jada hilda zeuden pertsonengan. Erakusketa ARTaretoan
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Patxi Garai. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko koordinatzaile orokorra: Herri honetan ez dago kultur ekimenetarako dirua ipiniko duen J.P. Morgan bat edo Guggenheim bat

 

Irakurri

Luisa Etxenike. Idazlea: Ahaleginak kulturarekin duen harremanaren ideia galdu da, adimenaren askatasunak urrutiko espazioetara heltzea suposatzen duenaren ideia

 

Irakurri

Anje Duhalde. Euskal musikaren berritzaile: Errobiren musika zen tripako minen ateratzea eta orduko mundu hortarik jalgitzea

 

Irakurri

Luis Miguel Macias. Arrantza sailburuordea: Espainiak ez ditu euskal arrantzaleen interesak defendatzen

 

Irakurri

Txema Blasco. Aktorea: Pribilegiatua naiz, hiru aktoretik bat besterik ez baita bizi lanbide honekin

 

Irakurri