Luis Miguel Macias. Arrantza sailburuordea: Espainiak ez ditu euskal arrantzaleen interesak defendatzen

2005-04-22

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

GARMENDIA IARTZA, Koro

Euskal Herrian 25.000 inguru dira zuzenean edo zeharka arrantzari esker bizi diren sendiak. Sektore hau, baina, globalizazioaren ondorioak pairatzen hasia da, eta gure autonomia erkidegoa Bruselan harturiko erabakiei begira bizi da. Egoera honi eta gaiarekin lotutako hainbat alderdiri buruz mintzatu gara sailburuordearekin elkarrizketa honetan.

Euskal Herriko zenbat sendiri ematen dio jaten arrantzak?

Itsasoratzen diren 4.500 arrantzaleak ez ezik, milaka pertsona ari dira arrainak eraldatzen, merkaturatzen eta industria laguntzailean lanean. Guztira, 25.000 sendi inguru bizi da sektore honi lotuta.

Baxurako eta alturako arrantza ditugu. Zein da bien arteko ezberdintasuna?

Baxurakoa, alturakoa eta altura handiko arrantza ditugu. Itsasontzien %40, baxuran aritzen da, eta altura eta altura handian, berriz, bakoitzean %30. Baxura eta altura arrantzaren arteko ezberdintasuna zertan datzan? Bada, lehendabizikoan eskulangintza dela nagusi. Mota bata zein bestekoa arrantza, Bizkaiko Golkoan eta Ipar Atlantiko inguruetan egiten dira.

Bien arteko aldea ez al datza, baina, itsasontziek arrantza egiteko egin behar izaten dituzten milien kopuruan?

Ez; baxurakoak zenbaitetan alturakoak bezain urruti joaten dira. Baxurakoak Irlandako mendebalderaino iristen dira, hemendik 600 milia baino urrutirago. Arrainei dagokienez, baxurakoek antxoa, hegaluzea, berdela, sardina eta txitxarroa bezalako espeziek harrapatzen dituzte. Edonola ere, ez dugu ahaztu behar baxurako ontzien artean badirela ontzi txikiagoak ere, arrantza itsasertzean egiten dutenak. Ontzi hauek 18 metro baino gutxiago dauzkate, eta denetarik harrapatzen dute. Beste alde batetik, altura handikoan Atlantikoan zehar eta, bereziki, Indiako Ozeanoan aritzen den ontziteria daukagu, Norvegia inguruko bakailao ontziak ahaztu gabe. Eta zein da batzuen eta besteen arteko ezberdintasun nagusia? Baxurako ontziak kofradien inguruan daudela antolatuta.

Zer dira kofradiak? Arrantzaleen kooperatibak akaso?

Ez, Zuzenbide publikoko erakundeak dira. Merkataritza Ganbaren moduko korporazioak dira, non Administrazioak erantzukizun subsidiarioa duen. Kofradiek ez daukate irabazi asmorik, eta beren helburua beren baitan hartzen dituzten arrantzale guztien interesak defendatzea da.

Zeintzuk dira Kofradiarik garrantzitsuenak?

Itsasontzien kopurua, eskifaia eta deskargak kontuan hartuz gero, Bizkaian Bermeokoa, eta Gipuzkoan Getaria eta Hondarribikoak. Pasaiako portukoa ere garrantzitsua da arrainen deskarga eta operatibotasunari begiratuz gero, eta Ondarroakoa ere bai, alturako ontzien kopuruari begira.

Zein da euskal portuetara iristen diren arrain guztien artean nagusia?

Iparraldeko hegaluzea.

Edonola ere, sektore honek, lehen sektoreko beste guztietan gertatu den bezala, enplegu ugari galdu ditu azken hamarkadatan zehar.

Bai, argi eta garbi. Hori mendebaldeko gizarte guztietan ikusi ahal izan dugu, eta lehen mailako ekonomietan ere bai. Zerbitzuen sektoreak gora egin duen neurrian, arrantzak eta beste zenbait sektorek, industriak barne, behera egin dute. 30 urteko epean, 70eko hamarkadatik hona, enpleguen kopurua erdira murriztuko zen ziur aski.

Gutxi izango zarete, baina aldarte onekoak. Izan ere, euskal Administrazioak oso harreman onak dauzka azkenaldian sektoreko ordezkariekin.

Lankidetza giroa nagusitu da gure artean. Hitz egiten dugu. Izan ditzakegu gure ezadostasunak ere, baina bi alderdiok daukagu arazoak konpontzeko borondatea. Arrantzaren sektoreak, orokorrean hartuta, adierazpen publikoak egin ditu behin eta berriro, jakitera emateko ezer aldatu beharra badago, egungo marko juridikoa dela. Alegia, ez daudela eskuduntzen banaketarekin ados, haiek eta guk Eusko Jaurlaritzaren esku egotea nahiko baikenuke.

Eskuduntzen banaketaz mintzo zara. Zeintzuk daude Espainiar Gobernuaren eskuetan, eta zeintzuk Eusko Jaurlaritzarenetan?

Gauzak asko sinplifikatuta, haiek "itsasoko arrantza" daukate, eta guk arrantza sektorearen antolakuntza. Espainiar Gobernuak agintzen du nola arrantzatu, itsasontziek zein baldintzatan egin dezaketen arrantza, eta non. Gu, berriz, itsasontzien egoeraz, itsasontzi berriez, itsasontziak modernizatzeaz eta desegiteaz arduratzen gara. Eta, noski, arraina portura iristen denetik jarraitu beharreko pauso guztiez: eraldaketa, merkataritza, etab.

Ba al da zintzilik daukazuen eskuduntzarik?

Baten bat bai; esaterako, publizitate kanpainak egiten dituen organismoa, garai batean "Pezqueñines"-en ezagun hura egin zuena. Edonola ere, funtsean betetzen dira Gernikako Estatutuan jasotako xedapenak. Kontua da onartu zenez geroztik 25 urte igaro direla, eta eskuduntzen banaketa horrek ez diela sektoreak gaur egun dituen beharrei ondo erantzuten. Zaharkituta gelditu da. Gainera, Madrilen aldebakarreko interpretazioak egin dituzte beti bataren eta bestearen eskuduntzak zeintzuk diren zehazteko orduan. Eta 1986az geroztik, gainera, Europar Batasunean sartu izanari probetxua atera nahian ibili dira; Bruselan haien eta gure eskuduntzei buruzko erabakiak hartzen dira, baina haiek bakarrik dauzkate ordezkariak eta, beraz, erabat monopolizatuta daukate gaia. Gure eskuduntzei buruzko erabakiak hartzen ari dira, eta, aldi berean, gure eskuduntzen jabe egiten.

Nolako balorazioa egingo zenuke espainiar arrantza politikaz Europaren baitan?

Espainiak ez du arrantza politika aktiborik egin, eta, beraz, Europak ezusteko ederrak eman dizkie zentzu horretan. Dena den, batzuetan iruditzen zait ez dela hain gauza txarra espainiar Gobernua arrantzaz hain gutxi arduratu izana, zeren eta akordioak negoziatzen aritu den aldi bakoitzean beldurra sartzen zitzaigun Euskal Herrian, gehiegitan erabili gaituelako nahi zuen bezala. Arrantzaleen kezka nagusia da Eusko Jaurlaritzak ez izatea Europan ordezkaritzarik. Behin eta berriro esaten dute ez dutela beren burua ordezkatuta ikusten. Europak baino gehiago, Madrilek kezkatzen dituela esango nuke.

Nola ordezkatuko lituzke bada Eusko Jaurlaritzak arrantzaleen interesak?

Gure iritzian, uneotan, Europa arrantza politikan atzera egiten hasi den honetan, oso jarrera aktiboa mantendu beharra dago. Esate baterako, kendu egin ditu enpresa mistoentzako eta jabetza lortzeko diru-laguntzak. Kuota famatuek ere kezka eragiten digute, noski. Euskal Herriak, orain arte, maila pribilegiatua izan du antxoa edo hegaluzea bezalako arrainekin Bizkaiko Golkoa bezalako inguruetan. Baina hori orain arte, zeren eta Europak, orain, beste herrialde batzuei ireki dizkie ateak. Nola? Bada, kuotei mugarik ez ipintzen. Horrela, beste itsasontzi batzuk sartu dira gure arraina harrapatzera, Frantzia eta Irlandakoak besteak beste. Arrantzategietan lehia bizia daukagu orain.

Lehia horretan ari direnak, ostera, gu bezain europarrak dira.

Bai noski, baina kuota txikia daukagun arrantzategietan, legatzaren kasuan esaterako, gehiago arrantzatzeko aukera kendu digute. Gure arrantzategietan kanpoko jendea sartu da, baina ez digute beraien arrantzategietan sartzen uzten. Eta hori da nik nahiko nukeena. Eta hori guztia, besteak beste, Espainiako Gobernuak ateak erabat zabaldu dizkielako. Ez dugu ahaztu behar Arcachongo Itunaren poderioz, espainiar administrazioak sekulako kuota lagatzen duela. 80ko hamarkadaren bukaeran Frantziak asko jota %5eko arrantza egiten bazuen, orain, batez beste, %60 egiten du.

Panorama horren aurrean, datu positiborik bai?

Bai noski. Azken bost urteotan, inoiz baino gehiago modernizatu da euskal ontziteria, eta Europako beste edozein baino gehiago gainera. Itsasontzi gutxi batzuk salbuetsita, punta-puntakoa da gure ontziteria. Sektoreak ahalegin handi bat egin du, eta datozen 30 urteetarako kontsolidatu egin du bere ontziteria. Gainera, eten egin da enpleguak murrizteko joera.

Zenbatekoa da etorkinen kopurua arrantzaren munduan?

Arreta deitzen du arrantzale beltzak ikusteak, baina etorkinen kopurua ez da %10 baino handiagoa. Beste edozein sektoretan adinako presentzia daukate etorkinek arrantzaren munduan.

Gero eta sarriagotan entzuten dugu arrantzan gainesplotazioa ematen dela, eta espezie ugari arrisku bizian dagoela.

Egia da munduan, oro har, espezie asko dagoela gainesplotatuta, baina euskal ontziteriak ez ditu baliabideak esplotatzen, eta are gutxiago legez kanpoko eta kontrolik gabeko harrapaketak egiten. Gure arrantza modernoa da eta errespetatu egiten ditu baliabideak.

Gaiez aldatuz, zergatik izaten ditu antxoak horrenbeste gorabehera?

Baliabidea beti egoten da, baina urte batetik bestera asko alda daiteke bere hilkortasuna. Hiru faktorek eragiten diote nagusiki: batetik, arrantzak berak; bestetik, inguruotara etortzen diren arrainek (zetazeoek, tunidoek...), jan egiten dutelako; eta, azkenik, ingurumenaren egoerak. Esaterako, inoiz edo behin plankton asko baldin badago, antxoa askoz ere gehiago ugaltzen da. Espezie hau epe labur edo ertainera berreskuratzen da, betiere egoera larrian dagoenean harrapatzen ez baldin bada. Aurtengorako geneuzkan datuek, azaroan ezagutarazi genituenek, erakusten ziguten gutxiago harrapatzea komeni zitzaigula. Argi eta garbi adierazi genuen antxoaren egoera ez zela hoberena, eta bere harrapaketa nabarmen murriztea zela aukerarik egokiena. Gainera, ikuspuntu egoistatik begiratuta, jakin bagenekien murrizketa horrek Frantziari eragingo zion gehienbat. Baina hara non Frantziak eta Espainiak Ministroen Kontseiluan erabaki zuten ahalik eta gehien harrapatzea, antxoaren etorkizuna arriskuan jarriz. Zergatik, eta beren aldebiko akordioari men egiteagatik.

Arcachongo akordioari alegia?

Bai. Frantzia ez dago antxoaren arazoarekin batere kezkatuta, zeren antxoa harrapatzeari uzten dionean, lupia edo beste arrainen bat harrapatzen hasiko da, orain arte egin duten bezala. Baimena emanez gero, den-dena harrapatuko dute, eta beste espezie batzuk harrapatzen hasiko dira.

Kantauri itsasoko arrantzaleek (galiziarrek, asturiarrek, kantabriarrek eta euskaldunek) aldarrikapen eta irizpide berberak argudiatu al dituzue espainiar Gobernuaren aurrean?

Arcachongo akordioari dagokionez, bai.

Eskuduntzen harira itzuliz, zein ildotan ari da lanean Eusko Jaurlaritza?

Hainbatetan: arraina eraldatu eta merkaturatzeko hobekuntzetan, gure arraina kanpoan saltzeko egitasmoetan, merkatu berrietara zabaltzeko ekintzetan, etab. Kantauri mailan, adibidez, arrain freskoa saltzeko marka kolektiboak bultzatzen ari gara: antxoa, hegaluzea, legatza... Izan ere, arrainaren kasuan beste edozein produktutan baino handiagoa da globalizazioaren eragina.

Zenbaiten esanetan, Vitoria/Gasteizko aireportua da Euskal Herriko porturik garrantzitsuena.

Horregatik daukagu bereizi beharra. Globalizazioaren eraginez, gure arrantzaleak nahasmen eta iruzurrez inguratuta daude.

Eta nola egin bereizketa hori?

Etiketa, logo eta marken bidez, merkatuan behar bezala sustatuz eta, nola ez, kontrolak eginez.

Jatorrizko deitura baten moduko zerbait?

Bai. Marka kolektibo bat da, baina badu jatorrizko deituraren antzik. Eskuduntzen gaiarekin jarraituz, kontserben fabrikak hiriguneetatik poligono industrialetara eramateko aukera bultzatzen ari gara, portuetako instalazio eta azpiegiturak modernizatzeko, merkataritzako harremanak sustatzeko, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin azoketara joateko, etab. Kontserbari dagokionez, Italia merkatu garrantzitsua da, baina baita Suitza, Alemania eta Frantzia ere.

Zeintzuk dira arrain fresko gehien erosten diguten bezeroak?

Espainia, Portugal, Italia eta Frantzia.

Nori eskertu behar diogu berdela merkaturatu izana?

Duela lau urtera arte, inongo arrandegitan ez genuen berdelik aurkitzen, baina otsaila eta apirila bitartean 20 milioi kilo berdel baino gehiago iristen ziren euskal portuetara. Kontua da ez zirela sukaldaritzarako erabiltzen.

Eta nora bideratzen zen orduan?

Gatibutasunean hazten diren Mediterraneoko hegalaburrentzat eta ezpata-arrainentzat izaten ziren. Baina egoera asko aldatu da; gaur egun ia ezinezkoa da berdelik saltzen ez duen arrandegirik aurkitzea Euskal Herrian. Edonola ere, kontsumitzen da, baina ez guri gustatuko litzaigukeen bezainbeste. Guk berdela sustatzen jarraituko dugu, eta ahaleginak egingo ditugu agintari espainiarrek euren lurraldean ere gauza bera egin dezaten. Arrain honek, bere osaketa kimikoa, zaporea, gastronomian ematen dituen aukerak eta prezioa direla-eta, benetan merezi du.

Zein mezu luzatuko zenieke kontsumitzaileei? Izan ere, hiritarren artean esan ohi da arrandegi batean zer erosten dugun ere ez dakigula dagoeneko.

Arrainek gaixotasunei aurrea hartzen laguntzen digute; beraz, arrain mota guztiak jan beharko genituzke, eta ohi duguna baino gehiago gainera. Arraina Kantaurikoa eta denboraldikoa izanez gero, askoz ere hobeto. Eta gogoan izan produktu guztiek etiketa eramateko beharra daukatela.

Eta eramaten al dute?

Bai, gero eta gehiagotan. Kontsumitzaileari gomendatuko nioke ondo begira dezala etiketa, eta munduko itsasorik oneneko arraina eros dezala, Kantauri itsasokoa alegia.

Gaindituta eta ahaztuta al dago “Prestige”-ren hondamendia?

Euskal ontziteriak, itsasoko kutsaduraren aurka inoiz idatzi den orririk onenetarikoa idatzi zuen. Jende guztiak esaten zuen lurrean egin beharko zirela lanak, ezinezkoa zelako marea beltza itsasoan geldiaraztea. Guk, ordea, itsasoan geldiarazi genuen. Baina nola jakin arazo hori gaindituta ote dagoen? Esaten dutenaren arabera, ondorioak epe luzera ikusiko ditugu. Gutxi ezagutzen dugu itsasoa, baina ziurta diezazuket hondamendi hark ez duela arrainen kalitatean ondoriorik izan. Hala ere, espezie batzuek ihes egin dute bere ohiko inguruetatik.

A zer nolako bizimodua arrantzaleena! Oso lanbide gogorra da. Gainera, beren emaitzak inoiz ez dira erabat bermatuta egoten. Luis Miguel Macias Trapagaranen (Bizkaia) jaio zen duela 44 urte, eta hantxe bizi da gaur egun ere. Bi seme ditu eta denbora gutxi, baina, aukera izan orduko, zinemaz gozatzea atsegin du. Kirol pixka bat egitea, Julia Robertsen pelikularen bat ikustea eta mihi-arraina dastatzea dira, besteak beste, gustukoen dituen ekintzak.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Txema Blasco. Aktorea: Pribilegiatua naiz, hiru aktoretik bat besterik ez baita bizi lanbide honekin

 

Irakurri

Joseba Agirreazkuenaga. Historiagilea eta EHUko irakasle katedraduna: Herri guztiok gara historiadunak, eta hori XX mendearen bigarren erdian irabazi den zerbait da

 

Irakurri

Marieli Díaz de Mendibil. Eusko Jaurlaritzako Kontsumo zuzendaria: Oraindik asko dago egiteke gizarteak kontsumo arduradunaren kultura barnera dezan

 

Irakurri

Ixabel Charritton. Seaskako lehendakaria: Seaskak eredu orokor eta koherente bat eraiki du, orain gelditzen zaiona garatzea da

 

Irakurri

José Antonio Sistiaga. Margolaria eta zinemagilea: Artea ez da nire bizimodua bakarrik: nire bizitza da

 

Irakurri