Daniel Innerarity. Filosofoa: Mundua ez da inoiz ulertzeko hain zaila izan

2008-11-28

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Hotza egiten du. Euri eta haize egunak pasata, eguzki lotsati batek laztantzen gaitu aurpegian. Kursaaleko kafetegian geratuak gara, baina Zurriolatik paseatzera joatea erabaki dugu. Itsasoaren burrunba, kresalaren lurrina, harkaitz artean olatu ausartak, enbor zatiak asfaltoan galduta, hondarra eta altzairuzko urdinean murgilduta izan dugu elkarrizketa. Daniel Innerarity harrigarria dugu, ume baten begirada gartsua bezalakoa. Bere hitz egiteko moduak, ibilerak, mugitzeko erak eguneroko esentzia du, badirudi betidanik ezaguna dugula. Bere hitzak, burutazioak eta gogoetak apartekoak, berebizikoak dira, ahaztezinak suertatzen direnak.

Lerro bakarrean, nola definituko zenuke zeure burua?

Kurioso damugabe bat naiz. Munduak nigan interesa eta harridura pizteari uzten duen egunean, neure burua ezagutzeari utziko diot.

Zure haurtzaroko oroitzapenak, nolakoak dira?

Kide ugariko familia bati dagokion giroan hazi nintzen. Oroitzapenik onenak mendi irteerak dira: Durangaldea, Gorbea, Atxuriko trena, Euskadin oraindik ere euria egiten zuenean, klima aldaketa baino lehen... Ondoren, Europako Gailurretara eta Pirinioetara egindako lehen irteerak.

Eta Batxilerrean zinen garaiari dagokionez?

Letretako batxilergoa egin nuen Bilbon eta Donostian. Ondo joan zen dena, batez bestekoaren barruan, behar zena ikasiz. Eskola kanpoko jarduerak arauturikoak baino gogokoago nituen. Damu dut batxilergoan hobeto aritu ez izana, hainbeste hutsune edukitzea. Galdutakoa berreskuratzen pasa dut bizitza.

Arrazoiren batek bultzatu al zintuen Filosofia ikastera?

Arte Ederrak ikasi nahi nituen baina aitak, ingeniari aeronautikoa lanbidez, ez zidan utzi. Filosofia nire bigarren proposamena izan zen, eta horrek ere ez zuen gehiegi konbentzitu, ezin zuelako ulertu nola atera zezakeen batek bizimodua aurrera horretan arituta (eta arrazoirik ez zuen falta). Gerora ohartu nintzen bultzada artistikoa eta jakingura filosofikoa, oinarrian, gauza bera direla eta elkarren osagarri direla. Errealitatea behatzeko eta mundua ulertzeko pasioaren bi eredu dira.

Zer moduzkoak izan ziren unibertsitate urteak?

Iruñean ikasi nuen, eta, ondoren, unibertsitate ikaslearengan ohikoa den existentzia nomada etorri zen, gauza interesgarriak irakasteko dituzten horiengana jotzera eramaten zaituena, horrek giroz aldatzera behartuko bazaitu ere. Habermas, Frankfurteko eskolako bigarren belaunaldiko filosofo handiaren gainean egina nuen tesia, eta, horregatik, Alemania hautatu nuen lehenik, alemaniar idealismoaren ikasketetan murgiltzeko. Hiru urte arras biziak izan ziren, Baviera Estatuko Liburutegian lansaio nekagarriak egin nituen, eta Hegel ikasi, enigma ulergaitza iruditzen zitzaidana. Ondoren, bekadun plaza bat lortu nuen Humboldt Unibertsitatean. Modu berezian tratatzen gintuzten han. Gogoan dut nola beka horren jabe ginen hogeita hamar lagunok Errepublikako Presidenteak hartu gintuen, Bonnen.

Alemania ostean...

Zaragozako Unibertsitatean ikasle titular plaza lortu nuen eta, horrez gainera, Europako zenbait unibertsitatetan ikerketa egonaldiak egin nituen eta irakasle gonbidatu gisa ere aritu nintzen: Suitzan (Friburgon eta Lausannen) urte betez egon nintzen, eta ondoren Italiara (Milan) jo nuen. 2001. urteaz geroztik Frantzian bizi naiz; Bordeleko Ikasketa Institutuan eta Sorbonako Unibertsitatean (Paris 1) irakasle gonbidatu izan naiz eta, une honetan, Collège de France-n nabil. Quebecera maiz joaten naiz orain; irakasle gonbidatu izendatu naute han, eta ikerketa talde batean ere ari naiz.

Gorputz bakar batek nola bidera dezake hainbeste jarduera?

Unibertsitate irakasleak ikerlariak ere bagara, hau da, ez dugu dakiguna irakasten ez dakiguna baizik. Modu probokatzailea da zera adierazteko: interesatzen zaigun jakintza ez da jakintza egiaztatua baizik eta jakintzaren eta ezjakintasunaren mugen artean dagoen hori, enigmak eta arazoak, gure esparruko mugetatik harantzago joanez. Idazten dudan oro, nire liburuak, nire itzulpenak, baita prentsarako egiten ditudan iritzi kolaborazioak ere, bizi garen mundua ulertzeko kezkaren emaitza da; hipotesiak zirkulatzen jartzea da, publikoki eztabaidatuak izan daitezen.

Eusko Ikaskuntza - Euskadiko Kutxa Sarian.

“Dena nahi dut eta berehala nahi dut”

Alderik ote da gaurko gazteen (eta hain gazteak ez diren horien) eta aurreko belaunaldikoen artean?

Aldaketa bizian den munduak belaunaldien arteko hausturak sakonagoak izatea du ondorio. Belaunaldi aldaketa gertatu dela esatea gustatzen zait, gurasoak beren seme-alabak etxeko lanekin laguntzeko gai ez direnean, batere ideiarik ez dutelako. Horren harira, arras adierazgarria da eskumen teknologikoei begira belaunaldien artean dagoen aldea, etxeko informatikaria kiderik gazteena izaten baita. Beste garai batean, duela gutxi, hain zuzen, aitona zen familiako jakintsua; orain, helduentzako eskola batera bidaltzen dugu, esperientzia ikasgeletara, modako eufemismoa erabiltzearren. Belaunaldi orok irakatsi eta transmititu duena gainbegiratu behar baldin badu, gaur egunekoek inoiz baino beharrezkoago dute hori egitea. Gazteen norabide faltaz kexu garenean, egiaren erdia baino ez gara esaten ari: beste erdiaren arabera, mundua ez da inoiz ulertzeko hain zaila izan.

Gaur egungo gazteek “errazegi” lortzen dute dena?

Erraztasun teknologikoa dei genezakeena dago, informazioa erraz eskura daiteke, baina datu horien tramitazioa, haiek zentzuz bideratzea eta horren arabera erabakiak hartzea zailagoa da, gure belaunaldikoek egin behar izan zutenarekin alderatuz gero. Gure belaunaldiak aukera gutxiago zituen; beraz, errazagoa zen. Gutxi gorabehera, denok erraztasun edo zailtasun berberak ditugula uste dut. Baliteke une honetan zailtasun oro, modu paradoxiko batean esaterik baldin badut, gauzen itxurazko erraztasunaren ondorio izatea, hain zuzen.

“Zoriontsu” izateko aukera ukatzen zaie ahaleginaren kultura honetan? Zoriontsuago da bat ahaleginaren kulturan?

Onena zera da: interesgarri ez zaizun horretan ahalegina aurrez diezazutela, gehien interesatzen zaizun horretara bideratu ahal izateko. Ondo dago biziraupen kontuekin gehiegi kezkatu behar ez izatea, beste gauza batzuetan jardun ahal izateko. Beste garai batzuetako zailtasunean bakarrik kontu baikorrik ikusten duen diskurtso nostalgikoaren aldekoa ez naiz batere; bide batez esanda, inork ez luke garai horietara itzuli nahi. Zenbait gauza (informazioa eskuratzea, tokiz aldatzea, komunikatzea...) erraz dira orain, zalantzarik gabe, baina beste zenbait zailago (errealitateaz irudi koherentea izatea, denbora kudeatzea eta behar den moduan galdu ahal izatea...).

“Horrelakoak dira gauzak, eta ez ahalegindu aldatzen”

Nola, nortzuk ezartzen dituzte “korronteak” gizartean?

Gure gizartea sare moduan egituraturik dagoela esaten dugunean, bilbez osaturiko gizarte bat dela adierazi nahi da. Horren arabera, aipatzen dituzun korronte horiek igortzen dituen eta ezagutzera eman beharko litzatekeen igorle jakinik ez da. Eragile aktiboak zein pasiboak gara denok iritzi korronte horiek finkatzeko orduan. Horregatik, zurrumurru gizarte batean bizi garela esatea gustatzen zait, dakigun guztia bigarren eskukoa delako; hari buruz hitz egiten entzun dugu, baina ez dugu entzundakoa egiaztatzeko aukerarik izan.

Posible da “korrontearen kontra” bizitzea?

Iritzi komunaren akidura horretan zurrumurruen igorle huts izatera jotzen dugu, hau da, entzun duguna kontatzen dugu, baina guk geuk ez dugu kontatzen dugunaren esperientziarik izan. Ilustrazioak gure adimenaz baliatzera bultzatzen gintuen, baina, gaur egun, dena zuzena da; okertzeko ausardia, mareatik, olatutik, korronte komunetik edo dena delako horretatik kanpo aritzea oinarri duen pentsamendu kritikoaren elementu hori falta da. Baina aurka egite hutsak ez du bat arrazoiaren jabe egiten; oinarrizko kritika eta aurkaritza forma horiek originaltasunaren adierazpen izateari utzi diote.

“Batailatxoak eta galderak”

Lehenago aipatu dugu nola duela gutxi arte aitona zen familiako jakintsua. Gaur egungo gizartean, zer toki betetzen dute adinekoek eta haurrek?

Inoiz ez da hain heterogeneoa den gizarterik egon, eta belaunaldien elkarbizitza bera horren adierazgarri da. Baina, aldi berean, zenbait interes gatazka eragiten du horrek, eta haien berri izango genuke haurrek beren eskubideez jabetuko balira eta unean uneko gure erabakiekin maiz beren etorkizuna hipotekatu egiten dugula jakingo balute.

Adinekoek “batailatxoak” kontatzen dituzte eta umeek ez diote galdera “ezegokiak” egiteari uzten. Zer esango zenuke adierazpen horretaz?.

Kontaketaren jakintza bat dago, tolesgabetasunaren jakintza bat dagoen bezala; batzuek esperientzia dute eta beste batzuek lehen aldiz ari dira munduan. Biak ala biak beharrezkoak dira. Filosofia sineskortasun ariketa etengabea bailitzan ulertzea gustatzen zait, ezer desegokitzat jotzen ez duena.

Jakintza horiek galdu egin ditugu?

Arrazoia ematen diguten errealitatearen dimentsio horietara zuzendu ohi ditugu geure sentsoreak. Berezkoa dugun joera hori zuhurtasunez zuzendu beharko genuke eta geure buruak beti arrazoia ez edukitzearen artean trebatu. Horixe da filosofiak instituzionalizatu egiten duen tolesgabetasuna: geure buruak prestatu errealitateak aurkikuntza interesgarriekin harritu gaitzan, erredundantziatik eta berrespenetik ihes egin.

“Kaxa ultra laua”

Arimako gaitz askoren errudun ote da telebista?

Telebista ondo kudeatu beharra dago, hamaika aukera eskaini bai, baina erabilera oharrik ez duten eta guk geuk eraiki behar ditugun gauza guztiak bezala. Geure munduaren metafora ona da: ahalmen (denbora ahalmena, arreta ahalmena) baino aukera gehiago daude. Neurri batean, formazioa zera da: gure baldintza mugatuei eskaintzen zaizkien aukera amaigabe horiek nola moldatu erabakitzeko autonomia.

“Gurdiaren indarra”

Erosketa gurdiarekin politikarik egin daiteke?

Gaur egun, bizimoduetan dago indar eraldatzailerik handiena. Garapen sostengarriaren gaineko eztabaidan, kontsumitzaileak toki zentralean daude; haiek dira “erosketa gurdiarekin politika” egin dezaketenak. Subjektuen kontrako botere bat dago, aktibatzea beharrezkoa dena; janariaren inguruko eguneroko jarduerek elikaduraren mundu konplexua (eta, oro har, mundua bera) osatzen duten botere harremanetan eragina dute. Dauden joko eremuen barruan, zer eta nola jaten dugun erabakitzeko dugun askatasunak muga errealak ezartzen ditu industrian zein politikan.

“Gizonak eta emakumeak”

Berdinak gara? Ezberdinak gara?

Gaur egun, berdintasunaren eta ezberdintasunaren arteko auzia ondoko moduan adierazi behar da: ezberdintasunak berriro baloratu behar dira berdintasunaren logikan aurrera egiteko. Berdintasuna erradikalizatzea eskatzen duen dinamika demokratizatzaile berak eramaten gaitu nortasun ezberdintasuna ulertzera. Ezin ditugu ezberdintasunak parentesi artean jarri berdintasun irizpideen arabera aintzat hartu nahi baldin baditugu. Berdintasun kodearen arabera onartu behar dira ezberdintasunak, hala da, baina ezberdintasun diren aldetik.

Eusko Ikaskuntza - Euskadiko Kutxa Sarian.

“Ezberdina dena”

Zer eragiten du ezberdina denak: beldurra ala interesa?

Ezberdina dena betidanik izan da, kultura orotan, liluragarri eta beldur eragile. Baina bestearen zapalkuntza ez da halabeharrezko patua; arrotza denarekiko harremana ikasi egin daiteke. Heldutasuna, maila indibidualean zein kolektiboan, norbera dena arrotza denarekiko harremanaren bitartez osatu eta aberastu egiten dela aurkitzean datza. Dibertsitatea baloratzen ikasteak ez du desertzioa adierazten, norberarena denaren aberasgarritasuna azaldu baizik.

“Nortasuna”

Nortasuna izatea “absolutua” da ala konparaketa baten ondorio genuke? Sentitzen garenaren arabera jokatzeko eskubidea dugu ala besteentzat garena onartu beharra dago?

Claudio Magrisen ohar batekin erantzungo dizut, aintzat hartzeko modukoa dela iruditzen baitzait: nortasunaren obsesiotik askatzeko modu bakarra da haren behin-behineko hurbilketa onartzea eta naturaltasunez bizitzea, hau da, harekin ahaztuz; sexuan, norbere buruan... etengabe pentsatu gabe bizi garen bezala, hobe da bizitzan ere gehiegi ez pentsatzea.

“Ezagutza”

Esperientzia estetikoa esperientzia mistikoaren parekoa da? Ezagutzara gerturatzen gaituzten bitartekoak dira?

Oinarrizko egoerak dira eta, haien bitartez, niak bere burua gainditu egiten du, gure ahalmenetik harantzago dagoenarekin harremanetan jartzen gaituzte eta, horregatik hain zuzen, gogoeta iturri agortezinak dira. Arteak esperientzia aukera ordezkaezina jartzen digu eskura.

Horrelako esperientzien existentzia zalantzan jartzen duten eszeptikoak egon badaude, baina zenbaitek esaten dute esperientzia estetikoa orgasmoaren antzekoa dela...

Jende gutxiagok du orgasmoaren existentziari buruzko zalantzarik, baina giza kondizioaren misterioarekin zerikusia duen gaia ere bada. Bata zein bestea, enigma serioak dira eta erlijioa zein sexualitatea hutsalkeriatzat jotzea baino gauza okerragorik ez dago.

Beharrezkoa da Jainkoa?

Jainkoa existitzen bada, ezin da beharrezkoa izan, beharraren eta behar ezaren gainetik egon behar du. Alemaniar idealismoa aztertzen nenbilenean ikasi nuen zerbait da: Jainkoaren beharra frogatzeko saiakera oro, esaten zuen Hegelek, ondorio berera iristen da: “Jainkoa dela azken batean”; hau da, ziurtapen baten emaitza da Jainkoa, bizitzarako beharrezkoa den aldetik bermatua da. Kontua ez da Jainkoa alferrekoa, kontingentea, kaltegarria edo absurdua ote den; izan ere, kategoria horien bitartez eta modu ez eraginkorregian bakarrik ulertua izan daiteke.

“Etorkizuna”

Zergatik tematzen gara etorkizunaren berri izaten? Gure seme-alabekiko dugun arduraren ondorio da?

Etorkizuna aurreratzeko nahia konstante bat da gizatasunaren historian. Aurreikuspen hori are beharrezkoagoa da zibilizazio dinamiko batean; bertan, gertatzen zaionari bakarrik kasu egiten dion horrek zer gertatzen ari den ere ez daki. Behaketara zuzendurik egon ohi zen espazioaren parte handi bat betetzen du irudimenak. Horregatik gaude denok, gizabanako zein erakunde, gure aurreikuspen eta prospektiba gaitasunak indartzera behartuta.

Zer opa diezu, zer eskatzen diezu zeure seme-alabei? Eta guk, zer eskaintzen diegu geure seme-alabei?

Belaunaldien arteko justiziaren kontua erradikaltasun osoz planteatzea beharrezkoa da. Adinari zein belaunaldi kondizioari lotuta dauden diskriminazioak (belaunaldi bat beste bati oldartzea edo haren lepotik bizitzea) erronka jakin batzuk planteatzen ditu, justiziaren jarduerari begira. Hartzen ditugun erabaki politiko gehienek etorkizuneko belaunaldiengan dute eragina. Moralki onargarria ote da etorkizuneko belaunaldiei hondakin nuklearrak edo ingurugiro degradatua edo zor publiko adierazgarri bat edo pentsio sistema sostengaezin bat uztea? Belaunaldi batetik bestera egiten diren transferentziak, herentzia eta memoria, baina baita etorkizuneko belaunaldiei eskaintzen zaizkien itxaropen eta aukerak ere, ondare fisikoari, ingurunekoari, gizatiarrari, teknologikoari zein instituzionalari begira, justizia irizpideen arabera aztertzea da kontua. Denboraren belaunaldi-jabetza “pribatutik” denboraren eta, bereziki, etorkizuneko denboraren belaunaldi arteko kolektibizaziora igaro beharko ginateke. Daniel Innerarity Grau (Bilbao, 1959) Filosofian doktorea Nafarroako Unibertsitatean. Filosofiaren Historiaren irakasle titularra da Zaragozako Unibertsitatean, Sorbonako Unibertsitateko irakasle gonbidatua eta Bordele-ko Unibertsitateko Ikasketa Politikoen Institutuko irakasle gonbidatua. 9 libururen autorea da, besteak beste La transformación de la política (Miguel de Unamuno Saiakera Saria 2002 eta Literatur Sari Nazionala, Saiakera modalitatean), La sociedad invisible (XXI Espasa Saiakera Saria, 2004) edo El nuevo espacio público (2006). Horretaz gain, 50 inguru argitalpen kolektibotan hartu du parte, prentsa orokorreko eta espezializatutako artikulugilea da, baita hizlaria eta nazioarteko kongresu askotako parte hartzailea. Zenbait obra itzuli dizkiote frentsesera, italiarrera eta portugesera. Bera arduratu da alemaniar pentsaera eta literaturaren klasikoen itzulpenaz; Friedrich Hölderlin, Friedrich Schiller, Johann Gottlieb Fichte, Hans Robert Jauss edo Hans Blumenberg. Arantzazuko Baketik Zentroaren, Kulturaren Euskal Kontseilukoaren eta Latinitatearen Akademiaren Aholku Batzordekoa da, baita RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos) aldizkariaren Erredakzio Batzordeko kidea eta UNESCO-Etxearen ohorezko Kontseilukoa. 2008 honetan Eusko Ikaskuntza – Caja Laboral Saria entregatu diote.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Joseba Etxebeste. EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakaslea: Haur batek jakin beharko luke gure kulturan zer nolako joko eta jolasak eman diren

 

Irakurri

Sho Hagio. Eusko Ikaskuntzako bazkidea: Euskal nortasunetik gustukoen dudana euskararekiko atxikimendua, bestearenganako irekitasuna eta bereganako fidagarritasuna da

 

Irakurri

Jokin Larrañaga. Arabako Diputazioko Euskararen Foru-Zerbitzuko arduraduna: Arabako euskaldun asko militanteak dira eta hori oso aberatsa da herrialdearentzat

 

Irakurri

Mariasun Landa. Idazlea: Utopia historiaren motorra da eta 68ko maiatza hartan ezagutu genuen hori

 

Irakurri

Sagrario Aleman. Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria eta euskaltzaina: Euskara ez dago inondik inora lasai egoteko egoera batean

 

Irakurri