Jokin Larrañaga. Arabako Diputazioko Euskararen Foru-Zerbitzuko arduraduna: Arabako euskaldun asko militanteak dira eta hori oso aberatsa da herrialdearentzat

2008-11-07

BEGIRISTAIN, Edurne

Euskararen sustapenean eskarmentu handia dauka Jokin Larrañagak. Arabako Diputazioan sortu berri den Euskararen Zerbitzuko arduradun aukeratu dute orain gutxi, eta aurrean duen erronka ez da makala: Araban euskararen erabilera sustatzea eta handitzea. Herrialde horretan hizkuntzaren normalizazioaren alde asko egiteko dagoela jakitun, buru belarri ekin dio lan berriari.

Euskararen foru-zerbitzua sortu berri da. Zein da bere helburu nagusia?

Beste hizkuntza politikarako sailek eta zerbitzuek eramandako ildoari jarraituta, euskararen erabilera sustatu eta handitu nahi dugu Araban.

Helburu nagusi hori hartuta, zeintzuk dira zuen lehentasunak?

Batetik, sare inportante bat sortu nahi dugu Araban euskara sustatzeko. Gure herrialdea ezagututa, jakin badakigu bulegotik ezin garela inora iritsi. Gasteizera iristea errazago zaigu, baina lurralde osora ailegatzea ez: Arabako Errioxara, Mendialdera, Zuiara, Aiarara edo Trebiñora ez da hain erreza iristea. Hori dela eta, gure helburua da kuadrila edo eskualde bakoitzean euskara teknikari bat jartzea. Beste lehentasun bat da Aholku Batzorde bat sortzea, haiek zehaztutako ildo nagusiak guri definitzen laguntzeko, eta Arabako hizkuntz errealitatearen argazki orokor bat ateratzeko. Aurrera begira ere nahiko genuke Aholku Batzordeko kideak gure itsas argiak izatea Araba mailan. Esparru desberdinetako jendea dago hor sartuta, eta guk nahi duguna da euren iritzia jasotzea eta kontuan hartzea gure egitasmoak definitzeko orduan. Nolanahi ere, buru hauste handiena ematen ari zaizkigunak deialdiak dira. Euskararen Zerbitzua sortu aurretik Kultura Ekintza izeneko beste zerbitzu batek funtzionatzen zuen, eta haren bitartez, kultura mailako deialdi guztiak kudeatzen ziren, euskarazkoak barne. Zerbitzu berriarekin, kulturako deialdiak alde batera utzi ditugu, eta euskara suspertzeko eta normalizatzeko dauden programak eta ekintzak daude gure esku.

Nola heldu zitzaizun zerbitzu berriaren ardura hartzeko proposamena?

Bat-batean proposatu zidaten. Eskaera jaso nuenean erronka handia eta lan zaila iruditu zitzaidan. Baina, ni hizkuntza normalizazioaren mundutik nator, eta lau urte eman ditut erkidegoko ikastetxeetako normalkuntza planak koordinatzen, hortaz, esparru honetan eskarmentu dezente daukadala uste dut, eta horregatik onartu dut postua.

PPren agintaldian zokoratu egin zen Euskararen foru-zerbitzua, eta orain, berriro ere berreskuratu du Xabier Agirreren gobernuak. Denbora asko galdu da euskararen aldeko politikak garatzeko? Zerotik hasi behar izan duzu?

Aurretik egindako bidea hor dago. Duela hogeita hamar urte Gasteizera etorri nintzenean euskarak bizi zuen egoera eta gaurkoa alderatzen baditugu, esan behar da bide asko jorratu dela. Baina, egia da askoz gehiago dagoela oraindik jorratzeke. PPk zerbitzua kendu izanak min handia egin zion euskarari, eta azken bederatzi urteotan aukera asko galdu egin dira esparru honetan. Horregatik uste dut asko dagoela egiteko hemendik aurrera, besteak beste, indarrak neurtzea eta indar horiek ongi bideratzea. Zerbitzu honetara bideratutako diru guztia behar bezala banatzea da gure helburua. Diru hori ekintza zehatzak bultzatzeko erabili nahi dugu, eta horretarako, egitasmoak ongi definitzen ari gara, dirua ongi bideratu dadin eta diru guztia gastatu dadin. Hori da gure helburua: dauden errekurtsoak eta baliabideak behar diren lekuetara heldu daitezen.

Arabako euskararen egoeraren argazkia atera nahi duzue. Nola egingo duzue hori?

Gu saiatu gara teknikari moduan jardungo duten lagunak kaleko jendearengandik hurbil dauden pertsonak izatea, beraiek izango baitira argazki hori ateratzen lagunduko digutenak. Araban ia % 40ak hitz egiten edo ezagutzen du euskara, hau da, elebiduna edo elebidun hartzailea da, eta kopuru horretatik % 80 baino gehiago da 40 urtetik beherakoa. Hortaz, gure bezeroa euskara ikasi nahi duen 40 urtetik beherako arabarra da. Biztanle horiek euskara erabiltzea da gure erronka nagusia.

Euskarak Arabako eskualde edo kuadrila bakoitzean duen egoera oso desberdina da. Herrialde osoan euskara sustatzeko plan bakar bat martxan jartzea, beraz, zaila izango da, ezta?

Bai, noski. Erosoena litzateke herrialde osorako plan bakarra martxan jartzea.Baina, Araban zortzi kuadrila daude, eta euskararen egoera horietako bakoitzean oso diferentea da. Batetik, kontuan hartu behar da Gasteizen dagoela Arabako biztanleriaren % 80a, eta mila biztanle baino gehiagoko herri gutxi dituela herrialde honek. Zehazki, Araban 26 udalerri daude mila biztanletik beherakoak, eta, horietan, biztanleen %30 baino gutxiago dira euskaldunak. Hartara, ezaugarri horiek kontuan hartuta, herri edo bailara bakoitzarentzat plan zehatzak definitu behar dira. Egun, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia erabiltzen da udalerri bakoitzean. Plan hori Gipuzkoa edo Bizkaiko herrietara egokitzeko diseinatuta dago, baina Araban ez du balio. Hemen herri batzuetan 500 lagun besterik ez da bizi, eta beraz, saiatu behar dugu diseinatzen herri bakoitzari egokitutako planak, kontuan hartuta herri horiek nolakoak diren. Eta hori egitea ezinezkoa izango da, baldin eta sare bat ez badugu lortzen herriak eta inguruak ezagutzen dituzten pertsonekin. Hori da, hain justu, une honetan esku artean dugun erronka nagusienetakoa.

Noizko nahiko zenuke sare hori eratzea? Eperik zehaztuta duzue?

Nahiko nuke 2009ko abendurako eratuta egotea, baina jakin badakit zaila izango dela. Gure asmoa da kuadrilla bakoitzak teknikari bana kontrata dezala, guk diseinatutako laguntza eskuratuz, kuadrilletan ari diren gainontzeko teknikarien antzera. Ahaleginak egingo ditugu laguntza hori ahalik eta handiena eskainiz.

Araba elebiduna lortu nahi bada, bertako herritarrak ez ezik, etorkinak ere euskaldundu beharko dira. Proposamen zehatzik ba al duzue horretarako?

Guk garbi daukagu alperrik ari garela lanean etorkinak kanpoan uzten baditugu. Gizartea elebiduna izango da baldin eta biztanle guztiak elebidunak baldin badira. Beraz, etorri berri diren guztiak kanpoan uzten hasten bagara, jai dugu. Hezkuntzako arduradunekin hitz egin dugu, eta hainbat proposamen jarri ditugu mahai gainean hori bideratzeko. Egun HABEk bereziki etorkinei begira egindako hainbat ikastaro martxan ditu, eta, horiei jarraipena ematearren, Euskararen Zerbitzutik bururatu zaigu etorkinentzako barnetegi bereziak martxan jartzea. Euskara ikasten dauden arabarrekin egiten den gauza bera egin nahi dugu etorkinekin.

Euskararen normalizazioari dagokionez, Arabako bilakaera nola ikusten duzu? Motelegi doa?

Zaila da herrialdearen egoera definitzea, besteak beste, oso erlatiboa delako. Euskararen bilakaera motelegi ala azkarregi doan esatea, ez da samurra. Gauza bera gertatzen da feminista bati galdetzen badiozu indarkeriaren eta generoaren inguruko politikak azkar ala motel doazen, edota ekologista bati galdetzen badiozu ingurumenaren aldeko politikak azkar ala motel doazen... Niretzat, euskararekin gauza bera gertatzen da. Poliki doa, baina gizarte guztia eta bizi dugun momentua kontuan hartzen bada, bere abiaduran doala esan daiteke. Atzera begiratuz gero, asko egin da, baina aurrera begiratuta, asko geratzen da egiteko. Bide erdian gauden ala ez esatea zaila da. Uste dut Arabako errealitatea ezagututa, azkarrago joan izan bagina, arriskutsua izango zela, hemengo errealitate sozilinguistikoa Gipuzkoakoa edo Bizkaikoa baino zailagoa baita. Araban, beste herrialdeetan ez bezala, oraindik euskaldun asko nahiko militante dira, eta uste dut hori oso aberatsa dela herrialderako. Jaurlaritzak egindako azkenengo ikerketen arabera, Gasteizko biztanle elebidunen euskararen erabileraren bataz bestekoa Bilbokoa baino handiagoa da. Beraz, esan daiteke aurrera goazela, kontuan hartzen badugu nondik gatozen, eta Arabako errealitate linguistikoa zein den. XIX. mendearen bukaeran esaten zen euskara galtzear zegoela, eta begira, oraindik ere normalizazioaren bidea egiten ari gara, eta hurrengo ehun urteetan ere jarraituko dugu bide hori jorratzen.

Uste duzu Arabako erakunde publikoek behar beste ahalegin egin dituztela euskara berreskuratu eta erabilera areagotu aldera?

Euskararen Legea 1982an sortu zenean erakunde guztiak hasi izan balira pausoak ematen, egungo egoera hobea izango zen. Baina hori esanda, argi adierazi behar da ere interbentzio horiek ongi neurtu behar direla. Europa mailan adibide ugarik erakusten dute azkarregi joateak ez duela berez bermatzen hizkuntza berri baten jabetze prozesua. Espainiako Estatuan ere adibide argigarri bat dugu: Valentzian hizkuntzaren aldeko legerik politena eta sendoena dute, baina ez du ezertarako balio, baldin eta gero erakundeek ez badute hizkuntza horren erabilera bermatzen. Jokin Larrañaga (Azkoitia, 1961) Euskararekin lotutako ibilbide profesionala dauka Jokin Larrañagak. Euskal Filologia ikasketak egin zituen, eta hizkuntzarekin harreman estua izan du betidanik. 1979tik 1986ra IKA euskaltegiko irakasle izan zen, eta lanbide hori utzi ostean ere, euskara irakasle izaten jarraitu zuen ikastetxe desberdinetan. Azken lau urteotan Ulibarri izenez ezagutzen den Ikastetxeetarako Hizkuntza Normalkuntzarako Programaren arduraduna izan da. Irailaz geroztik, Arabako Diputazioko Euskararen Foru-Zerbitzuko arduraduna da.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Mariasun Landa. Idazlea: Utopia historiaren motorra da eta 68ko maiatza hartan ezagutu genuen hori

 

Irakurri

Sagrario Aleman. Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria eta euskaltzaina: Euskara ez dago inondik inora lasai egoteko egoera batean

 

Irakurri

José María Setién. Gotzaina: Amets egiten dut gizaki guztien topaketa baketsuaren ondorio gisako egitura politiko-sozialetan eraikitako herriarekin

 

Irakurri

Jorge Oteiza. Artista: Bizitzen jakin izan dut (Euskonewseko 1go zenbakian argitaratutako elkarrizketa)

 

Irakurri

Luis Irizar. Sukaldaria: Euskalduna tradiziozalea da, baina beste sukaldaritza batzuk ezagutzeko prest egoten da eta jakin-min handia du

 

Irakurri