Elixabete Garmendia. Kazetaria: Langileak euskalduntzeko plangintzak arrotzak dira ETBn

2013-10-30

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Gaur, urriaren 1, gure garai batean jai eguna izan ohi zen. Gauzak aldatu ziren duela 40 urte inguru, kazetaritzan barne ... ezta?

Nik ez dut gogoratzen guk gure eskolan jai izaten genuenik. Baina oroitzen dut erredakzio bat egin behar genuela: “Franco nuestro caudillo”a. Eta horren aldetik, gauzak aldatu samarrak daude ... baita kazetaritzan ere, zorionez.

Erredakzio haietan oinarritu al zenuen kazetaritzarako joera?

Ez. Kazetari izan nahi nuela konturatu nintzen egunkaria —“periodikoa”— irakurtzeaz. Normalean “La Voz de España” iristen zen etxera eta nik, lurrean eserita, hango albisteekin irratiko saioak burutzen nituen. Albiste, eskela, disko eskainiak eta horren gisako atalak osatzen nituen. Ereduak Radio Nacional de España, zorioneko “parte” hura entzuten baikenuen, eta Radio Segura neuzkan. Jolas horretan ohartu nintzen kazetaritza gustatzen zitzaidala. “Periodista izan nahi dut” esan nuen etxean.

Kasu bitxia da zurea, urte haietan normalena neska batentzat erizain, turismo tekniko edo idazkari izateko ikasketak egitea zenean...

Edo fabrikako langile, nire lagun taldeko zenbaitzuekin gertatu zen bezalaxe. Unibertsitatera joateko aukera baneukan eta horren barruan —aipatutako jolasaren haritik— zer ikasi nahi nuen planteatu nuenean aitak, adarra jotzen, erantzun zidan: “Orduan kioskoa jarri beharko duzu” gutariko askorentzat periodista goizean periodikoak saltzen zituena baitzen. Baina errealitatea da etxean ez nuela bat ere erresistentziarik izan eta aitak berak lagundu zidala Iruñera Fakultatean sartzeko frogak egitera. Egia esan, gure inguruan, ez zen 1971ean oso ohikoa nik hautatutako bidea, baina bateon batek ireki behar zuen!

Iruñera heldu zinen ikastera. Nolakoa zen nafar hiriburuko orduko giroa?

Lehenik, hautatze frogak gainditu behar izan nituen. Eta idatzizkoak ez ezik buruz buruko elkarrizketa bat izan nuen gero irakasle izango nuen Francisco Gomez Antonekin. Galdetu zidan zergatik nahi nuen burutu kazetaritzako karrera eta nire erantzuna oso ziurra izan zen: euskarazko kazetaritza jorratu nahi dudalako. Irakasle hark oso modu goxoan arrapostu zidan nire nahiak ez zuela batere etorkizunik. Gerora hamaika bider pentsatu dut Gomez Anton irakasle ona zen arren, iragarle moduan jai zuela. Ikasturte hartan Ciencias de la Información deitzera pasatu zen karrera eta Espainia osotik joandako ikasleek osatzen genuen klasea eta emakumeak hirutik bat edo izango ginen proportzioz. CEN —Comité de Estudiantes Navarros— zeritzanean sartu nintzen, eta garaiko giro politiko klandestinoa ezagutu ahal izan nuen.

Iruñeko giroa Nafarroako Unibertsitatetik oso bestelakoa zen, jakina, Euskal Herri osoan genuenaren antzerakoa. Langile borroka oso gogorrak izan ziren; euskalduntasunaren gorakada ere nabarmena izan genuen eta nik giro hura gau eskolatik ezagutu nuen. Patxi Zabaleta genuen horren buru eta ikasleria oso margo askotarikoa zen: Karlos Garaikoetxea eta bere emaztearengandik hasi eta langile xumeenganaino. Bide hari jarraiki, gau eskola haiek handik gutxira Arturo Campion Akademia bihurtu ziren. Oso urte interesgarriak bihurtu ziren haiek niretzat, Iruña eta Nafarroarekin betirako lotura utzi zidatenak.

Karrera amaituta zure ibilbide profesionalari ekin zenion... Euskal kazetari eme erreferente bakarra, oker ez banago, Miren Jone Azurza genuen.

Hala da. Miren Jone zen bakarra eta horixe bera zen nik lortu nahi nuena: emakume euskalduna, kazetari izatezko tituluarekin. Zeruko Argiara sartu nintzenerako Miren Jonek utzia zuen hango lana. Baina emakume haren erreferentziak, itzalak, han segitzen zuen. Gero gertatu izan zait Miren Jone ondo ezagutzea, “Bidegileak” bilduman ale bat prestatzea egokitu baitzait berari buruz. Horregatik esan dezaket Miren Jone benetan aitzindaria izan genuela, ez bakarrik euskarazko kazetaritzan baizik bizitzako beste zenbait arlotan ere, adibidez emakumeen aldeko aldarrikapenean. Miren Joneren egiazko dimentsioaz jabetu naiz aipatu lan horrekin.

Desenbarkatzen zara Zeruko Argian karrera amaituta. Nolako astekaria genuen ordukoa?

Euskal prentsan bagenituen, besteak beste, Zeruko Argia eta Anaitasuna. Egia esanda, niri gehiago gustatzen zitzaidan bigarrena, estandarragoa aurkitzen bainuen, hizkuntza zein itxuraren aldeetatik. Baina karrerako praktiketan nire lehen lanak Zeruko Argian publikatu nituen, 1974an. Ezaguna den moduan, Zeruko Argia Iruñean inprimatzen zen eta nik bertara jotzen nuen frogak zuzentzera. Pare bat urte emango nituen betebehar horretan, astero joaten nintzelarik. Berunezko plantxetan inprimatzen zen eta akats ortografikoak asko izan ohi ziren. Lan horrek sekulako erraztasuna eman zidan euskarazko testuak irakurtzeko. Eskarmentu harekin bide normala zen Zeruko Argiaren erredakziora eraman ninduena. Horrela, 1976an kurtsoa amaitu bezain laster Donostiara itzuli nintzen eta bost urteko aldi beteari ekin nion.

Elixabete Garmendia 1977. urte inguruan.

Argazkia: Txema Ormazabal

Aldizkariaren de facto-ko zuzendaria Mikel Atxaga zen. Harez gain, Kaietano Ezeiza kaputxinoa zegoen, ordenaren ordezkari moduan. Okendo kaleko 22ko areto ez itxuroso hartara jende asko azaltzen zen egunero, eta bertan, besteak beste, Nemesio Etxaniz, Gurutz Ansola, Joxe Mari Aranalde eta Mikel Ugalde ezagutu nituen. Denak euskaltzale, adin eta joera desberdinetakoak. Testuinguru hartan Zeruko Argia, Anaitasuna eta Goiz Argi aldizkariek izendatu zuten 1976 euskal kazetaritzaren urtea. Eta batez ere lehenak sekulako apustuak egin zituen bide horretatik, urte hartako urtarrilean magazine formatuan kaleratu baitzen aurreneko aldiz, kazeta itxura atzean utzita. Lehen ale hura, gainera, Lemoizko zentral nuklearraren auziari eskaini zitzaion, berak zeukan kasuistika osoarekin. Kazetaritza estandar horretara sartzeko asmoa garbi ikusi zen, beraz. Mikel Atxaga aipatu dut baina ezin dut Luis Alberto Aranberri “Amatiño” ahaztu. Euskarazko kazetaritzaren historian bera dugu modernitatearen aitzindaria eta orduko Zeruko Argiaren zutabe garrantzitsua genuen. Horixe izan zen, beraz, aldizkariaren testuingurua, 1976ko martxoan “24 ordu euskaraz” ekintza bizi izan genuela ahaztu gabe. Benetako iraultza ematen ari zen euskararen inguruan. Ondo goxatutako lur batera heldu ginen, aurrekoen asmo eta helburuak jorratuta zeuden lurrera, alegia. Kazetaritza ikasketekin gindoazen gu eta horrek beste aurrerapauso bat adierazten zuen.

Zeruko Argiako zuzendaritzan Mikel Atxagari hartu zenion erreleboa.

Euskal kazetaritzako urtea izan zen 1976 eta hurrengoan eman zen bi egunkari berriren sorrera, Deia eta Eginekin. Uholde baten antzekoa izan zen, askotan bezala herri bat bitan banatu zelarik. Uholde horrek Zeruko Argia lankidez hustu egin zuen, batzuek Deiako bidea hartu baitzuten, Mikel Atxaga barne, eta beste batzuek Eginekoa, Donato Unanue kudeatzailea, esaterako. Beraz, erreleboa hartu behar izan genuen bertan ari ginen Pilar Iparragirre, Lurdes Auzmendi eta hiruok. Joseba Sarrionandiak esan zuen behin hitz joko eginez, bulego hartan hiru “neska argiak” ari ginela. Ekin genion aldi berriari nahiko erregimen asanblearioan, nahiz eta zuzendariaren tituluarekin Gorka Reizabal ari zen, bere laguntza eskuzabaltasun osoarekin eskaini ziguna.

Gauza da 1977 eta 1980 bitartean - eta berriz ere Sarrionandiaren esana gogoratuz- aldizkaria ez zela oso “zerutiarra” izan. Bada Joxan Elosegiren beste definizio bat, niri asko gustatzen zaidana, Zeruko Argia euskaltzale askoren “refugium pecatorum” bihurtu zela dioena. Eta egia da apuntatzen ginela borroka guztietara. Eta hitza ematen genien ilusiozko gatazka hartan ari ziren kolektibo denei. Iraganeko kutsu zaharkituaz askatzen hasi zen aldizkaria eta aurrerakoi batez jantzi genuen haren jarduna.

Eduki genituen hanka sartzeak ere eta larrienetako bat izan zen herrietako berri emaileen sare zabala deuseztatu genuela. Kazetaritza homologatu bat burutu behar zelakoan geundela, sekzio hura ez zitzaigun oso ortodoxoa iruditzen eta birmoldatzea erabaki genuen. Hasieran albisteak iristen zitzaizkigun eta zuzen-zuzenean argitaratu beharrean gure nahierara egokitzen genituen. Baina aurki formulak ez zuela balio ikusi genuen eta herrietako berriak emateari utzi genion. Gerora konturatu izan naiz tokiko informazioak zer nolako garrantzia duen komunikabideetan. Beste galera bat izan zen harpidedunei zegokiena. Batez ere EAJko alderdikide askok baja eman zuten, gure edizio-lerro borrokalari eta erradikal harekin ados ez zeudelako.

Baina lorpen politak eta harro utzi gintuzten emaitzak ere izan genituen. Antton Olariagaren lana, adibidez, enblematikoa bilakatu da urteekin. Azpimarratu nahi dut Bixente Ameztoy margolariaren ekarpen baliotsua, portada batzuk haren arte lan xarmangarriekin eskaini ahal izan baikenituen. Eta zer esanik ez, Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoriaren “Baietz astea gaizki bukatu” zeritzan sailak goi-goi maila eman zion kazetaritza literarioari. Oraindik ere, antologikoa da haien ekarpena. Aipamenekin luze segi nezake, aldizkariaren ekoizpenari dagokionez, baina gizarte proiekzioari begira ere lan dezente burutu genuen: Anoetako frontoietako batean euskal sukaldaritza berriko bazkaria eratu genuen, Arzak, Subijana, Argiñano, Fombellida, Roteta, eta abarrekin, mugimendu hura hasi berri zenean; musika jaialdi bat ere antolatu genuen Lete, Laboa, Valverde, Artze eta beste batzuekin. Asmoa zen aldizkariaren izena eta lana gizarteratzea.

Elixabete Garmendia Zeruko Argian 1980ko maiatzean.

Esan duzun moduan, 1977 urte esanguratsua izan zen euskal kazetaritzarentzat, “Deia” eta “Egin” sortu baitziren. Denborak eskainitako perspektibatik, uste al duzu bi egunkari haiek bete zituztela euskaldun askok genituen iragarpen eta esperantzak?

Tamalez, uste dut ezetz. Gu Zeruko Argian numantziar modura geratu ginen. Jende asko etorri zitzaigun, harrituta, gure jokaera ezin ulertuz. Gizartean ilusio handia piztu zuten bi egunkari haiek eta gu ere bide berri hartan ikusten gintuzten, aldizkari xume eta bitartekorik gabean aritu beharrean. Oraingo eskarmentuarekin diot gurea senaren hurrena izan zela, intuizioa, pentsatu baikenuen astekariari eutsi beharra zegoela euskarazko kazetaritza izango bazen. Egunkariak elebidunak izango zirela esaten zen arren gu ez geunden oso ziur horretaz. Horixe izan zen aldizkarian geratzeko arrazoia. Eta ez naiz bat ere pozten denborak arrazoia eman digulako. Deia eta Egin, euskararen erabileraren aldetik, bluff bat izan dira. Euskarazko kazetaritza ez da bi egunkari horietan garatu eta ez dute euskal irakurlerik sortu.

Zuk ere “Zeruko Argia”ri agur esan zenion eta kazetaritza utzi zenuen tarte batez... Etsita? Desengainatua? Nekatuta?

Halaxe da, bai. Ordurako “Argia” zen, kaputxinoen babespetik aldenduta. Aldizkaria lur jota zegoen ekonomikoki eta soldata kobratzeari ere uko egin behar izan genion. Horren ondorioz bizibidea aurrera ateratzea erabaki nuen eta 1980ko bukaeran aldizkaritik joan nintzen. Nirekin batera Pilar eta Lurdesek ere agur esan zioten bertan lan egiteari. Eta Joxe Mari Ostolaza, Josu Landa, Joxemi Zumalabe eta Pello Zubiriaren lan taldeak hartu zuen bere gain aldizkariaren ardura. Horri esker aldizkariak gaur arte iraun du.

Ekonomikoki larri ibili baginen ere, ez da egia txikiagoa ni “Argia”tik agortuta atera nintzela, gogo indarrik gabe, erabateko noraezean. Giroz aldatzea ezinbestekoa nuen nire onera itzuliko banintzen.

Eta Gipuzkoako Aldundian aurkitu nuen lana, euskara zerbitzuan tekniko bezala. Administrazioan sartu nintzen, beraz, kazetaritzari gero arte bat emanez. Eta horrela bost urtez ihardun nuen. Zerbitzu haren hastapenak ziren hizkuntza politikari dagokionez, barrura eta kanpora begira. Barne egituraketa eratu beharra zegoen, bitarteko aproposak jarriz. Adibidez, euskararen profilak ezarri genituen, Quebecetik ekarritako formulak nolabait aplikatuz. Kanpora begira, berriz, egitasmoak abian jarri behar izan genituen, gizartera proposamen zehatzekin iristeko. Orduan diputatu ziren Joxe Manuel Odriozola, Jexux Mari Larrazabal eta Imanol Muruak bultzatu eta bermatutako lana izan zen. Gaur egun Eskolarteko Bertsolari Txapelketa dena sortu zen, idazle eta kantariak eskoletara eramaten hasi ginen, euskararen erabilpena sustatzeko kanpaina aitzindariak egin ziren... Oso urte emankorrak gertatu ziren haiek. Hala ere, ni ohituta nengoen aldizkariaren kudeaketak exijitzen zuen dinamika azkarrera eta administraziokoa oso motela egiten zitzaidan. Konturatzen joan nintzen, beraz, lan esparru hori ez zela nik nahi nuena. Eta halako batean ETBk oposizioetarako deialdia egin zuen eta nire burua aurkeztu nuen.

Heltzen zara ETBra eta berriz ere kazetari lanetan zaitugu murgilduta. Medio berriak asko tiratzen zuen, ezta?

Egia esanda, nigan artean ez zeukan horrenbeste eraginik, ez bainuen inoiz pentsatu kazetari moduan telebista batean arituko nintzenik. Gizarte mailan, ordea, bazen mugimendu indartsu bat euskarazko telebista baten alde eta garbi dago euskaldunok behar genuela gure katea. Niri dagokidanez, ofizioa berrikasi behar izan nuela esango nuke. Eta informatiboki orrialde bat ongi betetzea lehen dezente kostatzen bazitzaidan... atera kontua zer nolako estualdiak ziren telebistan albistea folio erdi batean eman behar izaten denean! Baina ostera nengoen kazetaritzan, eta horixe zen nahi nuena.

Eta euskal gizartea tinkotzearren —euskara indartzearren— sortutako lehen telebista hari bigarren kanala atera zitzaion... euskaldun militante eta inuxenteon harridurarako. Zer suposatu zuen erabaki hark?

Gure begi bistan izan zen bigarren katea sortu zutela eta nik ez dakit ez ikusiarena egin ez ote genion. Edo auzitik pasa egin genuen. Batzuk ez gara igarle onak, antza denez. Kontuan eduki behar dugu, dena den, hasiera-hasieratik izan zirela ETBn kazetari ez euskaldunak, eta eduki batzuk erdaraz ematen zituen. Txertoa, beraz, aspalditik zegoen sartuta. Baina ETBren legea gogoratuz, badirudi ez zela oso zilegi izan bigarren kate guztiz erdalduna sortzea. Eta gertatu behar zuena gertatu zen: bigarren adarra indartzen joan zen, jaun eta jabe bihurtu arte. Eta goian Deia eta Eginerako aipatzen nuen bluffa aplika geniezaioke ETB1 eta ETB2ren arteko auziari. Erakundearen jarrera nagusia gaztelaniazkoaren aldekoa izan da beti, bi kateak presente egin zirenetik, orain arte izan diren zuzendari guztiek ETB1en inguruan hitz arranditsuak bota dituzten arren, aurrekontuen portzentaje eta zenbaki ulertezinak tarteko. Ziurrenik, euskarazko inbertsioetako dirurik handienak futbol partiden eskubideak erosten xahutuko ziren!

Barrutik, agintarien interes gehien bereganatu duena ETB2 dela bizi izan dugu. Eta ETB1, beti, haren morroi gertatu da. Adibidez, zergatik ez dira sekula orduz mugitu ETB2ren teleberriak? ETB1en alde horretatik nola ibiltzen gaituzten ikusita, uste dut dena adierazita geratzen dela. Noiznahi aldatzen dute gaueko albistegiaren ordua eta iraupena, kirol emankizunengatik, ikuslearenganako batere errespeturik gabe. Ereindakoa jasotzen da, eta ETB1ek joko ahal zuen behea!

Azkeneko zuzendaritza honek, denboraldi berri honetan, ETB1eko programazio propioa sustatu du eta pauso bat da. Orain pazientzia eskatu behar zaie, audientziak ez baitira igoko egun batetik bestera. Pentsatu nahi dut gaur egungo zuzendaritzan badagoela borondatea —eta eskarmentua— ETB1i kasu egiteko. Baina horretarako agintari politikoen borondate irmoa ezinbestekoa da. Ezin dute telebista publikoa kudeatu bozgorailu hutsa balitz bezala.

“ETBko albistegietarako elkarrizketa bat egitera joan eta geroz eta jende gehiagok eskatzen dizu euskaraz bakarrik egitea”.

Nola arraio kontratatu daiteke EITBn, hogeita hamar eman ondoren, euskara menderatzen ez duen kazetaririk?

Zure galdera horri infinitu galdera ikur jar niezazkioke, nik ere ez baitakit erantzuten. Ez da bakarrik, gainera, euskaraz adierazteko gaitasunik eza. Ezen, euskal telebista izena daraman medio batean lan egiten baduzu, nahiz eta gaztelaniazko katean izan, nola bete dezakezu ondo lana euskarak berarekin daramatzan jakintza eta kultura ulertzeko gai ez bazara? Planteatuko al litzateke TVEn kazetariak espainiera ez jakitearen burugabekeria? Bada, hori ETBko zuzendaritza guztiekin jazo da. Eta, beraz, ez daukat zure galderarentzako erantzunik. Eta bada beste puntu bat, ikaragarri negatiboa: ez dagoela presiorik, euskara jakin gabe sartu den pertsonala euskalduntzeko. Eta urteak daramatzate lasai asko euskara ikasteko keinu txiki bat ere egin gabe. Administrazioko zenbait arlotan funtzionarioak euskalduntzeko indarrean dauden plangintzak arrotzak dira ETBn.

Demokrazian abiatu ginenetik gure erakunde publikoen kudeaketan, oro har, abertzaleen presentziak gehiengoa adierazi du. Esan nahi al du horrek euskarazko medioek goiko erpina jo dutela?

Abertzale asko ez dira euskaltzale. Euskaltzale izanda ere, askok euskara umeekin hitz egiteko eta erabiliko dute; gai garrantzitsuak, beti erdaraz. Eta logika horretan, badira euskararekiko halako konplexu bat bizi dutenak. Adibidez, ETBko albistegiekin, berdintsuak izan arren, jendeak “teleberri” aipatzen du, gaztelaniazko albistegiak sinesgarritasun gehiago ematen diolakoan, nonbait. Esparru psiko-soziologikoetan sartzen gara.

Kontrara, azkenaldian fenomeno bat ari naiz ikusten: ETBko albistegietarako elkarrizketa bat egitera joan eta geroz eta jende gehiagok eskatzen dizu euskaraz bakarrik egitea eta ETB2rako azpidatziak erabiltzea. Eta ez da jarrera militante hutsa, euskara bere hizkuntza natural gisa sentitzearen ondorioa baizik.

Dena den, diozun bezala, hauteskundeetatik gehienetan gobernu abertzaleak atera badira ere, euskararen erabilera eta prestigio sozialak asko dauka irabazteko. Nik uste dut hizkuntza politika ausartago baten alde jo behar dela, Carlos Urquijo eta enparauenganako batere beldurrik gabe.

Prospekzio lanetan jarri nahi zaitudala, nolako argazkia aterako zenioke hamar urte barruko euskal kazetaritzari?

Prospekziorako nahiko txarra naiz ni eta, beraz, nire ametsen mundua adieraziko dizut. Gustatuko litzaidake, adibidez, Iruñeko Euskalerria Irratia lizentziarekin jardutea, eta ez bakarrik irratirako baizik baita telebistarako ere, demagun, hau da, guztiz normalizatuta nahi nuke ikusi. Gero, dagoen egitura publiko eta pribatua —Berria, Argia, Tokikom, eta abar— osasuntsu egotea nahi nuke, eta elkarlanean, euskarazko hedabide guztiek gain egitura bat osatuz, horrek eragina biderkatu egingo bailuke hainbat esparrutan. Horrekin konformatuko nintzateke. Eta kazetari izateko gogoz dagoenari esango nioke baietz, ikasi eta jauzi egin dezala mundu honetara. Badakit ez direla garai onenak baina kazetariarena oso profesio ederra da. Eta euskarazko kazetaritza garatzea merezi duen erronka da, benetan.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Susana Irigaray. Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnologikoaren Zuzendaria: Ondare etnologiko gehienak oso balio ez material handia dauka

 

Irakurri

Mari Jose Iriarte. Prehistorialaria: Gurean beti izan den landare espeziea pinua da

 

Irakurri

Jone Karres Azurmendi. Alardearen seme-alabak dokumentalaren zuzendaria: Klabea izan da sufritu dutenekin enpatia izatea, elkarri entzutea eta ulertzea

 

Irakurri

Antxon Aguirre Sorondo. ACEM elkarteko Lehendakaria: 30 urte baino gehiago erroten ikerketari eskainiak

 

Irakurri

Jose Antonio Azpiazu. Historialaria eta antropologoa: Itsas-lehiakide bat gutxiago edukitzeko suntsitu zuten ingelesek Donostia 1813an

 

Irakurri