Esther Ferrer. Artista: Ziur nago, uste sendoak dituzunean eta ideia batzuen alde egiten duzunean, uste eta ideia horien eragina nolabait nabarmentzen dela zure lanean

2009-02-20

SALA, Teresa

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Gehien gustatzen zaiona, agian interesatzen zaion gauza bakarra, “lantegira igo eta zerbaiti itxura ematen ahalegintzea” dela aitortzen du. “Perfomanceari buruzko definizioak, teoriak eta praktikak, performancea egiten duten pertsonak adina” izan daitezen borrokatzen dela esaten du. Esther Ferrerek Paristik, 1973az geroztik bizi den hiritik, erantzun dizkie galdeketa honetako galderei. Iaz, azaroan eman zioten 2008ko Arte Plastikoen Sari Nazionala da solasaldiaren abiaburu. Baina saria oharkabean igaro da, berehala, bizitza eta artea ikusteko eraz eta biekin bizitzeko moduaz zintzotasunez hitz egiten duen emakumearen hitzen aurrean.

Azaroan, 2008ko Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zenuen. Zer dakar saritua izateak? Zer-nolako aldaketa eragiten du horrelako sariak?

Nire lan egiteko eran eta dinamikan ezer ez. Agian zenbaitek beste era batera ikusiko du nire lana, onerako edo txarrerako, “sariaren” ikuspegitik ikusten duelako, baina nire egiteko eran ez du inolako eraginik.

Zuk noizbait esandakoa da “performanceak kaleko jendearengana heltzeko aukera ematen digula”, iraupen gutxiko artea dela, ikusi dutenaren oroimenean gelditzen dena. Horretan al datza performancearen balioa?

Performancea kalean ere egin daiteke, baina, ez da interesgarria horregatik bakarrik; ere esan dut, helbide finkorik ez duenez, edozein lekutan egin daitekeelako. Baina kalea, agian, arte-zentroetara, –museoetara edo– galerietara maiz joaten ez den jendearengana hurbiltzeko modua delako da interesgarria. Kalera ateratzeko artearen ohiko lekuen testuingurutik kanporatzean, ikusleak, museoetara edo galerietara maiz joaten direnak barne, oso modu ezberdinean ulertu eta interpretatzen dute performancea. Kalean maila berean gaude denok eta performanceak, oro har, aukera gehiago ditu in situ aldatzeko.

Nola heldu zinen diziplina horretara?

Autorretratu: El libro de las cabezas: Autorretrato aleatorio – 65 x 50 cm. –

Txuri beltzeko argazkia hagaxka mugikorren gainean.

ZAJ taldea Donostiara zetorren ekintza bat egitera eta pertsona bat behar zuten; dirudienez, nahiago zuten emakumea izatea, eta taldea ezagutzen zuen Jose Antonio Sistiagak ea interesatzen zitzaidan galdetu zidan eta nik “baietz” erantzun nion. Elkarrekin lan egin genuen San Telmo museoan eta gero, afaltzera joan ginenean, Walter Marchettik eta Juan Hidalgok taldekide modura lanean jarraitzea proposatu zidaten eta nik berriro “baietz” esan nien; horrela sartu nintzen mundu horretan.

Jose Antonio Sistiagarekin batera 1960ko hamarkadaren hasieran sortu zenuen Taller de Libre Expresión hartaz hitz egitea gustatuko litzaidake. Zertxobait urratzaile izan zen nonbait. Harrezkero, gainera, antzeko hainbat jarduerari ere ekin zenioten.

Jose Antonio Sistiaga hainbat urtez bizi izan zen Frantzian eta oso kezkaturik zegoen bere seme-alaben hezkuntzaz; han ezagutu zuen gizabanakoaren askatasuna eta sorkuntza artistikoa, musikala eta abar aintzat hartzen zituen Frenet metodoa. Orduan, ikastaro bat edo pare bat –ez naiz ondo oroitzen– egin nituen Frantzian eta Jose Antoniorekin batera metodo hura Euskadin praktikan jartzea erabaki genuen. Elorrion eskola esperimental bat sortzen ahalegindu ginen, baina arrazoi asko eta ezberdinak tarteko oso denbora gutxi iraun zuen; gero, edo harekin batera –ez naiz oroitzen–, Donostian haurren Taller de Libre Expresión lantegia sortzea erabaki genuen, eta hara haurrak askatasun osoz margotzera joaten ziren. Haurrek benetan egin nahi zutena egin zezaten lortzea zen gure eginkizuna. Garrantzitsuena ez zen margotzen ikastea, margotzen ere ikasten zuten arren; garrantzitsuena haurrek saiakuntzak egitea izaten zen eta haurrek beraiek askatasun osoz erabakiak hartzea arlo guztietan: jorratu behar zuten gaia, kolore-nahasketak, motiboak paperean izan beharreko kokapena, etab.; eta garrantzitsua zen haurrak lortu nahi zutena lortzeko adoretzea ere, ez zezatela beren burua engaina margoetan azaldutako benetako arazoei aurre egin gabe irtenbide errazak bilatuz. Hori lortzeko asko hitz egiten genuen haurrekin; esate baterako, nik ez nien inoiz esaten: “hori gaizki dago”; aitzitik, ea egindako etxeak zergatik zuen hain itxura bitxia edo arrazoiren bat emanaraziko zien beste gauzaren bat galdetzen nien; batzuetan saihetsetik ihes egiten ahalegintzen ziren, zuribide modura-edo istorioren bat asmatuz, eta hori ere oso interesgarri izaten zen; beste batzuetan, gaizki irten zitzaiela onartu beharrean, horrela egin nahi zutela esaten zuten, baina beste batzuetan beraiek konturatzen ziren zertan huts egin zuten. Hortik aurrera, etxea beraiek nahi bezala nola egin zezaketenari buruz hitz egiten genuen eta irtenbidea beraiek bilatzeko esaten genien. Oso interesgarri izaten zen, halaber, marrazkien bitartez nola ikusi eta ulertzen genituen haurren zenbait jokabide, beren familiarekiko harremanak, haurren lehentasunak, larritasunak, etab. Askotan, gainera, harri eta zur uzten gintuzten aurkitzen zituzten irtenbideekin, margolari heldu askori agian bururatu ere egingo ez zitzaizkiolako.

Nolakoa izan zen musikarekin izan zenuen lehen harremana? Nolako bilakaera izan zuten zure hastapenek ZAJ taldean parte hartu ondoren eta Cage-ren lanaren ondoren?

Ideiarik ere ez dut noiz entzun nuen musika lehenengo aldiz; haurtzaroan izango zela pentsatzen dut, soinuaren munduan bizi baikara eta, dakizun bezala, isiltasunik ez dago. H. D. Thoreau-k bere egunkarietako batean idatzi zuenez, musika alde guztietan dago eta soil-soilik entzuketa da eten eta berriro hasten dena. Cagek bere egin zuen gogoeta hura, musika modura definitzen den oro alde batera uztea onartuko bagenu, bizitza guztia musika bilakatuko litzatekeela esan zuenean. Baina Thoreau eta Cageren artean Russolo dago; honek, 1913ko bere “Manifestuan”, inolako zalantzarik gabe soinu garbien zirkulu txikia hautsi eta aldaera amaiezineko zarata-soinuak menderatu behar direla esaten digu. Zaratak naturak eta bizitzak eskaintzen dizkiguten bezala ulertu eta miretsi behar direla uste zuen, eta hori, ezbairik gabe, Thoreauk berak ere sinatuko zukeen. Garbitasunaz ari garenez, ordea, nire ustez haren garaikide den Satie-k zioena esango dizut, alegia, artean ez dagoela erabateko garbitasunik, eta performancean are gutxiago, arte hibridoetan hibridoena delako eta nahasketa guztiak egiteko aukera dagoelako. Baina musikarekin jarraituz, nire kasuan Cagek irakatsi zidan munduko soinuak entzuten; harrezkero, nire “entzuteko” era (ipin ezazu komatxoen artean), musika zenari edo ez zenari buruzko nire ideia erabat aldatu zen. Den-dena izan daiteke “soinu-iturri”, hori ere komatxoen artean; izan ere, Cageren eragina izan zuen Fischinger zinemagileak zioen bezala, soinua gauzen arima baita, eta soinu horiek ukitzea aski da arima agertzeko. Tira, aipamen-bilduma hori guztia buruz esan dut, baina oraingoan ez dut uste oroimenak huts egin didanik, hori guztia nire eguneroko bizitza ere baita.

Se hace camino al andar - Festival Street Level- Hertogenbosch - Holanda.

Argazkia: Allard Willense – 2002.

Argi eduki al duzu beti zure bizitza artera bideraturik zegoela? Noiz eta nola jakin zenuen hori?

Nik ez dut inoiz argi eduki noiz eta nola erabaki nuen artea egitea: artea egiten hasi nintzen eta artea egiten jarraitzen dut. Neska txikia nintzenean, jadanik gustatzen zitzaidan marrazkiak egitea eta nire ahizpa Matildek eta nik asko marrazten omen genuen; baina, zergatik marrazten genuen guk eta ez beste anai-arrebek? Bada, ez dakit, izan ere hezkuntza bera jaso baikenuen denok. Nik gauza asko egin ditut nire bizitzan eta gauza horietako bat, beti, etengabe iraun duena, artea izan da; baina artea egiteari utzi –“arte” modura definitzen den hori, alegia, nik ere oso ondo ez baitakit zer den– eta beste zerbait ere egin dezaket.

Sortze-lan bat egiterakoan, pentsatzen al duzu zer eta nola helarazi nahi duzun edo gehiegi pentsatu gabe zeure kasa hasten zara?

Beti izaten da ideiaren bat aurretik, noski; buruan duzun zerbait izaten da, erabili eta kanpotik itxuratu nahi duzuna, zuk nahi duzun hori, ekintza, koadroa, argazkia, performancea, etab., lortu arte; baina beste norbaiti helaraztea, hori beste kontu bat da. Nik egiten dudana niretzat egiten dut, hala egin nahi dudalako, eta egiten dudanean ez dut inoiz pentsatzen inori ezer helarazi behar diodanik; hori ez dut inoiz pentsatzen. Nire jardunbide pertsonala da; beste batzuek gustatzen zaielako aukeratu dituzten beste gauza batzuk egiten dituzte; ni ez naiz ez guru, ez apaiza, eta nire lanarekin mundua aldatzeko asmorik ere ez dut, noski; besterik gabe egin egiten dut, eta norbaiti gustatzen bazaio, edo zerbaitetarako balio badio, zoragarri; baina hala ez bada, berdin-berdin egiten jarraituko dut. Ez dakit zergatik adierazi behar ditudan nire lanean nire konpromiso sozial edo politikoak; hori egitea badago, noski, baina beste bitarteko batzuk ere badaude: kalea, esaterako. Ziur nago, ordea, uste sendoak dituzunean eta ideia batzuen alde egiten duzunean, uste eta ideia horien eragina nolabait nabarmena izaten direla zure lanean. Ni, adibidez, feminista naiz, nire bizitza feminismoz beterik dago, baina horrek ez du esan nahi nahitaez arte feminista modura definitzen dena egiten dudanik. Hala ere, zenbait egoeratan “EZ! Aski da!” oihukatzeko gogoa izaten duzu eta, orduan, zure garrasia artelan modura sortzen da. Artea da? Ez da artea? Galdera hutsala da, protesta baita, baina beste gauza askoren aurrean ere protesta egiten dut; nire amak protesta zaleak ginela esaten zigun. Nik, gainera, etengabe protestatu eta aurre egin behar dela uste dut. Ni duela urte asko Parisa bizitzera etorri eta emigrantea naizenez, oso sentibera naiz arazo horri dagokionean; baina horrek ez du esan nahi nire lanetan sistematikoki gai hori jorratzen dudanik. Baliagarria iruditzen zaidan ideia bat dudanean, orduan bai.

Non bilatzen duzu inspirazioa? Non aurkitzen duzu?

Ez dut inspiraziorik bilatzen; askotan, buruan ideiarik ere ez dut izaten. Nik ez dut asko sortzen, beti-beti ez baitut izaten nire iritziz sortzeko modukoa izan daitekeen ideiarik; ez du beste misteriorik. Baina zure galderari erantzunez, gauza asko izan daiteke niretzat ideia-sortzaile, hala nola, gertaera bat, egoera sozial bat, kalean ikusten dudan zerbait, esaldi bat, gauza bat... Nire lana era askotakoa da; askok pentsatuko dute ez dudala ildorik eta egia da; artean nahi dudana egiten dut, nahi eta ahal dudanean. Pieza asko ditut 70eko hamarkadan pentsatu eta 20 edo 30 urte geroago egindakoak; baina ez dio axola, pentsatu eta maketa egin nuenean ikusi nuen erabilgarri ziren edo ez. Bai, bai, oso ondo; pieza pentsatzea baino, nire burua benetan lanean jartzen duen piezari buruzko gogoeta egitea baino, garrantzi gutxiago du pieza egiteak.

Performances- Festival: Artea Kalean Performances – Koldo Mitxelena Kulturunea – San Sebastián - 1997.

Nola egiten duzu lan? Diziplinatua zara, oldartsua, perfekzionista...?

Ez, maniaduna eta obsesiboa naiz. Interesatzen zaidan zerbait egiten ari naizenean, oso obsesiboa naiz eta ez dut arreta galarazterik nahi izaten. Gainera, oso dudatsua naizenez, zalantza handiak izaten ditut, eta egun batean ideia ona iruditzen zaidana, biharamunean ez zait ona iruditzen. Batzuetan neure burua behartu eta oroz gainetik egin egiten dut, eta egiten ari naizela, ideia ona dela konturatzen naiz; izan ere, nik nahi dudan puntua ukitzea interesatzen baitzait –ez galdetu, arren, zer puntu den, ez bainuke zehazten jakingo, baina nik nabaritu egiten dut zein den edo zein ez den–, eta hori lortuz gero, jendearen gustukoa izateak edo ez, ez du inolako garrantzirik.

Zure irakasle-jardueratik, zer nabarmenduko zenuke artista-belaunaldi berrietan? Nola datoz sortzaile berriak?

Nire mintegietan zorte itzela izan dudalakoan nago; egia esan, ikasle zoragarriak izan ditut beti eta oso erraza izan da niretzat haiekin harremanetan jartzea: lan egiteko gogoa zuten, beren barruan norberaren egiteko era bilatzeko gogoa; hasiera-hasieratik lana egiten dute eta, ondoren, hari buruzko gogoetak egiten ditugu denok batera, aurreiritzirik gabe. Eta egunak joan ahala norberak bere egiteko era, performanceari buruzko bere definizioa, bere teoria egituratzen du; izan ere, performancea oraindik interesatzen bazait, bere aniztasunagatik da; nik perfomanceari buruzko definizioak, teoriak eta praktikak, performancea egiten duten pertsonak adina izateko borrokatzen dut. Nire belaunaldiarekiko aldea izugarria da, eta logikoa ere bada; izan ere, hain mundu ezberdinean bizi dira, non ezinezkoa baitzaie guk adierazi genuena adieraztea. Gaur egun, askoz laguntza gehiago daude; gure garaian ez zuen inork ezer ematen. Guk ere ez genuen eskatzen, nik behinik behin ez, baina ez dut uste guk baino errazago dutenik. Egungo artistarentzat zaila da erakundeak bazterrean uztea, erakundeen beharra dute; guretzat erraza zen, ez genuen ezer jakin nahi erakundeekin, eta erakundeek ere ez zuten ezer jakin nahi gurekin.

Zein da zure lanaren alderdirik onena? Gogokoen duzuna?

Lantegira igo eta zerbait, testu bat, argazki bat, performance bat, edozer gauzari itxura ematen ahalegintzea, hori da gehien gustatzen zaidana; eta, beharbada, interesatzen zaidan gauza bakarra dela ere esango nuke. Gehien-gehiena maketak egitea gustatzen zait, orduan gozatzen dut gehien; oso gaizki egiten ditut, baina niri ideia bistaratzea interesatzen zait, kanpoko itxura nire buruan darabilkidanari dagokiona izatea. Egia esan, artearen inguruko gainerako guztia ez zait gehiegi interesatzen.

Madre Patria – Hilkutxa zintzilikatua + kablea, ezpata, bandera eta musika – Neurri aldakorrak – Bertsioa: Artium, 2004 - Vitoria.

Zure iritziz, zein da artearen izateko arrazoia?

Gizakion gorputzak burua du pentsatzeko eta bi esku gauzak egiteko; artea bai bata eta bai besteak abian jartzeko modu bat da, beste modu batzuen artean. Niretzat artea mundua ulertzeko, mundua ikusteko modu bat da, ulertzeko modu bat, baina beste modu asko ere badaudela uste dut. Hurrengo bizitzako berraragitzean sinetsiko banu, adibidez, astrofisikaria izaten ahaleginduko nintzateke, unibertsoaren funtzionamendua ikasi ahal izateko, funtzionamendu hori ulertzen ahalegintzeko...

Parisen bizi zara 1973. urteaz geroztik. Zerk eraman zintuen Argiaren Hirira? Ba al duzu itzultzeko asmorik?

Estatu Batuetako biraren ostean eta hainbat arrazoi tarteko, besteak beste berriro diktadurapean bizitzeko gogorik ez nuelako, joatea erabaki nuen eta errazena Parisa joatea zen. Egia esan, gero beste herrialde batera joatea pentsatuz alde egin nuen. Oso garai zaila izan zen niretzat, batez ere alor pertsonalean, eta hura gainditzeko lanean murgildu nintzen buru-belarri; orain arte erakutsi dudan eta oraindik erakusten dudan gehiena, garai hartako proiektuak dira; esan dizudan bezala, oso gaizki egiten ditudan arren, maketak egitea gustatzen zait eta garai hartan asko egin nituen. Bitxia da gero suntsi zaitzakeen egoera, emankorra ere nola izan daitekeen. Espainiara itzuli bizitzera? Ez, ez dut uste itzuliko naizenik; lan egitera bai, gustatzen zait, baina bizitzera... Aukera izanez gero, nahiago nuke inoiz bizi izan ez naizen herrialde batean bizitzea.

Ba al duzu egitea amestu duzun lanen bat, oraindik egiteko dagoen lan handiren bat?

Agian inoiz egingo ez diren lanak? Bai, asko gainera, baina horrek ez nau kezkatzen; adibidez, “Permutaciones” izeneko lan bat, oinarrizko koloreen, bigarren mailakoen eta hirugarren mailakoen arteko nahasketa guztiak bilduko dituena, datorkit burua. Seguru asko ez da inoiz egingo, baina horrek ez dit, inondik ere, inolako nahigaberik sortzen.

Erakusketa Trina Galerian (2008).

Erdialdean; en el marco de la Historia del arte, ezkerreko paretan; en el marco del arte religioso, Historia de las Religiones, atzealdean; mirame o mírate con otros ojos. Permutaciones.

Ikusten al duzu zeure burua beste zerbait egiten?

Lehen esan dizudan bezala, bai, gai naiz beste zerbait egiteko, beste lan batean jarduteko. Egunen batean gerta daiteke inoiz pentsatuko ez zenukeen zerbait egin beharrean izatea; eta ona da indar berberarekin egin ahal izatea, zure adore eta ahalmen guztia eskaintzea.

Ba al duzu erakusketarik, performancerik, ikastarorik... abian?

Apirilean erakusketa bat egingo dut Parisen eta gero, jakina, performanceak. Esther Ferrer (Donostia, 1937) Esther Ferrer berak bakarrik edo ZAJ taldeko (1996an desegindakoa) partaide modura egindako performanceengatik da ospetsu. 60ko hamarkadaren hasieran, Jose Antonio Sistiaga margolariarekin batera sortu zuen Taller de Libre Expresión izeneko lantegia, antzeko beste jarduera askoren, besteak beste Elorrioko eskola esperimentalaren, ernamuin izan zena. 70eko hamarkadaren erdialdeaz geroztik, berriro ekin zion jarduera plastikoari: landutako argazkiak, instalazioak, zenbaki lehenak oinarritzat dituzten margolanak, objektuak... 1999an, Veneziako Bienalean Espainia ordezkatu zuten bi artistetako bat izan zen. Bere artelan plastikoak honako areto hauetan erakutsi ditu: Centro de Arte Reina Sofía, Madril (Espainia); Galerie Donguy, Paris (Frantzia); Galerie Lara Vinci, Paris (Frantzia); Galerie Satélite, Paris (Frantzia); Galería Trayecto, Gasteiz (Espainia); Statsgalerie, Stuttgart (Alemania); Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia (Espainia); Centro Andaluz de Arte Contemporáneo, Sevilla (Espainia); Arte Garaikidearen Museoa, Roskilde - Musee for Samtidskunst (Danimarka); Circulo de Bellas Artes, Madril (Espainia). Performancegile modura ibilbide luzeko artista da eta jaialdi ugaritan hartu du parte, bai Espainian baita atzerrian ere (Alemania, Italia, Suitza, Belgika , Frantzia, Danimarka, Norvegia, Ingalaterra, Holanda , Polonia, Eslovakia, Txekiar Errepublika, Hungaria, Estatu Batuak, Kanada, Mexiko, Kuba, Tailandia, Japonia, Korea...). Ikastaro ugari eskaini ditu unibertsitate eta Arte Ederretako eskoletan: Kanadan, Frantzian, Suitzan eta Italian, Espainiakoez gainera. Irratirako lanak: Al ritmo del tiempo eta TA TE TI TO TU o La agricultura en la Edad Media.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Xabier Etxebarria Zarrabeitia. Eusko Jaurlaritzako Zigor Betearazpenaren eta Gazte Justiziaren Zuzendaria: Adingabeko arau-hausleen % 72k ez du berriz deliturik egiten

 

Irakurri

Juan Uriagereka. Hizkuntzalaritzan doktorea: Gorroto ditut definizioak

 

Irakurri

Jesús Lizaso. Eskultorea: Sortze-lanetan, etsi gabe aurrera egiten eta sasoi txarrak igaro arren lanean jarraitzen jakin behar da

 

Irakurri

Carlos Mugiro. “Punto de Vista” jaialdiaren zuzendaria eta zinemagilea: Zinemaren historia idatziko duten filmak gaur egun ez dira ikusleengana heltzen

 

Irakurri

Itziar Mena. Euskadiko Ikus-entzunezko Klusterraren (Eiken) zuzendaria: Sektore ekonomikoa garela errebindikatzetik ildo horretan lan egitera igaro gara lau urtetan

 

Irakurri