Francisco Errasti. Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Aplikatuaren Ikerketa Zentroko (CIMA) zuzendari orokorra: CIMA-n ez dugu enbrioi zelularik erabiltzen. Ez litzateke etikoa izango, zelula horiek gizakiak dira-eta

2005-02-18

LARREA, Koldo

GARMENDIA IARTZA, Koro

Nafarroan bizi den oñatiar honek urtebete darama Nafarroako Unibertsitatearen Medikuntza Aplikatuaren Ikerketa Zentroko (Centro de Investigación para la Medicina Aplicada-CIMA) zuzendari orokor gisa. Zentro aitzindari honek iazko irailaren 28an zabaldu zituen bere ateak ofizialki, Asturiasko printzeak bertan zirela, eta bere helburua mendebaldeko herrialdeetako heriotzen %90a eragiten duten eta oraingoz sendaezinak diren gaixotasunei erantzun bat ematea da. Ospitaleak kudeatzen eskarmentu zabala duen Francisco Errastik 350 laguneko lantalde bat du bere zuzendaritzapean uneotan, eta elkarren artean guztira 22 ikerketa proiektu ari dira garatzen.

Definituko al zeniguke, ahalik eta modurik garbi eta xumeenean, edonork ulertzeko moduan, zer den zehazki CIMA zentroa?

CIMA ikerketa zentro bat da, gaixoei aplikatzeko konponbideak bilatzen diharduena. Bertako zientzialariak lau arlo nagusitan ari dira ikerketak egiten: fisiopatologia kardiobaskularrean, onkologian, terapia geniko eta hepatologian, eta neurozientzietan. Gaixotasun hauek heriotza guztien %90a eragiten dute mendebaldean. CIMA. Argazkia: Universidad de Navarra

Zein berezitasun dauzka CIMAk beste ikerketa zentroekin alderatuz gero?

Nik bereziki azpimarratuko nuke bere aplikazio klinikoek gizartearen onura bilatzen dutela; alegia, laborategietan erdietsitako emaitzak gaixoei helarazteko helburua duela. Nabarmentzekoa da diziplina ugaritako kideak ditugula bertako lantaldean, eta, gainera, Nafarroako Unibertsitateko hainbat zentroren esperientzia erantsi behar diogu: Medikuntza, Farmazia eta Zientzietako Fakultateena, Klinika Unibertsitarioarena eta Farmakobiologia Aplikatuko Ikerketa Zentroarena. Horrez gain, kontuan izan behar da CIMAn ikerketaren ziklo osoa egiten dugula, oinarrizko ikerkuntzatik hasi eta saiakera aurrekliniko eta klinikoetara bitartekoa; hau da, gaixoei aplikatu artekoa.

Ba al da munduan gisa honetako beste zentrorik?

Bai. Ameriketako Estatu Batuetan honen moduko zentro asko dago. Nafarroako Unibertsitatean CIMA sortzeko orduan, hango laborategiak hartu ditugu eredutzat, zerbitzuen eskaintza eta segurtasun neurri guztiak zorrozki betetzen dituztelako. Zergatik dauden horrelako zentroak Ameriketako Estatu Batuetan? Ba ez hemengoak iparramerikarrak, ingelesak edo alemanak baino ergelagoak direlako, baizik eta Espainian ez delako ikerketak egiteko ez bitartekorik ez talenturik bideratzen. Atzerrian milaka espainiar ari da ikerketak egiten, hemen ez duelako aukerarik izan. Horietako batzuk hona ekartzen ari gara orain. Ikerketak baliabide egokiekin egiteko aukerarik emanez gero, jende asko itzuliko litzateke. Francisco Errasti. Argazkia: Koldo Larrea

Zeintzuk dira CIMAk eskuartean dituen egitasmo nagusiak?

Aipatu dizudan bezala, lau ikerketa arlotara zuzentzen ditugu gure ahaleginak. Alde batetik, gaixotasun kardiobaskularrak aztertzen ari gara, gorputz osoan zehar dauzkagun odol hodiei eragiten dietenak alegia. Nagusiki hipertentsioa, ateroesklerosia eta tronbosia, eta hemostasia ari gara aztertzen. Espainian zortzi milioi pertsona dago hipertentsioak jota, asko jakin ere egin gabe. "Gaixotasun isila" deitzen zaio, batzuetan ez duelako seinalerik ematen. Noizbehinka buruko min txiki bat sortzen du, baina jendeak ez du hipertentsioak eragina izan daitekeenik pentsatu ere egiten. Edonola ere, oso erraza da kontrolatzea. Gure bigarren ikerketa arloa, terapia geniko eta hepatologiarena dugu. Ingeniaritza genetiko baten modukoa da, gibeleko gaixotasunak eta infekzioak (hainbat hepatitis mota) sendatzera bideratua. Beste arloetako bat neurozientziena dugu. Burmuinean ematen diren gaixotasun nagusien artean bi aukeratu ditugu: Parkinsona eta Alzheimerra. Espainian milioi erdi pertsona dago azken gaixotasun honekin. Ikerketen azken ildoa, berriz, onkologiarena dugu. Biriketako minbizia garaiz antzemateko Europako programa garrantzitsu batean parte hartzen ari gara. Eta minbizi hematologikoak, prostatako minbizia eta kolonekoa ere ikertzen ari gara. Guztira, 22 egitasmo handi ari gara garatzen. Askoz ere gehiago garatu nahiko genituzke, baina ezinezkoa da dena egitea. Biokimikako laborategia. Argazkia: Universidad de Navarra

CIMA Nafarroako Unibertsitatearen baitakoa da, eta azken hau, hein berean, Opus Deiren obra korporatiboa dugu. Faktore horrek baldintzatzen al ditu inola bertako ikerketak, edo, behintzat, enbrioi zelulen erabilerarekin edo klonazioarekin lotutakoak?

Nik beste era batera formulatuko nuke galdera. Kristau batek pentsatzen duena pentsatzen duela, zientzialariek zer irizten duten ikusi beharra dago. Zientzialari askorentzat, enbrioi zelulak gizakiak dira. Hemen ez ditugu enbrioiak esperimentuak egiteko erabiltzen. Ez da etikoa zelula horiek manipulatu edo deuseztatzea. Gainera, ikusten ari garenaren arabera, beren erabilerak arazo handiak sortzen ditu, besteak beste tumoreak eragiten dituelako. Datu bat emango dizut: uneotan Europa finantzatzen ari den 20 egitasmoetatik 19 zelula ama helduenak dira, eta bat bakarra enbrioi zelulena.

Zein da CIMAk Nafarroako Unibertsitatearen baitan duen xedea?

Bere helburu nagusietako bat, konponbide diagnostiko eta terapeutikoak aurkitzeko ikerketak egitea da. Esate baterako, giza genomaren sekuentziazioari esker, gaur egun badakigu gaixotasun asko organismoko geneen alterazioek sortuak direla. Eta gaixotasuna eragiten duten gene akastunak zeintzuk diren jakitea lortuz gero, gaixotasuna iragarri eta sendatzera iris gaitezke. Nolanahi ere, esan beharra dago gaixotasunek, batzuetan, urteak behar izaten dituztela garatzeko, inoiz ez dira bat-batean agertzen. Oso aurrerapauso handia izango litzateke 10, 20 edo 30 urteren buruan agertuko den gaixotasun baten jatorria hasiera-hasiera ezagutzea. Francisco Errasti. Argazkia: Universidad de Navarra

Zeintzuk dira CIMAren finantziazio iturriak?

Nafarroako Unibertsitatearen CIMA formula aitzindari baten bidez finantzatzen da. Formula horrek ikerketa biomedikoari beren babesa eman nahi izan dioten erakundeen konpromisoa bideratzeko aukera ematen digu. Hamabost enpresa eta finantza erakundek Aldi baterako Enpresen Elkarte bat sortu zuten, eta 2003. urtean ikerketak egiteko eta teknologia transferitzeko kontratu bat sinatu zuten. Enpresa hauek, beren ekarpen ekonomikoaren truke, gure emaitzak jasoko dituzte. Sinatzaile horien artean, zuzenean edo filialen bitartez, besteak beste BBVA, El Corte Inglés, Pontegadea (Amancio Ortegaren Sozietatea), Omega Capital (Alicia Koplowitzena), Grupo Masaveu, Corporación Caja Navarra, Sodena, Caja Rural de Navarra, Unicaja, Ungria Patentes, Grupo Fuertes (El Pozo), Caixa Galicia eta Fundación IEISA dauzkagu.

Zehazki zer jasoko dute trukean erakunde horiek guztiek?

Enpresa talde honek 152 milioi euroko laguntza emango digu hamar urtetan, eta guk, trukean, gure emaitzen %80a eskaini diogu. Akordio honi esker, gutxi gorabehera zentroaren kostu errealaren eta funtzionamendu gastuen %70a estaliko dugu. Gainerakoa estaltzeko, ikertzaileentzako beketara eta laguntza publikoetara jo behar dugu. Epe ertain-luzera begira, pentsatzen dugu patenteak merkaturatzean lortuko ditugun diru-sarrerekin ere finantzatuko dela Nafarroako Unibertsitatearen CIMA. Zazpi patente dauzkagu dagoeneko, eta, hauek guztiak garatu eta ustiatzeko, sozietate bat sortu dugu, DIGNA Biotech. Bertan FIMAk hartzen du parte (Ikerketa Mediko Aplikaturako Fundazioa/Fundación para la Investigación Médica Aplicada). Onkologia eremuko laborategia. Argazkia: Universidad de Navarra

Behin eta berriro esaten da ikerketa ez dela ekonomikoki batere errentagarria. Espainiak, gainera, arlo honetan oso gutxi inbertitzearen fama du. Zein ekarpen egiten dio CIMAk Nafarroari?

Alde batetik, Nafarroari bere ospe eta sona areagotzen laguntzea espero dugu. Beste alde batetik, lanpostuak sortzen ditugula ahaztu gabe, aipatu behar da gure inguruan botiken enpresa eta laborategi txikiak sortzea aberastasun iturri handia izango dela. Adibidez, DIGNA Biotechek 2005. urterako aurreikusi dituen inbertsioak milioi erdi eurotik gorakoak dira Nafarroan.

Zer motako onura jasoko dute nafarrek zentro honengandik?

Mota askotakoa: laborategietan egindako aurkikuntzek gizartean eta osasungintzan izango duten aplikazioa, patentatu eta merkaturatuko diren botikak... Gainera, Nafarroako Unibertsitatearen CIMAk bere esku dagoen guztia egingo du nafarren osasun sistemak punta-puntakoa izaten jarrai dezan.

Bukatzeko, CIMAko zuzendari orokor zaren aldetik, zein albiste eman nahiko zenioke gizarteari? Asko gustatuko litzaidake C Hepatitisa edo gizartean oihartzun handia daukan beste edozein gaixotasun sendatzeko botika lortu dugunaren albistea ematea. Horretan ari gara lanean. Interferon berri bat daukagu, eta erabilgarria izan daiteke gaixotasun horien tratamendurako. Minbizia edo minbizi motaren bat sendatuko duen botika lortzea ere sekulako aurrerapena izango litzateke, noski. Francisco Errasti (Oñate, 1946) Oñatin jaio zen (Gipuzkoa), 1946an. Ekonomia Zientzietan lizentziaduna da, eta esperientzia handia du ospitaleen kudeaketan. Ekonomia Politikoko irakaslea izan da Bilbon, Nafarroako Klinika Unibertsitarioko zuzendari orokorra 13 urtez, eta aholkulari lanetan ibili da Mexikoko Universidad Panamericana-n, Buenos Airesko Universidad Austral-en eta Erromako Zentro Biomedikoan, euren ospitale unibertsitarioak abian jartzeko orduan. “Introducción a la Economía”, “Geografía Económica”, “Retos actuales de la revolución industrial” eta “Principios de gestión sanitaria” liburuak eman ditu argitara.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Ruper Ordorika. Musikaria: Euskaldunok lan bikoitza dugu

 

Irakurri

Helena Taberna. Zine zuzendaria: Orain bertan, Euskadi oso abagune egokian dago bakea lortzeko. Eta, segur aski, zinemak izan du horretan zerikusirik

 

Irakurri

José Luis Aurrekoetxea. Ingurumeneko Jarduketarako Sozietate Publikoa, IHOBEko zuzendari orokorra: 2007-2020 epean, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiak, berotegi-efektua eragiten duten gasen isurien murrizketari dagokion helburua erdiestea xedetzat dauka, Kioto-n adostutako mailari helduz

 

Irakurri

Alberto Alberdi Larizgoitia. Eusko Jaurlaritzako ekonomialaria: Euskal ekonomiako aurrezki maila, Espainiakoa baino handiagoa da

 

Irakurri

José María de Gamboa. II. Mundu Gerrako gudaria: Aliatuek ez gintuzten traizionatu. Euskaldunok musu-truk borrokatu behar ginen askatasunaren alde

 

Irakurri