Ruper Ordorika. Musikaria: Euskaldunok lan bikoitza dugu

2005-02-11

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketak orduerdi iraun zuen. Ruper Ordorika lasai eta pentsakor egon zen. Gauza askori buruz hitz egin genuen, baina ez guztiei buruz. Oñatiarraren hitzetan, “askotan esan behar dena baino esan behar ez dena pentsatzen aritzen naiz”. Hona hemen 30 minutu horietako emaitza.

Barnerakoia zara? Kazetari batekin elkarrizketa izan baino badira gauza hobeak?

Kazetariaren arabera. Norberak egiten duenaren eta entzulearen arteko zubia egin behar da, eta nik horretarako erabiltzen ditut elkarrizketak. Egia esan, disko bat bultzatu behar dudanean, elkarrizketak lantzat hartzen ditut. Tartean disko berririk ez dagoenean, bai nekez egiten dut.

Zure lanean dena kontrolpean izatea gustatzen zaizu; kazetari batekin zaudenean, berriz, ez dago dena zure kontrolpean. Noizbait zutaz entzun edo irakurri duzunak sutan jarri zaitu?

Bai. Ikasbide zaila da hori. Mutikoa nintzenean zenbait pertsona epaitzen nituen irakurtzen nituen elkarrizketen arabera. Nik elkarrizketak egiten hasi nintzenean, epai haiek ez zutela ezertarako balio antzeman nuen. Batzuetan aurrean daukazun kazetariak badaki ateratzen esan duzunetatik zerk daukan ekarpenik, eta beste batzuetan ez daki. Kazetari batzuek euren gorabeherak isladatzen dituzte, ez zureak.

Kultura ezberdinak ezagutzea eta bidaiatzea (Londres, New York...) atsegin badituzu ere, Oñatin bizi izaten jarraitzen duzu.

Niretzako Oñati handiegia da. Orain beldur naiz kooperatibisten asmo handi horiekin, gure bailara osoa auzune produktibo bat bilakatuko dute eta. Hamaika urte nituela, Oñati utzi eta Gasteizera etorri nintzen, baina beti itzultzeko gogoa izan nuenez, Oñatin nago egun. Lasai egoten naiz han, ez dakit zergatik. New York, Habana, Shangai edo 1000 biztanletako herri bat... bizi izateko muturrekoak erdibideak baino gehiago gustatzen zaizkit. Gainera badaukat nomada punttu bat, beti ere aldatzeko gogoa baitut. Niretzako ez dago inongo kontraesanik. Nik kanpoan ikasi dut noraino naizen hemengoa, eta alderantziz.

Halere, oraindik ere Gasteizera astero etortzen jarraitzen duzu.

Bai, hemen entseaiatzen dugu. Gainera, Gasteizen oso instrumentari onak daude, eta haiengandik asko ikasi dut. Hemen bezainbeste ez dago inon, ezta Bilbon ere. Bestalde, Hertzainak taldearen garaian musikak urte emankorrak izan zituen Gasteizen. Halere, hemen hazitakoa izan arren, Gasteiz pasabidetzat hartu dut beti.

Bilbon Unibertsitatean ibili zinenean, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde... ezagutu zenituen. Pott Banda osatu zenuten. Zer zen hura? Laguntalde bat, musika talde bat, poesia talde bat?

Asko aldatu dira gauzak, baina bai, elkartzen ginen. Nire ustez Bernardoren asmakizuna izan zen hura. Bernardo ezagutu baino lehen, bere lanak ezagutzen nituen. Berak argi zeukan argitarapen bat beharrezkoa zela, eta Pott aldizkaria sortu genuen. Nonbait errealitatea interpretatzeko beste era bat zen Pott. “Kontsumoaren aurka, sormena” esaten zen orduan. Kontrakultura deiturikoa. Hasteko, bakoitzak bi lagun ekarri genituen. Orain ikusita, nik zinez lagun bereziak deitu nituen, Joseba Sarrionandia eta Jon Juaristi. Bernardo Atxagak, ordea, Joxemari Iturralde. Ez dakit biologiak zein lege dauzkan, baina halako lege batengatik elkartuko ginen. Harreman hura eta astero antolatzen genituen bilera haiek geroan egin dudan oinarrian daude. Ordurako abesten nuen, baina lagun haien babesa oso garrantzitsua izan da nire ibilbidean. Bitxia bada ere, hainbeste urte pasa ondoren, guztiek, norberak bere alorrean, badute zeresanik.

Agian bitxikeria bat baino ez da, baina Bernardo Atxagak eta zuk zeuk ere Euskal Herriko mugak gainditu dituzue. Batak Literatur Sari Nazionala lortuz, eta bestea 40 nagusien zerrendan sartuz.

Je, je... Nire kasuan istripu bat izan zen. Nik egindako bidean salbuespenetzat hartu behar da. Gure esparrua nahiko txikia da, norberak ere ateak ixteko, baina niretzako nire abesti bat 40 nagusien zerrendan sartzeak ez du inolako garrantzirik.

1980ko lehen diskoa abiapuntutzat hartuta, zure ibilbideak helmuga zehatza du?

Ez dut uste. Kantuan aritzeko nahia dirau. Zaila da azaltzea, baina niretzat abestea ezinbestekoa da. Historian zehar kultura, hizkuntza, tribu eta gizaki guztiek egin dute hori, kantatzea, alegia, eta nik kate horretan nirea egiten dut. Nahi horrek hasieratik dirau eta egiten dudanaren ardatza da. Horrez gain, oso musikazalea naiz, eta horrek sormen berriak egitera bultzatzen nau, beti hariari tiraka nabilelarik. Nire ibilbidean ez naiz batere taktikoa izan, baina oraindik sakondu behar dudala pentsatzen dut.

Musika tankera ezberdina egin arren, Hertzainak taldearekin zuzenean jotzen zenuen.

Bai, luzaroan, lan asko egin genuen elkarrekin. Hertzainen kantu gehienen egileak, Josu Zabalak, nirekin egin zuen lana nire lehen diskoan. 1980ean izan zen hura, Hertzainak sortu baino lehen. Txanpi, Hertzainak taldeko bateriajolea, Oñatiko talde batetan hasi zen, eta nik mutikotatik ezagutzen nuen... Bolada handi batean kanpoan egon ondoren Hertzainak sortu zen, eta nik bere partaide gehienak ezagutzen nituen lehendik. Nire abestiak gustukoak zituztenez, aukera hura eskaini zidaten.

Non sortzen duzu musika?

Horretarako boladak ditudan arren, beti nik bakarrik, eta inolako tresnarik gabe, gitarra izan ezik, noski. Askotan esan behar dena baino esan behar ez dena pentsatuz, irakurriz... Halako batean, nire burua behartu gabe, ganbara beteta daukadala sentitzen dut, eta gauzak, gogoetak... ateratzen dira. Araudirik ez dudanez, desorden handi batetan murgilduta nago. Halaber, kontzertuak ditudanean, ez dut sormen lanik egiten. Zuzenean gutxi jotzen dudanean, etxean sartu eta musika sortzen dut.

Zein da zure sekretua jendea erakartzeko?

Denbora luzez ez dut entzulea aintzakotzat hartu. Hauxe behar dut egin, eta egiten dut. Agian, orain gehiago hartzen dut kontutan. Bestalde, gure eginkizunetan, artean hitz xeheekin bada ere, gauza asko sinesgarritasunarekin zerikusirik dutela iruditzen zait, zein benetakotasun maila duzun... Nik, entzulea naizenean, hori eskatzen dut, eta eszenatokian nagoenean, hori eskaintzen saiatzen naiz.

Baina, kantu zahar bat berreskuratzen duzunean edota beste musikari baten lankidetza daukazunean, ez duzu entzulegoa gogoan? Ez duzu pentsatzen: “Hau nire jendeak entzun behar du”?

Ez, nik ez dut inoiz pentsatzen nire jendea badagoenik. Ez dakit nire entzulegoa birtuala den, egia da, halere, gauza zehatzak esaten saiatzen naizela. Kantu zaharrak? Niretzako kantu zaharrak onak dira, baldin eta ederrak badira, eta niri gustatzen bazaizkit, hori hasteko. Orduan hori komunikatzen saiatzen naiz. Kantu zahar asko eta asko anonimoak dira, baina nork eta zergatik egin zituen? Kantu horiek oinarrizko kultur ekimenak ditugu, baina kultura maiuskulekin. Zergatik pertsona batek, andregaiak uzten badu, egiten ditu kopla horiek, eta ez beste batzuk? Zergatik erabiltzen ditu errima eta erritmo horiek? Zer dagoen horren atzean? Ba, hori plazaratzea da kontua. Hiru Trukun esaten dugu beharbada munduan kantu bakarra dagoela, eta guztiok horren aldaerak egiten ditugula. Euskaldunok ere gure aldaerak egin ditugu, gure egiteko moduak, ez direnak Andaluziako ijitoek egin dituzten bezalakoak, eta baita badirenak ere, nolabait harremanetan baitaude. Eta nik ere neure aldaera, nire ezaguera, nire apurra... ditut.

Ia 50 urte dituzu, 48 hain zuzen. Musikari batek adinaren kontra borrokatu behar du?

Ez dakit. Norberaren gorputzari entzuten ikasi behar da, eta hor arakatzen. Nire gorputzak sasoi betean nagoela esaten dit.

Zure bakarlana eta Hiru Truku tartekatzen jarraituko duzu?

Ez dakit, ez dakit. Orain bai. Nire inspirazio iturri bat dira kantu zaharrak eta Hiru Truku osatzen dugun hiru musikarien oreka oso ona da. Nire bakarlana konplikatuagoa ikusten dut beste merkatal korronte guztien arabera baitabil. Urteek aurrera egiten dute eta gauzak ez dira aldatzen. Atxagak dion bezalaxe, euskaldunok lan bikoitza dugu.

Zer ez da posible bizitza honetan? Je, je... Zaila da erantzutea. Esaldi horrek oihartzun handia hartu zuen, baina ez zeukan ematen duen zentzu negativo hori. “Ez da posible, ezin liteke” Lazkao Txikiri entzun nion behin. Ni ez naiz ezkorra, beharbada ez diodalako nire buruari baimenik ematen gauzak luzeegi arakatzeko, eguneroko eginkizunetan murgilduta egotea nahiago dut. Ruper Ordorika (Oñati, 1956) Ruper Ordorika Oñatin jaio zen 1956ean. Bere lehen diskoa kaleratu zenetik 25 urte igaro badira ere, eszenatokian dirau. Berak dioenez, sekretua nahia da, baina horri bere musikaren eta bertsoen kalitatea gaineratuko diogu guk.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Helena Taberna. Zine zuzendaria: Orain bertan, Euskadi oso abagune egokian dago bakea lortzeko. Eta, segur aski, zinemak izan du horretan zerikusirik

 

Irakurri

José Luis Aurrekoetxea. Ingurumeneko Jarduketarako Sozietate Publikoa, IHOBEko zuzendari orokorra: 2007-2020 epean, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiak, berotegi-efektua eragiten duten gasen isurien murrizketari dagokion helburua erdiestea xedetzat dauka, Kioto-n adostutako mailari helduz

 

Irakurri

Alberto Alberdi Larizgoitia. Eusko Jaurlaritzako ekonomialaria: Euskal ekonomiako aurrezki maila, Espainiakoa baino handiagoa da

 

Irakurri

José María de Gamboa. II. Mundu Gerrako gudaria: Aliatuek ez gintuzten traizionatu. Euskaldunok musu-truk borrokatu behar ginen askatasunaren alde

 

Irakurri

Antonio Altarriba. Gaztelaniazko eleberriaren Euskadi 2003 saria: Gaztelaniak ere jaso behar du erakundeen babesa

 

Irakurri