Iñaki Igon Garitaonaindia Murgiondo “Gari”. Musikagilea eta Hertzainak taldearen abeslari ohia: Dena galtzear egon naiz

2005-09-09

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Gau hartan Garik Arrasaten zuen kontzertua. Debagoienarantz irten baino lehen, elkarrizketa egin genion Gasteizko taberna batetan. Legazpiarra ez da lehengoa. “Nahi dituzun galderei erantzun” esan genionean, “guztiak erantzungo ditut” ihardetsi zigun. Hortaz, grabagailua piztu, eta lanean hasi ginen.

Zeintzuk dira Gariren izena eta abizenak?

Iñaki Igon Garitaonaindia Murgiondo naiz, baina txikitatik etxean izan ezik Gari deitu didate leku guztietan.

Legazpiarra, gasteiztartua eta ospetsu gazteegia...

Bai eta ez. Arrakasta egun batetik bestera lortu genuen, hori egia da. Hala ere, gaur egun inportanteena da gauzak pixkanaka pixkanaka, apurka-apurka, pausoz pauso doazela.

Nolatan hasi zinen musikan?

Legazpian hasi nintzen, eta orduko gazte asko eta asko bezalaxe, lagun batzuekin musika talde bat osatu nuen. Oñatin izan zen kontzertu batean hasi berria zen Hertzainak taldeak eta geureak jo zuten, elkar ezagutu, eta handik aurrera hamaika urte ibili nintzen beraiekin.

Orain 41 urte dituzu, eta 0tik hasi nahi duzu?

Hasi nahi dut ez, hasia naiz.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Oso gauza erraza da. Musikan zenbat urte eman ditudan ahaztu zait, lehen diskoa kaleratu zenean 18 urte bainituen. Hertzainak taldearekin hamaika urte egon ondoren, eta hamar bat gehiago bakarlari gisa, abiapuntu berri batetan nago. Gainera, ezin ditut alde profesionala eta pertsonala banandu. Azken diskarekin hutsetik hasia naiz. Aurrean Gari berri bat duzu, eta horrek musikarekin lotura du, noski.

Azkenengo boladan Mikele alabak bizitza aldatu dizuela aipatu duzu behin baino gehiagotan. ¿Lehengo Gari eta oraingoa ez dira gizona bera?

Erabat ezberdinak dira. Guztia aldatu zait, eta gertatu den aldaketa izugarria izan da. Hala eta guztiz ere, hau prozesu bat izan da, eta aita izan aurretik ere, martxan zegoen. Gauzak ez dira egun batetik bestera egiten. Zalantzarik gabe, 40 urterekin aita izateak, eta lan horretan buru-belarri sartuta egoteak nolabait indartu egin naute.

Aitatasunak bizimodua txukundu dizu?

Hitza “oreka” da. Bizitzari buruzko beste ikuspegi bat eskaini dit.

Gaur goizean 22 urteko lagun batekin egin dut topo. Zurekin elkarrizketa nuela esan ondoren, galdetu diot zein Gari nahiago zuen, oraingoa ala Hertzainak taldekoa. Berak azaldu didanez, oraingoa ere atsegin duen arren, Hertzainak taldekoa nahiago du. Zer deritzozu?

Gaur egun horrek ez nau kezkatzen. Gainera, sarritan azaldu dudan bezala, nik daukadan publikoa izugarri ona da. Ez daukat inolako kexarik. Zuk esaten duzuna batzuetan gertatzen zait, baina egia esaten badizut, 22 urteko lagun batek ez du sekula Hertzainak ikusi. Zer gertatzen da? Ba, urteak pasa ahala, mitifikazio moduko bat sortzen dela. Beste batzuek, berriz, esan didate oso gustura joaten direla kontzertuak ikustera, oso atsegina dela nire azken diska... Denetarik dago.

Mitifikazioa aipatzen duzunean, zer esan nahi duzu?

Bere garaian arrakastatsua suertatu zen. Alabaina, edozein musika mugimendua, punka, Vigoko martxa, Euskal Rocka..., urteak pasa ahala, mitifikatzen da. Ni horrekin ez nator bat. Garai hura garrantzitsua izan zen, hutsetik gentozelako. Bai, abeslari batzuk zeuden, Mikel Laboa edo Benito Lertxundi kasu, baina horiek baino ez ziren. Musika eta politika nahasten ziren... Hala ere, gauzak asko aldatu dira, eta ezin gara atzera begira egon. Uste dut lan handia dugula betetzeko, gero eta azpiegitura hobeak ditugula, nahiz eta krisialdi larri batean egon. Nik ez daukat kexarik.

Eta 20 urte barru gazteriak Hertzainak entzuten jarraituko balu?

Je, je... Primeran. Pentsa! Nik etxean Carlos Gardel entzuten dut orain. Niri ere galdetzen badidate zein den nire musikagilerik atseginena, David Bowie edo Costelo erantzungo dut. Eta ni baino zaharragoak dira. Hori beti gertatu izan da. Ez zait arraroa iruditzen.

Lagun asko galdu dituzu. Zure belaunaldikoek zerbait gaizki egin zenuten?

Zerbait gaizki? Hori erantzutea ez da batere erraza. Tokatu egin zitzaigun, baina ez guri bakarrik, Ingalaterran, Frantzian ere gauza bera gertatu zen... Ez dakit. Lagun asko gelditu dira bidean. Ni tente nabil, oso gustura, oso baikor... Pena, pena handia da. Horrelakoa da bizitza.

Angustiarekin abestu duzu noizbait?

Sarritan. Eta angustia hori kentzeko edo samin hori baretzeko drogak erabili izan ditut. Horrela urteak eta urteak eman ditut. Gaur egun, nolabait, giro hori guztia bueltan dut. Nahiz eta hasieran erraza ez izan, zuzenean abesten ateratzerakoan, jarrera normal batekin azaldu eta interpretatu..., egun erabat gainditzea lortu dudala esan dezaket. Oso gustura sentitzen naiz eman dudan aurrerapauso horrekin. Ezbairik gabe, libreagoa sentitzen naiz, eta hori da garrantzitsuena. Horretaz gain, menpekotasuna ez zen drogekiko bakarrik, mota askotako konplexuak bainituen, ideologikoak, esaterako. Orain, berriz, terapia musika da.

“Orain, lehen erabiltzen ausartzen ez nintzen hitzak eta giroak jorratzen ditut” esan omen duzu.

Adibide bat jarriko dizut, oso erraza da-eta. Norberak, pertsona edo musikari bezala, konplexu batzuk ditu beti. Zu, adibidez, praka motzekin ibiltzen ohituta bazaude, eta nik gorbata soinean eramatera behartzen bazaitut, ez zara eroso sentituko. Musikan gauza bera gertatzen da, niri behintzat hori gertatzen zait. Adibidez, nire azken diskan bolero bat jotzen dut, eta bihotzetik atera zait. Duela bost urte ere bolero bat jo nezakeen, baina ez zen nire bihotzetik ateratzen. Adibide gehiago: Abesti bat pianoarekin eta gitarra espainiarrarekin grabatu dugu. Hori ere duela urte batzuk egin nezakeen, baina ez orain egin dudan moduan, hain barneratuta.

Dena galtzear egon zara?

Bai, sarritan. Horrelakoa da bizitza. Azken hiru urteotan prozesu bat igaro dut, oso gogorra, oso bortitza..., baina beharrezkoa nuen. Ez zegoen beste aukerarik, zuloan gelditu edo atera. Oso gustura eta oso pozik sentitzen naiz neure buruarekin, harro, egun beste dinamika batetan murgilduta nagoelako. Oraindik angustia horrek bere baitan dirauen arren. Hala eta guztiz ere, orain baditut tresna batzuk hori saihesteko edota menperatzeko. Ez naiz libre sentitu orain dela gutxi arte. Kriston arazoa nuen.

Beste batzuek erabili zaituztela sentitu izan duzu? Zeure buruaren jabe izan zara?

Bai eta ez. Norbera gaizki dagoenean, emaitzak txarrak izaten dira normalean. Ni ez banago ondo, eta elkarrizketa bat egiten badut, ni naizen moduan... Zer gertatzen da? Pentsatu gabe, tontokeri gehiegi esaten ditudala. Eta, noski, kazetariek inpresio interesgarrienak eta adierazgarrienak jasotzen dituzue. Orain, aldiz, ez zait horrelakorik gertatzen. Azken diskaren aurkezpenarekin inoiz baino elkarrizketa gehiago egin ditut, eta ez dut sentzazio hori eduki. Zer esan nahi du horrek? Orain gauzak askoz gehiago pentsatzen ditudala, oreka hori hor dagoela eta egia dela. Hutsetik hastearena ez da marketina. Nik ez daukat horren beharrik, ni naiz naizen moduan. Eta orain ondo banago, oso ondo nagoela adieraziko dut. Zuk elkarrizketa hasi baino lehen esan didazu: “Ez duzu galdera guztiak erantzun beharrik”, eta hainbat kazetarik gauza bera esan didate. Nik ez daukat arazorik drogei buruz hitz egiteko, gauza horiek ere adierazi behar ditugula uste dudalako. Gainera, mezu hori zabaltzea garrantzitsua da.

0tik eta gero, zer?

Orain zuzeneko kontzertuak, eta datorren lanaren kantak prestatzen hasi gara, proiektua borobiltzen. Ez daukat presarik. Hasierako asmoa bi disko berri egitea zen, eta halaxe egingo dugu. Gero gerokoak, batek daki. Hirugarrena? Ikusiko dugu.

Aita zara, hemendik aurrera abenturak, bidaia zoroak eta horrelakoak zailak izango dira.

Oso zailak. Baina ez naiz kexatzen. Berdin dio. Alabatxoarekin, familiarekin oso pozik nago, eta orain hori nahi dut, eta horretaz gozatu.

Etorkizunari begira zer eskatzen diozu musikari?

Orain arte bezala jarraitzea, besterik gabe. Egiten duzunarekin gozatzea garrantzitsuena dela konturatu naiz.

Eta bizitzari? Berdin. Gozatzea. Laguna den psikiatra batekin noizean behin elkartzen naiz, eta berak perspektiba erabiltzeko gomendatzen dit. Nik ez daukat burua oso ondo jantzita, eta ezin naiz nire pentsamenduetan buru belarri sartu. Pixkanaka pixkanaka ez banoa, zoratu egiten naiz. Iñaki Igon Garitaonaindia Edozeinek Iñaki Igon Garitaonaindia Murgiondo entzunda, ez daki nori buruz ari garen. Hala ere, Gari esan, eta guztiok dakigu Hertzainak taldearen abeslariaz ari garela. Gari orain 41 urte jaio zen Legazpian. Batek baino gehiagok pentsa dezake Hertzainak musika taldea desagertu zenean, Gariren bizimodua aldatu egin zela. Ez zen horrela izan, ordea. Bere benetako aldaketa orain gutxi suertatu da, izan ere, egun aita dugu, eta horren ondorioz, Hutsetik hasia da. Bere azken diska bezalaxe, 0tik, alegia.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Bernhard Franz Hurch. Hizkuntzalaritza Orokor eta Aplikatuan katedraduna: Hizkuntzalari espainiarrek oso interes txikia agertu dute euskararen inguruan

 

Irakurri

Belen Greaves. Bizkaiko Kultur Foru Alduna: Ez digu ezertarako balio barrualdea guztiz modu zoragarrian berriztatu duten elizak edukitzeak, eliza horiek beti itxita badaude

 

Irakurri

Igor Yebra. Dantzaria: Antzeztokian egotea adrenalina betekada da, emozio guztiak maila gorenera eramatea

 

Irakurri

Maitena Burundarena. Umorista: Garrantzitsuena, nor bere modura bizitzea eta gauzak beldurrik gabe esatea da. Beste modu batean pentsatzearen eta polemika sortzearen beldur ez izatea

 

Irakurri

Antonio Moreno González. Fisika Zientzietan doktorea: Albert Einsteinen bertuterik nabarmenena bere jakin-mina zen. Asko gustatzen zitzaion jakitea

 

Irakurri