Topic zentroaren abentura Tolosako Ekinbide Etxeari eta Titirijai, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiari lotuta dago, halabeharrez.
Egia esan, Tolosako Ekinbide Etxea (TEE) da abentura hau aurrera eramaten duena. Esan dezagun Topic zentroa TEEren ekimen bat dela; 45 urte betetzen dituen irabazi asmorik gabeko elkarte kultural bat da, eta hasieratik ekintza kulturalak antolatzeko ardura hartu du. Aurreneko momentuan Tolosan egiten ziren ekimen kultural guztiak antolatzen zituen; hizkuntza ikastaroak, perretxiko txapelketak, abesbatza lehiaketak, inauteriak... Ondoren, udaletxea ekimen horien kargu egiten hasten denean, TEE bere jarduera nagusiekin geratzen doa, Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketa aurrena, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia segidan, Natur zein Amalur bidaia Jardunaldiak ondoren, eta azkenik, Topic.
Esan dudan bezala, aurten 30 urte betetzen dituen eta estatu espainiarreko txotxongilo jaialdirik zaharrenetariko bat den Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren ondorio edo seme bat da Topic. Hiru edo lau urteko ibilbidearen ondoren, gure buruari galdetzen hasi gintzaizkion ea zergatik ikusi behar genituen txotxongiloak urtean astebetez soilik eta horrela hasi zen bere ezaugarriengatik Europan bakarra den zentro honen ideia lantzen. Txotxongiloen museoak egon daitezke, edota txotxongilo antzoki egonkorrak zein dokumentazio guneak, baina horrelako zentro integralik ez da existitzen ez Espainia, ezta Europan ere. Bakarrak gara.
Zer esan nahi duzu zentro integralarekin?
Zentro integrala da, txotxongilo munduak barnean hartzen duen oro hartzen duelako bere baitan: difusioa antzerkiaren bidez; sormena, hona etorri eta isolatu nahi duten artista, ikertzaile edo irakasleentzako hiru gelatako bizileku txiki batekin lotuta dagoen ekoizpen eta muntaia gelaren bitartez; kontserbazioa museoaren bidez; irakaskuntza edo formazioa dokumentazio zentroaren eta ume, irakasle zein txotxongilo munduko profesionalentzako tailerrak ematen diren gune baten bitartez.
“Txotxongiloa gizon-emakumeen arte modurik zaharrenetarikoa da, historiaurrean kobazuloetan dagoeneko egiten baitzituzten txotxongiloak sua eta eskuak erabiliz”.
Baina zalantzarik gabe, museoa da lekurik ezagunena.
Noski, tokirik ezagunenak museoa eta antzokia dira, baina uste dut sormen eta ekoizpen aldea ere oso garrantzitsua dela, eta nahiz eta ezezagun handia izan, geroz eta eskaera gehiago jasotzen ari gara beraien ikuskizuna bertan sortu edo amaitu nahi duten konpainiengandik. Txotxongilo talde gehienek ez dute beraien muntaiak egiteko toki aproposik, eta hemen sortzeko erosotasun osoz isolatu daitezke. Izan ere, hemendik pasatu diren 5 konpainiek laudatu egin dute txotxongiloak sortu, entseatu eta isolatzeko erraztasun guztiekin hornitutako gune bat eduki ahal izatea.
Baina txotxongiloekin lan egiten duten horrenbeste talde al daude gure inguruan? Horren gauza ezezaguna ematen du...
Jaialdia hasi zenean ezezagun handia zen, eta etxean txotxongilo jaialdi bat antolatzen ari zinela esaten zenuenean harritu egiten ziren. Arte mota hau oso ezezaguna da eta zoritxarrez, denbora luzean gutxietsita egon da. Gaur egun oraindik, “a, titiriteroak” entzuten da mespretxuko adierazpen moduan. Askotan esaten dut, baina niretzako existitzen den arte modurik osotuena da, izan ere txotxongilo ikuskizun batek musika, narrazioa, gidoia egiterakoan literatura, pintura, eskultura, dramaturgia eta abar ditu, eta gainera, aktore bizidun batek zuzenean sekula ezingo dituen gauzak egitea ahalbidetzen dizu.
Hau da, txotxongiloa bere definizioa baino zerbait gehiago da: “orez eginiko eta hariz mugituriko panpin bat”...
Argi eta garbi. Eta ez dezagun ahaztu txotxongiloa gizon-emakumeen arte modurik zaharrenetarikoa dela, historiaurrean kobazuloetan dagoeneko egiten baitzituzten txotxongiloak sua eta eskuak erabiliz. Gertatzen dena da, hemen ohitura galdu egin dela, ez da existitu ez denik. Haserretu egiten naiz hau ez dela gai tradizional bat esaten dutenean, badelako, gertatzen dena da ohitura galduta zegoela. Adibidez, Guardiako Jaiotza oso ezezaguna da, txotxongiloak dira eta XVI edo XVII. mendetik egiten dira, eta nahiz eta oso jende gutxik ezagutu, hor dago. Fantoche aldizkariak bere azken zenbakian (5.zbk) artikulu bat eskaintzen dio.
Museoan munduko herrialde desberdin askotako txotxongiloak ikus ditzakegu.
Eta txotxongiloak haurtzarora mugatuta daudenaren ustea?
Hori ere mito bat da, ez da horrela. Helduentzako txotxongilo ikuskizun paregabeak daude. Hain zuzen, Txekoslovakia zaharrean, komunisten garaian, txotxongiloak kritika politikoa egiteko baliatzen zituzten... hemen ere egin zen frankismo garaian. Helduek askotan erabili dituzte txotxongiloak kritikarako, gertatzen dena da haur batentzako gertuko zerbait dela eta ikuskizuna jarraitzeko antzerki bat baino errazagoa suertatzen zaiela, beraiek ere panpina hartu eta imitatu dezaketela ikusten baitute...
Hain zuzen, zentroaren programetariko bat ikastetxeetako neska-mutilei zuzenduta dago.
Urritik ekainera bitarteko eskola-kanpaina bat egiten dugu eta batez ere, Gipuzkoa, Nafarroa, Araba zein Burgoseko ikastetxeak etortzen dira. Txotxongilo ikuskizun bat ikusten dute, artistekin hizketaldia edukitzen dute, museoa bisitatzen dute eta txotxongilo tailer bat egiten dute. Txotxongiloen inguruko egun oso bat da, mundu hori ezagutu dezaten. Jende asko konturatzen da oso oker zeudela txotxongiloei buruz zeukaten ideiarekin.
Baina irakasleei zuzendutako tailerrak ere badituzue.
Aurten Eusko Jaurlaritzaren irakasleen prestakuntzara zuzendutako Garatu planaren barruan sartu gara eta irakasleentzako tailerrak egin dira. Baita Irakasle Eskolako ikasleentzako tailerrak ere, geletan txotxongiloen erabileran trebatuz. Unima Federazioa, Unima Euskal Herria eta EHUrekin batera, Unima Federazioaren Udako Eskola antolatzen dugu hemen, txotxongilo munduko zein beste diziplina artistikoetako profesionalentzat formazioa eskainiz.
Zer nolako txotxongiloak ikus ditzakegu Topic zentroan? Dauden 1777 txotxongilo horiek mundu osokoak izango dira...
Beno, ezinezkoa da munduko txoko guztietakoak edukitzea, baina herrialde askotakoak ditugu, bai. Agian bildumarik garrantzitsuena Asiakoa da, txotxongilo indiar bilduma garrantzitsua daukagu. Hain zuzen, otsailean Indian egon gara, eta komentatu digute datorren urtean Bruselan Indiari buruzko erakusketa bat egingo dutela, eta bertan beste hainbat gauzen artean, txotxongiloen erakusketa antolatu nahi dute. Indian esan diete, herrialde hartatik kanpoko erakusketarik onena gurea dela, eta akaso errazagoa izango dutela txotxongiloak hemendik eramatea Indiatik baino. Bestalde, baditugu adibidez, Txina, Birmania edota Indonesiako bildumak.
Topic zentroan 1777 txotxongilo daude.
Asian al dago ohitura gehien?
Usadio handiena dagoen tokia da, errotuen dagoena, eta hoberen mantendu dena. Han oraindik, antzina egiten zen bezala, olio-lanparekin sortutako itzalezko txotxongiloak ikus daitezke. West Bengala herrixka galdura joaten baldin bazara, esaterako, duela ehunka urte bezala egiten dutela ikusiko duzu, berdin. Euren gurdiekin joaten dira, erakustokia muntatzen dute, herria inguruan esertzen da... Hori galdu egin zen hemen.
Beraz, desberdintasun handia al dago herrialde batetik bestera txotxongiloak egin eta interpretatzeko orduan?
Horren adibide garbia Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian eduki dugu aurten. Urtero herrialde bati eskainita egoten da eta kasu horretan Suitza izan zen ardatza; hemen gertatu zena eman zen bertan, hau da, tradizioa galdu zela. Beraz, erakusketako txotxongiloak gaur egunekoak ziren batez ere, modernoak, eta aldiz, India edo Txinako erakusketak egin ditugunean, tradizioa nagusitzen zen.
Eta txotxongilo suitzar garaikide horiek gureen antzik al dute? Agian antzinakoak gehiago desberdintzen ziren bata bestearengandik, baina globalizazioarekin...
Seguru aski bai, ziur globalizazioa hor ere sartu dela eta baliteke txotxongilo garaikideak antzekoak izatea, ez dute bereizgarritasun hori. Hartu kontuan gaur egun txotxongilo ikuskizun ugaritan, jendeak ikusten ari den hori txotxongiloa ote den edo ez galdetzen diola bere buruari, objektu asko erabiltzen baitira, eta hori nazioartean gertatzen da. Lehen, adibidez, pupis siziliarrak zeuden, bunraku japoniarrak, gizon-emakume guztien ondare izendatua, itzal txinatarrak... Bazeuden toki jakinetan soilik aurkitzen zenituen txotxongilo mota batzuk, eta orain aldiz, askoz globalagoa da. Tokian tokiko aztarna eduki dezakete, baina zailagoa da desberdintasun hori egitea txotxongiloa begiratuz bakarrik. Gauza denekin gertatzen den moduan...
Gutxienez hilean behin txotxongilo ikuskizun bat antolatzen dute.
Txotxongiloak egiten dituzten artisau edo artistak ikuskizuna antzezten dutenak izaten dira?
Estatu espainiarrean orain hasi dira txotxongiloak artisauei enkargatzen, baina duela gutxira arte, eta oraindik ere, titiritero askok den-dena euren eskuekin egiten zuten. Gidoia idazten dute, batzuek baita musika ere, txotxongiloak sortu... Aldiz, beste herri batzuetan, Japonian kasu, bunraku ez du titiritero-maisu japoniarrak egiten, txotxongiloak egiten aditua den artisau batek baizik, eta soilik titiritero-maisuarentzat burutzen ditu. Berarengana joaten banaiz eta museorako bunraku japoniar bat nahi dudala esaten badiot, ez dit egiten, bat lortzeko beste bide batzuk bilatu beharko nituzke. Ekialdeko herrietan, adibidez, artista titiriteroa artista titiriteroa bakarrik da, dena oso bereizita dago, ez du txotxongilo bat egiten, ez du ikuskizuna antolatzen, ez du eszenografia burutzen. Bera antzerkiko aktore baten modukoa da, iritsi, antzeztu eta badoa. Adibidez, Obraztsov antzokian, txotxongilo antzoki errusiar nagusian, 300 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan, eta bakoitzak berea egiten du bakarrik.
Topic zentroan ere badago txotxongilo ikuskizunak antzezten diren antzoki bat. Zer ikus dezakegu?
Hilean gutxienez ikuskizun bat egiten dugu, eta batzuetan gehiago. Datozen hilabeteetan “Iluminando la noche”, Liburuzaina estu eta larri”, “Pinocho y medio” edota “Titirijuegos” lanak ikusi ahalko dira.
Zer nolako onarpena du Topic zentroak Tolosan?
Oraindik bada Tolosan museoa ezagutzen ez duen jendea eta ezin gara horregatik arduratu. Baina badira beraiena dela sentitzen duten beste pertsona asko, oso harro daude bertan kokatuta egoteagatik, eta den modukoa izateagatik. Eta gehien pozten nauena, ia denak oso gustura irteten direla bertatik, ez dut gustatu ez zaion inor ezagutzen. Txotxongiloen mundua apur bat hobeto ezagututa irteten dira eta hori da gure helburua, txotxongiloari balorea ematea eta jendeak ezagutu dezala, beraz, xedea betetzen goaz eta poliki-poliki txotxongiloa egon beharko lukeen tokian jartzen ari da.
Topic zentroa 2012ko Europako museo izateko izendatuta dago. Zer suposatuko luke titulua irabazteak?
Guretzako poz handia eta onespena esan nahiko luke. Hartu kontuan museo pribatu bat dela, nahiz eta diru-laguntza publikoei esker bizi garen, irabazi asmorik ez duen elkarte kultural baten jabetzakoa da. Eraikina Tolosako Udaletxearena da eta TEEri 20 urtez utzi dio, baina bilduma TEEren ondarea da. Burgoseko Giza Eboluzioaren Museoarekin eta Kordobako Madinat al-Zahara Museoarekin batera izendatuta egote hutsa da pozgarria, baina maila gehiagoko museoekin lehian gabiltza eta guk ez daukagu beraiek dituzten bitarteko ekonomikoak...
“Munduko txotxongiloen gaineko dokumentazio zentrorik onena daukagu”.
Bai, izan ere 2009an sortu zen museoa, ekonomikoki urte txarra, eta jarraian etorri direnak ez dira hobeak izan. Ez da abentura berri bat hasteko garai erraza...
Oso zaila da. Hartu kontuan kultura den guztia defizitarioa dela. Norbaitek esan diezadala kulturak diru-laguntzarik gabe iraun dezakeela... Ez dut diru-laguntzarik gabe sustengatu daitekeen ekimen kulturalik ezagutzen, zentro hau laguntzarik gabe mantendu ahal izateko sarrera oso garestiak kobratu beharko genituzke eta ez litzateke inor etorriko. Gainera, Dokumentazio Zentroa moduko gauzak daude, errentagarri zaizkigunak. Munduko txotxongiloen gaineko dokumentazio zentrorik onena daukagu, eta ez da harropuzkeria. Dena daukagu digitalizatuta eta hori ez du beste inork, ezta munduko txotxongilo instituziorik garrantzitsuena den Charleviko Antzoki Institutuak ere. Fondoa kontsultatu nahi duen edozeinen eskura dago, ez du dirurik ematen, baina ondarea gordetzeko forma bat da. Berriz diot, ezin dugu biziraun diru-laguntzarik edota babes instituzional publiko edo pribaturik gabe eta hori oso zaila da eta lastima da, baliabideak bilatzen gastatzen baita energia asko, benetan den horri eskaini beharrean, baina bizitzea egokitu zaigun garaia da eta borrokatu beharko dugu.
Zein proiektu dituzue martxan?
Proiektuak asko dira. Donostiako Ekintza ikastolarekin eta Gizarte Kutxarekin lanean hasi gara, Belaunaldien arteko Planaren barruan, hirugarren adinekoentzako egoitzetan. Ikasleek hirugarren adineko jendearekin txotxongiloak erabiltzen dituzte, eta Donostiako Ospitalean berdina egiten hasiko gara, txotxongiloen bitartez, alaitasun eta dibertimendu apur bat eramanez ospitalean dauden umeei. Txotxongiloari alderdi terapeutiko eta soziala txertatzen ari gara, alde artistikoaz ahaztu gabe. Idoya Otegui Martínez (Tolosa, 1960) Topic: Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroko zuzendaria, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiko zuzendaria, eta herri bereko Abesbatza Lehiaketako batzorde betearazleko kidea. Harreman Publikoak eta Kongresu eta Ferien Antolaketa ikasi zituen, Convention Bureau eta Donostiako Atrakzio eta Turismo Zentroan egin du lan, non kultura ekimen eta feria ugariren antolaketan parte hartu duen. 1978an Tolosako Abesbatza Lehiaketan eta Txotxongilo Jaialdian kolaboratzen hasten da boluntario moduan, denborarekin batzorde betearazleko kide izatera eta Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia zuzentzera igaroz. Abesbatza kantuaren Europako Sari Nagusiko delegatua da 1997tik. Nazioarteko Txotxongiloen Elkarteko (UNIMA) Aukeraketa Batzordeko lehendakaria 2000tik eta elkarte bereko nazioarteko aholkularia. Euskadi Kulturala aldizkaria zuzendu zuen 1991 eta 1992an. 2006ko ekainean, Taipein izan zen Asian Children Theater Alliance Conference (ACTA) izenekoan parte hartzera gonbidatu zuten ordezkari espainiar gisa. UNIMAk Frantzian editatutako E Pur si Mueve txotxongilo aldizkariko kolaboratzailea da. Ventana al títere ibérico erakusketaren komisariotza eta diseinua egin zituen.