Igone Azpiroz eta Alberto de la Cuesta. Eusko Jaurlaritzako Etengabeko Ikaskuntza zuzendaria eta Tknikako IKT eta e-Learning zuzendaria: Etengabeko ikaskuntzaren bidean, erakundeak izugarrizko eskaintza egiten ari gara, eta beharbada gizarteak ez du oraindik hausnartu bide horretan gaudela

2006-12-15

BREA, Unai

Oreretan, Tknikako (Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroa) egoitza nagusian, egin dugu hitzordua. Hantxe dauka lantokia Alberto de la Cuestak; Igone Azpiroz, berriz, Gasteiztik etorri da, Eusko Jaurlaritzan daukan bulegotik. Euskal Herriko zazpi herrialdeen izenak dauzkate Tknikako beste horrenbeste aretok, eta guri Zuberoa egokitu zaigu elkarrizketa egiteko. Areto handi samarra, ordenagailuz betea, izenak besterik adieraz lezakeen arren. Berehala etengabeko ikaskuntza bezalako kontzeptuetan murgildu gara. Ez dira kontzeptu berri-berriak, baina bai XXI. mendean sartuz geroztik ematen zaien ikuspegia: ikaslea, langilea edo langile izan nahi lukeen ez ezik, pertsona hezitzea da gakoa. Alegia, bizitzarako gaitasunez hornitzea hiritar bakoitza, eta ez bakarrik –hori ere bai, jakina- lanerakoez. Besteak beste, bide horretan egindako urratsez mintzatu zaizkigu Igone Azpiroz eta Alberto De la Cuesta.

Oso oinarrizko kontuekin hasiko gara. Zer da etengabeko ikaskuntza?

Azpiroz: bizitza osoan zehar egin behar den, edo bizitza osorako pentsatuta dagoen prestakuntza bat, pertsona garatzeko eta bere nolabaiteko gaitasunak trebatzeko. Gaitasunak, zentzu orokorrean, ez bakarrik edukiak. Azpimarratu nahi nuke trebetasunak eta gaitasunak landu behar dituela. Etengabeko prestakuntzak iraunkorra izan behar du, eta baliagarria pertsonari begira. Pertsonari erantzun behar dio, ikuspuntu pertsonal aldetik, gizarte aldetik... eta baita ere lanbideratze prozesu batera begira.

Baina, etengabeko ikaskuntza ez da berez, naturalki, bizitzan zehar, denok egiten dugun prozesu bat? Hein batean behintzat...

Azpiroz: Bai. Horretan lagundu egiten du, noski, hezkuntza sistemak, langileen etengabeko prestakuntzak, baita ere langabetuentzako prestakuntza eta helduentzakoa. Ez bakarrik sistematik at gelditu direnei begira. Edozein pertsona, bizitza osoan zehar, gaitasunak jorratuz doa. Gure helburua, azken batean, baliabideak ematea da, prestakuntza gerturatzea, pertsonari begirako formakuntza eskaintza zabala ematea, eta baliabide berriak ematea.

Tknikaren helburuetako bat horixe da, etengabeko prestakuntza...

De la Cuesta: Bai, baina gurea berrikuntzari dagokiona da. Hau da, arlo teknologikoan, kudeaketa arloan, hezkuntza arloan... berrikuntzak sortzen direnean, haiek identifikatu ahala, lagundu egin behar diogu zuzendariari horiek guztiak bideratzen, behar diren baliabideekin, eta munduan sorturiko beste esperientzietan oinarrituta ere bai.

Hau da, datorren mundu berriaren aurrean nola jokatzen ikasi...

De la Cuesta: Edo nola egokitu gure gizarteari sortu diren teknologiak. Sortu diren tokian eta moduan, askotan, ez dira guztiz erabilgarriak eredu modura, eta egokitu behar izaten da, gure gizartea hainbat gauzatan desberdina delako.

Zu, hain zuzen, IKT eta e-Learning arduraduna zara Tknikan, Horiek ere ez dira eguneroko hizkera arruntean erabiltzen diren kontzeptuak... Zer dira?

De la Cuesta: IKT, Informazio eta Komunikazio Teknologiak. Hau da, ez soilik Internet, baizik eta Internet gainean eta inguruan sortzen diren teknologiak. Ezagutzen dugu bideokonferentzia, baina oso ezagun ez dena, eta oso garrantzitsua da hezkuntzarako, web-konferentzia da: internet bitartez sortzen den elkartze prozesu bat, elkarrizketa moduan, baina pertsona ikusi eta aditu ez ezik, dokumenturen bat eta aplikazioak partekatzeko aukera ematen duena. Denbora errealean, eta oso teknologia maila errazarekin. Ikasteko erraza da, baina interaktibitate aukera handia ematen du.

Hizkuntza irakaskuntzan diharduen askok esaten du autoikaskuntzak, internet bidez edo bestela, betidaniko aurrez aurreko eskolek baino emaitza hobeak dituela. Ez dakit hala den arlo guztietan, eta ez dakit neurtu egiten den ere...

De la Cuesta: bai, bai, neurtu egiten da, etengabe. Nire ustetan, egokitasunaren araberakoa izaten da. Hau da, aurrez aurreko ereduan aukeratu ahal izango bagenitu benetan beharra eta gogoa dauzkaten irakasle egokia, ordutegi egokia, metodologia egokia eta baliabide egokiak, oso arrakastatsua izango litzateke. Guztietan horrela ezin denez egin, bakoitzak bere erritmoa daukalako (egutegia, agenda eta abar), horrek sortzen dituen trabak, azkenean, emaitzaren kontra doaz. Mundu digitalean antzeko baldintzekin jolasten dugu; pertsonak dauzkagu, edukiak dauzkagu, helburu batzuk lortzeko baliabideak dauzkagu, eta pertsona horiek badituzte aurrez ere ezagutza batzuk, asmo batzuk eta dedikazioa. Baina Internetek erraztu egiten digu muga batzuk gainditzea. Adibidez, hizkuntza mugak. Norberak nahi duen hizkuntzan ikas dezake. Bestetik, modu asinkronoan ikas daiteke, hau da, ikasleak denbora daukanean eta ez irakaslea zain dagoenean. Eta muga geografikoak ere gainditzen dira: nik euskaraz ikas dezaket Hegoafrikan egonda. Gero, badago beste gai garrantzitsu bat, Internetek edo baliabide hauke errazten digutena eta aurrez aurreko eskoletan egin ezin dena: dibertsitateari arreta. Norberak, hizkuntza bat ikasterakoan adibidez, beharko du ikasi ahoskapena, baldin badago telefono batean lanean, beste batek gauza teknikoak, itzultzailea baldin bada, beste batzuek idatzi eta beste batzuek ulertu. Orduan, ezagutza maila berean lau elementu dauzkagu. Horiei guztiei erantzutea, hamabost ikasle dauden aurrez aurreko eskola batean, oso irakasle ona edukita ere, oso zaila da. Internet bitartez, berriz, oso erraza da. Orain, etengabeko formakuntza nazioarteko proiektu bat bultzatzen ari gara; Bruselan aurkeztu da eta badirudi aurrera joango dela. Alegia, ikas-irakas metodologia pertsona bakoitzari egokitzea. Pertsona bakoitzak eredu mental bat dauka, izaera berezia, eta horrek eragiten du ikasteko prozesu berezia behar eta nahi izatea. Hau ezin da egin aurrez aurreko eredu batean. Berriz, teknologia hauen bitartez eta adimen artifiziala erabiliz, jakin daiteke zein den ikas-irakas prozesuaren metodologiarik egokiena ikasle bakoitzarentzat.

Azpiroz: saio bat eginda daukagu, etengabeko ikaskuntza atarian, hiru.com-en, hizkuntzekin. Berehala beste ikastaro batzuk izango ditugu sarean, baina momentuz ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera eskaintzen ditugu on-line, eta norberak erabakitzen du tutorea hartzen duen edo bere kasa ikasi nahi duen. Malgutasuna erabatekoa da modu batean eta bai bestean, baina ikusi dugu emaitzak askoz sendoagok direla tutorea dagoenean. Denok dakigu gure agenda gero eta beteago dagoela, eta askotan zaila izaten dela, nahiz eta asmo onez aritu, norberak bakarrik jarraitzea helburuak lortu arte. Tutorea dagoenean, lagungarria izaten da.

Eta hizkuntzak ez diren beste arloetan?

Azpiroz: Gauza bera, esango nuke. Eskarmentu txikiagoa daukagu, baina oraintxe jarri behar dugu martxan gaitasun orokorrak lantzeko hainbat ikastaro, baita material didaktikoak eta jokoak ere -umeei, gazteei zein helduei bideratuak-, eta horretan oinarritzen gara. Ahal den neurrian –denetan ezin dugu eduki tutoretza-, plataforma baten bitartez ikas-prozesu hori jarritzeko bidea eduki nahi dugu.

Esan duzue Tknikan berrikuntzarekin lotuta lantzen duzuela etengabeko prestakuntza. Ez dakit Jaurlaritzak, horrez gain, beste arlo batzutan ere dabilen. Tknikatik kanpo, esan nahi dut.

Azpiroz: gure helburua pertsonaren prestakuntzari laguntzea da. Jaiotzetik ia-ia, bizitza osoan zeharreko prestakuntza bat eman ahal izatea, Noski, proiektua oso aberatsa da eta bide bat egiten ari gara. Tresna dezente daukagu jarrita, talde desberdinetara bideratzen dugu gure ekintza, eta esango nizuke lan egiten dugula Lanbide Heziketako ikasleekin eta titulatu berriekin, baita ere irakasle edo hezitzaile direnekin. Baina beste esparru batzuk ere badauzkagu. Gizarte osoari erantzuna emateko badaukagu egitasmo bat, eta hor ematen duguna ez da bakarrik hezkuntza sistema tradizional edo formalean daukagun formakuntza. Beste esparru batera iritsi nahian, nolabaiteko finantzazioa ematen diogu formakuntza eskualde mailan, herri mailan...

Aipatu dituzun horietan, e-Learning al da, hain zuzen, tresna nagusia?

Azpiroz: izan nahi du. Izugarriko inbertsioa egin dugu aurreko urteetan, gizartean hardwarea zabaltzen. Noski, hezkuntza sisteman ere bai. Uste dut erakundeek, oro har, bultzatu egin dutela ordenagailuak iristea azkeneko etxeraino. Hori ez da oraindik amaitu, baina uste dut helburua lortuta dagoela oro har. Une honetan, azpiegitura horri edukia eman behar diogu, eta horretan ari gara murgiltzen. Inbertsio garrantzitsua egiten ari gara materialak sortzeko, eta ez dugu edonolako materiala nahi, kalitatezkoa nahi dugu. Eta e-Learning bera… Asko hitz egiten da e-Learningaz, baina hor zer dagoen ere aztertu egin behar da, eta e-Learningaren helburuak kalitatezko material batzuen bidez baizik ezin dira lortu. Hori da gure helburua, ez bakarrik -eta horretan ere ari gara noski-, Lanbide Heziketako e-Learning materialak sortzea. Edozien ezagutzari begirako edukiak garatu behar ditugu.

Izan ere, gizarte osoa aipatu duzu lehen. Nor da honen guztiaren hartzailea? Hiritar guzti-guztiak?

Azpiroz: hala behar luke. Beharbada ez diogu erantzuten jende guztiari arlo guztietan, baina momentu honetan edonork aurkitu ditzake hiru.com-en nolabaiteko eduki estatikoak, eta baita dinamikoak ere, maiztasun jakin batez aldatzen direnak. Gure helburua, noski, pertsona guztiei erantzutea da.

Behar batzuk ere badaude jakina, norberak bere borondatez ikasi nahi duenaz gain. Enpresek, lehiakorrak izaten jarraitu nahi badute, nor bere lanean hobeto aritzeko gaitasun batzuk beharko dituzte, eta etengabe berritu...

Azpiroz: hor bi tresna dauzkagu. Oro har, etengabeko ikaskuntza horretara bideratuta dago noski, eta atal bat, horren barruan, etengabeko prestakuntza da, hau da, langileen prestakuntza. Orain arte lan izugarria egin da. Aztertuta daukagu zer kualifikazio behar diren lan munduan, eta mundu horretan daudenei -edo langabetuei, lan munduan sartzen laguntzeko-, gure kualifikazio sistemen oinarrian dagoen formakuntza iritsiarazi diegu etengabeko prestakuntzaren bitartez. Hori garrantzitsua izanik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu baita ere, une honetan, eskatzen digutenari erantzutea. Bai enpresek bai langileek eskatzen digutenari. Horretarako oso inportantea da diagnosia, beharrak ezagutzea, eta gure Lanbide Heziketako ikastetxeen bitartez, erantzuna ematea behar horiei. Horretan ari gara, murgilduta gaude erabat, eta langileen arlo hori, nik uste, nahiko asetua daukagu. Beti dago hobetzerik, jakina, garbi daukagu hori.

Hori langileei dagokienez, baina pertsonaren ikuspegia ere azpimarratu nahi nuke. Batzutan, enpresek oso garbi daukate zeintzuk diren langileak behar dituen gaitasunak, gero eta azterketa gehiago egiten da lehiakortasunari buruz. Baina ez dugu ahaztu behar pertsonak ere bere garapena behar duela. Langile izan ala ez, martxan daukagu proiektu bat: Bitartekariena. Eskualdeka, esparru geografiko lokalago batean, pertsona bat eduki nahi dugu, komunikaziorako eta diagnosia egiteko prestatuta dagoen, pertsonengana iritsiko den.

Eskaria handia da? Esan nahi dut: zein da bide ohikoena, zuengandik hiritar, ikastetxe eta enpresengana, edo alderantziz?

Azpiroz: uste dut ez-jakintza handia dagoela oraindik, baina gero eta gehiago gerturatzen da pertsona. Horrek zer eragiten du? Guk, geure aldetik ere, gero eta gehiago eskaintzea. Gauza bat da guk prestakuntza eskaintzea, eta eskaintzen dugun hori gero eta gehiago eskatzen da. Baina ikusten dugu baita ere, bitartekarien bidez, erakundeen arteko harremanak direla-eta -gure bitartekariak oso gertu daude udalengatik, pertsonengandik, ikastetxe publiko zein pribatuetatik, aldundiekin ere badute nolabaiteko hartu-emana...- gero eta eskaera gehiago jasotzen dugula.

Tknikan zer egiten zarete oraintxe, zehazki, etengabeko ikaskuntzari dagokionez?

De la Cuesta: e-Learning mailan, e-Learning edukiak garatu ahal izateko prozedura osoa definitu izan da hasi eta bukaeraraino. Hori etengabe ari gara berrizten, hau da, Europatik eta munduko herrialde garatuenetatik datozen irizpideak erabili nahi ditugu, eta horri esker nahiko prozesu polita eta egokia daukagu. Horrek eskatzen digu, alde batetik, teknika aldetik oso landuta egotea edukiak, eta bestetik metodologia ondo lantzea. Oro har, irakasleak, bai hemengoak eta bai kanpokoak, ez daude prestaturik hori egin ahal izateko. Formakuntza eman behar zaie...

Barkatu, baina, zuen “bezero” nagusiak irakasleak dira?

De la Cuesta: ez, sistemako irakasleak gure baliabideak dira, guk laguntzen diegu beraiei kalitatezko edukiak lortu ahal izateko. Nahiago dugu Euskadin dauden maila oneko irakasleekin lan egitea, kanpora joatea baino, zerbait erostera eta egokitzera. Ez baldin badago lehendik eginda eta ondo eginda. Atzerrian zerbait baldin badago oso ondo eginda, eta gure sistemari egokitu dakiokeena, hartu egiten dugu. Itzuli eta erabili. Baina ez badago, nahiago dugu gure jendearekin egin, beraiek presta dezaten.

Eta ikasleari zuzenduta, zer?

De la Cuesta: Ikasleari baino, pertsonari. Etengabeko fornakuntzaz ari garenean, pertsonez ari gara ikaslez baino. Gizartearen ezagutzaz ari gara, eta pertsona batek ikasi nahi duen guztia bilatu ahal izango du, etorkizunean, horrelako plataformetan.

Langileen prestakuntzari dagokionez, berriz, edozein langiletaz ari gara, alegia, edozein kualifikazio maila daukaten langileez?

De la Cuesta: Bai, zuzendaritik garbitzaileraino, edozein egituratan, edozein pertsonak eskubidea dauka formakuntza jasotzeko, eta eskubidea ez ezik beharra ere bai.

Azpiroz: Hara, prestakuntza beraria da, espezializatua. Zuk pentsa, adibidez, langile prestakuntzan murgiltzen bagara, gure eskaintza eredua Lanbide Heziketa bera dela. Badira urteak erkidego honetan kualifikazio sistema garatu genuela, eta gainera eredu izan gara beste erkidegoentzat. Eta zer da kualifikazio sistema? Aurreikusten diren lanpostuei begira, behar diren gaitasunak lortzeko prestakuntza bat. Etorkizunean 26 familia inguruko kualifikazioak izango dira lanbide arloan. Momentu honetan 23 definituta daude, baina ez daukagu erabat garatuta lanbide arlo guztietakoa, baina bai oso esparru zabalekoa. Gure web orrian (www.euskadi.net/lanbidez) edozeinentzat eskuragarri dago horri buruzko informazio zabala.

Orain arte ez dugu behin ere, unibertsitatea aipatu, eta EUSKONEWSen bertan Iñaki Mujika sailburuordeak esan zuenez, unibertsitatean egiten dena ere lanbide heziketa da...

Azpiroz: noski. Lanbide Heziketa lanerako prestatzen gaituen prestakuntza da, eta unibertsitateak horixe egiten du. Azken batean, Lanbide Heziketak pertsonak prestatzen ditu 2. eta 3. mailako kualifikazioak lortzeko. Eta unibertsitateak orain arteko 4. eta 5. mailetakoak. Europan mailaketa berria definitzen ari dira, baina azken batean bai Lanbide Heziketa bai unibertsitatea horri erantzuteko gaude.

Esan nahi nuena zera da: etengabeko ikaskuntzari dagokionez, irizpideak berberak dira?

Azpiroz: bai. Eta orain ari gara lan garrantzitsua egiten, daukagun kualifikazio sistema hau Europako sistemari egokitzeko.

Kontu hauek guztiak berri samarrak dira, aspaldikoagoak...?

De la Cuesta: e-Learning edo kualifikazio sistemak?

Etengabeko ikaskuntza oro har, eta e-learning horren barruan.

Azpiroz: etengabeko ikaskuntzaz, nik uste, aurretik hitz egiten zen, baina 2000tik aurrera hartu zuen indar izugarria, Lisboako goi-mailako bileraren ondorioz. Zentzu horretan, nahiko berria da, baina etengabeko ikaskuntzaren barruan gauza asko dago. Ni 1987an sartu nintzen hezkuntza sisteman, eta orduan ere lan egiten zen langileei begirako etengabeko prestakuntzan. Baina pertsonari begirakoa etengabeko prestakuntza iraunkor kontzeptua berriagoa da.

Lisboan, hain zuzen, garapenerako ezagutzak daukan garrantzia azpimarratu zen. Horrekin lotuta dago etengabeko ikaskuntza?

Azpiroz: hala da. Orduan hasi ziren, bai eskualdeak bai herrialdeak, estrategia batzuk garatu behar direla jabetzen. Eta alde horretatik badago berrikuntza kutsua. Ezagutzari garrantzia eman zaio eta ikusi besterik ez dago, 2001ean sortu zela gure erkidegoan Etengabeko Ikaskuntza eta Lanbide Heziketa Sailburuordetza. Horrekin sortu zen, aldi berean, Etengabeko Ikaskuntza Zuzendaritza, beraz nahiko berria da. Erakundeak etengabeko ikaskuntza kultura hori zabaldu nahian ari dira. Oraindik jende askok ez du ulertu, edo ez du ulertu nahi, etengabe prestatu behar dugula, eta horretan ari garela. Esango nuke bide horretan erakundeak ari garela izugarrizko eskaintza egiten, eta beharbada gizarteak ez duela oraindik hausnartu bide horretan gaudela.

Eta e-Learninga?

De la Cuesta: e-Learninga aspaldidanik dabil, bai Euskadin bai beste erkidegoetan, baina nik ezagutzen ditudan lehenengo Euskadiko esperientziak, enpresa handiekin, 2000koak direla gutxi gorabehera. Orduan, saio politak egin ziren aurrezki kutxetako langileekin. Milaka ikasleetaz ari naiz, denak batera. Garai hartan, edukiak kanpotik etorri behar izan ziren. Horrelako saiakerak egin izan dira gure zentroen bitartez, hau da, Lanbide Heziketa zentroen bitartez. Etengabeko formakuntzan, enpresei, beraz langileei, gure ikastetxeek ematen dieten formakuntzaren bitartez. Lehengoaren eta oraingoaren arteko desberdintasuna? Bada, Tknika sortu denetik, ahalegin horiek guztiak koordinatzen gabiltzala. Teknologikoki laguntzen diogu behar duten zentro guztiei, eta metodologikoki ere bai. Sinergiak lortzea dugu helburu, hainbesteko ahalegina egin ez dezaten helburuak lortzeko.

Etengabe prestatu behar duguneko ideia bera, kontzeptua, nahiko berria da beharbada...

Azpiroz: Uste dut Lisboak ezarri zuela, nahiz eta aurretik hori buruz hitz egiten zen. Hortik aurrera, gobernuek, eskualdeek, estrategia zehatzak ezarri dituzte, helburu zehatzekin, jendea prestatzeko. Hiritarrak, ez bakarrik langileak. Eta azpimarratuko nuke dagoeneko ez duela balio oinarri hutsak: ama-hizkuntza (atzerriko hizkuntzari izugarrizko garrantzia ematen zaio momentu honetan), zientzia, teknologia, matematika, kalkulua… Horretaz gain badaude gaurko gizartean garrantzitsuak diren beste gaitasun batzuk: ikasten ikastea, ekintzaletasuna, adierazpide kulturalaren jabe izatea, lan taldean aritzeko gaitasuna, gidari izateko gaitasuna, beharrei erantzuten jakitea… Europan zortzi gaitasun definitu dira, horiek dira gakoak.

De la Cuesta: Bestetik, zera gaineratu nahi nuke: Badira hiru kontzeptu, hasierako formakuntza, hasierako formakuntza (hezkuntza formala), etengabeko prestakuntza (langileentzat), eta lanerako prestakuntza (langabetuentzat). Hauek aspaldidanik ari dira funtzionatzen, baina badaude hiru hauetako batean ere kokatzen ez diren pertsonak. Adibidez, jubilatuak. Edo langile bat, baina bere enpresak behar dituen ezagutzaz aparte, pertsonalki beste zerbait ikasi nahi duena. Lehenengo hiru horiek, esan bezala, aspaldidanik ari dira funtzionatzen, eta Euskadin oso ondo eratuta dago sistema. 46 zentro integral dauzkagu, eta horietan hiru sail horiek lantzen dituzte.

Azpiroz: hau da, irakasle batek formatzen du hasierako Lanbide Heziketako ikaslea, irakasle berak prestatzen du langilea, eta irakasle berak presta dezake langabetua ere.

De la Cuesta: horri esaten zaio irakasle integrala.

Azpiroz: kontua da formakuntza honek sistema arautuan definitutako soslaiei erantzuten diela. Enpresen beharrei gehienbat, edo langileak eskatzen duenari, baina lanpostuari begira. Orduan, hortik kanpo talde handia gelditzen da, adin guztietakoa. De la Cuesta: izan ere, hiru horietatik hemendik kanpo dauden guztiak, baina baita haien barruan dauden guztiak ere. Ni langabetua naiz eta lanerako prestatzen ari naiz neure burua, baina horretaz gain badauzkat arazo batzuk: komunikazio arazoak, edo mugikorra ez dakit erabiltzen, edo ez dakit legediaz ezer… Eta pertsona naizen heinean ikasi nahi dut hori, ez lanerako. Eta ez dut titulazio bat bilatzen, ezagutza baizik. Adibide bitxi bat emango dizut: behatu dugu informatikan adituek, oro har, oso gutxi jakiten dutela sukaldaritzaz, gizarteko gainerako pertsonekin alderatuta; ordu asko eskaini diote beren arloari buruzko heziketa jasotzeari, eta ez dute astirik eduki beste gauza batzuk ikasteko. Bada, ikastaroak egin dira horiei sukaldaritza irakasteko, arrakasta handiz gainera. Eta halako beste hamaika adibide aipa niezazuke. Horretarako, etengabeko ikaskuntza da tresna. Eta hori bai, esan dugunez, berri samarra da. Igone Azpiroz Artano (Donostia, 1963)

Donostian jaio eta bertako EUTG eskolan eskuratu zuen Ekonomia lizentziatura. Hainbat enpresatan aritu zen kontabilitate lanetan, eta handik irakaskuntzara igaro zen. Usurbilgo Lanbide Eskolan, Donostiako Zubiri Manteo ikastetxean, eta Zarauzko Turismo eta Marketing eskolan ibili da. Gaur egun Zarautzen bizi da hain zuzen. 2002-2005 epealdian Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako lurralde ordezkaritzan lan egin eta gero, lantokia Gasteizen dauka iaztik, Etengabeko Ikaskuntza Zuzendari kargua hartuz geroztik hain justu. Alberto de la Cuesta Insausti (Bilbo, 1970) Bilbon jaioa izanagatik, gipuzkoarra dugu De la Cuesta. Gazte-gaztetan, prentsa argazkilari jardun zuen, baina beraren lana, batez ere, etengabeko ikaskuntza koordinazioari eman dio. Langabetuen formakuntzan aritu izan da, eta ondoren IKT aholkularitzara egin zuen jauzi, “bai hezkuntzari bai enpresa antolakuntzari dagokienez”.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Ignacio Murgia Mañas. Osalan-eko zuzendari nagusia: Enpresaren errealitatea izugarri ari da aldatzen, langilea babesteko baliabideek, aldiz, oso mantso egiten dute aurrera

 

Irakurri

Benito Lertxundi. Musikaria: Euskarari eraso egiten zaionean, minduta sentitzen naiz, ni ere euskara banaizelako

 

Irakurri

Nuria López de Guereñu Ansola. Garraio eta Herri Lan Saileko Sailburua: Gure etorkizuna bermatu nahi badugu trenera jo beharra daukagu, garraiobide eraginkorra eta iraunkorra baita

 

Irakurri

Joaquín Gálvez. Idazlea eta gerrako umea: Etxebizitzak, zenbait oroitzapen, bizipenak... ahazten joan zaizkit baina zorionez, memoria gelditzen zait oraindik

 

Irakurri

Iñigo Lamarca. Arartekoa: Herritarrak ez dira inoiz erabat gustura egongo administrazio plublikoak egiten duenarekin, eta ez da iritsiko kexarik aurkezten ez duten momentu bat

 

Irakurri