Javier González de Durana: "Artium eta Guggenheim alderatuz, lehena delicatessen bat litzateke eta merkataritza gunea bestea"

2002-03-15

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Javier González de Durana Javier González de Durana, Artium eko zuzendaria "Artium eta Guggenheim alderatuz, lehena delicatessen bat litzateke eta merkataritza gunea bestea" * Ismael Diaz de Mendibil Azken orduko aldaketarik egoten ez baldin bada, datorren apirilaren 26an zabalduko ditu ateak Artiumek. Hainbat tira bira eta eztabaida politiko gainditu ondoren, Arabako Arte Garaikidearen Museoak erakusgai ipiniko du bere bilduma zabala. Aurreikuspenen arabera, 90.000 bisitari espero ditu lehenengo zortzi hilabeteetan. Arabako azken urteotako kultur azpiegiturarik garrantzitsuena da Artium, erreferente bihurtzeko asmo garbia duelarik. Bertako zuzendaria, Javier González de Durana, helburu zehatz batekin aritu da lanean, profesional talde batez inguraturik: arte garaikidea gizartearengana hurbiltzea. Gonbidatuta zaudete: apirilaren 26tik aurrera, Vitoria Gasteizen. Zein ekarpen egingo dio Artiumek Arabari, eta, esparru zabalago batean, Euskal Herriari? Artiumen asmoa, Arabako eta Euskal Herriko gizartearen eta kultura garaikidearen arteko lotura gune estu, sendo eta sakona izatea da. Kultura garaikidea pentsaera artistikoaren bilakaerarekin konprometituta dago, baina baita ere artean oinarrituz gizartearen interesekoak diren beste gaiei argitasuna eman edo bere ikuspuntua adierazten dien beste pentsaerekin ere. Artearen ardatza bizitza da, bizitzaren alderdi formal eta ideologikoak, eta beraz Artiumen alderdi horien guztien gaineko adierazpen artistikoa "ikusi" ahal izango da. Zerekin egingo du topo Artiumeko ate nagusia zeharkatzen duen bisitariak? Bisitariak esperientzia artistiko desberdinak erakutsiko dizkion gertakari artistikoak topatuko ditu, eta gertakari horiek informatu egingo dute, pentsarazi, eta plazer sentsoriala emango diote nahiz eta batzuetan, pentsarazteko, hain justu plazerraren aurkakoa behar den . Alegia, pertsona gisa eta bere garaiko subjektu sozial gisa aberastu egingo duten jarduerak aurkituko ditu. Eta zer espero dute Artiumeketa bere zuzendariak bisitariengandik? Jakin mina eta ezagutzeko gogoa. Artiumek, bere lehenengo zortzi hilabeteetan, 90.000 bisita jasotzea espero omen du. Aurreikuspen horrekin ez al duzue zuen burua babestera jo? Ez, inola ere ez. Urtean 135.000 bisitari izango genituzke. Asko da hori. Konparatu, bestela, Valentziako IVAMek 2001ean izan dituen 230.000 bisitariekin. Kontuan izan museo hori milioi bat biztanle baino gehiago dauzkan hiri batean dagoela, hamabi urteko historia duela, gure aurrekontuaren hirukoitza duela, eta gure museoa baino askoz ere handiagoa dela... Museo horrek ez du guk aurreikusten ditugun bisiten bikoitza ere izan. Beraz, ez nuke esango aurreikuspen txikiegia egin dugunik. Nik oso baikorrak izan garela esango nuke, ausartegiak beharbada. Bartzelonako MACBAk, hain garrantzitsua izanik, guk lortu nahi ditugun antzeko emaitzak izaten ditu. Artiumen etorkizunari dagokionez, ezezkorrenek diote Arte Garaikideko Museo bateko bilduma iraunkorra ez dela urtean bisitari asko jasotzeko behar bezain erakargarria... Arte bildumen helburu nagusia, bilduma hori norberarena izan edo maileguan hartutakoa izan, ez da bisitariak erakartzea. Hori da, gaur egun, museo baten arrakasta neurtzeko orduan egiten den akatsik handienetariko bat. Artea sentsazio eta pentsaerak probokatzeko da, ez jendea besterik gabe erakartzeko. Hori, artxibo historikoen arrakasta artxibo horiekin lanean dabilen ikertzaile kopuruaren arabera neurtzea bezalakoa izango litzateke. Ez. Artxiboek funtzio sozial eta kultural bat betetzen dute; berdin du zenbat ikertzaile ari diren horiekin lanean: 10, 100 edo 100.000. Museoekin gauza bera gertatzen da: jendea, beharra eta gogoa duelako joaten da museoetara. Beharrik edo gogorik ez duenak ez du zertan etorri behar, eta guk ere ez dugu jende hori etortzera behartu behar. Egin behar duguna programazio paregabe bat prestatzen saiatzea da, eta programazio horren berri ahalik eta ondoen eman. Gero, nahi duena etor dadila. Ni ez nago prest gure museoarenarrakasta bisitarien kopurua bezalako gauza manipulagarri eta kulturaz kanpoko baten arabera ebaluatzeko. Hala ere, inongo lotsarik gabe esan dezaket ahalik eta jende gehien erakartzen saiatuko garela, baina horretarako gure helburuak inolaz ere ukitu gabe. Baikorrenek, ostera, Arabako kultur bizitzan erreferente berri bat izango dela diote. Hori pentsatzen dutenei arrazoia ematen saiatuko gara. Oker al dabiltza Artium Arabako turismoa indartzeko motor bat izango dela pentsatzen dutenak? Gehiegizkoa iruditzen zait Artium motor turistiko garrantzitsu bat izango dela esatea. Museoak bisitariak erakarriko ditu, dudarik gabe, baina motorra, izatekotan, Erdi Aroko Kaskoaren, Santa María katedralaren eta Artiumen arteko ekintza bateraturen bat izango da. Denborarekin, hirukote horri Errioxako upeltegi batzuen arkitektura garaikidea ere gehituko zaiela espero dut. 2002 urterako hiru milioi eta erdi euro baino gehixeagoko aurrekontua du Artiumek. Nahiko kopuru apala dirudi halako museo batentzat. Hala al da? Nahikoa da gure hasierako helburuak betetzeko. Nolanahi ere, kontuan izan behar da zenbateko horretan ez direla Artiumek izango dituen beste partida ekonomiko batzuk sartu; esate baterako, obra artistiko berriak eskuratzeko izango dituen 150 milioi pezetak edo zaharberritze gastuetarako 25 milioiak. Gure kasuan, bi partida horiek Arabako Foru Aldundiko Kultur Sailarenak dira, baina gastu hori gure erabakien araberakoa izango da. Zure iritzian, zergatik egiten diote muzin entitate pribatuek kultur proiektuetan parte hartzeari? Artiumen kasuan ez dut muzinik nabaritu. Orokorrean enpresarien aldetik nolabaiteko interes gabezia sumatzen baldin bada kultur proiektuei dagokienez, proiektu horiek zein abantaila ekarriko dizkien ondo azaldu ez zaielako da, edo onura txikiak emango dizkietelako. Eta baliteke hori baliabide pribatuak lortu nahi dituen kultur erakundeek behar bezalako antolaketa eta egitura juridikoa ez izateagatik gertatzea. Zein izango da zuen kudeaketarenhelburua? Erakusketak antolatuko dituen museo erakargarri bat izateko asmoa duzue, ala artistek artea landu, ikertu eta praktikatzeko zentro bat? Kudeaketaren bidez, gure zeregina eraginkortasunez eta efizientziaz betetzen saiatuko gara. Aipatu dituzun bi aukera horien artetik, batez ere lehenengorantz joko dugu. Egia da inoiz edo behin, duela urte dezente, artisten tailerrak izango zituen museo bati buruz hitz egin zela, baina ideia horrek ez du aurrera egin. Museo batek ez du produkzio gune bat izan behar. Bi gauza horiek ez dira nahastu behar, bateraezinak direlako. Museoa izugarri handia denean, mutur batean produkzio gunea koka daiteke, bere ondorio guztiekin (zarata, usaina, tresnen mugimendua...), eta beste mutur batean museoa, lasaitasun giroan. Baina Artium ez da museoa bakarrik izango; arte zentroa ere izango da. Ez da artea erakustera mugatuko, baizik eta, pentsamenduaren eta gaiak sakontzearen bidez (mintegiak, hitzaldiak, zine, musika eta dantza zikloak...), aretoetan erakusgai dagoen artea hobeto ulertzeko ekintzak ere antolatuko ditu. Artea ekoizteko zentroak oso beharrezkoak dira (Arteleku, Bilbaoarte...), baina hori beste erakunde batzuek egin behar dute. Nolanahi ere, egongo da "in situ" ekoiztu beharko den erakusketa puntualik ere. Guggenheimek Euskal Herrian artearekiko interes sozial, politiko eta ekonomikoa piztu du? Beste modu zuzenago batean esanda, Guggenheim Bilbaoren arrakastari esker sortu al da Artium? Arabako museo hau lehenago edo beranduago sortu beharra zegoen. Hala ere, nahi baino beranduago eratu da. Eta, bai, baliteke inguruko hirietan antzeko erakundeek izan duten arrakastari esker sortu izana. Behintzat hori pentsatu genuen Guggenheim Bilbao museoaren proiektua hasiera hasieratik bultzatu genuenok. Inori ez zaizkio konparazioak gehiegi gustatzen eta agian probokatzailea ere gerta daiteke, baina Artium eta Guggenheim, Deportivo Alavés eta F.C. Barcelona bezala direla esan al genezake? Artium eta Guggenheim, Euskal Herrian kokatutadauden arte garaikideko bi museo dira. Hortxe bukatzen dira antzekotasun guztiak. Artium eta Guggenheim alderatuz, lehena delicatessen bat litzateke eta merkataritza gunea bestea: biek saltzen dute, baina bakoitzak bere modura. Ikuspegi arkitektonikotik, zer azpimarratuko zenuke Artiumen eraikinetik? Kontuan izanik Vitoria Gasteizen erdi erdian plaza publiko berri bat zabaldu duela eta bere instalazio batzuk 0 kotatik behera daudela. Bere funtzionaltasuna, logika espaziala, malgutasuna, aukera konstruktiboen aprobetxamendu bikaina eta serenitate formala aipatuko nituzke. Jakin mina asetzeko, zein balio ekonomiko du merkatuan Artiumeko bilduma iraunkorrak? Alegia, zenbat balio du honek guztiak? Bilduma 26.368.000 eurotan baloratua eta aseguratua dago. Rekalde Aretoa, Artium... Javier González de Duranaren bizitza profesionaleko garai desberdinak dira. Zein izango da hurrengoa? Ideiarik ez. Gainera, ez dakit beste etaparik egongo ote den ere. Agian hauxe izango da azkena, baina ez litzaidake batere axolako hala balitz. Argazkiak: Gonzalez de Durana: Artium. Maketa: EUVE k buruturiko simulazio birtualetik Euskonews & Media 159.zbk (2002 / 3 / 15 22) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Juan Mari Beltran: "Fusioa ere etxean dago: Aralarko artzainen doinu zaharrek arabiar musika dirudite"

 

Irakurri

Jose Mari Muxika: "Topagunean biltzen diren jarduerak euskal gizarteak eskatzen dituen jarduerak dira"

 

Irakurri

Miguel Sánchez Ostiz: "Idazle batek ezin dio gizateriari bizkarra eman"

 

Irakurri

Olivier Ribeton: "Euskal Museoa eta Baionako historiaren museoa zabalik: abiaburua edo helburua"

 

Irakurri

Arantxa Urretabizkaia: "Ezin dut, kazetaritza edo literaturen artean bat aukeratu. Nik biak behar ditut"

 

Irakurri