Juan Mari Beltran: "Fusioa ere etxean dago: Aralarko artzainen doinu zaharrek arabiar musika dirudite"

2002-03-08

DOXANDABARATZ OTAEGI, Beñat

Elkarrizketa: Juan Mari Beltran Juan Mari Beltran, musikaria "Fusioa ere etxean dago: Aralarko artzainen doinu zaharrek arabiar musika dirudite" * Beñat Doxandabaratz Herri musikaren gizon orkestra dugu Beltran. Zaila da ordea, Juan Mariri etiketak jartzea, txalapartari aparta, ikerlea eta irakaslea ere badelako. Bere lanari esker, gainera, Herri Musikaren Txokoak bere ateak zabaldu berri ditu Oiartzunen. Eta bitartean, "Arditurri" bere azken diskoa plazaratzeko astia izan du. Zure ibilbidea ikusita zaila da zehazki zer zaren esatea: musika ikerlari, musikari, sortzaile, irakasle, luthierra edo dena batera. Zer zaitugu? Guztiaren gainetik, musikaria naiz. Nola sortu zitzaizun musikarekiko grina? Etxarri Aranatzeko udaletxeko ganbaran 9 urterekin klarinetea eta txistua ikasten. Eta 11 urte nituenerako Musika Bandan bi tresnak jotzen nituen. Gero, donostiaratu egin zinen. Hobe esanda, donostiaratu egin ninduten, nire gurasoek erabaki baitzuten Donostiara joatea. Eta tira, 15 urte nituela, txistuarekin jarraitu nahi nuela eta, Isidro Ansorena maisu handiarekin harremanetan jarri eta hark oso ongi erakutsi zidan. Martxa ederra ematen zizuen, gainera. Bai horixe! Nire anaia eta biok Donostiako auzo guztietara jotzera bidaltzen gintuen Isidrok: Martuteneko festak, Ategorrietako festak, Antiguako festak, Intxaurrondoko festak zirela, han ginen gu. Ezkontzetan ere jotzen genuen, Artzai Onaren Katedralean gehienbat, 500 pezeta kobratuta, zortzi kantari eta bi txistulari, beraz, hamarna duro. Eta lortzen genuen diru apurra etxera ematen genuen, aitak hala erakutsi zigun eta. Txori batek esan dit sos horiekin ere musika tresnak erosten hasi zinela. Bai, baina hori beranduago izan zen, Argia dantza taldearekin kanpora bidaiatzen hasi ginenean. Ingalaterra, Bretainia, Andaluziarako bidaiaren aitzakian tokian tokiko tresnak erosten nituen nire emanaldietan irabazitako sosarekin. Edo baldin banekien mendigoizale bat Peru edo Himalayara joatekoa zela, ba handik flauta batekartzeko esaten nion. Azkenean, politena soinu tresna bakoitzak atzean istorio bat duela jakitea da. Eta zaletasuna grina bihurtu zitzaizun. Bai, horixe! Pixkanaka tresnak pilatzen joan eta konturatu orduko, hainbeste musika tresna jasota nituen, non ez zitzaizkidala etxean kabitzen. Beraz, gauza mordoa Aita Donostia zenaren ilobaren ganbaran eta besteak Txanbela taldeko kide baten baserrian gordetzen nituen. Garai hartan, 1988 inguruan, sortu zitzaidan bilduma hori erakusgai jartzeko ideia. Baina nola antolatu hori guztia? Hor zegoen koska. Ez baitzegoen nire esku eraikin bat hartu eta bertan dena antolatzea. Eta hori buruan neukala, beste lan bat sortu zitzaidan: Aita Donostiaren kantutegia lau aletan osatzea Aita Jorge zenarekin batera. Lau urteko lana izan zenez, egitasmoa atzeratu egin behar izan nuen. Aita Donostia izanik, ahaleginak merezi zuen. Mereziko ez zuen! Berari esker musika ondarea bizi bizirik heldu zaigu. Hain zuzen, asmatu egin zuen herri musikaren balioa ikusi eta tratamendua egiten. Izenik eman gabe, beste biltzaile batzuen irizpidea zeharo ezberdina zen; konparazio batera, haiek halako jokamoldea zuten: Aldapeko Sagarraren bost bertsio dauzkat. Ongi. Zein da onena? Hau. Ba orduan hau hartu eta beste guztiak baztertuko ditut. Ba, uste hori zeharo okerra da. Aita Donostia berriz, joan eta bostak aukeratuko zituen, bertsio guztiek erakusten dutelako nolako bizitasuna eta nolako bidea egin duen doinu horrek. Txokoaren ideiara itzuliz, ez zenuen amore eman. Ezta pentsatu ere! Oso egoskorra naiz eta. Proiektuari ostera heldu, erakundeetan aurkeztu eta Iturenetik deitu zidaten eraikin oso bat eskainiz bertan Musikaren Txokoa antola nezan, baina baldintza bat jarrita: lana debalde egitea. Gustuko tokian aldaparik ez? Tentagarria zen, bai, baina azkenean ezezkoa eman nien Hernanin Musika Eskolan egunero klaseak eman behar nituelako. Orduan, pena hartzeko astirik gabe, hara non 1996an Oiartzungo Udalak Ergoien auzoan dagoen toki hau aldi baterako eskainizidan, argindarraren gastuak bere gain hartuta. Bestalde, Udalak diru laguntza lortu zuen Hernanira txalaparta eta alboka eskolak ematera bakarrik astean bitan joan eta proiektu honetan buru belarri murgil nedin. Hura poza hartu nuena! Poz pozik ekin nion musika tresna guztiak txukundu eta antolatzeari. Oiartzun gainera, leku estrategikoa da. Eta ez kokapenagatik bakarrik; giza paisaiari erreparatzea baino ez dago: euskara, kultura, bertsolariak, dantza, txistulariak, eta abar. Nola sailkatu dituzu soinu tresnak? Hots iturri eta akustikaren arabera: idiofonoak, menbrafonoak, kordofonoak eta aerofonoak, beti ere Curt Sachs ek proposatutako sailkapen sistema jarraituz. Bestalde, badira ere erdi jostailuak direnak, sasi musika tresnak, azken finean, musika egiteko erabili izan diren tresna xelebreak. Era berean, txokoak badu berrikuntza bat eskolaumeentzat ez ezik, helduen gozagarri ere izango dena. Bai. Zeharo didaktikoa da, hots, bisitariak kasko batzuk jarri eta tresna ondoan dagoen botoia sakatuta, audio bidez tresna bakoitzaren soinua entzun dezake. Zein beste elementu ditu Txokoak? Liburutegia, 3.000 aletik gora dituena, irudi artxiboa eta soinu tresnak konpontzeko tailerra. Zer ordutegi du? Ostiral eta larunbatetan dago zabalik, goiz eta arratsaldez. Bisita arruntez gain, gidatuak ere egiten dira. Erakusgai daudenez aparte, zenbat soinu tresna dituzu sailkatu gabe? Gutxi, bakarrik 600 bat dauzkat gorderik. Hainbeste soinu tresna pilatuta daukazula, zure ustez, nondik dator musika? Nik beti diot musikak iturri ezberdinak izan ditzakeela, baina emari handienetako bat lanarena izan dela. Denetarako erritmoa beharrezkoa bada ere, lanerako ezinbestekoa da hotsen bidez markatzea. Adibidez? Azken tobera joleak Arditurriko barrenistak izan dira. Eta zerekin jotzen zuten? Ba, zulatzeko palanka horiekin. Nora jo duzu informazioa bilatzeko? Musika tresna ugari Joxemiel Barandiaran eta Julio Caro Barojaren ikerketa lanen bidez aurkitu izan ditut. Zein izan da musikatresnarik nekezena aurkitzeko? Zailtasun handiena prezioa izaten da; alegia, kaleko organilo batek 3.000 euro balio izatea. Ale gutxi egotean, handiak baino garestiagoak dira. Bestalde, zarrabetea eskuratzeko egun batean 1.850 kilometro egin nituen: Donostia Toulouse Poitiers Paris Bordele eta handik berriz Toulousera. Txokoaren egoitza aldi baterako dela aipatu duzu, zein izango da behin betikoa? Hemendik hiruzpalau urtera Iturriozko dorretxera eramateko asmoa dago. Bertan 400 metro karratuko erakusketa aretoa izango du, liburutegia, fonoteka eta irudi artxibategia ere jarriz. Baita zuzeneko emanaldiak eta erakusketa monografikoak egiteko aukera ere. Azken urteotan zeintzuk dira galdu edo jotzen utzi diren musika tresnak? Esate baterako, kraskitiñak. Eta musukitarra ez al dago galbidean? Ez da galdu. Izenez ezagutzen ditugun azken musukitarra joleak honako hauek izan ziren: Nikolas Garmendia eskalea Orio alde horretan; Antzuolako beste eskale bat; eta Bedaion ere Jose Antonio Sarasola txistularia zenaren amak jotzen zuen. Eta galbidean daudenak? Bizirik dagoen guztia dago galbidean. Soinu tresna zaharrei gagozkiela, zer da txanbela eta non jo izan dute? Txanbela, Zuberoan, Pirinioetako magalean erabili izan den dultzaina txiki bat da, gaur egun ia galdua dago. Hango artzainak ziren jotzaile nagusiak. Txanbelak antzinako musikaren estiloa mantendu du. Zuberoan bada esaera bat, txanbela bezala ari da kantatzen. Ze melodia ematen du, ba? Txanbelaren melodiek itxura berezia hartzen dute erabiltzen den eskalagatik, esaldiak neurri ezberdinetakoak dira eta erritmoa, neurri handi batean, metrikatik urrun aritzen da. Eta burruna? Burruna izena onomatopeia da. Zurrunbera, furrufarra eta bestelako izenekin agertu ohi da gure kulturan. Soka batekin loturik, airean jirabiran eta bueltaka jartzen den taulatxo bat da, airea bibrarazten, eta horren eraginez burruna eginez. Toki batzuetan haur jostailu gisa erabili izan da, eta besteetan, animaliak uxatzeko. Zer musika dantzatzenzuten gure arbasoek? Ez da erraza hori jakitea. Pentsa daiteke hemen ematen diren zenbait erritmo oso zaharrak direla. Ez ordea, erritmo horien gainean iritsi zaizkigun doinuak. Erritmoari dagokionez, lurra jotzea zaharra da oso. Bereizi behar al dira soinu tresna baserritarrak eta soinu tresna kaletarrak? Ez tresnak, baina bai errepertorioa dela eta. Berez, txistua Euskal Herrian erabat baserritarra edo zeharo kaletarra izan daiteke. Gauza bera dultzaina eta gaitarekin. Itxuraz berdintsuak izan arren, bereizi egin behar dira. Lehena baserritar ingurukoa da eta bestea kaletarra. Oro har, Gipuzkoako eta Bizkaiko dultzaina baserritar ingurukoa da, eta Nafarroan eta Araban kaletarra. Baserritar ingurukoek bertako dantza eta doinuak jotzen dituzte. Kaletarrek, ordea, errepertorio zabalago eta akademikoagoa dute, besteak beste, polkak, sonatak eta habanerak joz. Ez ziren elkarrekin ongi moldatzen? Ez, behintzat, musika kontuetan. XVIII. mendeko Azkoitian esaterako, kaletar bezain baserritarra izan da. Ba, Azkoitia kaletar horretan, inguruan dultzainero baserritar asko egon arren, nahiago zuten nafar gaiteroak kontratatzea. Eta txalaparta zer da, kaletarra edo baserritarra? Gaur egun txalaparta kaletarra bihurtu da. Zein musika tresna zahar erabiliz osatuko zenuke taldetxo bat? Kale buelta egiteko ikaragarri gustatzen zait dultzaina, soinu txikia eta panderoa. Baina ihauterietan baserriz baserri eskean ibiltzeko, ez dago txistua eta danbolina bezalakorik. Behinola, zer tresnekin alaitzen ziren erromeriak, kalejirak, etab.? Alboka, arrabita eta dultzaina joz. Zer alde dago euskal albokaren eta kanpoko alboken artean? Bitxia da alboka antzekoa Kantabrian, Errioxan, Okzitanian eta Pirinio osoan agertzea. Baita Gaztela eta Andaluzian ere. Baina jakina, beste egitura batez osatuta. Euskal Herrian ostera, nahiz eta morfologia estetiko ezberdinekin agertu, morfologia akustikoa berbera da. Atzerrira joz, ba al da inon gurearen antza duen musika tresnarik? Esaterako, Australiaeta Euskal Herrian ia soinu tresna bera erabiltzen zuten, orduna, alegia. Izan ere, Australiako liburuetan murgilduta nenbilela, hara non oiartzuar batek bere orduna ekarri zidan. Hara! Oso antzekoak dira eta! Baina ez dago lotura zuzenik. Ez. Soinu tresna guztiek oinarri unibertsala dute. Baina horrek ez du esan nahi jatorri bera dutenik. Txaloa esaterako, unibertsala da. Tutu bat edo kanabera bat hartu eta haizea pasako da soinua sortuz; gero herri bakoitzak erabakitzen du tresna horri zer tankera eman eta nola jo. Hemezortzi urterekin kanpora atera eta txistu antzeko tresna bat topatu eta txundituta geratzen nintzen. Baina gaur egun, tresna hori ez badago harritzen gara, unibertsala baita. Orduan musika globala da, baina zentzu onean. Baietz uste dut. Herri batek musika unibertsalari bere arnasa jarriz gero, bertako bihurtzen du. Esaterako, hori gertatu zaigu trikitixarekin. Nahiz eta italiarrek hona ekarritakoa izan, nola ez da hemengoa izango gureganatu eta bertakotu badugu? Japonian entzun eta esango dute: hara! Hori Euskal musika da. Gure kulturaren iraupenerako euskara bera baino sakonagoa al da euskal musika? Hizkuntza bezain sakona da. Azken batean, kanten letretan hizkuntza doalako. Europan bertan kasu bitxiak ditugu, horra hor Irlanda eta Bretainia: bi tokietan hizkuntza galdu egin duten arren, musikak bizi bizirik dirau. Bretainian esaterako, hunkigarria da ikustea belaunaldi guztiak nola elkartzen diren eskutik helduta dantzan orduak eta orduak emanez. Tamalez, hemen ez dugu halakorik. Hemen euskara atxikitzea musikaren kalterako izan dela esan nahi duzu? Ez, baina egia da hemen musika ez dagoela Bretainian bezain gizarteratua, nahiz eta gure abesbatzak eta onak izan. Oiartzunen adibidez, hizkuntza bizi bizirik dago, gazteek nesketan ere euskaraz egiten dute; baina musika aldetik globalizazioaren baitan daude, inolako berezkotasunik gabe. Dena den, horrek ez du esan nahi hemen egiten den musikaren egoera txarra denik. Adibidez, oso fenomeno interesgarriaematen ari da txalapartaren inguruan. Halako sormena eta jarrera irekia dago, baita albokari eta trikitilarien artean ere. Orain dela 30 urte aldiz, galzorian zeuden tresnak ziren. Fusioa da azken aldian gehien entzuten den hitza gaur egungo musika deskribatzeko. Baina musika berez, ez al da fusioa? Bai, jakina. Musikaren aberastasuna fusiotik dator. Baina fusioa ere etxean dago: Aralarko artzainen doinu zaharrak arabiarrak dirudite . Egin kontu, Negu Gorriak taldeak atera zuen lehen diskoan nik jo nuen. Ba, jendea fusioa lantzen zela hasi zen esaten, arabiar musika sartu zutelako. Eta ba al dakizu arabiar musika zer zen? Sunpriñua, Aralarko artzainek jotzen zuten doinua, alegia. Euskal musikarien artean zein iruditzen zaizu berritzaileena? Ikuspuntuaren arabera doa hori. Baina goraipatzekoa da Kepa Junkerak egin duena, Bulgariako ahotsak besteekin uztartuz. Edota Joseba Tapiak egindakoa gerra garaiko kantuei musika jarriz, hain modu biluzian. Eta erritmo aldetik guk geuk "Arditurri"n atera berri duguna. Horren harira, zer aurkituko du entzuleak "Arditurri, gogoaren bidezidorretatik" diskoan? Paseo atsegin bat gure herri musikatik. Badira kantu goxoak, biziak eta lasaiak, mota askotako tinbre eta erritmoak erabiliz. Bidean tipi tapa joanez, tresna anitz jo ditut: alboka, dultzaina, txistu danbolina, arrabita eta ttunttuna, txanbela eta abar. Ibilbidean zehar, zein bidaide izan dituzu? Besteak beste Iñigo Monreal eta Felipe Ugartek txalaparta eraman dute, Iñigo Lurgainek akordeoia eta aurretik aldiz, Aitor Gabilondo ahotsa jarriz. Txalapartari trebea zaitugunez, demagun txalaparta bat naizela eta zuengandik hainbeste kolpe jasota amnesia daukadala. Zuk noiz ezagutu ninduzun? Argia dantza taldean nenbilen garaian. Zuaznabartar anaiek Beltran anaioi eta Artze anaiei irakatsi ziguten zu jotzen. Nahiz eta elkarrekin entsegatu, Artzetarrek "Ez dok hamairu"rekin jotzen zuten eta guk berriz, "Argia"rekin. Baina zenbait emanalditan elkarrekin aritu izan ginen. Oraindikere, Jexuxekin astean behin aritzen jarraitzen dut. Zer nolako aldaketak izan ditut? Lanari lotuta eta baserriz baserri komunikatzeko jaio zinen arren, arnasa berria hartu duzun neurrian aldaketak izan dituzu. Gure zaharrek erakutsi ziguten zu jotzeko modu bat, eta hortik aurrera zuk erakutsi diguzu zer nolako aldaketak eman behar genituen zure polifonia eta tinbrea kontuan hartuta. Orain hasi naiz zerbait oroitzen. Azken aldian txalapartari gazte batzuk etorri eta laztanak emanez jotzen naute, melodia eta guzti. Hemen bakoitzak era ezberdin batera sentitzen zaitu. Batzuk hunkitu egiten dira zuri "Maritxu nora zoaz"ekin batera entzunda. Bestetzuk aldiz, erritmo berezi bat ematen dizutenean. Eta zer moduz konpontzen zarete zuen artean? Zorionez, elkar errespetatzen dugu eta are gehiago esango nizuke, joera bakarra egongo balitz bidea ere ez genuke edukiko. Joera eta estilo ezberdinak aukeran egonda, kristoren kale zabala eraikitzen ari gara eta horrek eramango gaitu norabaitera. Zergatik ez nauzue dantzarako ere erabiltzen? Arrazoi duzu, izatez dantzarako baliagarria bazarelako. Hori esan duzula, agintzen dizut gure emanaldi berrietan dantzarako erabiliko zaitugula. Juan Mari Beltran Hammelingo xirulariaren xarma du Juan Mari Beltranek (Donostia, 1947). Xirula jotzen hasi bezain pronto, xaguak bezala, musika tresnak dantzan jarri eta jirabiran bere txokoraino eramaten ditu. Zabaldu berri den Herri Musika Txokora, hain zuzen, non Euskal Herri nahiz mundu osoko 400 musika tresna ikusgai eta entzungai dauden. Baina hori icebergaren tontorra baino ez da musika bihotzean eta erritmoa zainetan daraman gizon batentzat. Izan ere, musika aztia izateaz gain, txalapartaria, txistularia, albokalaria, ikerlea eta irakaslea ere dugulako. Hori gutxi balitz, bere azken lana kaleratu berri du : "Arditurri, gogoaren bidezidorretatik". Argazkiak: Beñat Doxandabaratz eta Juantxo Egaña (portada eta txalaparta jotzen) Euskonews & Media 158.zbk (2002 / 3 / 8 15) Eusko Ikaskuntzaren WebOrria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Jose Mari Muxika: "Topagunean biltzen diren jarduerak euskal gizarteak eskatzen dituen jarduerak dira"

 

Irakurri

Miguel Sánchez Ostiz: "Idazle batek ezin dio gizateriari bizkarra eman"

 

Irakurri

Olivier Ribeton: "Euskal Museoa eta Baionako historiaren museoa zabalik: abiaburua edo helburua"

 

Irakurri

Arantxa Urretabizkaia: "Ezin dut, kazetaritza edo literaturen artean bat aukeratu. Nik biak behar ditut"

 

Irakurri

Xabier Arana: "Urdaibai natur santutegia litzateke ibai sarea eta basoak hobetuz gero"

 

Irakurri