Xabier Arana: "Urdaibai natur santutegia litzateke ibai sarea eta basoak hobetuz gero"

2002-02-01

DOXANDABARATZ OTAEGI, Beñat

Elkarrizketa: Xabier Arana Xabier Arana, Urdaibai Biosfera Erreserba Patronatuko zuzendaria "Urdaibai natur santutegia litzateke ibai sarea eta basoak hobetuz gero" * Beñat Doxandabaratz Berdearen tonu guztiak biltzen ditu Urdaibaik. Ama lurra eskuzabala izan zen luze zabalean 220 km karratu dituen eremu honetan. Bizkaiko azalaren % 10 hartuz, eskualdeak 45.000 biztanle ditu, horietatik % 80 Gernika eta Bermeon bizi direla. Natur oparoa eta gizakiaren arteko elkarbizitza erraza ez izan arren, Urdaibai Unescoko Biosfera Erreserba izateak aberastasun biologiko hori zintzoki babestea ekarri du, beti ere eskualdeko ekonomia nahiz kultur garapenarekin orekan. Ingurumen Sailaren menpe dagoen Patronatu batek kudeatua, Xabier Arana gernikarra dugu buru. 35 urteko biologo honentzat oparirik onena izan zen 1996 Urdaibai Biosfera Erreserbako zuzendari bihurtzea; izan ere, ezkondu eta handik hiru egunera izendatu zuten. Itsasbehera ikusgarrian ongi etorri beroa egin digu Xabierrek. Bere zaletasuna bizibide egin duenez, grina dario Urdaibaiz mintzo, bertako Martin arrantzaleari arrain freskoa dastatzean bezala. UNESCOk 1984. urtean Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zuen. Zein da izendapen honen berezitasuna? Nazioarteko mailan egiten den errekonozimendua da. Urdaibaien balio ekologiko eta naturalak ikusirik. Mundu osoan 400 Biosfera Erreserba daude, horietatik 20 Estatu mailan. Euskal Herrian Bardeetan dugu beste Biosfera Erreserba. Nolakoa izan zen prozesua? Bitxia izan zen, ezer ez izatetik Biosfera Erreserba izatera pasa baitzen. 70eko hamarkadan itsasadarra zeharkatuko zuen zubi erraldoi bat eraikitzeko mehatxua egon zen, kirol portua eta guzti. Zorionez, Aranzadik hemengo aberastasun naturala eta egoera soziologikoa aintzat hartuta ikerketa mardula egin zuen. Eta zer izan zen aurkitu zutena? Ikerketa horren emaitza nagusia bikoitza izan zen. Alde batetik, Urdaibairen natur ondarea babesteko, itsasadarrera mugatu gabe, arroa osoa kudeatu beharra nabarmendu zen. Bestalde,eskualdeko nortasuna ez galtzeko, jarduerak mantendu behar zirela industria, nekazaritza, basogintza, etab. ikusi zen. Oreka hori lortzeko, onena Urdaibai Biosfera Erreserba izendatzea zela pentsatu zen. Zein da Patronatuaren helburu nagusia? Hiru helburu bete nahi dira: kultur eta natur ondarearen biziraupena babestea, gizarte eta ekonomi garapena bermatzea eta, azkenik, laguntza logistikoa ematea: informazioa, partehartzea eta ikerketa bultzatuz. Nola banatzen dituzue indarrak? Hiru arlotan: lurralde antolamendua, egitarau sozioekonomikoa, eta hezkuntza eta informazioa. Zein da zure eginkizuna zuzendari gisa? Nire lana koordinatzailearena da. Proiektuak, lanak, zubilanak egin erakunde, agintari eta herritarrekin. Nire beste eginkizuna Biosfera Erreserba apur bat dinamizatzea da, ikerketa, dibulgazio eta argitalpenak herritarrengana zuzendu informazioa emanez eta sentsibilizazio kanpainak bultzatuz. Zein da zuen ezaugarriak dituzten beste Biosfera Erreserbak? Estatu mailan badira Urdaibairen eredua jarraitzen ari diren Biosfera Erreserbak, besteak beste, Menorca eta Lanzarote, erreserba populatuak baitira, Urdaibai bezala. Horren harira, munduko beste erreserbekin ditugun foroak eta topaguneak oso lagungarriak zaizkigu informazioa trukatu eta kanpoko esperientzietatik ikasteko. Baina natura eta gizakia elkarbizitzan, gaur egun hori ez al da kontraesana bihurtu? Kontraesana izan daiteke, baina hori da gure patua. Lurra bakarra da eta gainera, mugatua. Gizakiaren ahalmen teknologikoa modu izugarrian biderkatzean, gure beharrizanak ere bai. Ondorioz, inguruneari egiten diogun presioa handia da, oso. Hori dela medio, gizartearen garapena eta kultur nahiz natur ondarearen iraupena uztartu behar ditugu. Zeri deitzen zaio garapen jasangarria? Garapen jasangarriak esan nahi du lurralde hori antolatu eta denon artean erabaki eskualde hau zelan erabiliko dugun. Baina lehen aipatu hiru helburu horiek betetzearekin ez da aski. Harantzago joan behar da. Hain zuzen, gizakiarenpresentzia hain handia denean, akordio bat egin behar dugu, natur eta kultur ondareari kalterik ez egiteko. Zein da arazo nagusia hori lortzearren? Hemen garapen eramangarria lortzekotan, giza jarduerentzat ezinbestekoak diren ingurugiro baliabideak ura, lurzorua, airea, hirietako bizi kalitatea... babestu behar ditugu. Arazoa eskualdeko biztanle guztiek proiektua ez bereganatzea izan ohi da. Herritarren esku hartzea funtsezkoa da, beraz. Bai, goitik behera. Urdaibaiko legeak, berez, eremu batzuk babesten ditu, esaterako, itsasadarra, itsasertza, artadi kantauriarra, aztarnategi arkeologikoak, legez babestu ziren. Baina ezin ditugu gainontzeko eremuak ahaztu. Biosfera Erreserba patronatuak kudeatzen badu ere, lurraldea denon artean landu behar dugu. Beste erakunde publikoek, elkarteek, gizarte eragileek, jabe partikularrek... badute zeresana. Ondare naturala zerk jartzen du galbidean? Nagusiki bi mehatxu ditugu. Lehena oso argia da: urbanizazioa eta etxebizitzen etengabeko eraikuntza. Kostaldean dauden herrialdeetan presio izugarria dugu, bai Bizkaian bai Gipuzkoan eta bai Lapurdin. Eta gure kasuan presio hori areagotu egiten da Bilbo handia ordu erdira dugulako. Eta bestea? Ur arazketan oraindino lan handiena egiteke dago. Ondorioz, itsasadarrean uraren kalitatea ez da nahiko genukeen bezain ona. Gernika aldean lantegien isurketak gutxitu egin dira eta hondakinak hobeto kudeatzen dituzte. Begi bistan dago orain ez direla arrainak lehen bezala hilda agertzen. Bestalde, Bermeon kontserben sektorea dago, non lanean ari diren hondakinak murrizteko. Zein da Urdaibairen baitan bizi den jendearen jarrera? Hasieran, Biosfera Erreserba izendapena onetsi zenean halako errezeloa zegoen, "erreserba" hitzak mugatzailea zirudielako. Gerora egindako ikerketa soziologikoen arabera, bi jarrera nagusitzen dira. Batetik, kaletarrak ditugu, eta bestetik baserritarrak, kinka larrian daudenak, hirigintza eta turismoaren presioa dela eta. Hortaz, hauek begi onez ikusten dute gurejarduera, legediak landazabalak babesten dituelako landa eremuan etxeak egiteko egarritik. Gero, bada oso sektore kritikoa, beti aurrean izan duguna: baso jabeak. Basoen egoeraz kezkatuta zaudete. Eta larrituta ere bai; izan ere, basogintza era honek lurren hondamendia dakar. Egindako ikerketen ondorioz, frogatu dugu gaur egun erabiltzen diren teknikek lur higadura eragiten dutela. Berez, pinu landaketak oso hedatuta daude, gure lurraldearen % 60 pinuz jantzita baitago. Baina hori ez da kezkagarria, arriskua pinu mozketa egiteko eran datza. Hurrengo landaketa gainean egitean lur soro horien prestaketa modu bortitzean egiten dira, landareak errotik kenduz eta lurra zakarki goldatuz. Ondorioz, lehen berdez jantzita zegoen aldea basamortu bihurtzen ari zaigu. Ibai ertzetako basoa. Eta zer dio naturak honetaz guztiaz? Badirela guk bakean utzi beharreko tokiak, alegia, ibaiak, ibarrak eta aldapa handia duten mendi lepoak. Oso sentiberak dira eta oinarrizko eginkizuna dute. Era berean, badira beste espezie batzuk gure eskua eskatzen digutenak, lagun diezaiegun. Babestu ezean, umezurtz geratuko lirateke. Bestetik, badira bere burua bakarrik zaintzeko berezko mekanismo dituzten espezieak. Oreka horretan inork ba al du lehentasunik? Zaila da marra bat jartzea. Baina ezin dugu ahaztu gizakia ez dela azpiegitura bat duen bizidun bakarra. Ama lurrak ere bere azpiegiturak ditu. Esaterako, ibaien hareak zeregin ekologikoa du, urak garbi mantendu eta oreka bat lortze aldera. Baina nola ulertarazi hori jendeari? Nahiz eta zaila izan, nik uste jendea konturatzen hasia dela bioaniztasuna errepikatuko ez den ondarea dela. Espezie bat desagertzen denean, akabo! Animaliek ez dituzte muga politiko edo administratiboak bereizten. Naturan prozesu bitxiak gertatzen direnean, hegazti edo baleen migrazioak kasu, ba, guk ahalegina egin behar dugu prozesu horiek bete ahal izan ditzaten. Aurrerapenaren izenean petroleo isurketak, hezeguneak desagertarazten eta abar. Gu erasotzaileak izanik,gure ardura bikoitza da. Ehiza gainera, babestua dago Urdaibain 1988tik. Bai. Hegaztiak behintzat, lasai asko pausa daitezke hemen. Hala ere, beste arazo bat dugu: basurdearen populazioa gorantza doa eta, baserrietan kalteak eragiten dituzte. Dena den, auzi honi konponbidea erraza aurkitu diogu: baratzetan artegi elektrikoak ipini eta kalteak desagertzen dira. Noizbehinka noski, populazioa kontrolatzeko batidak antolatzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Kirol jarduerak ere gehituz doaz Urdaibain. Zein da fauna eta landaredian duten eragina? Azken aldian, txalupa eta piraguak ugaritu eta ubide estuetan sartzen direnean mokozabalak eta beste hegaztiak uxatzen dituzte. Honen ondorioz, beraien aktibitatea uzteaz gain, % 15eko kasuetan Urdaibaitik alde egiten dute, hurrengo migrazio etaparako behar duten atsedena hartu gabe. Gomendioa beraz, ibai erditik joan daitezela litzateke. Mundakako surflariek ez dute kalterik egiten? Mundu osoko jendea dator Mundakara, munduko ezker olaturik onenaren bila. Baina ez, surflari asko etorri arren, ez diote Erreserbari enbarazurik sortzen. Zer aurkituko du Urdaibaira datorrenak beste inon ikusiko ez duena? Makina bat gauza. Guztiaren gainetik, Urdaibaiko itsasadarra ikustekoa da. Zer nabarmenduko zenuke Urdaibaiko landaredian? Espezie mehatxatuen katalogoan agertzen diren landare mordoa. Kulturan? Antzina antzinako aztarnak. Lehenengo erreferentzia duela 36.000 milioi urtekoa da; nekazaritza berriz, duela 6.000 urte hasi zen jorratzen gure eskualdean. Eta jakina, Santimamiñeko kobazuloak. Gero, Burdin Aroko aztarnak ditugu, vikingo eta normandoak etorri zirenekoak. Halaber, Erdi aroak ondare zabala utzi digu, dorretxea, elizak, Donejakue bidea, eta abar. Bestalde, garai berriagoetara etorriz, aipatu behar da Urdaibain ere baserri mota ezberdin bat dagoela, ikuspegi arkitektoniko eta lurralde antolaketa aldetik oso interesgarria. Eta faunan? Izar nagusiak hegaztiak badira ere, bisoi europarra eta katajineta nabarmenduko nituzke. Heziketan baldin badago koska, ze ekimen daude jendea hezitzeko? Ikerketa eta heziketarako plangintza dugu, baina eskolen mundura mugatu gabe. Hasieratik garbi dugu heziketa eta jakintzaren zabalkundea gizarteko sektore guztietara heldu behar dela. Hala ere, helburu didaktikoez haraindi goaz. Horra hor, "Erraz mugitu Urdaibain", garraio publikoa bultzatu autoen erabilera gutxitu dadin. Aurten kanpaina zabalagoa egin nahi dugu garapen jasangarriaren inguruko gomendioak emanez. Argitalpen zainduak egiten dituzue, gainera. Pozten naiz. Orain itsas azpiko bizitza aztergai duen bat prestatzen ari gara. Baita hegaztien gida bat ere, hegaztiak begiratzera datozenek bisitaldiari etekina atera diezaioten. Zein izaten da Urdaibaiko bisitarien perfila? Iaz egindako inkesten arabera, bi bisitari mota bereiz daitezke: egun pasa datozen bisitariak batetik, eta turistak bestetik, hemen ostatu hartzen dutenak, zerbitzuak era aktiboan erabiliz. Bisitari gutxiago eta turista gehiago behar ditugu. Urdaibaiko padura. Nongoak izaten dira bisitariak? Bizkaitarrak dira ugarienak, gehienbat egun pasa Bilbo aldetik etorriak. Eta turistak? Urtean zehar nekazal turismoko etxeetara madrildar eta kataluniarrak datoz. Udan berriz, Europa osoko atzerritarrak datoz. Atzerriko bisitari gehiago dago Erkidegotik baino. Baina ez datoz hemengo hondartzek erakarrita, Urdaibai bere osotasunean ikustera baizik, nahiz eta erreklamo nagusia bakearen hiria ezagutzea izan. Badirudi urtetako lanaren emaitza jasotzen ari garela. Zeintzuk dira turista bitxienak? Japoniarrak, dudarik gabe. Gure herri martiria ezagutzera datoz. Oso sinbolistak direnez, bonbardaketa izan zen hiria oso erakargarria egiten zaie. Haietako batzuek ere natura ezagutu gura dute. Zein iradokizun jasotzen dituzue? Jendeak hiru gauza eskatzen dizkigu: lehena, seinaleztapena hobetzea. Saiatzen ari gara horretan. Bigarrena, aparkaleku gehiago jartzea, baina hori konponbidea ez denez, garraiobidea erabiltzea gomendatzen diegu. Eta azkenik,ekipamendu gehiago egotea eskatzen digute hemengo ondarea ezagutzeko. Horren kontura, interpretazio zentrua falta zaigu, gure egoitza honetan informazio orokorra eta gomendioak ematen ditugu beren nahien arabera. Une honetan bi proiektu daude Urdaibai mailako ekipamenduak sortzeko, bata Gernikan eta bestea Busturian, hemendik gutxira zabalik egongo direnak Anekdotak ere izango dituzue. Izan beharko. Behin, inkestak egiten ari ginen jendeak Urdaibai ea ezagutzen zuen eta Urdaibaiz zuen iritzia eskatuz. Ba, erantzun harrigarriak jaso genituen: batzuk oso goxoa zegoela edo material oneko gauzak zeudela erantzuten zuten. Azalpena xinplea da: Biosfera Erreserba bilakatu zenetik Urdaibai izenak arrakasta izugarria izan du gure eskualdean. Arraun eta eskubaloi taldea, errugby eskola, triatiloi taldea, altzariak, tabernak, txakolina, albaitaria, serigrafia, sastar bilketa enpresa, motozaleen elkartea, eta abar baitaude. Garai batean Foruako dantza taldeak baino ez zuen Urdaibai izena. Zorionez, azken bost urteotan Biosfera Erreserbaren ezagutza maila asko hobetu da. Eta kanpotarren ezagutza maila? Kanpotik jendeak deitzen duenean erreserbara etortzeko baimena nola lortu behar den galdetzen digu. Hain zuzen, aldizkarietan azaltzen diren Urdaibaien inguruko artikuluek halako izenburu deigarriak dituzte, esaterako: "Naturaren Santutegia". Ba, erantzuten diegunean hemen 45.000 lagun errepidez josita bizi garela, ba, zur eta lur geratzen dira. Urdaibain igarotako momentu ahaztezina izan zen... Urdaibaiko zuzendari izendatu nindutenean. Erronka handia izan zen nire hautaketa lehiaketa horretara aurkeztea, independente modura aurkeztu bainuen nire burua, inongo alderdi politikoren bultzadarik gabe. Zure zuzendari balkoitik zertaz ohartu zara? Urdaibaiko patronatuan teknikari lanean hasi berri, 1989an, hasi nintzen eskualdean daukaguna benetan miresten. Itsasadarra eta hegaztiekin jakinaren gainean nengoen, baina konturatu nintzenean zeinen hauskorra den hori dena, baloratzen hasinintzen. Hegaztien pausaleku dugu Urdaibai, nondik datoz hegaztiak? Ipar Europa, Artiko eta Tundratik. Batzuek gure paduran ematen dute negua eta beste batzuk, ostera hegaldatu eta Doñana edo Afrikara joaten dira negu pasa. Martxoan, elurteen arriskua badoanean, Ipar Europara itzultzen dira. Adibidez, Holandako mokozabalen % 20a hemen pausatzen da. Nola lortzen dute hain bidaia luzeak egitea? Migrazioa egiterakoan, korronte termikoez eta haizeteez baliatzen dira, pausaldiak eginez, beti ere kostaldearen erreferentzia galdu gabe. Konparazio batera, txirriak Islandiatik Hego Afrikaraino egiten du hegaldia. Noiz da garairik onena hegaztiak behatzeko? Desatseginak badira ere, eguraldi txarreko egunak dira onenak, iparmendebaldeko haizeak kostaldera bultzatzen ditu eta. Garairik onena udazkenean da, migrazioa ekialdetik mendebaldera denez, ekialderantz, hau da Izaro irla eta Ogoño lurmuturrerantz, jarri behar dugu gure arreta hegaztiak ikusteko. Udaberrian aldiz, beste aldera begiratuko dugu. Baleak ere ikus daitezke. Nondik? Matxitxako da lekurik aproposena urte osoan zehar. Hori bai, zereak, xibartak, katxaloteak eta izurdeak ikusteko komenigarria da itsasoa bare egotea. Baina jakina, pazientzia pixka bat behar da. Zere txikien taldea eta izurde arrunta. Demagun Urdaibai Biosfera Erreserban nahi duzuna egiteko baimena duzula, zer aldatuko zenuke? Ez da izango! Lehenik eta behin, dauzkagun ekosistemak hobeto babestuko nituzke, kudeaketa zuzenago eta zabalagoa eginez funtzionalak izan daitezen. Urdaibai natur santutegia bihurtuko litzateke ibai sarea eta basoak hobetuz gero. Horren kontura, hemen oso kaltetuta dauden baso mota bi garatu beharko lirateke: hariztia eta baso mistoak, atzerakada izugarria izan baitute, eta baita pagadiak ere. Aldundiak pago landaketak egin ditu Sollube aldean, baina oraindik oso txikiak dira Jendea gutxituko al zenuke? Ez, horixe! Orduan ez litzateke Urdaibai izango eta! Azken batean, alde naturala kontserbatu eta berreskuratu ez ezik,nire etorkizuneko irudi horretan gizarte arduratsu bat ikusten dut, naturaren kontserbazioan inplikatua. Bizi kalitatea ez dator bakarrik patrika beteta, natur baliabideak kalitatezkoak direnean baizik. Zein da Erreserbako zure txoko kuttuna? Sekretua izan arren, esan egingo dizut: momentu txarretan edo kezkatuta nagoenean dena utzi eta Triñeko hariztira joaten naiz. Bertoko baselizatik Urdaibai osoa mirestu dezaket, Izaro irlaraino bertaraino. Txoriak hegan nire gainetik ikusi eta arnasa sakon hartuta, braust! Nire barruko hodeiak joan egiten dira haizeak eramanda. Argazkiak: Beñat Doxandabaratz eta "Matxitxako lur muturretik itsas hegazti eta zetazeoen behaketarako eskuliburua" eta "Mokozabala Urdaibain" argitalpenetatik Euskonews & Media 153.zbk (2002/2/1 8) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Gonzalo Auza: "Guk garatu dugun know how-a, beste herrialde batzuetako euskal elkarteetan ere aplika daiteke"

 

Irakurri

Sabin Salaberri: "Goi mailako musika ikasketek Bilbon izan behar lukete egoitza"

 

Irakurri

Asun Balzola: "Nire ametsak birziklatzen ikasi dut"

 

Irakurri

Julian eta Juan Manuel Iruretagoiena: "Alpargatak zulatu ta zapatarik ez..."

 

Irakurri

María Cristina Maldonado Arruti: "Gero eta zailagoa da gure ondare kulturala elikatu eta zabaltzea"

 

Irakurri