Javier Retegi: "Askatasunez pentsatzea da gure sekretua. Horrek eraman gaitu gaur eguneko oparoaldira"

2001-11-16

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Javier Retegi Javier Retegi Ayastui, Mondragon Unibertsitateko errektorea "Askatasunez pentsatzea da gure sekretua. Horrek eraman gaitu gaur eguneko oparoaldira" * Teresa Sala Bergararra jatorriz, Javier Retegik Arrasaten eman du bizitza. Bertan ikasi zuen eta bertan utzi ditu amets, asmo, ahalegin eta lanordu amaigabeak. Karrera sendoa da berea, lerro gutxitan laburtzea ezinezkoa den horietakoa. Besteak beste, Arrasateko Ingeniaritza eskolako zuzendaria, IKERLANeko lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea eta Industria, Arrantza eta Nekazaritzako sailburua izan da. Egun Mondragon Unibertsitateko errektorea eta MCCko (Mondragon Corporación Cooperativa) teknologia eta kalitate arduraduna da. Pertsona eta profesional bezala zenbatezinak dira erdietsi dituen lorpenak, Deba Goieneko Unibertsitatearen egoera edo bertako enpresen aberastasuna ikustea besterik ez dago. Eta hala ere, Retegi apaltasun osoz mintzatzen da, lanaz, bizitzaz, esperientziaz... Behin eta berriz gogorarazten digu pertsonak direla gure gizarteko eta guztion mundu honetako ondasun baliotsuena. Zurea karrera sendoa da; enpresa mundua, politika eta hezkuntza, hiru esparruak jorratu dituzu. Zein arlotan sentitu zara erosoago? Zer eman dizute? Hiru eremuetan eroso eta gustura sentitu naizela esango nuke. Oso mundu ezberdinak dira, ez dute bata bestearekin zerikusirik. Enpresa mundua esparru logikoena edo konkretuena litzateke, gauzak argi azaltzen direlako. Jokabide garbia behar du enpresak eta norberak bere indarrarekin jokatzen du beste enpresa batzuekin lehian. Politika, aldiz, garrantzi handiko mundua delakoan nago, azken finean gizartearen etorkizuna politikoek bideratzen baitute. Gizartearen norabidea politikaren eskuetan dago eta hori zeregin handia eta garrantzitsua da, baina, aldi berean, oso esparru zaila dela uste dut, komunikabideak eta eztabaidak ohitura bihurtzen direlako honetan. Gainera, politika ez da enpresa bezain garbia. Hezkuntza, aldiz, etorkizunekoesparrua da niretzat, itxaropen handiz ikusi behar dena, bihotz handia eskatzen duen alorra. Hezkuntzak gizartearen oinarriak ezartzen ditu, politikak norabidea eta enpresak, aldiz, tresna ekonomikoak, beraz, osagarriak dira hirurak. Ni hiruretan aritu naiz, gustura guztietan, baina bakoitzak bere nortasun berezia duela ohartu naiz. Hiru esparru hauetatik alor publikoak eta pribatuak kudeatzeko aukera izan duzu. Zein ezberdintasun somatu dituzu? Politikan izan ezik alor pribatuan aritu naiz, bai unibertsitatean eta baita enpresan ere. Industria, Nekazaritza eta Arrantza sailburu izan nintzen garaian zaila egiten zitzaidan goizean jaiki bezain laster egunkaria irakurri eta ostikada nondik zetorren ikustea, gero ostikada horien aurrean nire burua defendatu behar nuelako. Egoera horrek bakoitzaren bidea edo karrera markatzen duela uste dut. Enpresan edo Hezkuntzan, aldiz, zuk zure nortasunarekin aukera dezakezu jarraitu nahi duzun bidea. Politikan ez da hori gertatzen, zure aukerak ez baitira nahikoak, besteenak kontuan hartu behar dira uneoro, iritzi guztiak integratu behar dituzu. Alor pribatuan zure ideia, iritzi eta asmoak gauzatzea errazagoa da, betiere, komenigarriagoa da taldean lan egitea eta lankideekin indar guztiak partekatzea. Baina oztopo gutxiago daudela esango nuke. Hasieratik bizi izan duzu MCCren (Mondragon Corporación Cooperativa) bilakaera. Hastapenetan, duela hogeita hamar urte, pentsatzen al zenuen egun lortu diren emaitzak lor zitezkeenik? Duela hogeita bost urte hil zen On Jose Maria Arizmediarrieta eta ordurako guk itxaropen handiak geneuzkan. Arizmendiarreta eta biok lanordu amaiezinak igaro genituen. Arrasateko Ingeniaritza Eskolan nire irakaslea izan zen eta beranduago berarekin hasi nintzen lanean. Urte haietan egun lortu dugunaren oinarriak ipini genituela esango nuke, eta oinarriak pertsonak dira. Pertsonen orientabidea, borondatea, jarrera ezberdinak... Arizmendiarretak pertsonak landu zituen, modu horretan gaurko egoeraren hazia ereinzuen. Baina orduan ezin genuen ezta imajinatu ere egin egungo egoera lortuko genuenik. Gure enpresek garapen izugarria izan dute, baita Eroskik eta Lankide Aurrezkiak ere, Unibertsitatea eta hezkuntza ahaztu gabe, noski. Duela hogeita bost urte lanbide heziketako zentro bat besterik ez ginen. 1968. urtean hasi ginen ingeniaritza teknikoa irakasten baina ezinezkoa egiten zitzaigun gaur eguneko Mondragon Unibertsitatea marraztea. Gaur esaten dudan gauza bera esango dute hamar urte barru. Ziur nago horretaz. Hori da gure aberastasuna, hemen talde izugarria dago martxan, egiturak jarrita daude, hauen bitartez jendeak parte hartzen du eta garapenak lortzen dira. Asmoak sendo mantentzen direla uste dut eta horri esker mugimendu hau gorantz doa. Egun, talde kooperatiboan ia 60.000 pertsona gaude lanean eta fakturazio izugarria lortzen dugu. Hiru fakultate ezberdinek osatzen dute Mondragon Unibertsitatea. Doktorego ikastaroak martxan daude eta ikasle kopurua gero eta handiagoa da. Guzti honek maila altuan jartzen gaitu. Beraz, pertsonak dira MCCren garapen izugarriaren sekretua... Inongo zalantzarik gabe. Gure aberastasuna pertsonengan dago, gizarte guztien aberastasuna pertsonetan dagoen bezala. Eta ez da bakarrik pertsonaren jakinduria garrantzizkotzat jo behar dena, jarrera edo borondatea dira niretzat ezaugarri baliotsuenak. Irizpide eta helburu konkretuekin ados egotea premiazkoa dela uste dut, adostasun hori lortuz gero bata besteari lagunduz bide bakarra eraikitzea posible delako eta honek efektu biderkatzaile izugarria sortzen du. Momentuan MCCko teknologia eta kalitate arduraduna naiz eta baita Mondragon Unibertsitateko errektorea ere. Alor bietan talde oso onak daude lanean, itxaropen handiekin eta indar ikaragarriarekin. Kudeaketari dagokionez bi aukera daudela uste dut, batak lankideak etengabe animatzen egotera behartzen zaitu, eta bestean aldiz lankideek bultzatzen zaituzte zu. Azken hau da niri gertatzen zaidana, jendea bultzaka dator eta hori izugarri positiboada. Zeintzuk dira enpresa mailan etorkizuneko erronka nagusiak? Enpresari dagokionez, garbi dago lehia mundu guztira hedatu dela, izugarri aldakorra da gainera, eta horrek argi egotera behartzen gaituenez, edozein aldaketa burutzeko prest egon behar gara; atzerrira joan gaitezke enpresak sortzera edo atzerritarrei ongi etorria eman behar diegu. Era berean, produktu aldaketa bat edonoiz eman daiteke. Gure indarra pertsonetan eta jakindurian dago eta gure enpresak goi mailako ikerketa enpresak dira, izugarri berritzaileak. Gure ideologia kooperatibistan pertsona da nagusi enpresa barruan eta hori Gipuzkoan edo Euskal Herrian posible da. Dena den, atzerrian, Brasil edo Mexikon adibidez, ez da batere erraza gure eredua ezartzea. Horregatik hausnarketa sendoa egin beharra daukagu, gurea ez den eremu batean gure lan egiteko era sortu eta hedatzeko. Mundu globalizatu honetan gure ideologia kooperatibista non eta nola kokatzen den finkatzea erronka handia da gaur egun. Eta hezkuntza edo Unibertsitatearen alorrean? Gizarte aldaketa handi baten aurrean gaude eta horrek hezkuntza mota berri bat dakar. Momentura arte egin duguna ez da nahikoa, hezkuntza sistema berri bat sortu behar dugu. Egia esan, ez dakit sistema berri hau nolakoa izango den eta ezaugarri batzuk argi azaltzen badira ere saiakuntzak egiten hasi behar gara, beste herrialdeetan eta unibertsitate ezberdinetan egiten dutena ikusi behar dugu, azkenean gure eredua finkatzeko. Ezinezkoa da atzerriko eredu bat finkatzea, gurea behar du izan. Eta hau ez da unibertsitate bakarrak egin behar duen lana, elkarlanean jorratzeko gaia baita. Guztiontzat erronka da hau Unibertsitate ezberdinekin harremanetan zaudete? Akordiorik finkatu al duzue? Atzerriko unibertsitate ezberdinekin harreman sendoak ditugu, aurtengoan gainera hezkuntza eredu berri horren gainean Europa mailako ikerketa proiektu bat proposatu dugu. Unibertsitate amerikarrek ere parte hartuko dute honetan. Euskal Herriari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitatea,Deustukoa, Nafarroako Unibertsitatea eta gu gaude. Elkarlanean gabiltza, batez ere Deustuko Unibertsitatearekin eta EHUrekin, baina nire ustez hau ez da nahikoa. Lan sendoagoa egin beharko genuke elkarrekin. Nolakoa da MCCk atzerrian duen presentzia? Europako herrialde ezberdinetan ditugu delegazioak. Amerikari dagokionez Brasil, Argentina eta Mexiko aipatuko nituzke gune garrantzitsu gisa. Txinan eta Thailandian ere baditugu hainbat enpresa. Guztira hogei dira atzerrian ditugun fabrikak eta lau urteko epean hirurogei izatea da gure asmoa. Kanpoko produkzioa hirukoiztea nahi dugu. Atzerriko salmentak %57 ingurukoak izango dira. Garapen erraldoia egingo du talde kooperatiboak beste herrialde batzuetan eta honek arrisku handia suposatzen badu ere, guzti honen gainetik gure kooperatibaren nortasuna eta funtsa dago. Atzerrian lortuko diren etekinak bertan inbertituko ditugu, bertako gizartearen garapenean laguntzeko asmoarekin, eta hor hezkuntza edo ikerketa ere sartzen dira. Modu honetan bai gu eta baita eurak ere, guztiak, irabazten aterako gara. Mondragon Unibertsitateari dagokionez, zein da hasiberri den ikasturte honen nobedade aipagarriena? Egun hiru fakultate nagusi ditugu: Ingeniaritza Eskola Arrasaten, Enpresa Zientzien Fakultatea Oñatin eta Humanitate eta Hezkuntza Zientziak Eskoriatzan. Horietan karrera ezberdinak ikasteko aukera dago. Ingeniaritzan martxan jarri diren telekomunikazioko bi karrera berri aipatuko nituzke nobedade gisa. Hala ere, gure nobedade handiena bilakaera dela esango nuke. Lehenengo eta bigarren zikloak garatuak dauzkagu eta orain hirugarren zikloan gogor hasi gara lanean. Doktoretza ikastaroak martxan jarri ditugu eta gure asmoa izango litzateke zortzi urte barru ikasle guztien %5a doktoretza ikasten egotea. Aurtengo ikasturtean hogei bat pertsona arituko dira, aurreneko aldiz, doktoregoa egiten. Gure berezko tituluak ere aipagarriak direla uste dut, honek esan nahi du masterrak eta ikastaro aurreratuak ugaltzen ari direla. Hamazazpimaster ditugu aukeran eta formazio iraunkor horretan maila handia lortzen ari gara. Deba Gorenean ez omen dago langabeziarik. Zein da sekretua? Hemen mugimendu ikaragarria dago, baita lan asko ere. Baina sekreturik badugu askatasunez pentsatzea da. Ez dugu pertsonaren garapena soilik bilatzen, garapen pertsonala gizartearen garapenean baizik. Bakoitzaren jakinduria eta aberastasuna gizartearen jakindurian eta aberastasunean kokatzen saiatzen gara. Proiektu pertsonala izateaz gain, gure proiektu soziala da, kolektiboa. Ez daukagu langabeziarik baina momentuko gure erronka goi mailako enplegua sortzea da. Gure gazteek gero eta formazio handiagoa dute, gure lantegiak goi mailako lantegiak bihurtu nahi ditugu. Ez zaigu eraikuntza berriak sortzeko lurrik gelditzen, errepideak kotxez gainezka daude, ez dago bizitzeko toki fisikorik. Horregatik goi mailako enplegua da sortu nahi duguna, ikerketako enplegua eta zerbitzu aurreratuen enplegua. Gure gazteen eskakizunetara egokituko den lana. Martxan daukagu jada Garaia proiektua, horren bitartez enpresek eta unibertsitateak elkarlanean goi mailako ikerketak aztertuko dituzte, bai hezkuntza eta baita enpresa ere berritzeko. Hori da bailara honen erronka nagusia. Zer ikusten du Javier Retegik atzera begiratzen duenean? Zeintzuk dira zure lorpen kuttunenak? Zerbaitetaz damutzen zara? Karrera luzea da nirea, hirurogeita bost urte beteko ditut eta hamazazpi urteko mutila nintzela hasi nintzen lanean. Baina helburua beti da berdina, garapen pertsonala lortzea eta hori gizartearen garapenean kokatzea. Atzera begiratzen dudanean akats asko egin ditudala konturatu naiz, baina derrigorrezkoak dira. Bizitza honetan arriskatu beharra dago, eta arriskatzen ez denak ez du inoiz akatsik izango. Hanka sartzea ona da, betiere horretaz ohartu eta gero zuzentzeko prest baldin bagaude. Ez da geldi egon behar. Egin ditudan gauza batzuk aldatuko nituzke, noski, baina orokorki konforme nago egin dugun lanarekin. Eta gizarte honi apur bat lagundu badiogupozik nago. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 144.zbk (2001/11/16 23) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Jose Antonio Arana Martija: "Euskal Herrian ez da inoiz egon ezta egongo ere, euskararen eta euskal kulturaren alde Azkuek beste lan egingo duenik"

 

Irakurri

Patxi Goenaga: "Euskara batua gaizki erabiliz gero, zurruna, kaxkarra eta gogorra da"

 

Irakurri

José Luis de la Granja: "Irujo Estatutuaren aldekoa zen. Ez zuen helburutzat, baina garbi zeukan funtsezkoa zela Euskadirako"

 

Irakurri

Mikel Olaciregui: "Enpresa Zientziak ikasi nituen, ez zitzaidan inoiz burutik pasa Zinemaldian lan egitea, are gutxiago bertako zuzendari izatea"

 

Irakurri

Joxerramon Bengoetxea: "Gaur egun, Europa sortzea ezinezkoa izango litzateke"

 

Irakurri