Joxerramon Bengoetxea: "Gaur egun, Europa sortzea ezinezkoa izango litzateke"

2001-10-11

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Joxerramon Bengoetxea Joxerramon Bengoetxea Caballero, europar gaietan aditua "Gaur egun, Europa sortzea ezinezkoa izango litzateke" * Ismael Diaz de Mendibil Hiru urtez Eusko Jaurlaritzan egon ondoren, Joxerramon Bengoetxea Luxemburgera itzultzen da. Hango lana eta bizimodua ederto ezagutzen ditu, orain urte batzuk Europar Justizia Auzitegiko legegizona izan baitzen. Oraingoan ere, horretan arituko da. Halere, ez da luzerakoa izango, leku batetik bestera ibiltzea atsegin duelako. Dena den, han edo hemen, bere helburua Europa izango da beti. Irakaslea, legegizona edo politikaria zara? Zuzenbidearen teorilaria naiz, europar zuzenbidean aditua, edo hori atsegin dut, behintzat. Eta zergatik ez zara lan zuzenbidean edota familia arazoetan aditua? Zuzenbidearen teoria betidanik gustatu zait. Horrez gain, nazioarteko zuzenbideak erakartzen nau, gehien bat, europar zuzenbidea, oso europarzalea bainaiz. Europar Batasunean sinesten dut, eta arlo hori jorratu dut. Horretarako, Euskal Herritik kanpo ikasi zenuen hainbat urtetan. Eskoziara joatea erabaki nuen, gehien interesatzen zitzaidan aditua bertan baitzegoen. Aniztasuna, Estatuen arazoak, Estatuak ez diren herrien betebeharra... ikertu nituen. Europar gaia ardatza izanik, Alemanian eta Italian ere ikasi nuen. Ikasketak bukatu eta irakaslea izan zinen Euskal Herriko Unibertsitatean. Halere, ez zen luzerakoa izan, Luxemburgera joan zinen eta. Bai, Europar Justizia Auzitegira. Han legegizona izan nintzen, epaile batentzat egiten nuen lana, behar zituen txostenak eginez. Oso lan interesgarria da. Epaileak erabakiak hartzeko, hainbat txosten behar ditu, eta horretan ari nintzen ni. Zuzenbidearen teorilaria izanik, nola suertatzen zaizu teoriatik praktikarako ibilbidea? Esaterako, Auzitegian arrantza arazo bat baduzue, nola erabiltzen duzue teoria praktikan? Hizkera da zuzenbidearen ardatza. Azken finean, zuzenbidean agiriak ditugu. Alde bakoitzak legearen hizkeran oinarritu behar ditu bere argudioak, etahorretarako, hizkuntza landu behar dute. Hizkeraz ari zarela, hiritarroi zuzenbidearen hizkera zaila suertatzen zaigu. Legegizonok hizkera korapilatsua erabiltzen omen dugu. Horrekin bat nator, zuzenbidea berez teknikoa delako. Gainera, batzuek den baino teknikoagoa egiten dute, ezagutzaren jabetzari eusteko. Sendagileei, ekonomilariei... ere hori gertatzen zaie, eta gauzak argiago azal daitezkeela pentsatzen dut. Hori, ezbairik gabe, ez da ona. Bestalde, inkestek diotenez, hiritarrok Europar Batasuneko instituzioak urrun somatzen ditugu. Guztion errua da, eta neurri handi batean, baita komunikabideena ere. Halere, Estatuek Europan sinesten dute? Batzuek bai, eta beste batzuek ez. Bigarren gerrate mundiala amaitu zenean, berriz horrelakorik ez gertatzeko oinarriak beharrezkotzat jo zituzten agintari batzuek, eta hori da Europa. Orduan Europa eraikitzeko gogoa sortu zen, nazionalismoak gainditu egin behar zirelako, ordurarte adierazi ziren eran, behintzat. Nazionalismo horiek suntsipena, zatiketa, gerratea, bortxakeria... ekartzen zituzten, hau da, gaitz asko. Noski, nik hori nazionalismoa gaizki ulertuta zela pentsatzen dut. Gaur egun, berriz, Europa sortzea ezinezkoa izango litzateke. Orain norberak zenbat ateratzen duen europar apostutik da agintari gehienen jokoa. Hori gaizki ulertuta dago, horrela, ez baitzen jaio Europa. Teorian europar proiektuak etorkizuna du, baina, praktikan, egunerokoan, agintarien bilera garrantzitsuetan, Estatuek ez dutela indarra galdu nahi antzematen da. Hortxe dago gakoa. Estatuko pentsamoldearekin jarraitzen dugu, ez dugu uste Estatuetatik kanpo ezer egon daitekeenik, ez dugu horretan sinesten. Komunikabideek ere zeresanik dute kontu horretan. Esaterako, kirolean. "Espainiarrek ez dakit zenbat domina lortu dituzte Olinpiadetan" da eguneroko titularra, eta ez, "Europak hainbeste domina lortu ditu". Azken hori ez du inork esaten, ez dugulako europarrak bezala pentsatzen. Zergatik ez? Europarrak gara! Komunikabideek lan hori egitenlagundu behar dute. Agintarien bilera handietaz ari nintzen. Zeuk, euskal hiritar bezala, zure herriak bilera horietan hitza izatea eskatzen duzu? Noski. Nik nire hitza bertan entzun nahi dut, ez beti irabazteko, baina bai,gainerakoek euskaldunok gai ezberdinen inguruan zer iritzi dugun jakiteko, eta are gehiago, nire interesen alde egin nahi dut bilera horietan. Batzuetan, irabaziko dut, beste batzuetan, ordea, ez. Euskal Herria ez da Espainia baino gutxiago, subiranotasun kontua da, laburbilduz. Gaurko egoera juridiko politikoan Europan hitza eta erabakia izatea posiblea al da? Gaur egun zaila da. Dena den, Espainiak onartuko balu, posible izango litzateke. Hala eta guztiz ere, nola ikusten dute Espainiako ordezkariek Espainia? Beraientzako Espainia Madril da, eta noski, gobernua bakarra da, euren iritziz. Alemaniarrentzat, berriz, Estatua ez da hori. Haientzat, Alemania da gobernu zentrala gehi landerrak. Hemen, aldiz, autonomia erkidegoak gobernu zentralaren etsaiak direla pentsatzen dute. Landerrek ordezkaritza dute Bruselan, guztien artean ordezkari bat izendatzen dute eta horrek bilera erabakiorretan hartzen du parte. Hori formula bat baino ez da, beste bat Eskoziakoa izan liteke. Erresuma Batuan gaiaren arabera izaten da ordezkaritza, batzuetan, ministrari britainiarrarekin batera eskoziarra doa, eta beste batzuetan, eskoziarra bakarrik joan daiteke, britainiar guztien izenean. Adibide gehiago daude: Austria, Belgika... Estatu zentralistak ere ditugu, baina, Espainia, teorian, autonomia erkidegoak eta, ez da zentralista, portaeran, berriz, erabat. Gainera, PP alderdia ez da errudun bakarra, PSOEk ere berdin jokatzen baitu. Ez daude eroso autonomiekin. Hori aldatzeko borondatea baino ez da behar. "Hemen ez dago ezer egiterik, egin dezagun gure Estatu propioa" esaten dutenei argudioak ematen dizkiete. Berriz, aipatzen dut, euskaldunok Europan ordezkaritza izateko, ez da inolako legerik aldatu behar, borondatea baino ez da behar. Euroa gainean dugun arren, Europakoproiektuak atzera jo du azken urteotan? Estatuak berekoiak izan daitezkeela gero eta onartuagoa dago. Hori da atzerapausoa. Horrela pentsatuz gero, inork ez du ezer ematen. Halere, baikorra izan nahi dut. Merkatu amankomuna lortzen ari gara, euroa, Europaren barruan gure enpresek truke asko egiten dituzte... Hori guztia, gure onurakoa da. Bestalde, Europan politika berri asko egiten ari dira, eta horiek gero eta eragin handiagoa daukate guregan. Europa errealitate bat da. Hori bai, ez dakit konturatzen garen edo ez, eta zenbat dakiten horren inguruan gu informatzen gaituzten kazetariek. Etorkizunari begira, zein da Europaren desafioa? Hiritartasunari edukina ematea. Europar hiritarrak gara, baina horrek zer esan nahi duen azaldu beharra daukagu. Estatubatuarrek ederki dakite hori, eskubideak zein betebeharrak, noski. Hori lortzeko gidaririk dugu agintarien artean? Komunikabideek sortzen dituzte gidariak, eta arazoa da Europan komunikabideak nola dauden hedaturik. Estatuko komunikabideak dira, eta noski, interes handiak dituzte. Ez zaie europar ikuspegia ematea interesatzen, ez baitute menperatzen. Komunikabide alternatiboek ere ez dute lagundu, euren iritziz, egindakoa merkatarien Europa baita. Euskal abertzaleok ere eskema sinplegiak dauzkagu, Estatuari oso loturik daudenak. Europa egiteko, hori gainditu behar dugu. Ez gara ohartzen, baina, gero indarge sentitzen gara globalizazioaren aurrean. "Hori ez dago gure kontrolpean", "Hori kanpoan, beste batzuek erabakitzen dute", "Estatu handiek inposatu dute hori"... Eta gu zer? Benetan libre izan nahi badugu, testuinguru zabalago batetan kokatu beharra daukagu, bestela, akabo. Orain, urte berriarekin batera, Euskal Herria utzi, eta bertara itzuliko zara. Nola da bizitza Luxemburgen? Herri txikia duzu, eta askoren iritziz, aspergarria da. Lasaia, oso berdea, gurea bezala. Bizitza kalitate handia dute. Parranda egin nahi baduzu, ez zaitez Luxemburgera joan. Horretarako, Euskal Herria ezinhobea dugu. Gainera, Europako osoleku interesgarrian dago kokatuta, eta gu baino aberatsagoak dira, bizitza kalitatea ere handiagoa da, baina, nola neurtzen dugu kalitatea? Gurean, orohar, oso ondo bizi baita. Hemen badakigu dibertitzen, bakardadea somatzen da han. Hemengo alaitasuna ez duzu hango kaleetatik ikusten. Eta zenbat urte emango dituzu han? Ez dakit, zaila da esatea, baina, pare bat urte, edo. Gero ikusiko dugu, beti leku batetik bestera ibili bainaiz. Nik bizitzari aniztasuna, ikuspegi eta gauza ezberdinak izatea eta ikastea eskatzen dizkiot, lanpostu ezberdinetan egonez. Azken hiru urteotan Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzaren sailburuordea izan zara. Zer nolako esperientzia izan da? Polita, interesgarria eta gogorra. Ez da lan erraza, Sailak berak zailtasunak ditu eta. Alde batetik, sindikatuak, bestetik, enpresariak... Gobernua erdian dago, eta nolabaiteko orekari eutsi behar dio. Langabezia ere dugu, nahiz eta urte hauetan behera egin. Une onak eta txarrak izan dira? Niri Espainiako gobernuak Hobetuz planarekin egin duena oso gogorra suertatu zait. Astakeria hutsa iruditu zait. Gure langileek eta enpresek 6.000 milioi pezeta inguru ordaintzen dituzte, eta haiek, aldiz, 1.500 milioi itzuli dizkigute. Hori lapurketa! Nire ustez, jarrera horrek PPren benetako aurpegia erakutsi du. Gainera, Estatuko sindikatu nagusiek zein enpresariek ez dute deus esan, eta ados azaldu dira. Alde onean, berriz, lan hezkuntza landu dugu, enplegu zerbitzua martxan daukagu, orientazio zerbitzua, esaterako. Hemendik hobeto gestionatzen ditugu gauzak, gure administrazioa eraginkorra baita. Ezker Batua Jaurlaritzan egoterakoan, sindikatuen eta enpresarien arteko harremanak errezagoak izango dira? Nik ez dut uste harremanak derrigorrez hobeak izango direnik. Nik uste dut Ezker Batua sartzea ona dela, eta kitto. Ona da guztiontzako, aberastuko gaituelako, ekarpen aurrerakoiak eskainiko ditu... Ezkerreruntz joko du, eta hori ez da gauza txarra. Politikaria zarela esan genezake? Ez dut nire buruahorrela ikusten. Politikari guztiei errespetu handia diet, batzuek guztiak berdinak direla dioten arren. Hori ez da egia. Baina, alderdiek arauak dituzte, euren erabakiak alderdiko guztiontzat dira, eta ez dute ezberdintasuna onartzen. Dirudienez, iritzi ezberdinak izateak kalte egiten die, eta hain zuzen ere, nire ustez, kontrakoa da. Beti militantea izango naiz, baina ez dut betirako politikaria izan nahi. Nire burua oso independientea ikusten dut, nahiz eta alderdi baten baitan egon. Egunen batean, nire gogoetak alderdiarekin bat ez doazela ikusiko banu, utziko nuke. Eta noiz itzuliko zara unibertsitatera? Unibertsitatea nire benetako iparra da. Unibertsitatera ikertzeko itzuliko naiz, ni lan ezberdinetan bizi izandako esperientzien inguruan ikerketa egitea eta sakontzea gustatuko litzaidake. Europar gaiak asko interesatzen zaizkit, beraz, edozein lekutan egonda ere, Europarekin zerikusirik daukana egiten saiatuko naiz. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil Euskonews & Media 139.zbk (2001/10/11 19) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Jose Maria Satrustegi: "Bakegintzan gerra erabiltzeak espirala haunditu besterik ez du egiten"

 

Irakurri

Joane Somarriba: "Lortu dudanarekin, txirrindularitzan eman ditudan urte guzti hauek benetan merezi izan dute"

 

Irakurri

Xabier Isasi: "Unibertsitateak euskararen normalkuntzarako erantzukizun handiagoak dauzka, bere gain hartu dituenak baino"

 

Irakurri

Juan Bautista Berasategi: "Nik ez ditut nire gogoko istorioak kontatzen, saldu daitezkeenak baizik"

 

Irakurri

Jose Luis Zumeta: "Emozionala da hasiera eta koloreak esaten dit nondik jarraitu behar dudan, zer egin, zer jarri eta zer kendu. Kolorerik gabe niretzat oso zaila da sinistea. Sentitzea, sinistea... dena da berdina niretzat"

 

Irakurri