Jose Luis Zumeta: "Emozionala da hasiera eta koloreak esaten dit nondik jarraitu behar dudan, zer egin, zer jarri eta zer kendu. Kolorerik gabe niretzat oso zaila da sinistea. Sentitzea, sinistea... dena da berdina niretzat"

2001-09-07

MARCELLAN, Idoia

Elkarrizketa: Jose Luis Zumeta Jose Luis Zumeta, pintorea "Emozionala da hasiera eta koloreak esaten dit nondik jarraitu behar dudan, zer egin, zer jarri eta zer kendu. Kolorerik gabe niretzat oso zaila da sinistea. Sentitzea, sinistea... dena da berdina niretzat" * Idoia Marcellan Jose Luis Zumetari koloreek xuxurlatzen diote. Haiek esaten diote nondik jo. Parisera alde egin behar izan zuen abangoardiaren bila eta Euskal Herrirako bueltan bera bilakatu zen abangoardia. Hasieran haserreak eragin bazituen ere, berari bost axola zitzaion. Besteak frankismoaren gristasunean zebiltzan bitartean, askatasunez eta kolorez zipriztindurik bizi zen bera. Eta bizi da, bohemio izan nahi zuen gaztea, pozik baitago egun Nafarroako bere baserrian, bere tailerrean eta etengabeko irudimenaren laguntzaz. Noiz hasi zinen pintzelak zikintzen? Usurbildik bost urterekin atera nintzen lehendabiziko aldiz Donostiako eskolara joateko, Alde Zaharrean zegoen La Sallen, eta han hasi nintzen. Astean zehar, marrazketa lantzeko bizpahiru klase genituen . Hor nonbait, ongi egiten nuen eta hamahiru edo hamalau urte nituelarik, grafika enpresa batean lanean hasi nintzen praktiketan edo. Kasualitate horregatik hasi nintzen marrazten, eta ikasten. Lan komertzialak ziren, jakina, baina eskarmentua hortik hasi zitzaidan. Nagusia ere pintorea zen, Antonio Valverde, eta bertan liburuak eta baziren. Bertako lanak egiteaz gain neure gauzak egiten hasi nintzen.Gerora Sección Artística de Guipuzcoara jo nuen, non maisurik ez zen: modeloak etortzen ziren eta bertan ipintzen ziren. Beraz, pixkanaka, geroz eta gustu gehiago sumatzen nuen eta ordutik pintorea izan nahi nuela sumatu nuen. Horrelako erabakia ez al zen oso zaila suertatu, oztopoz betetakoa? Nik bizitza bohemioa egin nahi nuen. Lana bilatu beharra, parranda eta denetik...soldaduska egitera joan nintzen eta gero Parisera. Bertan denboraldi ez oso luzeak igarotzen nituen. Dirua beharrezkoa zen, beraz hona bueltatu, pixka bat gizendu, dirua apurbat lortu eta horrela ibili nintzen hilabeteetan zehar. Hemendik atera beharra neukan pintore bezala ibiltzeko, hemen ez zegoen zereginik. Nazioarteko artearen abangoardia ezagutu nahiak bertara eraman ninduen. Madril edo Bartzelona aukeran zeuden ere baina horien aurrean Paris nahiago nuen. Frankismoak eta bertako gizarte kontserbadoreak ezarritako isolamendua hausteko premia larria neukan. Oso interesgarria zen hango mugimendua, gerora pixka bat jaitsi bazen ere mundu osoko pintoreak biltzen ziren han. Van Gogh ere han ibilia zen, inpresionismoa, Tolouse Lautrec... Zerekin egin zenuen topo bertan? Lehenik eta behin hiru donostiarrekin: Rafael Ruiz Balerdi, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Mari Ortiz. Asko ibili nintzen Balerdirekin, ni baino pixka bat zaharragoa zen, pinturaz asko zekien eta harekin asko ikasi nuen. Kalean, erakusketak ikusten, paperak bilduz ibili nintzen, benetako bohemioa izateko aukera izan nuen orduan, a tope. Pinturekin harrituta gelditu nintzen. Iparamerikarrak eta europarrak ziren bertan: Cobra, Staël, Pollock, de Kooning, Chagall eta Picasso... hemen ez zegoen ezer eta dena berria zen niretzat. 1959an egin nuen lehendabiziko bidaia haruntza eta "kolpe" handia jaso nuen buruan, bai horixe. Gero Londresen egon nintzen, eta beste aldi batean Suediaraino. Orduan Vespa batean egin genuen bidaia Jose Antonio Artzek eta biok. Parisen neska bat ezagutu nuen nik eta...ez zen pintorea bera. Hortaz aitzakia hori hartuta... Aitzakia baino gehiago zen...! Udazkenean ailegatu ginen Estocolmora eta berehala hasi zen hotza, elurra...nahiko gogorra zen, triste xamar. Hala ere zure bihotza bero egonen zen... Denbora gutxi ...Denboraldi horretan pintura kontuak pixka bat ahaztuta izan nituen. Ikastaro bat edo beste egin eta handik Danimarkara joan nintzen,bi hilabetez edo. Izan ere, lanik ez zegoen eta oso gaizki nengoenez, auto stop eginez Parisera itzultzea otu zitzaidan. Gaztetxo, hogei edo hogeita lau urte nituela egindakoak dira hauek; hogeita bostekinezkondu nintzelako eta hortik aurrera, zeharo aldatu ziren gauzak. Behin Euskal Herrian zaudela zure maletan zer ekartzen duzu, motxilan agian hobe? Hemen giro kostunbrista zegoen: behiak, baserria, arrantzaleak, behe lainoa ziren nagusi. Hortaz, handik bueltatzerakoan nik nekarrena eskandalu bat izan zen. Gogoratzen dut nola Donostiako udaletxean mural bat jarri nuen eta jendea kalean haserretuta ibili zen, gaitzidura sortu zen. Ordura arte, ez zuten horrelako gauzarik ikusteko aukerarik izan. Obra haien gaia pintura bera zen, kolorea zen nagusi, abstrakzioa euskal gizartean lehen aldiz agertzen zen. Ni txulo samarra nintzenez, jarrera ezkor horiek, jendearen haserreak, ez ninduten batere kezkatu. Egia esanda oso erradikala zen, kolore bizi biziak eta marra horizontal batzuk, gai jakinik antzematen ez zitzaienak. Jendea astintzea bilatzen al zenuen? Ez, ez, nik benetan sinisten dut. Behin ere ez dut pentsatzen zer dagoen alde batean edo bestean. Pintatzerakoan behin ere ez dut buruan nork ikusiko ote duen. Gero erakusketa bat prestatzerakoan aukeraketa bat egiten dut baina pintatzerakoan ez. Ez banu sinesten dudana egin, bidea galduko nukeen. Testuinguru honetan Gaur taldea sortzen da. Gaur taldea Hondarribian bizi nintzelarik sortu zen; arte mailan Gipuzkoan eskola bat sortzeko eman zen ahalegin bat. Pintore eta eskultoreak bildu ginen. Musikan ere orduan Ez Dok Hamairu sortu zen. Eskola horretan poetak ere baziren. Gaur, Orain, Danok eta Hemen izan ziren 60. hamarkadan Euskal Herrian sortu ziren taldeak, betiere euskal artea sustatzeko asmoz. Hasiera batean erakusketak egin genituen, gerora aldarrikapen politiko batzuk zetozen. Baina geroz eta oztopo gehiago izan genituen eta proiektu politiko hau bertan behera gelditu zen. Tentsioa izugarria zen eta bakoitzak bere aldetik jo zuen. Pasioa eta lanbidearen arteko muga? Nire kasuan afizioa edo bokazio hutsa da. Nire alboan, familian, betiko topikoak azaleratu ziren erabaki hau hartzerakoan. Zer dela eta bideratuduzu zure lan gehiena pinturara? Erliebeak egin ditut, koloreekin. Kolorea nahiko fundamentala da, 3 dimentsiotan lan egiten hasi nintzen, bolumenak lantzen horra hor 1974 76 bitartean egindako zeramikazko erliebeak, baina oso zaila zen, oso konplikatua: tresnak, lantegia...eta oso garestia. Eskakizun asko zegoen azpiegitura aldetik eta hortaz, pintura sakontzea erabaki nuen. Behin baino gehiagotan kolorea aipatzen duzu... Kolorea niretzat fundamentua da pintura bat jarraitzeko, emozioa da, eta emozioen bidez energia sortzen da, zentzua ematen die gauza guztiei. Koloreen bidez forma sortzen da. Hasiera emozionala da eta koloreak esaten dit nondik jarraitu behar dudan, zer egin, zer jarri eta zer kendu. Kolorerik gabe oso zaila egiten zait sinistea. Sentitzea, sinistea... dena da berdina niretzat. Ezin dut bakar bat aukeratu, epokak egon daitezke baina guztiak behar ditut. Oihal zuria daukazu aurrez aurre ... Beldurra sumatzen nuen lehen. Gero errespetua galdu nion eta koloreekin fidatzen hasi nintzen, haiek erakusten didate nola segi. Hasiera batean dena kolorea da, inpulsiboa. Bata bestearen atzean jarri eta segituan ikusten da zein nahi duzun ondoren. Hiru saio ematen ditut egunean zehar, saio motzak. Freskura lortzen dut horrela motzean eta asko lan egiten, gehiegi pentsatu gabe. Asteburuetan konpromisoren bat dela edo bisitaren bat dela gutxiago egiten dut, bakarrik banago gauez agian aritzen naiz ere. Nahiko naturalki, gogoen arabera, margotzen dut, badakit nire neurria zein den eta horren arabera aritzen naiz. Zerk erakusten dizu amaitu duzula? Ez duzu ia beste biderik ikusten. Kolorea, posizioa, keinua...lortutakoan amaitutzat ematen dut, koloreak berak esaten dit. Beti abstrakzioan murgildu al zara? Hasieran noski figurazioa landu nuela eta gerora ere denboraldi batean ekin nion 79 80an.Espresionismo soziopolitiko moduko bat izan zen. Salaketa soziala egin nahi izan nuen, behar hori sentitu nuen eta egin nuen. Betebehar hori amaitu eta abstrakzioari ekinnion berriz. Nire lanen artea kartelgintza ere abstrakziotik zertxobait urruntzen da. Onartu ditut holako lanak, talde batentzat edo Laboarentzat...eta beti boluntarismo bezala egindako lanak izan dira. Eta pinturetan, nolabaiteko lotura egin izan dut gaiarekiko. Dena asmatua dagoela esaten da, zer duzu berririk aportatzeko? Dena eginda dagoela esatea da bide zabalak irekiak daudela baina gero bakoitzak bere bidea dauka, nahiz eta denok autopistatik ibili, bakoitzak bere bidexka dauka. Eta ematen du gauza berririk edo harrigarririk ezingo direla egin eta egingo dira, bakoitzak bere bidea daukalako. Pintura bera abentura da. Pintore batzuek barruko sentsazioak ateratzeko erabiltzen dute pintura, eta zuk? Nik bai, horrekin identifikatzen naiz, hala ere ia ahaztu zait zergatik pintatzen dudan, ia ezin da zehaztu, beharragatik edo, izateko. Hasieran nire pintura eskasa zen, gerora kontrolatzen hasi nintzen. Betiere nire kabuz esperimentatzen. Autodidakta izateak bere arriskuak eta abantailak ditu. Eraginik ez duzu, askatasuna ere bai, izan ere, akademikoki ikasten dena ahaztu behar da eta nik ez dut ezer ahaztu behar izan. Europa erdialdeko eragin gehiago izan dudala iruditzen zait iparamerikarrena baino. Kopiatu ez, baina nire gauzak eta beharrak hurbil samar ikusten ditut. Uribitarteko biltegia Bilbon, San Martingo azoka Donostian, Iruñeko Gaztetxea...zer dute horrelako lekuek erakustoki bezala aukeratzeko? Bilboko kasuan nik ofizialtasunik gabeko leku bat nahi nuen, ez nengoen ados zenbait politikekin eta baliteke, bai, salaketa moduan egin izana. Leku marjinala edo artetik kanpo dagoen leku baten bila nengoelarik Donostian, esate baterako, San Martin azoka suertatu zitzaidan. Oso polita geratu zen. Pinturak eta gero inguruan oilaskoak, berdurak, frutak eta txorizoak. Jende askok eskertu zidan, niretzat hunkigarria izan zen. Erakusketa berez esker saria da, ez dut hala ere jendearekin harreman zuzenik izaten, jakina, inaugurazioetan hantxe nago eskerrak jasotzeko,gainontzeko egunetan berriz ez naiz handik ibiltzen. Teknologia berrien aurrean zein da zure jarrera? Normala da, erreminta ezberdin bat da, ni horretan nago probatzeko behinik behin. Marrazkiak bertan egiteko, kolore aldaketak bertan probatzeko...entxufatu gabe daukat oraindik baina mahaia eta ordenagailua hortxe dauzkat hasteko prest. Tailerretik irteterakoan badira libre dauzkadan zenbait ordu eta une horiek ordenagailuarekin aprobetxatuko nituzke, entretenimendu bezala hartzen badut...Hori bai, pintzelak ez ditut utziko. Nik lanabes tradizionala behar dut. Etorkizuneko proiektuak... Miarritzeko udaletxetik deitu naute erakusketa bat egiteko, zehazteke dago beraz eta bestalde, New Yorken badaukat hitzartuta beste bat. Galeria batean da, Bilbon egindako erakusketa batean New Yorkeko gizon batek koadro bat erosi eta bere alabak han duen galeriara erakusketa eramateko esan zidan eta hala sortu da. Egungo pinturaren argazki marrazkia... Asko dago, urtero Leioatik ehunka pintore irteten dira. Gu hasi ginenetik oraino gauzak hainbeste aldatu dira...egun karrera egiten dute, ofizioa ikasi eta teoria jasotzen dute, asko ikusteko aukera, informazioa, dena daukate. Egia esanda ez ditut gehiegi jarraitzen egungo euskal pintore gazteak. Hori bai, ikusi dudanaren artean oso maila altua dagoela esan dezaket. Beharbada hemen bizi dugun tentsio politikoak beste ikuspegi ezberdin bat ematen die egungo artistei, agian hau esatea gehiegizkoa da, baina hala iruditzen zait. Tentsio handia dago eta hori bizitzako esparru guztietan islatzen da, artean ere bai. Hori bai, bokazioa daukan gazte bati naturaltasunari eta sentimenduei jarraitzeko gomendatuko nioke. Batbatekotasuna lantzeko. Adinak, jarraitzeak, ematen du zure lekua lortzea. Guggenheim museoak zer nolako eragina izan du? Hemengo giroa astindu du, hirien arteko nolabaiteko konpetentzia sortu du eta mugitzen hasi dira. Arrakasta komertzial bat izan da eta astindu duen aldetik asko egin duela iruditzen zait. Gero bere politikaia iparamerikarra denez, euskal pinturari mesede handirik ez dio egin, baina beste gauza onak ekarri ditu. Publikoak zer egiten den ikus dezan ongi dago, modernizatzeko. Nik uste dut jendeak borondatea daukala, egun errespetatzen du abstrakzioa. Ulermena ez bada, kolorea gustatu ala ez gustatu, behintzat baremo horiekin hurbiltzen da. Jose Luis Zumeta, 1939an Usurbilen, Gipuzkoan, jaioa Egindako erakusketen eta jasotako sarien laburpen bat baino ez da jarraian agertzen dena: 1958 Madrilen egiten den "Pintura Joven" lehiaketan Urrezko Domina Nazionala irabazten du. 1965 Euskal eskolako "Gaur" taldearen sorreran parte hartzen du, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Jose Antonio Sistiagarekin batera. 1967 "Euskal pinturaren Sari Nagusia" lehiaketaren lehen saria irabazten du. 1973 74 145metro koadroko zeramikazko horma irudia egiten du Usurbilen. 1976 Madrilgo Velazquez Jauregian antolatu zen "Erakusketa 79"delakoan parte hartzen du. 1980 taldeko erakusketa egiten du Bartzelonako Joan Miró Fundazioan. 1982 taldeko eta banakako erakusketak egiten ditu Stuttgar Alemanian. 1983 Banakako erakusketa "Volksbank galerie" delakoan (Biberach, Alemania). 1989 "Homenaje a las víctimas del franquismo" izenburuaz antolatu zen taldeko erakusketan parte hartzen du, Madrilen, Sevillan eta Valentzian. 90. hamarkadan zehar Euskal Herriko zenbait museo eta galerietan dabil: Windsor, San Telmo, Altxerri, García Castañón, La Brocha, ... 1999 The Hangar, Evanton (Eskozia9 2000 Uribitarte biltegia (Bilbo). La Brocha galeria. San Martingo azoka (Donostia). Bere koadroak Bilboko Arte Ederretako museoan, Arabako Arte Ederretako museoan, Donostiako San Telmo museoan, Santa Cruz de Tenerifeko Egungo artearen fondoan eta Txileko Santiagoko Elkartasunaren museoan, Kataluniako Caixaren "Testimoni" bilduman ikus daitezke. Argazkiak: Idoia Marcellan Euskonews & Media 134.zbk (2001 / 9 / 7 14) Eusko IkaskuntzarenWeb Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

José Ignacio Tellechea Idígoras: "Historialariaren lana plazer bat da niretzat, egin ditudan aurkikuntzak besteei ezagutarazteak poz handia ematen didalako. Historia aberasteko modu bat da"

 

Irakurri

Robert Laxalt: "Ni ez naiz euskal jakintsua edota euskal idazlea; idatzi egiten duen euskalduna besterik ez naiz"

 

Irakurri

Alfonso Sastre: "Antzerkia bizitzan esku hartzeko bidea bezela hartzeak, asetu egin nau"

 

Irakurri

Antonio Campos: "Ikastolak ez dira ikastetxeak soilik, atzean filosofia bat dute"

 

Irakurri

Vicente Ameztoy: "Pintatzen dudan koadro bakoitzarekin nire burua txunditzen saiatzen naiz"

 

Irakurri