José Allende: "Demagogiatik ekintzara igarotzeko ordua da".

2003-01-31

EZKERRA, Estibalitz

Elkarizketa: José Allende José Allende, hiri eta erregio plangintzetan katedraduna Demagogiatik ekintzara igarotzeko ordua da * Estibalitz Ezkerra Ez da batere erraza José Allenderen agendan tartetxo bat aurkitzea, izan ere unibertsitatean (EHUko katedraduna da eta Sarrikoko fakultatean eskolak ematen ditu) eta hainbat lekutan zuzentzen dituen master eta doktoradutzen artean ematen baitu eguna. Azpeitian zuzentzen ari den ikastaro horietako bat, hain zuzen ere, Agenda 21 lokalen ingurukoa da, hiriak jasangarri bilakatzeko jarraitu beharreko pausoei buruzkoa, Allendek oso gustukoak dituen gaiak biak, baina errealitatean oraindik behar bezala aplikatzen ez direnak. Horiei buruz mintzatu gara berarekin fakultatean duen bulegoan. Zer adierazi nahi da hiri bat jasangarria dela esaten denean? Hiri bat jasangarria dela esaten da garapen jasangarriaren irizpideen arabera funtzionatzen eta garatzen ari denean; jasangarritasunaren filosofia berriaren ezaugarri guztiak betetzen dituenean. Eta hiri bat jasangarria izaten hasiko da bere hazkundea aztertzen hasten denean, hazkundeari muga batzuk ipini behar zaizkiolako. Euskal Herrian bereziki, lurra oso baliabide mugatua da, gero eta urriagoa. Hiri bat jasangarria izango da hurrengo belaunaldientzat atsegina, arduratsua, sozialki justua, ingurumenaren aldetik erakargarria, ekonomikoki bideragarria eta kulturalki estimulagarria baldin bada. Zein irizpide erabiltzen dira hiri bat jasangarria den ala ez erabakitzeko? Zein parametrotan oinarritzen da? Hiri bakoitzak ad hoc irizpideak erabiltzen ditu jasangarritasunaren kontuetan; hau da, bere ezaugarrien arabera finkaturikoak, eta irizpide horiek kontuan hartzen dituzte bai ingurumena (kutsadura, garraio eta komunikazio sistemak, berdeguneak, hondakinak, etab.), bai ekonomia (bizi maila, oinarri ekonomiko mota, egitura ekonomikoaren aniztasun edo zurruntasuna, etab.), eta bai alderdi sozio kulturalak (gizarte bazterketa, indarkeria, banaketen ekitatea, dimentsio kulturalarekikoerrespetua eta bere sustapena, etab.). Zer egitea dagokie administrazio lokalei garapen jasangarriaren eredurantz joateko? Hobetu al daiteke bide hori, eta nola? Administrazio lokalek ahalegin berezia egin beharko lukete hazkunde eta garapenaren kontzepzioak aldatzeko, eta garapen berri hori diseinatu eta kontrolatzeko jendea informatu eta kontzientziatu beharko lukete, eta beren parte hartzea bultzatu. Jasangarritasuna lortzeko aurrera egiteko modu bat izango litzateke ahalik eta azkarren, eta modu garden batean, Agenda 21 lokalak landu, inplementatu eta ekintza plan bat martxan jartzea. Horretarako, alde batetik benetako borondate politikoa beharko da, eta bestetik Agenda 21etan zehaztutako estrategia, irizpide eta helburuak plan eta programa lokaletan txertatu beharko dira (hiri antolamenduko plan orokorrak, arau subsidiarioak, ordenantzak, plan lurraldetarrak, etab.). Era berean, gizarte zibileko agente sozialek kontrola, gardentasuna eta gizartearen parte hartzea bultzatu beharko lukete. Labur esanda, nire ustez demokraziak parte hartzaileagoa izan beharko luke. Nola hartu beharko lukete parte hiritarrek? Kontzientziatuta al gaude? Hiritarrek askoz ere modu aktiboagoan hartu behar dute parte garapen berri hau diseinatu, kontrolatu eta sustatzeko lanetan, ardura handiagoarekin. Baina ez administrazioan dauden politikariak, eta ezta hiritarrak ere, ez daude garapen jasangarriak dakartzan erronkei aurre egiteko prestatuta. Nire iritzian, Agenda 21eko prozesuak epe laburrean ahalegin berezia egin beharko luke politikari eta hiritarrei informazioa helarazten eta kontzientziazioa bultzatzen. Dena den, horrek lan handiak ekarriko ditu, eta ez gara konturatzen zenbatekoak. Zertan datzate Agenda 21 lokal horiek? Agenda 21 lokalak, Nazio Batuen Erakundeak 1992an Río de Janeiron Ingurumen eta Garapenari buruz antolatutako goi bileran sortu ziren tresna batzuk dira. Agenda hauen helburua jendea maila lokalean hezi eta kontzientziatzea da, eta garapen jasangarrirako ekintzaplanak abian jartzea. Agenda 21 lokaletan, prozesuak "behetik gora" joaten dira, eta funtsezkoa da gizarte zibilak gure erkidegoetako ereduak (lurraldearena, ekonomiarena, gizartearena eta kulturarena) diseinatu eta kontrolatzen parte hartzea. Horregatik, oztopo politiko asko jartzen dira Agenda hauek inplantatzeko orduan. Zer falta da gure hirietako plangintza lokaletan? Gure hirietako plangintzak ez dauka inolako zerikusirik garapen jasangarriaren kontzepzio berriarekin. Hemen, merkatuko irizpide lehiakorrak dira agintzen jarraitzen dutenak, eta horren aurrean ekonomia ekologizatzen saiatu behar dugu, eta garapena lurraldetartzen. Horregatik, Agenda 21 lokalek lege indarra izan beharko lukete, irudi hutsa izan beharrean. Hazkunde eta aurrerapenaren kontzeptu tradizionalak lehenbailehen birdefinitu beharko genituzke. Esparru politikoan, lehenengo pauso modura, nire ustez lehenik eta behin hirien plangintza orokorrak berrikusi beharko lirateke, eta hiri horietako Agenda 21etan aurreikusitako irizpide, estrategia eta helburu guztiak lurralde planetan (hirigintza planetan, eskualdekoetan eta erregionaletan) integratu. Orain arte, hiri eta eskualdeetako plangintzek ez diote inolako kasurik egin garapen jasangarriaren mezu filosofia berriari. Bada garaia demagogia utzi eta ekintzetara pasatzeko. Zein egoera dago Europa mailan? Zein hiri azpimarratuko zenuke eredu jasangarria lortzeko ahaleginetan duten inplikazio mailagatik? Ba al dugu haien parean gaudela esaterik? Pirinioetatik gora, Europako egoera, nahiz eta oraindik prekario samarra izan, hemengoa baino askoz ere hobea da, aurreratuago daudelako. Euskal Herrian oso denbora gutxi daramagu honekin, eta beraz ezingo nuke kasu eredugarririk aipatu, baina Estatu mailan, aldiz, Balearretako Autonomia Erkidegoko kasu bat azpimarratuko nuke, Calviakoa. Eta Europa mailan, beharbada herrialde eskandinaviarren esperientzia. Zein norabide jarraitzen ari gara? Oso gaizki gabiltza, zuzen zuzenean zulo beltzera goaz. MauriceStrong, Konferentziako idazkari nagusiak Río de Janeiroko 92ko goi bileran esan bezala, behar beharrezkoa da nazioek, enpresek eta gizabanakoek beren jarrerak lehenbailehen aldatzea. Gainera, 1972ko Estokolmoko Goi Bileran hasi ziren sistema neoliberal honetan dauzkagun lurraldearen garapenean eta ekoizpen zein kontsumo arduragabean aldaketa sakonak egiteko premiaz hitz egiten. Ezin dugu denborarik galdu. Horrez gain, ikuspegi globaletik begiratuta, ezinezkoa da ingurumenaren aldetik mundua bakarra izatea eta alderdi ekonomiko eta sozialean bi edo hiru, eta gero eta ezberdinagoak gainera. José Allende José Allende Landa Hiri eta Erregio Plangintzetan (Ekonomia aplikatuan) Katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Master of Science (Planning Studies) London School of Economics and Political Science (Londresko Unibertsitatea) eta Master of Arts (Urban and Regional Planning) University of Pennsylvania (EEBB) Masterrak egin zituen. Hainbat liburu idatzi ditu honako gai hauen inguruan: Politika Energetikoa eta Energia Nuklearra; Area Metropolitarren Plangintza; Ekologia eta Lurraldea; Ingurumena eta Jasangarritasuna. Artikulu ugari kaleratu ditu, besteak beste, honako aldizkariotan: Información Comercial Española; Ciudad y Territorio; Estudios Territoriales; Economía y Sociedad; CEUMT; Mientras Tanto; Derecho Urbanístico; Revista de Estudios Regionales; Alfoz; Revista Vasca de Administración Pública; Ecología Política, etab. Gaur egun honako gai hauen inguruan ari da bere ikerketak gauzatzen: Ingurumenaren Lurralde Antolaketa; Ingurumenaren Gaineko Eraginaren Ebaluazioa; Garapen Jasangarria eta Jasangarritasun Irizpideak; Hiri eta Eskualde Jasangarriak; Lokaltasuna globalizazioaren aurrean; Hondakin Industrialak; Ingurumen Politika. Orain dela gutxi argitaratu duen azken liburuak Medio Ambiente, Ordenación del Territorio y Sostenibilidad du izena. Ekonomia eta Enpresa saila, 6. zkia. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2001. Estibalitz Ezkerra Argazkiak:Egilearenak Euskonews & Media 197. zbk (2003 / 01 31 / 02 7) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Javier Viar: "Gure xedea euskal artearen sustrai eta garapenaren bilduma adierazgarria edukitzea litzateke"

 

Irakurri

Adolfo Eraso: "Ebroren delta desagertu egingo da"

 

Irakurri

Maialen Lujanbio: "Bertsolariak eredu gara belaunaldien arteko elkar ulertzean"

 

Irakurri

Juan Carlos Eguillor: "Erretiratuei gustatzen zaie Bilbo gaur egun nola dagoen, baina niri ez"

 

Irakurri

Maite Celaya Vazquez: "Brasil oso herrialde handi eta aberatsa da, eta, argentinarrak arazoz gainezka dauden arren, oso interesgarria da enpresarientzat"

 

Irakurri