Juan Ignacio Lasagabaster. Santa María Katedrala Fundazioaren gerentea: Katedrala kultur-gune bezala erabiltzen hasteko garaia da

2008-03-14

BEGIRISTAIN, Edurne

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Juan Ignacio Lasagabasterrek (Gasteiz, 1950) Gonzalo Arroitaren lekua hartu du Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioaren kudeaketa-lanetan. Katedral Zaharra zaharberritzeko lanen zuzendaritzarekin batera, Lasagabaster tenplu gotikoa zaharberritzeko proiektuaren inguruan ari den pertsonarik garrantzitsuena bihurtu da.

Zer erronka nagusi dituzu ezarrita gaurtik aurrera begira?

Funtsezko erronka katedralaren etorkizuna antolatzea da. Katedraleko lan-metodoa, nire ustez, eredu oso erabilgarria izan daiteke beste leku batzuetan ondarea kontsakratzeko. Uste dut garrantzitsua dela aipatu ideia hori finkatzea. Unea da, halaber, katedrala kultura-gune gisa erabiltzen hasteko, izan ere hemendik aurrera egingo dira lanik garrantzitsuenak, eta izugarrizko protagonismoa hartuko dute. Gainera, espazio berriei, ireki ahala, erabilerak ematen hasiko gara. Jendeak katedralean gauza asko gertatzen direla ikusi dezan nahi dugu, hiriari interesatzen zaizkion gauzak, hain zuzen ere.

Eta zuretzat, zer esangura du Santa Maria Katedralak?

Nire bizitza profesionaleko alderdi garrantzitsua da. Hogeita hamar urtetik gora daramatzat arkitekto moduan lanean, eta urte horietako asko ondarea berritzen eman ditut. Niretzat toki erabat aberasgarria izan da. Nire gaitasunak garatzeko aukera eman dit eta orain nire bizitza profesionalean erreferente izan daitezkeen ideia batzuk aplikatu ditut bertan. Gainera, ideia horiek guztiek arrakasta handia izan dutenez, nire proiektu pertsonala gauzatu dudala esango nuke.

Zer ekarpen egiten dio Santa Mariak Gasteizi, Euskal Herriari eta munduari?

Ondarea ulertzeko era ezberdina ekarri du. Oso interesgarria iruditzen zait monumentuen zaharberritzeak eta kontserbazioak parte hartzeko aukera eskaintzea, izan ere, alderdi emozionalean, pertsonalean, finkatuta geratzen dira holako gauzak, eta benetan norbere monumentu bihurtzen dira. Hori da proiektuaren giltzarria, eta horregatik sortzen du halako interesa kanpoan.

Katedral zaharrak hartzen dituen milaka bisitarien artean, gasteiztar asko al daude? Beren hiria eta ondarea benetan ezagutzen ari al dira?

Bai. Zaharberritzeko lanekin hasi ginenean, Gasteizko batzuk katedralera hurbiltzen ziren ikustera, eta orduan konturatu ginen jendea liluratuta geratzen zela. Argi dago gasteiztarrak orain ari direla beren eraikina ezagutzen.

Duela hamar urte, tenplua salbatzeko lehen urratsak ematen hasi zinetenean, Santa Maria katedrala eraikin bizi bihurtzearen aldeko apustua egin zenuen. Pentsatu al zenuen inoiz orain duen bizitza izango zuela?

Atzera begiratuz, inoiz ere ez genuen pentsatu oraingo egoera erdietsiko genuenik. Uste dut, gainera, oraindik ez ditugula katedralaren aukera eta potentzialtasun guztiak azaldu, izan ere izugarrizko ahalmena du gasteiztar askok pentsatu ere egingo ez genituzkeen zenbait beharri eta erabilerari erantzuteko leku gisa.

Hasiera batean zaharberritzeko Plan Zuzentzailea 2010ean amaitzea espero zen, baina orain 2012. urtera luzatu da. Aldatuko al da berriz ere data?

Hain zuen, zaharberritze demokratikoko proiektu honetan, kezkarik handienetako bat data da. Katedralaren gainean oso dokumentazio gutxi dago agirian, eta holakoetan denbora lortzea izaten da ardura nagusia. Horrela, bada, denbora irabazteko, larrialdi-lan laster batzuk egin ditugu, eta, jakina, erritmoak aldatu egin behar izan ditugu. Lan-egutegi bati baino gehiago lan eta inbertsio-erritmoei erreparatzen diegu. 1012. urtera arteko programa egin dugu eta, gure ustez, urte horretan eginda egongo da garrantzitsuena. Gasteizko gizartea holako lan-bolumen bati eusteko gai bada, beharbada horrek esan gura du hori dela gure gizartearentzat bideragarria den bolumena, eta ez katedrala kontserbatzeko bakarrik, baita ondarea kontserbatzeko ere.

Momentu honetan katedraleko lanak ikusgarrien daude.

Orain dorrearen goialdea ari gara zaharberritzen. Aurten kanpaiak desmuntatuko ditugu eta plazan jarriko, konpontzeko. Hartara, hiriko historiaren soinuak berreskuratuko ditugu. Bestalde, lan hori egiten dugun bitartean, aldamio mugikor bat aprobetxatuko dugu, asteburuetan, gaikako bisitaldien bidez, dorrearen goraino igotzeko. Dorrea talaia bihurtu nahi dugu hiri gainean. Baina ez dugu ahaztu behar nabe nagusiaren zimenduak sendotzen eta katedraleko zoruaren forjaketa egiten ari garela. 2009-2010erako elizaren erdigune guztia erabilgarri egon dadin ahaleginduko gara

Katedralaren sustapenaren alde gehiago egin al du Ken Follet idazleak nazioarteko aitorpen guztiek baino?

Zalantzarik gabe, bultzada handia eman dio. Baina bi aldeon onerako izan da, izan ere, Gasteizko katedrala nabarmenduz, bere liburuari sinesgarritasuna eman dio. Ken Follet proiektua ezagutu bezain laster interesatu zen, liburuaren bigarren atala idazteko arrazoia aurkitu zuelako bertan.

Katedrala zaharberritzeko proiektuaren beste helburuetako bat Gasteizko Alde Zaharra sustatzea da. Urte guzti hauen ondoren, nolakoak dira emaitzak?

Plan Zuzentzailean bertan berreskuratze integralaz hitz egiten dugu, kaleak, etxeak, plazak... kontuan hartuta. Inguruaren eta katedralaren arteko erlazioa planteatzeko asmoa izan dugu beti, ingurunearen eragile gisa. Bestalde hortxe dago berreskuratze emozionala ere, hau da, katedrala hiriaren sinboloa da eta sinbolo hori berreskuratzea premisa bat izan da: zaharberritze materialak baino pisu handiagoa izan du. Gure helburua aktibitatea sortzea eta horrek kontserbatzeko beharra ekartzea izan da.

Gonzalo Arroitak zugatik esan duenez, inspirazio handiko eta ideia askoko gizona zara. Islatuko da hori etapa berri honetan? Gonzalorekin elkarlanean aritzea oso aberasgarria izan da. Eta taldeari eutsiko diogula eta jende gehiago ekarriko dugula kontuan hartuta, ideiarik ez da faltako: beharbada agortuko zaizkit niri baina ez besteei. Juan Ignacio Lasagabaster

(Vitoria-Gasteiz, 1950) Duela zortzi urtetik sArabako Foru Aldundiko Ondarea Saileko arduradun nagusia da, Gasteizko Santa Maria katedrala zaharberritzeko proiektuaren sustatzaile handia. Iruñeko Arkitekto Eskolan lizentziatu zen eta Diputazioan hasi zen lanean, Foru Planerako zerbitzuan. Horri esker, herrietan obra asko sinatu ditu. Laurogeiko hamarkadaren amaieran Ondare Historiko eta Arkitektonikoaren buruzagitza hartu zuen, eta Arabako ondare asko, batek bat elizak, berreskuratu dira. Besteak beste Bendañako jauregia zaharberritzen parte hartu du, eta Gesaltza Añana salbatzeko eta turistei erakusteko ekimena sustatu du.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Jone Miren Hernández eta Teresa del Valle. Ikertzaileak: Andresare proposamena eta erantzuna da, jarraitasun-bokazioa duen proiektu berritzailea

 

Irakurri

Vicente Zaragüeta Laffite. Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoko Presidentea: Aquariumean garrantzitsuagoa da ikusten ez den lana jendaurrean agertzen dena baino

 

Irakurri

Enrique Zuazua Iriondo. Matematikaria: Matematika jarduera intelektuala ez ezik, humanistikoa ere bada

 

Irakurri

Carlos Garaikoetxea. Politikaria: Paktismoak, benetakoa bada, berdinen artekoa izan behar du, eta hemen, orokorrean, paktismoa desberdinen arteko borrokaren emaitza izan da

 

Irakurri

Josu Aramberri Miranda. i2BASK Sare Akademikoaren koordinatzailea eta UPV/EHUko irakaslea: i2BASK Sare Akademikoak ikerlarien ingurugiroa lagunkoia izateko zerbitzu eta azpiegiturak eskaintzen ditu

 

Irakurri