Maite Idirin. Abeslaria: Egin ditudan lanak beti plazerarekin burutu ditut

2011-03-04

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Euskal kantagintzaren gaur eguneko historia laburra da. Historia laburra baina aldi berean aberatsa, goi-goi mailako musikari eta abeslariak eman baititu, beraien artea, gurean ez ezik, baita gure mugaz gaindiko beste herrialde askotara eraman dutenak. Musika bada edozein herririk eduki dezakeen enbaxadorerik adierazgarrienetakoa, lasai asko esan daiteke Euskal Herria oso enbaxadore onak eman dituela. Horietako bat da Maite Idirin, ohiko Euskal Musika era abestiak munduko konposagile klasikoenekin uztartzen jakin izan duena.

Ipini beharko genituzke zure hastapen musikalak, gure belaunaldiko askorentzat magikoa izan zen urte batean... 1968.

Bizkaian prentsaren bidez jarraitu genuen Pariseko maiatz hura, baina ez modu sakonean, arrazoi politiko ezagunak medio. Nik lan egiten nuen industrian, Etxebarriko Metacal enpresan, eta ordurako langileen mugimendu bizia zen. Bi urte lehenagoko “Laminación en Bandas”en istilu osoa hurbildik jarraitu nuen. Kultura aldetik ere zerbait gertatzen ari zen garai hartan: ikastolak hasiak ziren, erdi klandestinitatean, kantuan ere “Ez dok Amairu”ren hastapenak genituen. Bizkaian Estitxu ari zen, nahiz eta Ipar Euskal Herritik joan zen, Ondarruko Argoitia neba-arrebak eta abar. Ugaritu ziren dantza taldeak eta horietako batean asko ikasi nuen nik ere.

Haur ginela “Cara al sol” kantatzera behartzen gintuzten eskolan eta elizako koruan “De Angelis Meza” abesten genuen latinez. Gregorianoa ere maite nuen. Etxeko giroan, amak trikitrixa aireak kantatzen zituen, eta aitak, gudari izanak, gero Madrilen lan derrigortuetan zegoela nafar batzuekin ikasitako jotak kantatzen zizkigun. Gaztetxo nintzela sartu nintzen herriko abesbatzan eta euskal kanta batzuk ipini genituen errepertorioan, hori bai, beldur apur batekin. Abertzaletasuna etxetik banuen ere, dantza taldean sartu nintzenean finkatu nuen. Izan ere, 1966 inguruan Biarritzera joan ginen alarde batean parte hartzera eta loriatuak ginen hainbeste dantzari eta ikurriña ikustearekin. Labegerieren disko bi ere eskuratu ginuzten. “Gu gera Euskadiko gaztedi berria...” entzuteak negar erazi zidan. Eta horixe izan zen unea, nik ere kantuz hasi behar nuela erabakitzeko. Etxean erosi zidaten gitarra bat eta 1968an nire gurasoen jaioterria zen Zeberion antolatu zen jaialdi bat, Santa Kurtze auzoan, eta hantxe abestu nuen lehen aldiz jendaurrean. Egia esan, ez dakit zer kantatu nuen. Baina amaieran gizakume bat hurbildu zitzaidan eta disko bat grabatzera gonbidatu ninduen. Ez nuen errepertoriorik! Orduan, Bilboko Buenos Aires antzokian ikusi berri nuen Atahualpa Yupanquiren abesti batzuk euskaratzea otu zitzaidan. Nork itzuli eta, Gabriel Arestirengana jo nuen! Oso ongi hartu zuen ideia eta bi poema sortu zizkidan. Laguna nuen Paulo Iztuetak beste bi hartu zituen bere kargu, eta horrela atera nuen lehen disko singlea, lau abestirekin. Taberna batean grabatu genuen diskoa, Txabi Villaverde gitarran, eta urte hartako Durangoko Azokara eraman genuen.

1968, Bilbo.

Urte hartan ere Lurdes Iriondok bere hirugarren diskoa plazaratu zuen “Nere herria”, “Lin-Pan mendian”, “Gazte gera, gazte” y “Askatasuna zertarako” Zuk, berriz, Atahualpa Yupanqui nahiago izan zenuen, eta Arestiren “Aitaren etxea defendituko dut”. Euskal kantagintzaren hastapen haietako gaiek aldarrikapen sozial eta politikoa adierazten zuten...

Oso sentikorra izan naiz arlo politiko sozialean. Langileen mugimenduak bizi izan nituen. Urte luzez nire obrarekin eraman dut sentimendu hori. Feminismoarena bezala, Simone de Beauvoiren “Bigarren sexua” liburua ezagutu nuenetik.

Eibarko Euskal Abeslarien Lehiaketan, bigarren geratu zinen, Estitxuren ondoren... Estitxu, ipar Euskal Herritik zetorkigun izarra zen... eta zu iparrera emigratzear zeunden...

Eibarren Atahualpa Yupanqui abestu nuen. Lehiaketa hartan Estitxu eta biok puntuz berdindu ginen, baina berak kantuan denbora gehiago zeramalako... berari eman zioten lehen saria. Bizkaian ere “Herrikoi” abeslari talde bat sortu genduen. Bittor Egurrola, Gernikakoa, Beti Alai Ondarroko neska taldea eta herri bereko Zintzoak bikotea eta ni neu ginen barne.

Egia da Hego Euskal Herriko nire karrera ez zela oso luzea izan, baina ahal izan nuen bitartean gogoz egin nuen. Jaialdi askotarako deiak nituen eta industrian neukan lana utzi nuen. Zorioneko 1968 urtea geunden. Lurdes eta Xabier Leterekin Zaragozako Unibertsitatean kantatzera joan nintzen eta oso emanaldi polita izan zen. Benito Lertxundirekin Lovainara joan nintzen euskal ikasle eta errefuxiatu mordoa bizi baitzen han. Hain justu, urte hartan autonomizatu zuten flamandarrek euren unibertsitatea eta oso giro beroa zen. Eta ni, neraman ibilbide konprometitua zela-eta, ezkutatu behar izan nintzen...

Muga zeharkatzen duzu eta Ipar Euskal Herrira iristen zara...

Bermeoko arrantzale batzuek ekarri ninduten itsasontziz Baionara 1969an, eta joan behar nuen etxeraino lagundu zidaten. Haustura handia izan zen aurreko bizimoduarekin. Kantaldi batzuk eman nituen, besteak beste, Manex Pagola, Mikel Laboa eta Benito Lertxundirekin Baigorrin eman nuena dut gogoan.. Eta uda hartan Haute Savoiren ere aurkeztu ninduten. Ipar Euskal Herrian denboralditxo bat eman nuen baina aurki Parisera aldatu nintzen.

Pariseko Auzo Latinoan Kandelaria kafe antzokia zen, Migel Arozena euskaldunarena, eta bertara joan nintzen nire burua kantatzeko eskainiz. Onartu ninduen eta hiru urtez aritu nintzen Kandelarian. Euskara behar bezala ikasteari ere ekin nion, Axularren “Gero” liburuarekin. Pariseko ikasle euskaldunen artean Jokin Apalategi zegoen eta bera izan zen nire maisua, Axular ikertzera eraman ninduena. Ordudanik gaude elkarrekin.

1968, Eubako Pasionistetan.

Bai maisu izan zenituen, beraz, Axular eta Jokin... Soziologiaren bidetik abiatzen zara, kantua ahaztu gabe..

Jokin ordurako Vincenneseko Unibertsitatean ari zen —berak bai ezagutu zuen bertatik bertara Pariseko 68ko maiatza— eta nik ere soziologia egitea erabaki nuen. Garai hartan ireki zituzten Frantzian MJC delakoak, “Maison des Jeunes et de la Culture”, eta Pariseko auzoetan kantaldi ugari eman nituen. Bestalde, okzitanoek bi urtez antolatutako “Les cinq peuples en lutte” jaialdira ere deitu ninduten eta Etxamendi-Larralderekin Euskalerria ordezkatu genuen. Okzitanoak, bretoiak, euskaldunak, katalanak eta alsaziarrak geunden ordezkatuta, eta bi kontzertu zoragarri burutu genituen. Parisko egonaldi horretan beste hiru disko single grabatu nituen. Lehena Felix Ibarrondoren musikarekin. Bigarrena Burgosko prozesua gogoratuz neuk paratuarekin. Eta hirugarrena Jose Mari Arrizabalagak musikatutako Bernat Etxepareren lau poema daramatzana.

1972an Ur gure semea jaio zen Parisen eta pentsatu genuen Euskal Herrira itzuli behar genuela, eta hurrengo urtean etorri ginen.

Eszenario berria, eta plan berriak...

Hala da. Parisen geundela bagenbiltzan ideia batekin, hain zuzen ere liburu denda bat irekitzeko proiektuarekin. Eta hona heldu ginenean ideiari atxiki gintzaizkion gogoz. Hala gebiltzela Joseba Jaka etorri zitzaigun etxera bera ere asmo berdintsuarekin zebilela azalduz. Eta elkarrekin ekin genion enpresari. Jokinek eskarmentua zuen bibliotekario bezala, Tellechea Idigorasekin lau urtez Donostiako Seminarioko Biblioteka Nagusian ibilia baitzen. Josebak etxez etxeko metodoarekin bazekien saltzen. Eta nik, kantatzen jarraitzen nuelako, kontaktuak nituen han eta hemen, komunikabideak barne. Lokala ireki genuen eta handi samarra zelako —garai haietan artean euskarazko eta euskal kulturako liburuak ez ziren hainbeste metro karratu betetzeko adina— Jesus Etxebarria eskultorearen lanekin osatu genuen.

Ausarta gitarrarekin, ausarta liburuekin...

Bai, liburu denda bat arau komertzial guztiekin ireki genuen. Eta horrela ibili ginen hogeita bost urtez. Niri dagokidanean kantaldiak eta diskak egiten jarraitzen nuen. Zabaletik birsortu genduen Elkarren, 1975ean “Hazia sortzen denez lurpean jarria” LPa eta 1981an “Ahizpatasuna” LPa eta CDa argitaratu nituen.

Kantatzeko zure estiloan ere inflexio puntua ematen da, baina ez duzu ohiko estilo herrikoia baztertzen...

Nire erabaki horretan bizpahiru elementu dira. Liburuen artean nenbilela, asko irakurtzeko aukera izan nuen eta horrela ezagutu nituen Azkue eta Aita Donostiaren kantutegiak, J.A. Arana Martijaren “Música vasca” eta guk geuk Elkarren berrargitaratu genituenak: “La tradition au Pays Basque”, besteak beste, Charles Bordesen “La musique populaire des basques” lan ederra dakarrena, eta Francisque Michelen “Pays Basque”, Pierre Narbaitzen “Maurice Ravel” eta Jean Haritchelharen “Pierre Topet Etxahun” liburu zoragarria ere gogokoak izan nituen. Beste liburu estimagarri bat ere deskubritu nuen: “Historia de la música medieval en Navarra”. 1980 urte haietan, bestalde, rokeroek indarra hartu zuten euskal kantagintzan —Niko Etxart, adibidez— eta konturatu nintzen, ni bezala gitarra soil batekin ari ziren beste batzuek kantatzeri utzi ziotela. Nik segitu nahi nuen... baina zerbait berri eskainiz. Ikertu nahi nituen esparru berriak, eta klasikoekin hasi nintzen. Baionako Kontserbatoriora joan nintzen ikastera, eta 1979an Kantuan Urrezko Domina eman zidaten. Bordelera hobekuntza egitera joan nintzen, eta itzultzean, 1981ean, Baionako Kontserbatorioan Arte Lirikoan ere Urrezko Domina lortu nuen.

Bide berriko nire lehen kontzertua Donostiako Udaletxean eskaini nuen, 1981ean. Lagun izan nituen Loreto Imaz piano jolea, eta Agirre ahizpak flauta eta biolontzeloa. Bach eta Haendel interpretatu genituen, Aita Donostia eta Guridiren konposizio batzuekin batera. Denbora luzez ibili ginen kontzertuak ematen, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Herriz Herri zirkuituan.

Egun batean Javier Bello Portu maisua ezagutu nuen Baionako Museoan eskaini zuen mintzaldi kontzertuan. Musikologiari buruzko ikastarotxo bat izan zen. Eta erabat harrapatu ninduen bere mezuak. Handik gutxira Loiolan antolatzen zuen musika erromantikoaren jaialdira gonbidatu ninduen Bello Portuk, eta berak pianoan lagun kantatu izan dut Loiolan gutxienez hamar urtez, hau da, jaialdia antolatzeari utzi zitzaion arte.

Baionako Euskal Kulturaren Zentroan, bestalde, koral bat sortu genuen, “Choeur Mixte du Pays Basque” delakoa, Javier Bello Portu zuzendari zelarik. Kontzertu andana bat egin genuen, Ipar eta Hego Euskal Herrian, eta baita Frantziatik barrena ere. Koroak izena aldatu zuen gero, Bello Portu deitura hartuz, eta orain Xaramela dugu. Koruen munduan beste esperientzia bat ere izan nuen, “Presence” delakoa, musika garaikidea egiten genuelarik.

Musika dibulgazioa ere oso gustukoa izan dut. Eta irratiak eta telebistak erabili ditut horretarako. Maite Barrenetxe adiskidearekin egin nituen hiru filme FR3ren Euskal Herria telebistarako. Gero hainbat France 3 telebistarentzat (Straburgen(bat), Parisen(bi), Marsellan(bat), Bordelen(bi) eta Toulousen (bost)) hogei minutako filmeak egin nituen. Finlandian eta Yugoslabiako Eslobenian ere filmatua izan naiz. Feminismoa ezagutu nuen, eta hor ere biziki konzernitua sentitu nintzen. Egundoko ekarpena burutu zuen emakume talde bat sortu genuen Baionan, Mitterrand agertu arte. Mitterrandekin itzali ziren, euskaldun eta katalanen kasuak ezik, gainerako nazionalitateetakoak. Nola? Buruei karguak emanez...

Maite Idirin Durangoko Azokan, 2010.

Ez duzu oraindik Euskal Kamerata aipatu... Harritu egin naiz zure errepertorioan, ohiko Haendel, Bach ikustea Villalobos brasildarrarekin batera...

Komentatu dizudan bezala, donostiar musikariekin batera ekin nion klasikoaren munduari. Orduan “Camerata Contemporánea” ginen. Agirre ahizpek zintzo jarraitu zuten nirekin, baina zenbait musikari aldatzen joan ziren. Gure euskal kantuekin grabazio plan bat egin genuen Aita Donostia, Jesus Guridi, Jesus Aranbarri eta abarrekin. Honela 1986an euskal konpositoreekin egindako disko LP bat eta CD bat grabatzea proposatu nion Elkarri. Eta horretarako taldeari izena aldatu genion, eta Euskal Kamerata jaio zen. Hala ere, kideek bizitzeko beharrezko zuten lan profesionalak taldea desegitera eraman ginuzten. Eta nik Ipar Euskal Herriko musikari batzuekin segitu nuen. Horien artean, Francis Goudard gitarra jolea, Baionako Kontserbatorioan irakaslea. Berak proposatu zidan Villalobos ere sartzea gure errepertorioan. Eta 1992an, nire ikerketen ondorioz, Alejandro Zabala pianoan zela disko LP bat eta CD bat argitaratu genituen Elkarren, Aubergneko M. Joseph Canteloubek armonizatutako bost euskal kanturekin, Pablo Sorozabalek gazte zela Alemanian egindako egonaldian konposatutako euskal liederrekin, eta J.M. Usandizaga eta Nemesio Otañoren zenbait euskal kanturekin.

Euskal kulturarekin erabat identifikatua zaudela, musikaren dibulgazioari ere ekin zenion modu praktikoan: hitzaldiak, irrati saioak... Hau da, emakume multifazetikoa zara, beti ere musikak kutsaturiko esparruetan...

“La semaine du Pays Basque”ko kazetari den Alexandre de la Cerda adiskideak “Radio Adour-Navarre” sortu zuen, eta gonbidatu ninduen irratiz musika klasikoari buruzko saio bat zuzentzera euskaraz. Onartu egin nuen eskaintza eta nire ibilbide radiofonikoari ekin nion horrela. Nire diskotekako diskoak eramaten nituen, irratiak ez baitzuen erosteko ahalmenik. “Gure Irratian” « Allegro Vivace » emankizuna egin nuen geroago Mari Agnesekin. Irulegi Irratirako hainbat programa grabatu nituen euskal musikaren historia kontatuz. Egin Irratian ere antzerako formularekin aritu nintzen. Azkenik, Euskadi Irratian ere aritu nintzen musika klasikoari buruzko nire ekarpenarekin, eta hor egona naiz sei urtez.

Eusko Ikaskuntzak eta Baionako Udalak urtero ematen duten Euskal Kulturaren Ohorezko Saria jaso duzu. Zer suposatzen du sari honek zuretzat?

Lehenik ustekabe bat. Egin ditudan lanak beti plazerarekin burutu ditut eta horixe izan da sari jarraikia, militantismoz betea Euskal Herriarentzako. Baina aitortu behar dut oso pozik nagoela Ohorezko Sari horrekin.

Eta aurrera begira...?

Aurrera begira esku artean daukadana ere ustekabez atera zitzaidan. Aspalditik banuen ikerketa bat egina, euskal emakume musika konposatzaileei buruz. Aita Donostiaren idatzietatik antzeman nuen bazirela batzuk, gure historian garrantzitsuak izan direnak. Jakin izan dut ere dokumentatua dagoen gure lehen kantaria emakumea izan zela, IX. mendekoa, hain zuzen, Kalam izenekoa. Espainian arabiarrak egon zireneko emakumea da. Islamiarrek burutu razzia haietako batean esklabu gisa eraman zuten. Neska kantaria omen zen eta Al-Makari historiagileak dioenez Kalam oso abeslari ona zen. Horrezaz gain, baditugu euskal literaturako abeslariak, Lasturko Miliaren ahizpa, Santxa Ozaeta, Gomez Gonzalez de Butron eta abar. XVIII.mendean Korellako Maria Josefa Marcoren “Libro de música” daukagu. Nik neuk, berriki, proiektu batetarako, XIX eta XX mendeetako emazte konposatzaile zenbait aztertuz egitarau bat aurkeztu dut. Hain ezaguna ez den emakume konposatzaile horietarik bat Uruguayen jaiotako Anita Idiaborde hunkigarria dugu. Baita Julie Adrienne Karrikaburu zuberotarra eta Emiliana Zubeldia ere. Ene ustez azken hau da gure emakume musikagileen artekorik handiena. Gehituko nituzke ere Emma Chacon Bartzeloan sortu eta Bilbon hil arte biziz bere konposizoak argitaratu zituena, eta Maria Luisa Ozaita Barakaldon sortu eta Madrilen bizi dena.

Emakume horien kantuko musikarekin, eta nire kantu birekin, Naroa Intxausti eta Marife Nogales kantariak interprete zirelarik, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntzarekin, 2010eko ekainean 25ean kontzertu bat eman genuen Bilboko Campos Eliseos aretoan, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin. Kontzertua grabatu egin zen eta masterizatua dago. Diskoa laster edukiko dugu kalean. Horrezaz gain, emakume horien gaineko liburu bat prestatzeari ekin diot. Maite Idirin Solatxi (Ugao, 1943) 1943. urtean jaiotako euskal abeslaria. Bere gitarraz lagunduta hasi zen 1968an herriz herri kantari. Bittor Egurrola, Beti Alai, Zintzoak taldearen laguntzaz, Herrikoi taldea sortu zuen. Baina 1969an, eta orduko egoera politikoaren ondorioz, ihes egin behar izan zuen Baionara lehenengo eta Parisera gero. Bertan, Auzo latineko Candelaria kafe-antzokian kantatuz atera zuen bizimodua. Soziologia ikasi zuen Vincennesen eta Jokin Apalategirekin ezkondu zen. Bretainia eta Okzitanian jo zuen bolada batean, baita Jugoslavian ere. 1973an Donibane Lohizunera joan zen bizitzera eta Baionako kontserbatorioan ikasten hasi zen. Honez gain, Baionako Zabal liburu denda ere ireki zuen. Ordurako jada, single batzuk eta lehen lan luzea (Aitaren etxea) kaleratu zituen. Franco diktadorea hil zenean, Hegoaldean hasi zen abesten berriz ere. 1979an, Baionako kantuzko urrezko domina eskuratu zuen. 1981ean berriz, Bordelekoa. 1996an, Ahizpatasuna diskoa kaleratu zuen. Honen ostean, musika klasikoari ekin zion. Gaur egun, musika klasioa abestu eta Euskadi Irratiko irratsaioetan parte hartzen du, musika klasikoaren inguruan hitz eginez. 2005ean, Donostiako Musika Hamabostaldiak aukera eman zion, Saran kontzertua eskainiz, 1936ko belaunaldiko iheslari izandako hainbat intelektual eta musikagile omentzeko. 2011ko otsailean Eusko Ikaskuntza-Ville de Baiona Ohorezko Saria jaso zuen Baionako Udaletxean. Iturria: wikipedia
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Alfonso Gómez. Piano-jolea: Uneoro musika entzutearen ondorioz hutsal bihurtu dugu soinu-fenomenoa

 

Irakurri

Iñigo Arregi. Eskultorea: Sortu gabe ez dut bizitza ulertzen, ez harremanak, ez ezer

 

Irakurri

Iñigo García Odiaga. Arkitektoa: Iruditzen zait arkitektura artetzat definitzea arriskutsua dela

 

Irakurri

Karmele Artetxe Sanchez. Historialaria: Nahiko fenomeno normala da unibertsitatean egotea eta lukuru asmorik gabeko erakundeetan parte-hartzea

 

Irakurri

Andres Illana. Arabako Ekologistak Martxan taldeko bozeramailea: Gasteizko hazkunde urbanistikoa neurriz gainekoa da

 

Irakurri