Maite Villafruela. Coach eta hezitzailea: Enpresak bere proiektuan esku hartuko duten pertsona motibatuak behar ditu

2011-10-07

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Detalent enpresako gerentea dugu Maite Villafruela. Enpresa horretan pertsona, talde eta erakundeen gaitasunak identifikatzen eta garatzen espezializatutako zerbitzu profesionalak eskaintzen dituzte. Garapen hori lortzeko bideratzaile eta dinamizatzailetzat dute beren burua, eta esku hartzeko hiru bide erabiltzen dituzte: coaching-a, eraldaketa-tailerrak eta giza baliabideen aholkularitza. Gauzak hobeto egin daitezkeela uste du Maitek eta apustu horretan ipintzen duen ilusioa transmititu egiten du.

Enpresa eta lantaldeei ez ezik, gizabanakoei ere laguntzen diezue. Nolako pertsonek jotzen dute Detalentera?

Euren kabuz datozen pertsonek lau arrazoi izaten dituzte: zuzendari-gaitasun jakin batzuk hobetzea; lanpostua aurkitu edo lanpostuz aldatzea; komunikazio-gaitasunak garatzea; edo beren denboraren kudeaketa hobetu eta bizitza pertsonala edo profesionala orekatzea. Gehienetan, garatu nahi duten gaiari buruzko ikastaroak edo prestakuntza-ekintzak eginak dituzte, baina ohartzen dira prestakuntza horren bidez aldaketa esanguratsurik ez dutela lortu. Norbaitek coaching-a gomendatu die edo horri buruz zerbait entzun eta guregana jotzea erabaki dute.

Zer da zehazki coaching-a eta zertan lagun diezaguke?

Prestatzaile fisiko batek zuretzat egokienak izan daitezkeen errutina batzuen bidez sasoian egoten lagun diezazukeen bezala, coach batek zure adimen profesionala garatzen lagun diezazuke, garapen profesionaleko eta pertsonaleko prozesu sistematizatu baten bidez. Horretarako aurrez-aurreko hainbat bilera egiten dira (normalean 90 bat minutukoak izaten dira), eta, horietan, galdera ireki eta tresna batzuen bidez, zure gogoeta eta zalantzak sorrarazten, zure lehentasun profesional eta pertsonalak aurkitzen, benetako ekintza-plan bat diseinatzen (jomuga, helburu, hileroko mugarri eta betetze-adierazleak dituena) eta zure konpromisoak ohitura bihurtu arteko jarraipena egiten laguntzen dizu.

Ikerketa batzuen arabera, norbaitek profesional baten laguntzarik gabe hobetzeko ahaleginak egiten dituenean, kasu guztien % 10etan baino gutxiagotan lortzen du. Hori guztiok dakigu, adibidez, urte-amaiera bakoitzean hurrengo urterako asmo onak finkatzen ditugunean. Oso gutxitan betetzen dira asmo horiek. Baina aditu batek gidatutako coaching-prozesu serio, zorrotz eta profesional baten bidez saiatuz gero, % 85etan lortuko luke bere helburuak betetzea. Hau da, garapena azkartu egiten da. Munduan berrasmatu egin beharra dago, norbera garatzea nahitaezkoa da.

“Munduan berrasmatu egin beharra dago, norbera garatzea nahitaezkoa da.”

Argazkia: Maider Sillero.

Zuzendari asko ohituta daude negozioak kudeatzen, baina ez pertsonak. Zer aholku emango zenieke?

Azken 30 urteetan egindako ikerketa guzti-guztiek erakutsi dutenez, lotura zuzena dago lidergoaren —nola gidatzen duzun zeure jendea eta zeure taldea—, bezeroarentzako zerbitzuaren eta negozioaren emaitzen artean. XXI. mendeko enpresan, funtsezkoena ezagutza da: zer dakien egiten eta nola dakien egiten. Lehiakorra izateko, ezagutza hori kudeatzen jakin beharra dago, eta ezagutza hori erakundea osatzen duten pertsonengan dago. Enpresak bere proiektuan esku hartuko duten pertsona motibatuak behar ditu.

Zeregin eta eginkizunen araberako kudeaketaren kontrola eta segurtasuna oinarri dituen kulturatik erakundeko pertsonen arteko proiektu partekatuan oinarritutako kudeaketa ireki batera igarotzea da kontua. Sistema berriak kudeaketa-era eta barne-dinamika ezberdinak sorrarazten ditu, ohiko ereduetakoak ez bezalakoak. Horretarako, erakundeek baldintza egokiak sortu behar dituzte antolakuntzaren eta kulturaren aldetik, pertsonek beren gaitasun sortzaileak, harremanezkoak, kognitiboak, afektiboak... hedatzeko. Horrela, pertsonak motibatuta egongo dira enpresa-proiektu jakin batean parte hartzeko eta garatzeko.

Itxura ona du, baina, nola egiten da?

Nola egin...? Gerentea bera, enpresa horretako liderra, “osagaietako” bat da. Erakunderik iraunkorrenak lider eraginkorren belaunaldiak garatzen dakitenak dira: beren buruaren kontzientzia sendoa duten liderrak, beren burua ondo ezagutzen dutenak, beren emozioak kudeatzen dakitenak, gizarte-kontzientzia sakona dutenak eta harremanak oso ondo kudeatzen dakitenak. Inor ez da perfektua. Garrantzitsuena da zure bizitza pertsonal eta profesionalean nahi duzuna lortzeko zer hobetu eta zer garatu behar duzun jakitea, eta hori lortzeko bitartekoak jartzea.

Lider horiek etorkizuneko proiektu bat eraiki behar dute beren taldearekin; ikuspegi argi eta sinesgarria izan behar dute, motibatzaile izango dena; erantzunak eman barik, pentsarazi egin behar dute; probatzera eta berritzera animatu behar dute; lankidetza sustatu behar dute; eta, azkenik, bezeroarenganako orientazio garbia izan behar dute, hori, osmosiaren bidez, erakunde osora hedatzen baita. Hitz gutxitan: pertsona etikoak dira, oso koherenteak esaten dutenaren eta egiten dutenaren artean, eta horrek konfiantza sorrarazten du.

ADEGIren e-Gerentes programan jorratzen ditugun gaitasunak —Pertsonen garapena, nik ematen dudana, eta Lidergoa— garatzen laguntzen diegu gerenteei, beren enpresetan orain arte aipatu ditudan gauza horiek abian jartzeko eta emaitza zehatzak ikusteko.

Zure esperientzian oinarrituta, esango zenuke enpresetan elkarlana ondo egiten dela?

Nire ustez, ez gara ez eraginkorrak ez efizienteak elkarlanean. Kasu gehienetan, ez dago helburu partekatu ilusionagarri bat, ez dago amets, zentzu, ikuspegi bat. Hori hobetzeko, komunikazioa, konfiantza eta lidergoa elkarlanean landu behar genuke.

“Erakunderik iraunkorrenak lider eraginkorren belaunaldiak garatzen dakitenak dira: beren buruaren kontzientzia sendoa duten liderrak, beren burua ondo ezagutzen dutenak, beren emozioak kudeatzen dakitenak, gizarte-kontzientzia sakona dutenak eta harremanak oso ondo kudeatzen dakitenak.”

Argazkia: Maider Sillero.

Langileek erakundeetan parte hartzea behin eta berriro azpimarratzen den gaia da. Zer onura dakar horrek enpresarentzat eta langilearentzat?

Eredu parte-hartzaile horiek ezarri diren enpresetan, pertsonak gogobeteago sentitzen dira, autonomia handiagoa dute eta beren iritzia aintzat hartzen dela ikusten dute, hortaz, enpresaren emaitzekiko erantzukizuna handiagoa dute. Enpresaren errentagarritasuna hobetzen bada, haiek ere parte hartuko dute emaitzetan. Bestalde, pertsonak motibatuago egoteak berehalako eragina du bezeroen gogobetetasunaren gainean, eta horrek lehiakortasun eta iraunkortasun handiagoak dakarzkio enpresari.

Erakundeen etorkizuna balio iraunkorra sortzeko gaitasunean datza. Hori dela eta, enpresen biziraupenerako funtsezkoa da erakunde-kultura eta giro emozional bat sortzeko eta horri eusteko gaitasuna, balioa eman dezaketen pertsonak erakartzeko eta horien konfiantza eta konpromisoa sorrarazteko. Horrela, pertsona horiek emango duten kalitateko zerbitzuak bezeroak erakarri eta leialtzeko balio izango du. Pertsonek enpresan parte hartzeak erantzukizunean ere parte hartzea dakar, guztiok ontzi berean goazelako konbentzimendua. Sistema hori askoz zorrotzagoa da guztiontzat.

Argi dago langile motibatu batek hobeto lan egiten duela, baina, langilea motibatzeko erantzukizuna norena da, nagusiarena ala norberarena?

Dena emanda etortzea espero baduzu... txarto zoaz. Nork bere motibazioaren arduraduna izan behar du. Gure motibazioa sendotzeko ahalegin oro ondo hartua izango da, gozokia beti gozagarri. Hortaz, norbaiten nagusiak bagara, nik horren motibazioa sendotu egingo nuke, berarentzako erritmo, dosi eta osagai egokietan. “Elixirra” zein den jakiteko ezagutzen dudan bide bakarra zure taldekideekin luzaroan egotea da, ezagutu ditzazun eta ezagutu zaitzaten, garatzen laguntzeko, autonomia emateko, eskatzeko eta eskertzeko.

Noranzko joera dago erakundeen lidergoan? Inposatzen duen eta entzuten ez duen nagusi batetik bestelako batera igarotzen ari gara?

Niri, “nagusi” hitza bera ere ez zait komenigarria iruditzen erakundeetan erabiltzeko, nahiago dut “lider”, “arduradun”... Aspaldi ikusi genuen inposatzen duen eta entzuten ez duen “nagusiak” ez duela etorkizunik XX. mendeko enpresan, horrelako “nagusiek” enpresak luzaroan iraunkorrik ez izatea eragiten dute. Gaurko lider ona, talde-arduraduna edo deitu nahi duzun bezala, komunikatzaile ona da; grinaz entzuten eta transmititzen du; ameslaria da, bere taldearekin proiektu ilusionagarri bat eraikitzen duelako; gardena da, jokabide etiko eta koherentea du, hau da, planteamenduen eta ekintzen arteko koherentzia du, eta horrek konfiantza eta sinesgarritasuna ematen du.

Elkarlana, lidergoa, motibazioa, coaching-a... Moda iragankorrak al dira? Erakunde askok ez dute gauza horietan sinesten edo ez dira urratsa ematera ausartu...

Ez, ez da moda iragankorra. Zentzuzkoa da. Agintekeria, bakarlana, desmotibazioa, gauzak nola egin behar dituzun esan eta hortik ez ateratzea... ez dira atseginak, inoiz ez dira atseginak izan eta ez zaituzte pertsona gisa garatzen.

Nire ustez, hor azpian zera dago, gauzak beste era batera egiteko beldurra. Gaur egun, XXI. mendeko enpresan, ezagutza da funtsezkoena: ezagutza hori kudeatzen jakin beharra dago, eta ezagutza hori erakundea osatzen duten pertsonengan dago. Azaleratzeko bide bakarra mundu guztia partaideago izatea da, eta horrek gehiago eskatzen digu guztioi, bestelako jokabidea izan behar dugu guztiok egiten dugun horretan eta hori egiteko eran. Berriro diot: guztiok.

“Lider on bat, komunikatzaile ona da; grinaz entzuten eta transmititzen du; ameslaria da, bere taldearekin proiektu ilusionagarri bat eraikitzen duelako; gardena da, jokabide etiko eta koherentea du, hau da, planteamenduen eta ekintzen arteko koherentzia du, eta horrek konfiantza eta sinesgarritasuna ematen du.”

Argazkia: Maider Sillero.

Multinazional batean egiten zenuen lana utzita, zeure negozioari ekin zenion. Merezi izan du urratsa ematea? Gogobetetasun pertsonalik ekarri dizu?

Nork bere “ametsak” ditu bizitzan, eta nire ametsetako bat neure negozioa sortzea zen, gogokoen nuena egiteko. Horretarako oso ondo prestatu nintzen, eta enpresa horretan emandako ia bi hamarkadak ere oso lagungarri izan nituen. Gainera, egin nahi nuen eta egin nezakeen. Nire enpresa sortu nuenetik, neure ekarpena egin dut eta egiten dut gure lurraldeko pertsonak, taldeak eta erakundeak hobetzeko; horrez gain, ezin da ahaztu eginkizun horrek ni pertsona gisa eta profesional gisa egunez egun garatzea ere ahalbidetu didala. Oso gogoko dut egiten dudana eta gozatu egiten dut.

Ekintzaileek profil jakinik dute? Zer behar da ekintzaile izateko?

Esango nuke ekintzaile batek, lehenik eta behin, honako ezaugarri hauek izan behar dituela: norbere buruarekiko konfiantza, eta konfiantza hori ez dator gauetik goizera bizitzan, zure bizipenek eman edo kendu egiten dizute; egiten duzunarekiko grina, izan ere, egiten duzuna atsegin ez baduzu, ez zara zoriontsua izango; ameslaria izatea, zure negozioaren orainean eta geroan beti pentsatzea; nahi duzuna lortzeko planifikatzen jakitea eta planifikatzea; eta, nola ez, komunikatzen jakitea, zure bezeroengan konfiantza sorrarazteko.

Ekiterakoan, garrantzizkoa da norberak sentitzen duenaren eta egiten duenaren arteko sintonia egotea, norberak garatzen duen negozioarekin erabat identifikatuta egotea. Grina nahitaezko baldintza da, baina ez da nahikoa. Aparteko emaitzen aurretik aparteko ahaleginak izaten dira beti. Lorpen nabari baten atzean, lan handia eta lanerako gaitasuna izaten dira. Eta egonarria ere eduki behar da, salbuespenak salbuespen. Merezi duen ezer ez da egun batetik bestera sortzen. Enpresaburu gisa, bizitza betea izateko helmuga dut. Horrek, niretzat, zenbait arlotan zoriontsu izatea esan nahi du: arlo profesionalean, familiartekoan eta afektiboan, eta adiskidetasunaren arloan. Maite Villafruela Gaur egun, Detalent giza baliabideen kontsultoretza-enpresako gerentea da. Bere esperientzia eta pertsonenganako grina erabiliz, coach eta trebatzaile dihardu. Pertsonak kudeatzeko funtsezko gakoak sakon ezagutzen ditu. Enpresako profesionalak eta taldeak trebatzen ditu, eta norbera edo erakundea aldatzeko prozesuetan laguntzen die.Zuzendari gisa hogei urteko esperientzia du: multinazional bateko gerentea izan da, baita bertako eta nazioarteko giza baliabideetako zuzendaria ere. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da, Deustuko Unibertsitatean (ESTE), eta Coaching Profesionaleko masterra IESEC-HUMANen. Espainiako Coaching Elkarteak (ASESCOk) egiaztatutako coach profesionala da. ADEGI Gipuzkoako Enpresaburuen Elkartearen e-Gerentes eta e-Directivos programetan, pertsonak garatzeko trebatzaile eta aholkularia izan da. Horrez gain, hitzaldiak egiten ditu eta hainbat unibertsitate eta negozio-eskolatan irakasle gonbidatua da. Talde-coaching-ean espezializatu da, nazioarteko aditu nagusietako batekin: Alain Cardon-ekin. The Bono Thinking Systems-en “Sei kapela pentsatzeko” teknikan ere aditua da.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Leopoldo Zugaza. Eragile kulturala: Totalitarismoa ez da goizeko dutxarekin desagertzen

 

Irakurri

Ines Baigorri. ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko zuzendari kudeatzailea: 2011n uzta ona izango dugu

 

Irakurri

José Luis Rebordinos. Donostiako Zinemaldiaren Zuzendaria: Donostiako ikusleak beste hirietakoak baino trebatuagoak dira

 

Irakurri

Joan Ramon Resina. Idazlea: Humanitateak baztertzeak Erdi Aro berri bat eragin dezake sineskeria teknologikoa nagusi duen ingurune batean

 

Irakurri

Manu Izaguirre. Itsas arkeologoa: Badira zenbait ezaugarri bereziki euskal ontzigintzarenak direnak

 

Irakurri