Mertxe Urteaga. Arkeologoa, Oiasso Museoko zuzendaria: Bildu egin behar gara Gipuzkoako arkeologia egiteko

2007-11-02

SALA, Teresa

Eguzkitsu esnatu da Irungo hiria. Juncal elizako kanpaiek hamarrak jo dute eta Oiasso Museoak garaiz ireki ditu ateak. Mertxe Urteagak bere bulegoan hartu gaitu. Galderen jarioa hasi da baina, konturatu orduko, elkarrizketa solasaldi bilakatu da. Bere lana gustuko du Mertxek, arkeologia maite du eta garbi azaltzen du. Kuriositateak, jakin-nahiak erakarrita erabaki zuen ikertzaile bilakatzea. Euskaldunok zeintzuk garen eta nondik gatozen jakin nahi du eta horretan dihardu. Museoko zuzendari da orain, baina ez du ikerketa baztertu. Ez du baztertuko. Berarekin hitz egin ondoren, zirrara, ikerketa, zabalkuntza eta poztasuna bat datozela argiago gelditzen da.

Oiasso Museoa 2006ko udan inauguratu zen. Bete dira garai artan planteatu zenituzten erronkak?

Lortu ditugun emaitzak lortzea ez genuela espero esan beharra daukat. Ni ikerkuntza arlotik nator, eta museoa hasiera hasieratik bultzatu dut, Arkeolanek (Historia eta arkeologiako ikerketa eta azterketa zentroa) izandako proposamen bat izan da museoa. Hasieran, ez nekien eguneroko lanak nolakoak izan behar ziren, eta denborarekin konturatu naiz museoa oso tresna egokia dela, ez nuen espero hain egokia izatea. Ikusi dut horrelako ekipamendu batek aukera oso ezberdinak ematen dituela zabalkuntza munduan lan egiteko. Ez da bakarrik erakusketa iraunkorrak edo aldi baterakoak antolatzea, museoaren inguruan sortzen diren jarduerak dira garrantzitsuak.

Zeintzuk dira jarraitzen dituzuen lan ildo nagusiak?

Museoak aukera asko eskaintzen ditu, eta oso ezberdinak. Ohikoen artean hitzaldiak eta erakusketak daude. Baina hauetaz gain, ikastaroak eskaintzen ditugu urtean zehar, eta baita udaran ere, izan ere, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean udako ikastaroak antolatzen baititugu museoan bertan. Maila ezberdinetako eskolak ere eskaintzen ditugu eta belaunaldi ezberdinei zuzendutako tailerrak antolatzen ditugu. Hala, pertsona helduak eta haurrak gai konkretu baten inguruan biltzen dira, oso egoera interesgarriak sortuz. Zinemaldi Arkeologikoa ere egiten dugu urrian eta honen inguruan beste hainbat tailer antolatzen dira. Aurten zinemaldiaren zazpigarren edizioa egin dugu eta oso aberasgarria izan da, geroz eta garrantzi gehiago hartzen ari da eta aurten, adibidez, ia mundu guztiko pelikulak bidali dituzte, oso interesgarriak gainera. Museoak bidaiak ere antolatzen ditu: duela gutxi Toledon izan ginen, Ricardo Izquierdo arkeologoaren eskutik. Toledon indusketa bat egiten du urtero, Vascos izeneko aztarnategian, oso toki interesgarria da, baita paisaiaren aldetik ere.

Eta helburu nagusiak?

Nik urteak eman ditut gure lana zabaltzen. Duela 25 urte, lan honekin hasi ginenean, guk asmatu genuen zer zen arkeologo profesionala izatea. Garai hartan oso gaizki ikusten zen eta guk, gaur egun arrunta den zerbait eskatzen genuen: gure lana profesionala izatea. Zure lana zabaltzen ez baduzu oso zaila da aurrera egitea. Gu erromatar garaiko aurkikuntzak egiten hasi ginen, Erdi Aroko hiribilduak aztertzen, edo ondare arkeologikoa babestu egin behar zela esaten. Zabalkuntza lan izugarria egin dugu. Gure buletina argitaratzen dugu, hitzaldiak eta ikastaroak eskaintzen ditugu, masterrak... Baina museoa ikaragarria da: Jendea modu naturalean gerturatzen da bertara, bere ordutegia dauka, ondarea gordetzen du... Pertsonak erakartzen ditugu eta hemen daudenean gauza interesgarriak eskaini behar zaizkie. Dialektika hori da gure lana, aukerak anitzak dira eta nik ez nuen espero, inolaz ere, hain aberasgarria izango zenik. Urtebete eman dut tresna hau neurtzen, kanpotik eta barrutik honen baliabideak nolakoak diren aztertzen, eta konturatu naiz museo gehiago behar ditugula.

Herritarrei ondare arkeologikoa erakustea izango litzateke, beraz, xede garrantzitsuenetako bat.

Bai, baina ondarea edukitzeaz gain, ongi azaldu behar duzu, eta uste dut Oiassok hori egiten duela. Arkeologo moduan museo ezberdinak ikustera joaten nintzenean beti lehena ateratzen nintzen, ezinezkoa egiten zitzaidalako hainbeste gauza ikustea. Goiz batean hamar gauza berri ikusteko gai nintzen, baina ez gehiago. Ez nintzen oso gustura sentitzen horrelako testuinguruan. Museo hau planteatu genuenean, nik argi neukan hasieratik ez nuela nahi museo tradizional bat egin, eta hor zorte izugarria izan genuena. Museografiaren arloa lantzera etorri zen taldearekin oso lan ona egin dugu. Badakit jendea erromatar garaiko ondarea ikustera etortzen dela, baina lortu dugun testuinguru museografikoa oso atsegina da. Honetaz gain, beste motako jarduera batzuk eskaintzen baditugu eta hauek atseginak badira, geroz eta jende gehiago hurbiltzen da gurera.

Etorkizunera begira, zein bide jarraituko duzue?

Atzeko orubean dauden termetako arrastoak museoarekin bateratu nahi ditugu. Alkateak jendaurrean esan zuen legislatura honetan proiektu hori aurrera aterako dela. Momentuz, indusketa egin ondoren estali egin zen babesteko. Guk errehabilitazioari aurre egiteko beharrezkoak diren baldintzen berri eman dugu, eta orain proiektuak egiten hasiko gara, hori museoaren edukien barne sartzeko.

Zeintzuk dira museoko zuzendariaren erantzukizunak?

Gainean lan handia erori zait. Nire ikerketak egiten jarraitu behar dut, diskurtsoa beti freskoa izateko informazioa biltzen eta eraikitzen jarraitzea beharrezkoa delako. Orain, nire helburu nagusia erromatar garaiko meazuloak dira. Honetaz gain, duela 20 urte hiribilduen inguruan hasitako proiektua bukatzen ari naiz. Ikerketak hor ditut eta ezin ditut baztertu. Gertatzen dena da, museoko egoera dela eta, ikerkuntzen informazioa beste modu batean bideratzen ari naizela. Hala, museoak horren alde dituen premiak hartzen ditut kontutan, batez ere. Lehen nire ikerketak egiten nituen, gure inguruan zabaltzen nituen baina ez nintzen gehiegi aldentzen. Orain, aldiz, bai. Hori hor dago eta perspektiba galdu gabe, egiten dudan lana zabalagoa da. Museoak eskatzen dit kale aldera edo jendeari gehiago begiratzea. Lehen hau helburua ere bazen, baina ez zen xede nagusia, orain bai, ordea.

Nola animatuko zenuke norbait Oiasso Museoa ezagutzera? Zer aurkituko du bisitariak?

Hemen Oiasso hiriko aztarnak eredutzat hartu dira, erromatar garaian, duela 2.000 urte, hiritar baldintzak nolakoak ziren ezagutzeko, bai Irunen eta baita Kantauri Itsasoko hirietan ere. Gainera, oso gai berria da. Inork ez zuen espero horrelako aztarnak hemen bertan aurkitzea. Nik Valladoliden egin nituen ikasketak, laugarren eta bosgarren ikastaroetan erromatar garaian oso ona zen irakaslea izan nuen baina nik ez nion kasu gehiegirik egiten, ez nuelako uste erromatar garaiak Euskal Herriarekin zerikusia izango zuenik. Orain, aldiz, bere falta ia egunero sumatzen dut. Bera hemen egongo balitz gauzak errazagoak izango lirateke niretzat. Ez genuen espero erromatar garaiko aztarnak hain garrantzitsuak izango zirenik gure inguruan. Gure nortasun kultural edo historikoa hobeto ulertzeko, eta gaur eguneko eskaera filosofikoei aurre egiteko balio dute aurkikuntza hauek. Hemengo egoera eta Atlantiko aldean izandako erromatar garaiko giroa berdinak direla ikusi dugu. Gu Atlantiko gune horretan zuzenean sartzen garela ikasi dugu. Hemen, duela 2.000 urteko egoera ezagutzeko zubi bat dago, egoera hori oso gurea da, ez dugu pentsatu behar erromatar arloa beste mundu bat zela, hemen sustraituta zegoen, eta bertako jendearekin bat egin zuen. Guk badugu gure antzinako historia ezagutzeko tokia. Oso planteamendu ezberdina da, froga materialekin osatu den bide berri bat. Gure nortasunaren kontuak erabat aldatzen dizkigu, ikasi dugu euskaldunok erromatarren aurka egin genuela, eta gure ohiturak mantendu genituela, baina ikuspuntu hau aldatzeko zubia da museoa. Eta perspektiba hau aldatzen badugu, Zergatik gara euskaldunak? Galderari erantzuteko erromatar garaia igaro ondorengo urteetara jo beharko dugu. Gure nortasunaren zutabe nagusia ez dago Erromatarrei aurre egite horretan.

Hiritarrek Euskal Herrian dagoen ondare arkeologikoaren kontzientzia dutela esango zenuke?

Ez. Behin Arqueología Emocional (Emozio-Arkeologia) izeneko hitzaldi bat prestatu nuen, adierazteko nola gaur eguneko egoeran hori dela arkeologoen helburua. Lehenaldia nolakoa zen erakutsi behar dugu, baina gaur eguneko giroak baldintzatzen gaitu. Orainaldia nolakoa den eta zein nolako tresnak eskaintzen dizkigun kontutan hartuta egiten dugu lehenaldira bidea. Amaieran zera esaten nuen; euskaldunok historian zehar trikuharrien, cromlech-en, edo gazteluen bidez egin dutela bidea. Lortzen badugu aztarnaz aztarna geure historiaren bidea egitea, izugarrizko aurrerapauso ederra emango genuke. Ez dut uste gure gizarteak ongi ezagutzen duenik gure ondarea. Akaso landu egin da Aurre Historiako ondarea, arkeologikoa edo historikoa baino gehiago. Ondare arkeologikoa edo historikoa duela hogei urteko gauza bat da. Oso gutxi ezagutzen den arlo bat da, eta gainera, ez da ikastetxeetan modu egokian azaldu.

Eta erakundeek, babesten dute ondarea?

Erakundeek sailkatu egin beharko lirateke. Gertu dauden erakundeek, udalek lez, arduratzen dira, oso gertutik ikusten dituztelako arloa eta aukerak. Gero Foru Aldundiak daude lurralde bakoitzean. Hala, oso ezberdinak dira Gipuzkoako, Bizkaiko edo Arabako egoerak, legearen aldetik banatuta daudelako hiru lurralde historikoak. Gainera, oso lurralde kaskarrak dira, pentsatzea, adibidez Gipuzkoako arkeologia geure kabuz egin daitekeela ez zait oso egokia iruditzen, bildu egin behar garelako. Oso lurralde txikia osatzen dugu baina bete behar ditugun baldintzak beste lurralde batzuk bete behar dituztenak dira. Hala, biltzen saiatu behar dugula iruditzen zait, aldamenean sortzen diren emaitzak interesgarriak dira guretzat, baina baita nazioarteko mailan sortzen direnak ere. Gure ikuspuntua biltzea izan behar da, eta legearen aldetik mugak dauzkagu. Eusko Jaurlaritzaren jarrera, bestalde, ulertezina da.

Zergatik?

Ez dakit zer gertatzen ari den, baina Jaurlaritzako teknikari eta politikari taldea hain urruti egotea ulertezina da. Gertatzen ari dena behar den moduan ez ezagutzea eta eguneroko lanetik hain urruti egotea ikaragarria da. Guk, arkeologoek, oso ongi ezagutzen dugu gure bazterretan gertatzen dena. Goi mailako erakundea da Eusko Jaurlaritza, eta guk ez dugu bertakoekin inolako harremanik. Bestalde, udalekin eta foru aldundiekin harreman erregularra mantentzen dugu. Biltzea da hemen erabili behar den aditza, eta joko horretan ia denok sartzen gara. Oso eskumenekoa da jarraitzen duten politika. Aholkulariak lortu dituzten arkeologoak oso ongi daude, baina beste guztiok hor gabiltza. Burokratak dira eta nik ez dut uste horrela aurrera egingo dugunik. Horrelako museo bat izatea, Udalak ardura bere gain hartzea eta Eusko Jaurlaritzak hau aurrera ateratzeko laguntzarik ez eskaintzea ulertezina da. Udalek normalean oso jarrera ona daukate ikusi dutelako museoa oso aberasgarria dela, nahiz eta zaila izan beste hainbat erabakiekin orekatzea. Foru Aldundiak ere ahalegin handia egin du azken urteetan, baina Eusko Jaurlaritzaren jarrera ezin dugu ulertu.

Zergatik erabaki zenuen arkeologia ikastea? Zerk tentatu zintuen?

Jakin-minak tentatu ninduen. Kasualitatez, 18 urte nituenean unibertsitatean tailer batean parte hartzea eskaini zidaten: zeramikak garbitzen nituen, beste gauza batzuen artean. Urte oso bat eman nuen horrela eta sari bezala irakasleak indusketa batean parte hartzera gonbidatu ninduen. Horrela hasi nintzen. Sorian izan nintzen, El Castro del Zarranzano izeneko indusketan, eta oso gustura sentitu nintzen. Gure fakultatean Arkeologia Historikoa egiteko ohitura zegoen, niretzat urruti gelditzen zen, nahiago nuen kronologikoki gertuago zeuden kultura historikoak aztertzea. Hala, Erdi Aroko Arkeologia egitea erabaki nuen, zorte izugarria izan nuen eta irakasle pare batek programa egin zidaten. Nik jakin nahi dut, Europa mailan euskaldunok osatzen dugun misterio hori oso interesgarria iruditzen zait. Harrigarria iruditzen zait gure ibilbide historikoa nolakoa izan den oraindik ez ezagutzea. Euskaldunok ez gara XI. mendean sortu. 1983an hasi nintzen Euskal Herrian arkeologia egiten, eta XI. mendea zen Gipuzkoako muga, ez zegoen atzera egiteko modurik, ezta erreferentziarik ere. Eta erromatar garaitik Erdi Arora doan hutsune hori Aro Iluna izendatu nuen. Hutsune hori izan da beti neure helburua. Hiribilduak aztertzen hasi nintzen, atzera egiteko, kasu batzuetan hiribilduak herrixka baten gainean sortzen direlako, eta gero hasi nintzen erromatar garaiko aztarnak bilatzen, Aro Ilun horretara iristea ia lortzen nuen ikusteko. Iritsi gara, bai, alde batetik eta bestetik eta orain hor ari gara. Oso helburu interesgarria da eta, bidean, arkeologiari esker oso jende atsegina ezagutu dut, espezialista oso onak, lan taldea osatu dugu, museoa egin dugu, Arkeolan ere egin genuen bere garaian. Beraz, kuriositateak bultzatu nau honetan aritzera. Helburua oso atsegina delako edo, atsegina baino, garrantzitsua. Eta bide hori egiten dugun neurrian, paisaiak dastatzeko aukera izaten dugu, jendea ezagutzeko, sareak egiteko... Alde txarrak ere egoten dira, baina orokorrean merezi duela argi daukat.

Gauza asko gelditzen dira ezagutzeko? Bai, baina bidean gaude. Hasi nintzenean ez nekien ezta helburua nola planteatu ere. Aro Ilun horretara iristeko ez nekien zer zen beharrezkoa egitea. Orain, aldiz, konturatzen naiz gaia ukitu dezakegula. Paradigmak erabiltzeko garaian gaude. Oso emankor sentitzen naiz alde horretatik, pentsatzen dut hurrengo hamar urteetan emaitzak izango ditugula, hor ikusten ditudalako. Egin diren planteamenduak ziurtatzea falta da, eta Oiasso oso garrantzitsua da. Aurkitu behar dugu Oiasso erromar hiria izan baino lehen non zegoen, eta lortu behar dugu jakitea erromatar hiria hustu ondoren, V. mendean, non antolatu zen berriz Oiasso hiri hori. Oiasso baino lehenagoko Oiasso eta Oiasso ondorengoko Oiasso falta zaizkigu. Hori lortzen badugu, eta batez ere Oiasso ondorengoko Oiasso aurkitzen badugu, aurrerapauso ederra emango dugu, ikaragarria. Mertxe Urteaga Geografia eta Historian lizentziatua da, Valladolideko Unibertsitatean, Erdi Aroko Historia eta Arkeologia espezialitatean (1982). Doktoregoa egin zuen unibertsitate berean, 1987an. Haren tesiaren izena ondorengoa izan zen: “Arqueología de la Producción del Hierro en Gipuzkoa” (“Gipuzkoako Burdinaren Produkzioaren Arkeologia”), eta Alberto Balil Illanaren zuzendaritzapean egin zuen. Berak “Gipuzkoako Aro Iluna” deitutako alorrera zuzendu ditu bere arkeologia-ikerketak, nagusiki. Gipuzkoa sortu aurreko garai historikoa da hori eta haren lehenengo aipamen dokumentatua 1025. urtekoa da. Helburu horrekin, erromatarren kokalekuetan, Erdi Aroan sortutako hiribilduetan, altzairugintzaren inguruko lekukotasunetan eta artzainen bizilekuetan oinarritutako lan-proiektua eraman du aurrera. Testuinguru horretan, arkeologia-jardueraren profesionalizazioa aldarrikatu izan du (CFJAUko zuzendaria izan da, 1987-1989; ARKEOLAN Historia eta Arkeologiari buruzko Ikerketa eta Azterketa Zentroaren sortzaile eta zuzendaria, 1989-gaur egun; Eusko Jaurlaritzako arkeologia-teknikaria, 1989-1990; EHUko Arte eta Arkeologia Ondareari buruzko Masterraren Koordinatzailea, 1991-1992; Eusko Jaurlaritzako kultura-ondareko teknikaria, 2002-2004; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurralde historikoetako Erdi Aroko hiribilduei buruzko ikerlanaren arduraduna, 2004-2007, etab. Arkeologia-lanek historiaurreko lanen aldean izan duten tradizio urria eta Gipuzkoan Arkeologia Museorik ez zegoela ikusita, gizarteratze-teknika alternatiboak bultzatu ditu. Haien artean, Iruneko Oiasso Erromatar Museoa azpimarratu beharra dago. Urteaga museoko zuzendari izendatu zuten 2006. urtean. Hainbat liburu idatzi ditu (Guía Histórico Monumental de Gipuzkoa, Erromatar Garaia, El Tratado de Metalurgia de las Comisiones Segundas de la RSBAP), eta baita dozenaka artikulu ere. Arkeolan urteko buletinaren zuzendaria eta zenbait argitalpenen editorea ere bada. Gaur egun, ikerkuntzaren eta zabalkuntzaren inguruan betetzen duen jarduerarekin batera, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da: “Iberiar Penintsulako erromatarren aurreko herriak” irakasgaia ematen du. Haren ekimenari esker, gainera, Bidasoako Arkeologiari buruzko Nazioarteko Zinemaldia sortu eta gauzatu da. Aurten, zazpigarren edizioa egin du zinemaldiak.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Joseba Jauregizar. Eusko Jaurlaritzako Teknologi Zuzendaria: Berrikuntza da bide bakarra enpresari balio erantsia emateko. Garrantzitsua da horretaz jabetzea

 

Irakurri

Juan Mancisidor. Marketineko aditua. Eurogap Norte-ko zuzendaria: Euskal Herrian, ekoizpen-kulturaren ordez marketin-kultura ari da nagusitzen

 

Irakurri

Jon Bagues Erriondo. Eresbileko zuzendaria eta Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteko lehendakariordea: Musikak kontzertazioaren dimentsioa du: partiturari jarraitzeaz gain, aldi berean, zuzendariari jaramon egin behar zaio (huts egiten badu ere)

 

Irakurri

Carlos María Romeo Casabona. Zuzenbide eta Giza Genomari buruzko Unibertsitate arteko katedraren zuzendaria: Bioetikaren inguruan jendeak duen iritzia osatzen lagundu beharko lukete hedabideek

 

Irakurri

Jesús Tellería Armendáriz. Arte erromanikoan aditua: Gaur egun neronek ateratako 50.000 diapositiba baino gehiago ditut, guztiak arte erromanikoari buruzkoak

 

Irakurri